www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

4. ERIOTZ AURREKO GERTARI BAT

 

        72 urtekin il zan, 1936 ko gabonillaren 31 ean. Ain zuzen! 1936 ko azken eguneantxe; mende erdi ontako gure etorkia bi zati ondo berezitan erdibitzen dun gaingune artantxe, il «eusko abendaren kontzientzi» bere burua jotzen zuna.

        Gudate sortu berriaren euskal biktima, auxe ere? Andik illabete batzutara Bizkai mendi eta espetxetan jausiko Aran gudari» anai sukartu aietxen aitzindari ta zorikide?

        Baietz darantzu bat baño geiagori itzetik ortze jasotako gertaritxo onek. Ta... «se non é vero, é bene trovato».

        Salamanca-n gerta omen zan. Eriotz aurreko gabonak omen ziran. Mai batean bazkalkide: Millán Astray begibakar besamotza, gure Unamuno naiko abaildua, ta beste asko. Brindis orduko itzaldian Millán Astray-k izarretaraño jaso omen zun militarrek korapillo guzientzat oi duten erabakipena, erabakitzen bakarra, azkarra alare: tiroka, tiroka txautu bear zirala alegia antiespañiar guziak, erruki gabe.

        Millan Astrayk kirtenkerijasa atertzean, maikideek eskatu alkarren leian: mintza zedilla Unamuno. Erretore zarrak, jeiki bear ba ta, jeiki omen zan, alako batez, ondo gogoz kontra badare, ta ekin botatzen bere aletxoa, ez makala auxere; españia ta anti-españia biak bat zirala alegia —aska omen zunta bi-bi oiek gabe etzegola osotzerik Españi Aundia.

        Askatu bazun, askatu. Etzun aurrera jarraitzerik izan, bere pentsakeraren naiz euskal anaien alde ederki zijoaken asi jarduna. Millán Astray erretxiñak, begi bakarretik amorru aña zemai jario, garrazki eten omen zion: Abajo la inteligencia!

        «Bera adimena!» Polita kontua. Zuzentasunak, zentzunak, jakintzak... aboa itxita ixillik egon bear zuten nunbait, burua makurtu besterik etzuten egin bear nunbait; militar pistolarien dogma utseziñak itzegin agindu bear zun soilki. Gallego-koteak bere kankarraren gisara nai zun nunbait Españi: begi bakar. Eta, bere soin zipristinduaren eredura, bala ondo josia nai Españi, balaz eta ez ideez.

        Gure Unamuno totel-motel tenkatu omen zan, margul-mintzul gizajoa, txintik jarraitzen ausartzeke. Arrezkero, ez omen zun egun onik izan gizajoak, arik eta beingoz, egun gutxi barru, begi-ezpañak itxi ta burua makurtu zun arte. Makurtu... ez ordea tiranuen ezpatari kobardeki, eriotzari baizik; gezur oron illobi ta egi oron aterpe izango zitzaion eriotz ezilkorgilleari: arixe soilki menpetu bere buru-bekoki zindo zutia.

        Zer gaitzek, zer naigabek, atxitu ote zun? Orra amaikek galdetzen duten eta iñork oraindik garbi urratu ezin dun misteriua. Zergatik ordea misteriua? Zertarako? Zeren bildurrez? Medikuak «derrame cerebral» aitor eman zun. Lenagotik sufritzen omen zun «biotzeko neurosi» dalakoa. Bere alaba Felisak oraindik orain Granjel Irakasleari aditzen eman zion:

        —Nire aita ikaragarri «aprentsibua» zan. Aragón jaunarekin izketan zegola batbatez gorputz gelditu zan. Bere azken itzak oetxek izan ziran: «Jaungoikoak eztu abandonatuko Españia.»

 

        Buenaventurados los limpios de corazón, porque ellos verán a Dios! Decid vuestra verdad siempre, y Dios os dirá la suya. Y veréis a Dios y moriréis. Porque dicen también las Escrituras que quien ve a Dios se muere. Y es lo mejor que puede hacerse en un mundo de mentira: morirse de ver la Verdad (I, 800).

 

        Orra zuk esan, Unamuno, «zure egia». Esan eta eman, nobleki, trebeki, iltzeraño. Esan deizula, ordañez, Jainko onak berea. Ta eman bere ezilkorra. Berekin zaitzala, don Migel! Eta gurekin ere bai! Agur.

 

aurrekoa hurrengoa