IZAN ETA...
Izan eta... ez izan: zer dantzan gabiltzan!
Elizan eta plazan zerbeit, norbeit izan:
Gutan ariz Jainkoak denak berri ditzan.
Gustu hartzerakoan, ez ager, ez izan:
Gu itzaliz munduak Jauna ikus dezan.
Izan eta... ez izan: zer dantzan gabiltzan!
Fandangolari sortu eta fraide izan:
Banabil Jainkoaren zerurako dantzan.
Goizetan jeiki eta arratsetan etzan
Banabil itzulika Hak nahien aintzan.
Izan eta... ez izan: zer dantzan gabiltzan!
* * *
Naizen hau naiz agertzen guzien onetan,
Nere biziak dezan bertzer bizi eman.
Nere bizia berritz traba dutenean,
Ixil ixila noa dantzan Zurekilan.
Izan eta... ez izan: zer dantzan gabiltzan!
Izan ez naizenean ari zaizkit trufan
Eta sumintzen zaizkit izan naizenean.
Zer nahi dezatela pentsa edo erran;
Zurekin noa, Jauna, zerurako dantzan.
Izan eta... ez izan: zer dantzan gabiltzan!
* * *
Egin extiki soinu, Jauna, nere baitan,
Dudan jakin noiz izan eta noiz ez izan.
Zure eskuan, Jauna, dut eskua eman
Eta banoa bozik Zuk nahien dantzan.
3-12-69
|