www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

23. EUSKERA EZ GAI?

 

        ABENDATSEK:

        —Zuzen diñozu: ondo ezpal bereko. Zuk eta nik badakigu pu-u-uskat eta bost alkarren baitako gurari ixo nai ñimiñoenen berri! Ezin uka: nerau defendi bearrak naragi.

        Ta esan, don Migel: zeu zerk zaragi euskeraren kontra, orretxek berak baño? Zure sentimendu trajikua bikainki oiukatzen dago, bai bikainki, bai euskaldunki! «Orain eta emen sentitzen naizen auxe, ni gaixo auxe, eztedilla il; ez, ez iltzerik!» Ta esan: joran orokar orren lojika ta ondorio nabarmenenak euskera gaiean erabat ukatzeraño (euskera gaiean soilki) zerk eragin zizun, zerebaitako «nai ta ezin» baten itxusgunea defendi edo estaldu bearrak baizik?

        Galdera onetxen orpo eustagarri, barka zaidazu, Salamanca-ko erretore jaun orrek, gertaritxo bat jaulki deizudan. Azkue ta zure arteko uraxe. Uraxe bera: 1898-VI-8ko ura. Bai, badakit, nik oroitarazi bearrik gabe, ondo gogoan daukazuna; gogoan... eta erlakiztenaren titipuntan.

        Bizkaiko Aldundiak euskeraz irakasteko norlenka izendatu egun artarakoxe; Azkue ta zu aurkeztu, begiluzeka, alkarren leian; ta, jakiña! Azkuek eraman irakasletza; ankapetik eraman, gañera; ta zuk...

        Zuk Ebanjelioko «seme galdua» rena egin zenun: zere sumin pardeltxoa zamatu ta aide, anka! peregre, oso urrutira aldegin, gañera: Euskera Amari txistua jaurtitzeraño, ttu ta fu. Biraulari ez bestelakoa!

        Ordurarte, gure mintza zarra «argidotar» jotzen zenun. Manterolaren «Euskalerria» aldizkarian zenbait itzulketa argitara omen zenitun. Euskal erdal iztegia egiten ere jo ta ke jardun omen ziñen une mordoxka bapoan. Zerorrek gaztetzaro artan biozki baieztu zenigun, biozki bezin narraski badare, baieztu beintzat, gerora amaika aldiz damutu bide zitzaizun bertsutxoan:

 

                Geure euskera baño

                berba ederrago

                ezta, gauza ain aundi

                zelebratutako.

                        (Milla euskal olerki eder. 676 orrian:

                        «Gabon-abestia», Unamunok).

 

        Damutzeko baituzu izan ere, ixilpean obeto zegokizuken zazpiki mirrin ori. Ta ez uste, diñona diñolako duzula damugarri. Ez zaitzala lotsa orkoa jaulkiak baizik orrela jaulkiak. Ezin traketsago baitago joskera. Ta ezin aketzago euskera. Ori bai: koma bat tartean nik egin dizudanez sartu ezkero, asmatzen edo antzematen da zer esan nai dun. Zer. Ta zer orrek, zuk esanda batezere, ikaragarri arropoxten gaitu, jakiña! zeu beste ainbeste ezpaintximurtu zaitzaken arren.

        Eztala, beraz, euskera baño berba ederragorik! Unamunok baiezpen ori! Auxe bai dala «gauza ain aundi zelebratutako». Ezta auntzaren gauerdiko eztula. Gutxiago, bart arratsekoa. Gutxienez, kukuak Salamancara dei zizun baño lenagokoa. Dana dala, guziok zelebra zagun, merezi ere du ta, koma orren argixinta eta tinta. Bestela, zer ulertu edo irakurri or, zure kukuren nai ta eziña baizik, ku-ku, ku-ku?

        Gorria egin dizu Onaindiak, «Milla euskal olerki eder» artean xelebrekeri ori plazara aurkeztean. Ezpaidizu aurkeztu noski iñork eder joko dulakoan; zu ere in domu paterna izana zaitugula gogorazte arren soilki baizik, nik uste. Edozein eskolakume mukitsuri agindu bertsu bat egiteko; ta egingo nuke aren euskerak zorrik ezetz zure orrakoari! Asteasuarrena: ogei duro, ezetz!

        Zerorrek bazenekilla ori! Pentsatzen dut baietz; edota beientzat norlenka maieko epailleek adirazi bide zizuten ori ta bost.

 

        «Yo he escrito poco en vascuence, por ser su conocimiento y uso para mí adquirido y reflejo, pero he escrito algo; un saludo en prosa al árbol de Guernica, que se publicó en La Euskalerria, y algunas poesías inéditas. Me he dedicado más bien a estudiarlo como lingüista. Hoy siento de nuevo amor hacia él y he vuelto a su cultivo. Yo no sé qué será, tal vez que entro en la verdadera madurez, y con cuatro hijos ya, pero siento en mí una gran evolución de ideas y que hundiéndose cuanto tenía de negativo, me completo y arreglo.»

(Carta a D. Emiliano de Arriaga. 1887.
Boletín del Inst. Americano de Estudios Vascos.
Abril-Junio 1955).

 

        Zu bezelako aundi gosetu batek nola etsiko zun ba euskeragintzari buruz nai ta ezin ortan? ezilkor gosea lumaz ase bear ta. Izerdi patsa bapo ateragatik sasi lardasketa ori baño atera ezin zunak bearko etxagua utzita urrutietara alde, alara ta kakara, arrautz oberik nun erron.

 

                Adixkide laztan, eun bider gaxoa:

                gogapenak elkar bil-ari meñoa

                beñola zaik eten... Adi jauregia!

                jabe dituk, geroz, gaua ta nasia.

                Aldegiña aiz urrun, lagun biozbera,

                adi-mugaz aruntz erbeste itzalera!

                                (Lizardi'ren «Agur!»-etik).

 

        Arrezkeroko karrasiak dizkiguzu: euskera ez omen dala gauza jakintzarako, idazketa garaturako, aurrerapenetarako. Euskera eztala gauza! Egi egia diñozu, Unamuno, lau itz oiei bosgarren bakar bat aurretik ipiñi ezkero. Zure euskera ez da gauza! Zurea ez. Ezta urre eman ere. Aixtiko bertsu narras ori lekuko bat, eta berakin sobera.

        Ooortxe egon koxka. Zure euskera ori etzan gai titia edateko baizik. Bai orratio Azkuerena, zuri aisa irabazteko lain beintzat, eta baita... beste kukurruku bapoagorik jotzeko ere.

        Orra dana buka: zure «peregre» edo urruti ori euskaldunberria-rena duzu baitipat; euskera lerrenez ulertu ta lerrenagoz erabilli daikenarena. Nai ta ezin dunarena. Euskeragintzan al baleza, aguro ortaratuko litzaigukenarena. Nai ta ezin ori, ordea. Nobleki ez aitortu gura. Estaldu egin gura, edo defendi, etsi-etsian, naizta artarako zeure euskaldun taju jatorrena zanpatu bear izan.

        Gizona, ez mukerrik. Zerorrek idatzia doroizut. Bartzelona katalaneraz ari dan ezkero, ari bedi Kataluña ere; Bilbo, ordea, erdaldun dagon ezkero, erdaldun bear du Euskalerriak (I, 813). Nik niketz onela jaso —ta asma?— nizun: Unamuno erdaldun ari naizen ezkero, erdaldun bear gañerako euskotarrek. Ez al da ala? Bai edo ez? Asteasuarrena berriro, bestela: ogei duro, baietz! Noski ba! Azala zu!

        Ostera, aguro itzuliko zitzaiguken bai gure «seme galdua», gure Parisko Bakartia, senideokin otorontz egitera! Onuzki, Atorkit, Onuzki, gaur oroimenera!

 

        ABENDATSEK DARRAI:

        —Egon, egon oraindio. Beste gauza. 1902an askatu zenun, naiko ozpinki, zere pardeltxoa: La cuestión del vascuence. Oraindik etzaigu jun askatu zenuneko pipermin kirastxoa, bai miña; zizta-miztaka domistiku daragigu oraindio.

        Orduko euskeratik gaurkora, ordea, aldea dago, jaun Mikel; alde aundia. Eztakizu ondo! Billobok arras bizkortu gera euskeragintzan arrezkero (ta, dakusazunez, baitare asi gaituzu, zuk aspalditxotik nai ta itxaro bezela, «aitona»ganako goratzarretan ere, begirunez eta maitez).

        Arinkiegi aierutu zenun gobernuak gure elea legezkotzat babestuta re au etzala gai izango euskotarron aurrerapide ta mintzabearretarako, berezko zula ta gauza eza ta baldarra ta aketza. Ai don Migel! Gure Onuzki, erbeste itzalera joana!

 

                Iradimena uan giarra, yoria;

                bañan, ega-baldar baitabil txoria

                lurrera bearka zauri doanean...

                Odol eri batek ezetua iduri,

                beltz-ikusbera uan, izukoi, urduri...

 

        Aor gure Orixe jauna; edo, obeki esan, aor gaurko euskera Orixeren luman. Eeh? Eztuzula ezagun? Or dago ba! euskaldun berriek nekez ezagun, nekez gogara irakur dezakete «Euskaldunak» naiz beste zenbait gaurko euskal liburu aski eder.

        Orixe euskera barrutian, gizona, gure Unamuno dugu; zeure kide-kideko, eitez zeu bera emateraño: sakerra, aserrebera, Jainkoti, gizatasun latzeko, jakitez aña gizatasunez mireskiro orni-okia; sentikorra.

        Bere euskera zure erdera legetxe: zorrotz, giar, zernaitarako ezin bizkorrago, ondorenguon eredu ta arrobi. (Ezetz ba! 1902ko euskera ta gaurkoa eztirala malla bereko...)

        Bere olerkintza zurea berbera: azalgogor, muin uts, meriñake edo zizpuru tutik gabe, basatiar sendo, basurdetzat berak bere burua jotzeraño. Biok, olerkari ala pentsalari zer geiago zeraten galdetzekoak, zuengan bi-biak bat datozelakoz, zure arako iritzira: «filosofia geiago etzaten da poesi aldera, jakintzarenera baño» (II, 716).

        Bion mendua re, zearoko berdin, anai, euskotar uts; banago biok berdiñegi ez ote, euskotarregi ez ote, alkarrekin ondo etorri zaitezteken... Biok, Jainko billari purrukatuak; au ortodosu pijo; zu, berriz, eterodosu batere ez biguñago.

        Mendu edo izakera berdin orretxegatik, ordea —orretxegatik! jakiña!— jokaeraz biok alkarren urrutieneko: au euskeraz, zu erderaz; au Santa-Kuztar, zu liberal; au ondoz urduri bezin gainbare, zu azal eta mamiz asaldabera; au klasiku, zu patetiku esigabea; au buruti geienik, zu biozti leraz eta arrandiz; au mutilzar, zu guraso; au jesuita izana, zu... zenbaitzun karikaturetan soilki.

        Baña biok, bai maitagarri, zeon aje ta guzi! bai euskotar zoragarri, mardul! Sorreraz ain bat, abian ain bi!

        Sinista: asiera batean «Euskaldunak» etzitzaidan ain betegarri, ain zearo gogoko. Legortxo edo, tramarik eza edo... arkitzen nion edo zion nirezko drama zaleak. Baña, orain...

        Sinista, don Migel: orain eztut uste emen añako sendotasunik xurgatu izan dudanik beste iñungo erdal poemetan. Alako poesi jatorra, alako berezkoa, alako gizati, aizunkeri gabea, alako gurea bai izkuntzez eta bai baserri giroz! Itzaurrean egilleak berak dasaigu, ta dagoneko erabat men natzaio: «gure euskera bizkor onek, ondoko erderak baño erri-erriari gauza izkutuagoak eta geiago adierazi baitezazkio, nik uste.»

 

        UNAMUNOK:

        —Artaraño! Nork pentsa bear zuken! 50 urtean euskerak olako miraria! Jarrai...

 

        ABENDATSEK:

        Sinista, don Miguel: zuk zeniñonaren kontrara, euskera geiago ondatuko du bai, berezko gaiezak baño, eskoletan ez irakatsiak, irrati zineetan ez entzunak, egunkarietan ez irakurriak, idazleen alogeraezak eta ondoriozko aien biozgabetzeak, erderaren lapurretak: ots, beingoz amai, gobernu etsai alorodunaren jazarkak.

        Orrela makilkatu ezkero, esan, Unamuno, esan, zein izkuntzek uste duzu iraun daikela osorik, bizirik?

        Orra Panama-urian erdera, gaztelera panparroia; orra Antilletako zenbait ugarteetan; ikastetxetan ingelera nagusitu zaiolata, beste gabe, illurren omen dago. Alajaña, ezer gutxikin jausi da Goliat. Ori al du berezko indarra?

        Gure mintzaira ximurrari bosteun urteon barrutik eta kanpotik! egiten zaion jazarka amorratuagoa ta zitalik zitalena izanagatik, bizi oraindio alare, bizi beintzat, bere zimelean. Berezko izango al du indar ori; ez beintzat zuk eta gobernuek emana! Goliat erraldoiak ere erraldeka omen zun zangarra; baña Dabid txikiak iraitzita, bekain-bekañeko arrikada bat asko izan zan ura ankaz gora etzateko zerraldo... Zerbaitegatik, Unamuno, baezpadan eztizkigute ematen bi izkuntzek berdiñetik berdiñera alkarri erasoteko armak! Zerbaitegatik!

        Zoaz, euskera gaitua dugula ta, zoaz oraingo gobernu kuttuntxo orrengana arrazoika, gaurko euskeraren aundikia ta merituak gorantzika: Zaitegi baten jauntasuna, Andima baten edo L. Mitxelena baten kirioa, Bordari-ren gatza, Basarri-ren bertsolaritza, Etxaniz baten liriku sena, Barriola naiz Lojendio naiz Arrue bezelakoen solas galaia; Manzisidor, Sorarrain, Aita Emiliano, Zugazti, Markiegi, Ibargutxi... tarren xaloa; Oiartzabal, Ibar, Villasante, Lafitte, Altube, Lhande... tarren pixua ta zorrotza; Tapia, Loramendi, Montzon, Loidi, Jauregi, Manterola, Etxeberria, Arruti, Arrese, Erkiaga, Irisarri... ta abarren labaña, arnasa, goitargia; Lauaxeta-ren txanbeliña; Mirande bipillaren Paris-giro jeiki satira; Lekuona-ren aratza; Lizardi-ren zernaitarakoa; Kirikiño naiz Urrutzuno-ren xirto-ipuiak; Barrensoro, Txomin Agirre, Anabitarte, Eizagirre, Iratzusta, Etxaide, Loidi, Txillardegi...tarren nobelagintza; Altzaga edo Labaien-en antzerkiak; Hamlet, Sopokel, Iliada, Balmes... ta beste giza sorkari nagusienen itzulketak; Onaindia-ren liburuko ia 300 olerkari ta beste ez ezagun mordoa; euskal liburu sorberrien ugaria ta mardula; jendearen irakur gosea; ainbat gazte eredugarrien euskera ikaste ta saiaketak; sorterri ta atzerrietako aldizkariak...

        Zoaz urteotako gobernutarrengana guzi ori gorantzika euskera gaixoaren alde... emango dizute aurretik Judas-en pa ta atzetik ugazamaren ostikoa. Eztakizu ondo, Unamuno, azken urteotakoa!

 

aurrekoa hurrengoa