www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

1. BATENBATEN ITZALA BEAR

 

        Gizaseme eldu bati ez omen dagokio negarrez egoterik. Ala esaten zaigu. Itxusi omen da.

        Artara, Erri oso baten literatura beti negar leloan jardutea nekez jo daiteke zearoko dotoretzat, batbateko gain begiratuan beintzat. Ta auxe gertatzen zaio Euskalerriari. Auxe, geio edo gutxio, euskal idazle ia danoi. Elejiz eta plañuz ari gaituzu, euskeraren edo euskaltasunaren etorkizuna gaitzat artzen degun ala bider. Itxusi, beraz?

        Nik niketz, baezpadan kezka ori uxatzearren, bearreko nizun batenbaten itzala; ta onatx Unamunorena bekoki-bekokian. Unamuno dakarkizut lauburu. Arroki dakarkizut, gañera; berariz, itxaroz; aitajaun (padrino) aukerakoa dudalakoan.

        Zuk arrazoiz ez didazu agian barkatuko liburu ontako negarjotzearen monotoni garratza, gogaikarria, goibela. Aitajaun zorotzar maitagarriak, ordea, barkatu ez ezik zuzen etsi ta are ederretsi didakelakoan aurkezten natzaizu aren «aur ponteko».

        Ta, jakiña, —nola ez pa?— olako, aitajaun andikiak besotan naramaken ezkero, espero dut bataio txanponak ere erruz izango dirala gure ingurura makurtzen dakiten euskaltzale guzientzat. Euskaltzale guziona bait da pipi au, negar jotze au.

        Euskera ta Euskalerri: Euskera zarra ta Euskalerri zarra: onatx banandu eziñezko bi senar-emazte; biak, bat orduko bestea, ilzorian. Ta guk ezin ba burutik ken bizitza atsekatzen digun gertakizun lotsagarri ori. Izu bakar orretxek zerbeltzen eta zorabiatzen gaitu larriz eta aldarriz: Iltzen doazkigula —osabiderik, itxaropenik non?—; ez bekigula gerta olakorik! ez iltzerik! ez iltzerik!... Beti edo ia beti negar asalda bera.

        Gogora, bestela, aspalditxoko Arrese Beitia-ren «Ama Euskerari azken agurrak» eta bere «kantu errikoiak»; Kardaberatz, Sabin, Kanpion, Etxegaray-tarren oiu lerrenak; Lizardi-ren olerki ta idazlan geientsuak; Orixe-ren poeman bertan Aralar-eko otoitza, naiz sarrera deia; Aitzol, Txomin Agirre, Zaitegi, Andima, Montzon, Jauregi... Nor ez?

        Gogora ta azter edozein euskal liburu naiz aldizkari; naiz geron arteko beste zein-nai gizarte solas. Galzori orretxen larrimiña darigu noiznai, etsi eziñik, adi dagozkigun zenbait kanpotar jakintsu ere doluan lagun ditugula. Ez dazagut euskal idazle batñorik, izu espa ori dardaratzen etzaionik, axalez ezpada beintzat barrenez.

        1936 ezkero mutildutakuok are okerrago ez ote gaituzun nago. Galzoria ere are agiñego billakatu bait da azken urteotan. Guk eztugu ezagun izan eztairik; alarguntza itunena baizik. Ez, errepublika aldiko askatasunik. Ez, euskaltasunaren orduko berpizkunderik; illobi beltzaren zemaia ta otzikara baizik. Idatzi re zer besterik idatzi genezaken arrenkura ta antziña baño?

        Akar negion maiz neure buruari: Tira, tira! geiegi duk orrenbestez. Ez adilla zorabiatu, motell. Itxuraz joka adi. Urte bakoitzaren kurpillak bezela, bizitzak ere bear dik udalenik. Ortaraño aztuko duk ba mundu zabalaren jai ozkarbia? galazi eziñezko ezbearrari lotuta egongo aiz ba gau ta egun emakumekiro intziriz? Lotsagarri ukek. Setakeri duk. Zentzun geiago, motell...

        Ta akarraldi oiek neure buruari negizkion bakoitzeko, ara zer entzun-iduri oi zitzaidan, abotsa norena zanik bat-batez konturatzeke: Zer zentzun eta zentzunondo gero! Akar ori, ori, duk emakumekeri. Ziñez pertsona badanak eztik etsi bear il arte. Ez uka ezergatik norgeretasuna. Eutsi betire norgera izateari. Eutsi bizitzari. Bizi Nai! deadar santuagorik etzegok. Deadar ori izan duk, eta izango ere duk, gizadi osoaren, eta enderri guzien, eta bizidun bakoitzaren, espa ta arnas ta joran ta elburu ta eragingarri ta lege. Norbera izan bakoitza! Beti ni izan. Beti nerau. Nerau auxe. Nerau gaixo auxe. Gurari ta bearkizun santuen ori ukatzea bai, ori bai, litzakela itxukeri, kirtenkeri, arruntakeri...

        Nor zan, ordea? Nor ziteken, ordea, euskal elerti gaixoaren aldezkari ura? Itzik itz Unamunoren itzak zirat aiek. Unamuno bera? Euskerari eutsi nai ortan ordea etsai gogorrenetako genun Unamuno. Unamunoren filosofia, «gogo barnea» ote, liburuetatik, gañezka, zenbait beaztopa gaindituz?

 

aurrekoa hurrengoa