www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

26. «IXILPEKO GIZONA»

 

        UNAMUNOK:

        —«Eztuk ogi utsetik bizi gizona, alajaña!» Bizidunok gogoko duzute txekor jana. Ildakuok beste janari bearrago ta bearrago baten gosetan gatxeudek ta ona non bazkari ontan ezin oparoago damaidakan, Abendats, nire don Migel-i ta bere Españiari egin diekan ongietorri zabal orrekin. Eztidak eskatu gezur itxuretan, konberti nadin, okerrak zuzendu ditzadan. Ildakuok etzeukagu lurrean izandakoari tutik aldatzerik, ez erantsi ta ez ken. Giñanak gaituzue bein ta betian. Ta ik, Abendats, aski izan duk niri «sekretua» aitorraraztea itzuli bearrik ozta nula adierazteko. Kolkoan gorde-gorderik illobiraño eraman nun «sekretua» ostu didak eta ordañez sekulako pozik bikañena biurtu didak alkar artze ontan, nire bakartea autsiz. Neuk ez aitortzekotan euk salatuko izkidan nirenaitako bi gizonak, aurretik jakiñarazi dizkidakenez: don Migel «kalekoa» ta Mikel «ixilpekoa». Orra ba jadanik nire euskotasuna sekreturik gabe. Galdu nauk, iñarrosi nauk, ugazamatarren txaloetatik eta txertatu Gernika-ko arbolaren betiraunari: Zeu-Neu, Neu-Zeu...

 

                que uno es el hombre de todos

                y otro el hombre de secreto!

                Aren argibidez ni jabetu

                enegan bazala norbait atxilotu.

                Ordun jetxi nazu lezera:

                nork gere muñean dugun itzalera!

                                (Gure mintzo).

 

        Lizardi-ren ainbat bertsu ta nire ainbat gogakun zer dala ta dabiltz orren parez pare, arraunlari baten ezker-eskubiko bi arraunak geralako baizik ire eskutan, Abendats? Parez pare bai: Zeu-Neu, Neu-Zeu. Oriotarrena:

 

                «etzegok ezin

                onik gu bezin

                eguzki azpin.»

 

        Aldiz, Orixe ta ni zer dala ta gera elize (?) jiralari bakarreko bi ega, beti bata besteari igesika ta beti bata bestearen atzetik, bion ardatz augulako baizik, Abendats? Alkarri segika bai: Zeu-Neu, Neu-Zeu.

 

                Eguzkik ezin urtuzko egoz

                (Ikar'ek ez bezelakoz)

                goazemak zerura igoz,

                izar urdiñetarañoko asmoz!

                                (Lizardi. Eusko-bidaztia-rena).

 

        Ik nire itzekin konta duk Bizkai guda. Nik, naiz ik, Lizardiren bertsuekin kantako diagu aurrerantzean nire «ixilpea» ta ire argigitea: ire, ire «argibidez ni jabetu...» Zer duk ik nire berri oro jakiteko? Zer, enebaitako illunak orrela uxatzeko? Bide aurreko izar gidari al aut, Abendats, iru erregeen beste ura antzo? Aurretik oakit beti nire gogakunen bidexka ta xokondo gordeenak argigiten, neronek argitzeko ezer uzteke. Iri begira jarraitzea aski izan diat Jaio Berriaren «izkutapena» kolpean aurkezteko. Enebaitako Abendats! Enebaitako Mikel! Zuek zaituztet, biok bat, onakoan Jaio Berri!

 

                «Berriz jaio-poza soma nuen. »

 

                Cuando me creáis más muerto

                retemblaré en vuestras manos.

                Aquí os dejo mi alma —libro,

                nombre—, libro verdadero.

                Cuando vibres todo entero

                soy yo lector que en tí vivo.

 

        Banitxekin «ire arpegia ikusi ta ire izena jakin orduko, ni ilko nintzala eu bizi endin», il alegia ene baitako erdal gizona ta bizi Abendats edo Mikel, biak bat.

 

        «Qué quieres decir con esto» me preguntas más de una vez. Y yo te respondo: «Lo sé yo acaso?»

        No, mi buen amigo, no! Muchas de estas ocurrencias de mi espíritu que te confío ni yo sé lo que quieren decir, o, por lo menos, soy yo quien no lo sé. Hay alguien dentro de mí que me las dicta, que me las dice. Le obedezco y no me adentro a verle la cara ni a preguntarle por su nombre. Solo sé que si le viese la cara y si me dijese su nombre, me moriría yo para que viviese él».

(II, 70), Vida de Don Quijote y Sancho.

 

        Nire betiereko amets erraitiena, miñik miñena, orra ba gaur zertu zorioneko anaiartze ontan, nire baitako Abendatsen Epifani ontan. Zer jakin bear zuten kanpotarrek nire ixilpeko «Alguien» edo Norbait onen berri? Berriz jaio poza! «Ta bizitza amets egitea bada, utzi ba niri —ene erritarrokin— amaigabea amestu dezadan!» Au eztuk bilboratu nintzaneko «bigarren jaiotza». Betirako jaiotza, Abendats. Betirakoa. Anitz eta anitz esker, erkide ederrok. Ez zuek niri; nik, nik zuei. Gaurdanik nire izangoa ta ezilkorra zuenarekin amestuko ta izango ere diat, zazpirak bat!

 

                Berriz jaio-poza suma nuen...

                Gezal mugagabez bide-ginjoazen:

                bizitza-itxaxo otxan barea,

                goiz-eguzkiaren txinpartez ernea!

 

        Izan ere, billobok etzerate makalak atera orratio. Jarri duzute ba zuek aitona zarra, sekula ezta, kantari, eztarri ta errai, pozetan blai! Jaiak merezi re baita, zer egingo zaio ba! Baña, otoi, ez berriro asi. Eskerrak, txolarte bat edo beste lapurtu al izan dudanari, zuek kantuz jarrai bitartez mai lagunari aopekotan jaulkiarazteko euskal trajediaren gorrienak. Ale bapoak ikasi ere dizkiot! Nire aspaldiko iragarpenak eztira, arranetan! gezur atera!

        Tira, onezkero. Onenbestez aski dugu orfeoiketaz. Berrekin dezaigula orain Abendatsek aixtiko Bizkai istori etena. Gudua ezkeroz zertari zerate? Ea, bazkatu jakinmiña zuekin maikide ta zorikide duzutenari. Arrezkero, zertan?

 

        ABENDATSEK:

        —Arrezkero, zure Parisko bakartea dugu guk ere lagun, Unamuno, mundu arrotzean arrotz. Zure aolkuari gagozkio: «Eriotzaren leñurura begira bear bizitza» (II, 339).

        Goi ta be, ipar eta ego, albo laterri nagusiek ixeka ta laido dagiote gure Bizi Naiari. Pekatu omen da gure Bizi Naia. Erdi-Arokeri bat omen da. Argatik, espetxe ta erailketak; nolanaiko lapurretak eta ankerkeriak.

        Zuk dakizu: egoaldetarrek betidanik izan digute bekaitza, ondamua. Ondamu ori, Bizkai guda irabazi izanak eman dizkion eskubidez eta «arrazoiz» gizen-gizen eginda, lotsik oro ere galduta, gure uri ta etxeetaz jabetu zaigu; eta egunkarietatik, irratietatik, ikastola ta elizetatik, or ari zaigu ixiltzeke sudurretaraño sinistarazi naiaz erokeri bat dala gure euskera, gure erritasuna, gure bizinaia, gure Bizkai gudua, gure eriotz bildurra... Erokeri uts bat; masoiek, komunistek, nik al dakit zeintzuk geiagok asmatua, ta gure «iñuzuak» siñetsia.

        Erokeri uts bat, alajaña, gure gizaldietako Bizi Naia: gaurko gudariena, atzoko karlistena, noiznaiko euskotar guziona; Zure egunetan baño re gaur milla bider areago, Antonia Quijanok agintzen du bai Españiko agintari simadunetan (II, 351).

        Erokeri onek, gañera, ez omen du barkatzerik. Barkatzen zaizkie eraille, suemalle, lapur, saltzalle eta beste gaiztagin aundienei ere beren obenak. Baña guri? Zaude pixkat. Ez iñolatan guri gure euskaltasuna. Jelkideok bezela erreketeok, baztertu gaituzte loia jateraño ta antziñako Foruen azken kondarrak iru probintzietatik ken, laugarrenetik berebat egiten saia arren ezin izan badute re oraingoz!

        Euskotar jaio izana, beste gabe, delitu dugu beraz, delitu ikaragarri; eta euskaldun irautea areago. Ta «jatorrizko pekatu» onentzat nekez duzuke bataiorik, kristautzerik, eroskunderik.

        Agotak gaituzte ta eztagokigu Jeronimu Santuaren eskubide edo barka alderdi uraxe re. Parce mihi, Domine, quia dalmata sum. Jeronimu doneak, bere odol aldientzat barka orpoa aurretatu nai zunean, bere dalmatar leñuaxe aipa oi omen zun, pekatuen aringarri zeiokelakoan. Españi barruan euskaldunok ez beste guziek badizute eskubide ori; guziek egin ala, gaizki egiña egonagatik, oro, eder jotzen baitute ugazamarrek gaurregun, oso españiar, grazi aundiko...

        Kolonuoi, ordea, eztagokigu orrelako mugonik. Ezta otu ere olakorik. Eusko jatorria, aringarri izan bearrez, aztungarri jotzen zaigu; egite onak eurak ere dongeki kutsarazten dizkigu.

        Antziñako azteka, inka, guarani, txarru doakabe aietxena, indiu zirala ta beste gabe erremata oi zituzten aietxena, izan bear du nunbait gure jokabideak eta arrengak: bizirik edo erdi bizirik uzten gaituztenen esku «zabala» munkatu, munkatu ta miaztatu zakurkiro, ta eskerronez jarraitu gere biziko otoitzean atertzeke: « Barka guri euskaldun izana. »

        Ta ez uste iduritu utsez ori diñodanik edo ezeren pulamentu gabe bapikotzen ari naizenik. Liman egokitu zitzaidana, detalle batzuk gorabera, gertatua bide zaie beste amaikatxo aberkideri re.

        XX gotzai jubilatu jaunak nunbaitetik jakin zun eta diñetsi ere bai itxu-itxuan ni santandertar nindula. Uria berak erakutsiko zidala ta, apuko ortan, alde batetik bestera «kotxez» nerabilkin bitartean, aguro asi zitzaidan, asi ta arratsalde osoan ez atertu, bere kristau kolkotxoa erabat askatzen. Euskalerriarekiko zitun asmo ta burutapen jatorrak banan banan jakiñarazi zizkidan. Onatx edertxonak, «katolikuenak»: euskal arraza suntsitu arte etzegola lurralde ura españiar egiterik; artarako, euskal apaizak atzerrira igortzea ez litzakela aski; euskaldunen eta gaztelarren artean trukatu egin bear lirakela bizitokiak eta bizimoduak; edo beintzat «separatista» izandako famili guziak erbeste probintzietara nasteborrastu, sakabanatu; euskerarekin, berriz, biguñegi izan dala oraingo gobernua; bere esku balego arazoa, eliz eskoletan ez ezik kale ta etxebarneetan ere euskeraz itzegitea debekatu egingo lukela ta multatu gogor...

        Obispu jaun-jaun batengandik zetozen iritziok eta beste ainbeste dogma bailiran entzun nizkion, ixil eta xotil entzun bere sosegurako, ezpañak irikitzeke iñoiz edo beste are geio zirikatzeko ezpazan: «arre, motell!» «aida, motell!». Bai zera «utzi mando gaña!». Ez nik arranea arratsalde artan, ez nun nik utzi nai izan, alako mandoaren indarrak ondo probatu arte.

        Kosta zitzaidan arren, eztut damu ordun nire jatorria ixildua. Lenez gañera, eguratsaldi artan poliki ikasi nun nolako «maite» gaituzten gotzai orren sundako zenbait ugazamarrek. Ori bai: partikularki axanpatu zizkidan maite agiriok. Argatik eztizkizut emen txastatzen gotzaiaren izen abizenak. Baña sinistu nai ez didanik balitz, muzin gabe eman nitzakioke aopetik aopera orduko izenak eta gizenak.

        Andik bi egunera, Lima uzterakoan, ezin etsi izan nion orratio, jakiña, nire zeintasunaren txartela bidali gabe. Itz oekintsu bidali nion: «Gotzai jauna: zuk bezela Españian «maite» gaituzten bitartean, Euskalerrian eztira paltako separatistak. Jainkoari esker, jatorriz eta biotzez euskaldun duzu «Iñurritza».

        Eztut pentsatu re nai, Unamuno, katoliku zintzo ezpagiña noraño itzuri ginjoazeken, Goma-tarrok eraginda, anti-españiarrok bai eraginda. Eliza Amari diogun menpetasun zintzoagatik ezpalitz, Unamuno, aurki ginduzuke zure klerufobian. Abenda uts-utsari bakarrik jaramon egingo banio, zurekintxe ninduzuke euskotarrei otseginka: «Jetxi mando gañetik!».

Askotxo, zoritxarrez, aolku ortara okertzen asiak dira. Baña, ez! ez! arrea! gurekin olakorik. Ezta burutik pasa re. Gorde gaitzala Jainko onak arrisku ortatik. Milla urteon katoliku duzu Abendats; katoliku gaituzu, beste ezer baño len, euskotarrok; bearbada beste iñungo Erririk ez aña. Ta orra gotzaiak or, nor baño nor, geure kontra «separa» gaitezen alegiñak egiten.

        Eztakizu ondo, Unamuno, nolako burruka, nolako larrimiña, daramagun barruan, zure zizmara erori gabe zuzen irauten. Naiko larrimiña bai, Unamuno, gaurko euskaldunotan ere, zure «kristianismuaren agonia»!

        Arrazoi sobera duteke Españiko lau-bost gotzai oiek zu kondenatzean. Tentagarriegi zaitugu. Euskotarregi zaitugu agiz. Euskotar utsegi agiz. Ta ez-ez! Guk eztugu euskotar uts izan nai puntu ontan. Baizik euskotar katoliku.

 

        «Yo, lo confieso, no solo no soy latino de raza (como vasco que soy) sino que aunque con la mente procure comprender el latinismo, mi corazón lo rechaza. Culmina, a mi entender, el espíritu latino en el catolicismo, hasta tal punto que aún los librepensadores latinos son católicos sin saberlo. El ideocratismo latino y su idolatría me repungnan; me repugna su adoración en la forma y su tendencia a tomar la vida como una obra de arte, y no como algo formidable y serio.»

(Cartas a José Enrique Rodó. 1900).

 

        Beinberriz esan, ortan ere «arrazoi» luzetxoa duzuke. Baña guk, gaurko euskaldunok, eztugu «arrazoi» orrekin egon nai. Baizik fedearekin. Milla urteko bizitz egiarekin iraun nai dugu. Bein ta berriz, norgere erokeriarekin segi. Ez zatzakigu, bada, Unamuno, mintza gai ortan. Arren! Koldar gerala, burugabe gerala, kutsatuak gaudela, mundo siñesgearen txaloak galtzen ditugula... ta bost, esango zeniguke. Ez. Eztizugu entzun nai ortan. Entzutera, galdurik giñake, geure euskaltasuna ukatzea litzake. Ez, otoi, olako arrazorik! Vade retro! Ontan zagozkigu ixillik! Gorde dakigula zeruak gure katoliku fede itxuaren erokeria!

 

aurrekoa hurrengoa