www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

27. EUTSI EROKERIARI!

 

        UNAMUNOK:

        —Beraz, ni euskotarregi! Ja-ja-ja! Gaur dana zeruaren zeru; poza pozaren gain; algara galea orain, arranea! aixtiko orfeoiketaren urren. Bapo, motell. Onako ontan zalantzetan ere jarri nauk, Abendats ote aizen orrela mintza atzaidana. Ille bizarrak Esau-renak dituk, baña abots ori, abots ori, hum... Jakob-ena ez ote? Ni ez nago, gero, Isaak zarra bezin itxu ta gor.

        Beraz, ni euskotar uts! Alea bota duk. Ja-ja-ja! Ori Abendatsek esan bear. Yaufi!! Nere pozaren berri —auzo goi ta bekoak— ikasi bezate!» Ni euskotarretan euskotarrena, alajaña! Noiz, gero, onen gustura nik parre? Ez adi aserratu, motell. Etzaiteztela orregatik zapuztu, jaun maikideok.

        Edota, liberalok zuen ixeka eztenkadak artzeko dugun eramapena eztuzute sekula ikasi bear katolikuok? Edota zuentzakoxe bakarrik bear al du, ta ez guretzat ere, euskal demokraziak? Nire euskera fobia dala ta, naiko algara gaizto egin duk nire bizkar Abendats. Ez al dut nik ere eskuko, apurtxo bat egitea onakoan? orrenbeste «ez ta ez ta ez» oiek entzutean, eure buruari sinistarazi bearrez edo...

        Beraz, gere bizitz egia diñok, norgere bereizgarria nunbait, norgerea —ta ez besteena, ez besteenetik artua, milla urteko menpetasun ori? Ni euskotar uts, euskotarregi naizela, diñok bateko; ta besteko, berriz: niri entzutea euskotasuna ukatzea zenutekela? A ze katramilletan katiatu aizen onakoan! Katiatu ez ezik «beaztopatu» ere ez ote? Ez aut sekula orren totel eta koloka mintzaten somatu, motell. Eize ori, Jakob, euk basoan arrapatu al duk, ala Rebeka-n bat dabilkik or tarteko?

        Baña, tira. Uztagun erlijio auzia. Eztiagu erlijiua onako festa gai. Ez dakigula irabiotu txekor jana urdallean. Bakoitza... «or konpon, Mari Anton». Bazekiat niganatuko etzaituztedana; baitare, nire klerufobitik pitintxoa baizik nai eztuzutena. Zuek ere onezkero ez nazute bigunduko, beste euskaldun apaiz jator oiek dirala ta. Ildakuok etzeukaguk onezkero onbiurtzerik. Giñanak gaituzute. Ez, bada, eskatu niri, Abendats, ontan ixo nadin. Nire liburuek etzeukatek onezkero ixotzerik, ez « Vade retro!» egiterik. Gai ontan zeok bear ez etorri irakurtzera, ala baderizkiozute, ta kito.

        Bestalde, berriz, zuzen diñok, Abendats: gure katolikutasunaren milla urteko sendoa ta ondoa baduk zerbait geure-geuretzat ar eta jo dezagun. Ara: etzinduzkeet geza-mexa ikusi nai katolikutasunean, ez «arraxoika», onaño bai ta arago ez. Bulartsu, su ta gar, nai zaituztet ortan ere, ta zin, ta ero! Zin eta ero, agoniaren agoniz!

        Erokeri deritzatela gure erlijiua, gure zintasuna, Bizkai guda, Bizi Naia? Ta zer? Ez lotsatu. Erokeri edo erotasun orixe diagu, ain zuzen, gure aundia. Erokeri orixe gure kondaira beteko egi sustraía, alboerriek urriago ta guk naroago dugun kijotetasuna. Don Kijotek bere eroa utzi izan balu, bereartan galdua ziken bere aunditasuna re.

        Beira, bestela: zer dala ta ari zaizkiguk esaten eta berresaten, Españiak izan dun aundia bere kijotetasuna izan dula? Beste bateko kijotetasun ori, erotasun zindo gorengarri ori, gaurregun gaztelerriak utzita gureganatua diagu, gureganatua Jainkoari esker (I, 741). Eutsi berari! Eutsi, il edo bizi! Ori duk eta Erri jatorren izate muña! Goitik «zarta! zarta! zarta!» esan eta eman ari zaizkigun bitartez, guk eutsi norgere egiari, norgere eroari. Veritas liberabit vos. Gaitezela danok Galíndez bana, sinisten dugun ideala otsegiten eta zertzen: «Dios me dé fuerzas para seguir siendo "insensato" hasta el día de mi muerte!»

        Ara. Amilletik amillera zetorkiguk gainbera Españia. Sasoi batean, Españietak zeritzaneko artan, Hispania major giñen. Gaur Hispania minor baño eztiagu. Ta Jainkoari dakiola, egun daraman arruntakeriz Hispania minima raño ez amiltzerik (I, 806).

        Binbitartean guk, militarren makilkada menpean gerebatitaratuz, nortasun azia mardultzen ari diagu; are ta tenkorrago, are ta kijoteago, dezteratzen ari gaituk. Oraindik Vasconia minor baizik ez gerala? Egon pixkat. Geroak esango Vasconia major eta maxima ere billakatu bageranentz, munduz mundu «zaldun ibiltariarenak egitera aterako geranean».

        Berebaitari fedea galdu zioneantxe galdu uan Don Kijote, galdu ta il. Eztezagula ba galdu gerebaita aberatsari zor diogun fede ta itxaropena. Eutsi, il edo bizi! «Il-ez-naiaren erokeriak jota dagonak, aretxek soilki, senti eta bizi dezake Don Kijoteren bizitza» (II, 357).

        Erokeri bat dala gure Bizi Naia, amets bat dala! amets bat! Ta zer? zer da bizitza bera, bere izkutapen eta edertasun osoan, amets bat baizik? Amets bat, bai jaunak, iduri bat, itzal bat, gure Calderón-ek ain galaiki neurtiztu ta antzerkitu zigunez (II, 347). «Ta bizitza amets bat bada, utzi ba niri amaigabekoa amestu dezadan!» Utzi, utzi, Aitorren belaunekuoi amaigabea amestu dezagun!

        Ez aztu, anaiok, nire arako gogakun ura, nirea aña zuena baituzute, Euskal Miñaren filosofi muña baitiagu: «sufritzen dunak daki, ez bestek, maitatzen eta itxaroten» (II, 752). Ta beste ura: «obe ta obe oñazetan bizi, izateari pakean uko ematea baño» (ibid.). Ta batezere, zuen eta nire (gure!) Ekintza osoaren zuntoi oñarri ura, uraxe: «Itxaropena diagu fedearen ama; ta fedea, Jainkoarena.».

        Esan nai da (eta barka katolikuok): fedea, amesten dugun Aberri aundiaren ama.

 

aurrekoa hurrengoa