 |
Apezgoa utz...
Lurreko gudueten sartzeko?...
GOIKO ARGITAN
Goiko-argitan
ibili-eta
itsuarena
ezin egina.
Kristoren apez
izaki-eta
apez bizia
ezin utzia.
* * *
Aldareraino
joan izan dena
zubien pare:
bera ez bere.
Kurutzeraino
igana dena
ezin jauts utziz
Kurutze-mina.
* * *
Kurutzearen
besoetarik
joanez nun luke
bihotz bakerik?
Zainen barnean
Kristok sartua,
minen minekin,
baitu mundua.
Zure bihotzak
egin nahi du
lurrekoekin
lan eta gudu.
Heien alde, zer
zure besoa?
Apez izanez
eman Jainkoa.
* * *
Bai aldarean
bai kurutzean
barnatik egin
Kristorekin lan.
Zeruak zutaz
lurra pitz dezan,
herraren nausi
bai, apez izan.
18-10-68
|
 |