Arrebaren sei haurrak
sei mundu
SEIAK
Seiak ditutzu bihotz indarka zuk sortu,
Seiak ditutzu musuz ta musuz goxatu:
Seiak zaizkitzu urtekin egin sei mundu.
Sei aldiz duzu, daldaran eta dohatsu,
Barnean jasan zoin den haurra min, zoin pisu,
Bainan batean nork ote jasan sei mundu?
Seien barnean ikaran duzu entzuna
Jaiduren eta bihotz-indarren galerna,
Odol-kar eta elgarren ezin jasana.
Seiak sei mundu, errotik arrotz elgarri
Eta munduko leize guzien egarri.
Seiak aitamen bihotzarentzat sei harri.
* * *
Urtean behin heldu zitzaizkit haurrekin
Eta joatean beti daukazu ixil-min:
«Biak bat berex, ezin geiago hitz-egin... »
Ixil-min bera bainuen zutan ikusten,
Eskutik zaitut berex ereman nik aurten,
Lehen bezala elgarri mintzo ar gaiten.
Jarri gare gu, bat bertzeari begira,
Ixilik egon... eta zure hitz bakarra
Izan da tanpez: begietarik nigarra.
* * *
Zatozte, Maya, Gaxina eta Katixa,
Musu-musuka hurbil amari bakotxa,
Erranez: «Ama!», kantatuz: «Ama, ez kexa!»
Ez egon gauaz kexuak jana; egin lo.
Hiru semeak kanpo beltzean direno,
Ez egon hola leihoetan so eta so.
Gizona gizon: haur egoitea ez du on.
Bakotxak daki ama-bihotzak zer dion:
Argia badu, gaitzari nausi dakion.
Zuk, begi urdin, zuk, beti goxo, lo egin;
Otoitz eta lo izar-ñirñiren soekin:
Seien barnean Jaun Zerukoa Jaun dadin.
30-6-67
|