www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

30. EZ IXO.
JESUSEN ARAURA

 

        ABENDATSEK:

        —Eztiguzu erantzun, ordea, beste...

 

        UNAMUNOK:

        —Onatx bere arian. Ortaraxe natortzute, astiro bederen; astiro baño zuzen. Gorantzi, lenik ortarako, Jesus: gure Anai Jesus; 30 txanponen truke gurutzera saldua; farisaitarrek agintzen jarrai zezaten lurretik garbitua. Gure Anai Jesus! Gure Maixu on, ta eredu betiko, ta pozkida bakarra!

 

                Eres Tú la Verdad, la que consuela

                de la muerte; el raudal del agua pura

                que nos quita la sed, no del océano

                la que la vista llena. Solo embuste

                y error no más Naturaleza...

                        (El Cristo de Velázquez, 4a. parte. Verdad).

 

        Oar nola darion bere Egia, esaka ta berresaka: beti Egi bera, beti bere Ebanjelia. Oar, lakioz eta amarruz datozkion farisaitarrei, nola Jesusek salatari erantzuten dien, samiñez eta sumiñez, bein ta berriz jardeska: «-Illobi azalzuri ez bestelakuok. Otso bildoxjantziok!»

        Or datozkio: —Jauna, emakume au pekatuan arrapatu dugu; arrikatuko al dugu? —Zuetatik pekaturik eztunak iraitzi. Ta Jesus, Jesus oro ikustuna, lurrera makurtuz idazten, idazten... —Zer ordea idazten? norgere bakoitzaren pekatuak? Zarrenetatik asita, an izkuta bear izan zuten Jesusen aurretik. Bearko erensuge likits alen aiek!

        Orra gure bearkizuna, Jesusek irakatsia: idatzi barkatzeke, idatzi salatarien obenak, gaurko parisaitarren maltzurkeriak banan banan, ta ondarrean bañore aserrean, aserrearen arkaitz bizian. Alaxe baizik eztitugu aienduko bestela arranuok.

        Ortik atera: nola izango dugu ba lotsagarri, nolatan larregi, gure Sumiña ematea ta berrematea? Aitzitik, ez berresatea genduke pekatu eriogarri, geure bizitzaren aurkako pekatu ondatzalle eta Sumi santuaren kontrako oben alkegarri.

 

aurrekoa hurrengoa