www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. BERE ZINTASUN ASERREA

 

        Beñola, orra ixillarazi euskal kontzientziaren lendakaria, ta pake. Pake «santu», gañera. Ordurako, aldi berez, ixillarazia baitzuten euskal kristaudiaren lendakaria ere, Muxika gotzaia; ta ixillarazi erabat, beste amairu apaiz jatorrenetakoen lagun, euskal literaturaren lemazaia: Aitzol.

        Arrezkeroko eligizonek, gobernuaren eskumakil, ebanjeli osoa predika bearrez, uzten zitzaien laurdena besterik ez aipatzera uzkurtu bearra izan zuten, sorterrian geldituko baziran. Unamunoren liburuek orratio eztute amor emango, eztira uzkurtuko, or ariko dira, zinki ta zorrotz, ukabilka ta makilka, Jerusalengo merkatariak astintzen eta dantzatzen. Eztute barkatuko sabelzuri irabaztunik. Ez gezur estalkirik: «itzak eder eta egiñak lander.» Xede arau ortako abo ustelik eztituzte pakean uzten danak banan banan narrugorritu gabe.

        Contra esto y aquello dizu liburu batek izen. Izendun onek aña dizute izana ostantzeko guziek ere, batek aña beste edozeñek.

        Unamunori uka leioke ontan edo artan egi edo arrazoirik. Setakeri gabe, lapurkeri gabe, datorkion iñortxok eztio orratio ukatuko zintasunik.

        Zintasun gorputz betekoa digu beti. Zintasun gordiña. Maitasunak edo beintzat obetu naiak eragiña, ironi txorrotx eztenkorrenez ari zaigunean ere. Baña alare gordiña. Zintasun ausarta, trebea, noblea, gañera; gure artean beste gutxik, nik uste, añako ausarta eta noblea; iñortxori ezergatik azpilduko etzaiona. Galtzairu zindoaren zindoduna: autsi lenago, bigundu baño.

        Orra bere siniskaia, joka-araua: «vale más el error en que se cree que no la realidad en que no se cree; que no es el error, sino la mentira, lo que mata el alma» (I, 786).

        Ta, nire gardiz, zintasun aserre orixe du batezere bere liburuen gantzu piper bizkorrena. Orixe baitipat, jakite zabalez eta berezko txairotasunez gañera.

        Ezin gogoratu diot enseiu, nobela, poesi edo artikulu bat bakarrik, siñeskun onetxek barru-barrutik iñutzen eta sukartzen eztionik azal eta mami:

 

        «Estoy persuadido de que si la absoluta veracidad se hiciese dueña de los hombres y rigiese sus relaciones todas, si acabase la mentira, los errores desaparecerían y la verdad se nos iría revelando poco a poco» (I, 787).

 

        Artarañoko garrantzia damaio zintasunari. Zintasun onetxen faltak galtzen omen ditu laterri, erlijiu ta gizadi. Nor bakoitzak, enderri edo notin, esan eta eman dezala bere egia, norbere egi apurñoa, billotzik eta osorik; eta danon artean iritxiko gera Egi Osora, Pakera, Jainkoagana. «Nik dut egi osoa» diñonak gezurra diño. «Nik bakarrik benetako aberria, erlijiua, aurrerapena, zibilizatziua, kultura...» diñotenek, berebat. Asuna alakoei!

        Idazlan, irizketa, pentsakun, ateraldi bakoitza zoragarri oi zaigu, aupagarri oi zaigu, norgere etsaien aurka egokitzen danean. Baña kontu, zintasun orrekintxe akullua zorroztuz gere «gezurtxoen» kontra erasoten dionean, nor egon geldi soseguz?

        Geiegizkotzat joko dizkiozu agiz zenbait ateraldi; baña, ziur egon, lelotzat sekula ez. Lozorroa uxatzeko, Ortega y Gasset baten aldean, bestelako zirrara daragigu Unamunoren joale lakarrak: batzutan tilin, tolesbarrenetan atzimurka; bestetan talan, artara edo ontara deika; ezbearretan dulun, illen piztugarri. Min-kanpai, dei-danpai ala il-kanpai, orren torre zalaparta aserreak eztu iñor nagitan uzten; danok salatzen gaitu merkatari ta gezurti, geiago edo gutxiago; eztu joko lekarora, baizik ezur ta mamizko biztaleengana, gizarteko nor bakoitzaren errai-erraietaraño, azkon eta sakon, guzion ernarazgarri.

        «Berari eskerrak arkitu degu askok gure burua», diño ezin jatorrago Txillardegik bere betiko gizatasun unkigarrienean. Ori mintza ziguneko itzaldiak («Unamuno eragille») oso-osorik merezi luke emen txastatzea. Alako giar sendo gogoetagarri baitugu, benetan. Osorik ezin ba ta, ale batzuk txastatzen dizkizut emen, irakurle, gañerakoak ere beren jatorrian («Egan» en alegia, 1957, 3-4) bein ta berriz ausnartuko dituzulakoan, ondo merezi dutenez:

 

        «Unamuno ezagutu duenak ez dauka aaztutzerik, eta alde bazera ala bestera jotzen du. Astindu egiten du, gogor, eta ez dago geroztik txatxukeritan ibiltzerik. Arima-gosea ixiotzen du, dirukeria ondatzen du, ta berari eskerrak arkitu degu askok gure burua. »

        «Eragin gogorra du Unamunok. Bere alde ala bere aurka jarri gaitezke, bañan ezin geldi iñor leen bezela: maitatu egin bear da ala gorroto; beste amar liburu geiago irakurtzen dira, ala ezta lerrorik batere. Ez dago erdian geratzerik; aurrera ala atzera jo bear, eta bertatik.»

        «Emendik bere arriskua: eragille izugarria Unamuno. Emendik ere bere birtutea: eragille aparta Unamuno.»

        «Askotan gertatzen da, irakurle batek Unamunoren liburu bat artu-ta berak sentitzen zituan gauza asko liburuan ipiñiak arkitzea. Zer adierazten du onek? Gaurkotasuna dariola orain ere Unamunoren lanari. Guziok, bai zerok eta bai neronek ere, sarri sentitu ditugu bere larribideak; bearbada ez arek bezin biziro, baña sentitu bai. Oiartzun zaigu bere abotsa, ta erdibitu egiten gaitu. Zergaitik? Gezurrezkoa dalako? Ez orixe. Ondo egiazkoa dalako, guztiz gaurkoa dalako ain zuzen.»

 

        Ernarazi! urduriak ernarazi! digu xede bilbotarrak zernaitan. Ez patxararik beraz iñork. Ez exerita bapo egoterik. Ez, «aski dut onenbestez» esaterik edo pentsatzerik. Asuna alakoei!

        Argatik ain atsegin zitzaion Leon Bloy: ark zekin ark aserratzen! Ta ain geza, aspergarri, Anatole France: ezpaitzekin bere onetik ateratzen! Zintasun saker garratz onek lagun asko galdu araziko dizkio Unamunori baña baita, azkenera, galantak irabazi ere. Ala Marañonek:

 

        «Y por eso, a diferencia de a los hombres brillantes pero inconsistentes, cuya estimación se enciende en nosotros como un cohete para extinguirse en seguida, a Unamuno, acaso se tardaba en quererle pero, después, el tiempo multiplicaba, indefectiblemente, nuestro amor» (La memoria y la esperanza, pgna. 183).

 

        «Aserre santu» ori bear-bearreko omen du zinki idazten edo jokatzen dunak, siniskai baten laurdena badare benetan bizi dun bakoitzak; benetan egizale dan nornaik.

        Eztaukagu gere bakarrez egi jabe izaterik. Baña egizale jokatzea nor bakoitzari eska bear zaio barkatzeke. Orra Unamunok iñortxori estaliko eztigun pekatua ta aldarri mingotsenez oiukatzen digun bearkizun edo mandamentua. Pekatu: «la mendacidad, la insinceridad», gezurretan jardutea alegia. Ta mandamentu: sinisten duguna esatea, ez geiago ta ez gutxiago; geranak agertzea, osorik eta billotzik: zintasuna.

        Zorioneko, zinki jokatzen diranak; Unamunok maite-maite izango ditu! Zoritxarreko, ustez kontrara berariz ari diranak; Unamunok eztitu pakean utziko!

 

aurrekoa hurrengoa