UHAINA
I
Nere zain eta hezurrek dute
Berrogoi-ta zortzi urte:
Bihotza beti dagokit gazte,
Jauna ganat igan arte.
Itsas-uhaina doan bezala
Iduri zait banoala:
Uhainez uhain, uhain ahula
Itsasoan bainabila.
* * *
Lan, minak eta urratsak oro
Neri zaizkit ur-itsaso:
Elgarri jarraik, ihes eta jo,
Uhain dantzak baitoazko.
Itsas uhaina doan bezala
Iduri zait banoala.
Itsaso-peko ur-aizen oldez
Badabila uhain-dantza
Eta bakotxa ur-bide batez
Dantzak oro gerabiltza.
Itsas uhaina doan bezala
Iduri zait banoala.
* * *
Maiz uhainetan kasik itoa
Ur-aizeak nerabila:
Bainan badakit, nere Jainkoa,
Ur-bide Zu zaitudala.
Itsas-uhaina doan bezala
Iduri zait banoala:
Uhainez uhain, uhain ahula
Jauna ganat bainabila.
II
Argi denean zeru zerua,
Kantuz noa zerutua.
Belzten denean ez naiz histua:
Bihotzean dut kantua.
Uhainak joka jauztearekin
Airatzen naiz uhain arin.
Bere bere nau Jaunak egin,
Uhaineri nausi nadin.
* * *
Lur-umea naiz, ez naiz aingeru,
Banintz ere dena zeru.
Bainan ahoan badut maiz pertsu,
Goiko kantu, goiko musu.
Uhainak joka jauztearekin
Airatzen naiz uhain arin...
Bertzek bezala nik ere barna
Sentitzen dut bihotzmina,
Airaldi batez haatik dena
Zuri buruz noa, Jauna.
Uhainak joka jauztearekin
Airatzen naiz uhain arin...
* * *
Geroko urtek zer buru-hauste,
Zer galernak dakarzkite?
Ixilka, Jauna, nitan ar zaite
Zutaratuz urtez urte.
Uhainak joka jauztearekin
Ni jauz-araz uhain arin:
Beti zurekin begiak urdin
Uhaineri nausi nadin.
III
Izarrak baino ederragoko
Zure dirdir itsasoan,
Hartuko nauzu betiereko
Azken jauzi hats-hantuan.
Noiz nauzu joanen bizi osoan
Zure dirdir itsasoan:
Zeruko pindar, kantuz nabilan
Jainkoaren aintzinean...
* * *
Lan min eta gau, maitez gainditzen
Maite dut nik bizi huntan;
Zenbat geiago dut gozaturen
Hori bera zeruetan!
Noiz nauzu joanen bizi osoan
Zure dirdir itsasoan...
Lur-mugak eta gorputz-neurriak
Kraskatuko direnean,
Izanen gare guzi-guziak
Osoki bat Jauna baitan.
Noiz nauzu joanen bizi osoan
Zure dirdir itsasoan...
* * *
Bakotxa uhain eta itsaso
Garen hura eta Jainko,
Denek bat dugu Jainkoari so
Lur guzia zerutuko.
Noiz nauzu joanen bizi osoan
Zure dirdir itsasoan:
Zeruko pindar, kantuz nabilan
Jainkoaren aintzinean.
12-2-68
|