ELIZA BERRIAREN...
Eliza berriaren zeru-bazterrean
Ilargi bai izarrak bazauden dirdiran...
Eta ni, harat beha, otoizle nindoan,
Barnez barne bihotza zeruzta zakitan.
Nere ustez bakarrik ibilki bainintzen,
Gau-itzal bat eta bi sumatu nituen.
Bat jarririk bat xutik, bi fraide biziaren
Ni bezala zaudenak zerua miresten.
Gau-itzal bat eta bi sumatu nituen:
Bat jarririk, bat xutik, bi zerule ziren.
* * *
Pertsuak balin b... adu zerbeixka balio,
Fraiden ixiltzeari guzia zor dio:
Otoitz, bake ez bada eta zeru-giro,
Bihotzari pertsurik jauzten ez baitzaio.
Zeruari begira dauden gau-itzalak
Bihar goizeko fraide langile ixilak.
Heien behar handia du mundu zabalak,
Fedeaz ukan ditzan gizonak hegalak.
Pertsuak balin badu zerbeixka balio,
Fraiden ixiltzeari guzia zor dio.
* * *
Zeruz nahi daukute lur guzia hustu,
Zeruak gisontasun kentzen omen baitu.
Ez badugu lurrean ez otoitz, ez kantu:
Lan kezka, borroketan nundik ez abretu?
Gizonik gizonena zeruz betea zen:
Hari jarraikiz gare pittaka gizontzen.
Lur barnea zeruak du mamiz betetzen,
Azken egunean huts ager ez dadien.
Gizonik gizonena zeruz betea zen:
Hari begira baita gizona gizontzen.
* * *
Zerua ez da zerbeit, lurra den bezala:
Guk dakigu zerua goiko norbeit dela.
Ez dezakegu ikus goikoek bezala,
Bainan jada lur huntan gurekin dabila.
Gurekin dabila bai, piztuz mundu hitsa
Eta otoitz-giroaz betez gure hutsa.
Ez da-eta otoitza ezaxol-ametsa
Bainan goikorainoko arimaren hatsa.
Zerua ez da zerbeit, lurra den bezala:
Guk dakigu zerua goiko norbeit dela.
* * *
Ilargi bai izarrak bazauden dirdiran
Eta ni, harat beha, otoizle nindoan.
* * *
Ez da fraiden otoitza ezaxol-ametsa
Bainan goikorainoko munduaren hatsa.
13-9-70
|