 |
AITATXI, URTE ON!
Aitatxi, ez otoi egon
gela xokoan
histua eta mindua:
zoin fite doan
urtearekin mundua.
Urte on! ez ilun egon.
Ez erran: «Zertako naiz on?»
Ez egon beti
Kadiran dena orroit-min;
hemendik goiti
ezin duzula deus egin.
Urte on! Urte berri on!
Larogoi ta lau urtekin
udazken huntan
ibilki zinen ihizin:
ez zen gaztetan
nihor zoanik hain arin.
Aitatxi, otoi! ez etsi.
Usorik ez da etxolan
aurten agertu...
Horrek xifritu baitzaitu,
negu hotzean
bet-betan zare kraskatu.
Ihizin hoin zinen arin!
Usorik Larrun errekan
ez zen ageri...
Hau zenbatago mingarri:
Gure karrikan
euskaraz haurrik ez ari.
Galtzera doa euskara...
Eskolan hasi baiginen
euskara galtzen,
ez ote zare orroitzen
nola zinuen
«Euskaraz!» oihu egiten.
Orai su ez ote duzu?
Lehengo zure su hartaz
horrek zaitzala
gela xokotik pitz-araz:
lehen bezala
oihu egizu: «Euskaraz!»
Euskaraz, denak, euskaraz!
Aitatxi, une berri on!
Hau urte berri!
Huna nun heldu zaizkion
euskal-lurrari
usoak eta zorion.
Usoak, euskal usoak.
Usorik aurten etxolan
Ez zen ageri...
Entzun gaur ikastoletan
entzun kantari
haurrak, usoak duri.
Tiruri, euskal-kantari.
* * *
Aitatxi, orai lo egin
irri-kuluxkan.
Eta maiz amatxirekin
otoitz-kalakan
gu lagunt euskal-borrokan.
Urte on! Urte berri on!
16-12-71
|
 |