www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Uhaineri nausi
Xabier Iratzeder
1958 -1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

                        Bihotz kartsuak

                        bainan... erdaldunak.

 

 

HORI DUT BERAZ...

 

Hori dut beraz, Jauna, nere kurutzea:

        Belokeren erdaltzea.

 

Euskal-Herria nahiz Euskal-Herriago

Bai eta goiko argiz dirdiratsuago.

Gazte gaztetik nuen nik apeztu gogo.

 

Bihotz barnean goizik amets bat zait sortu:

Ai! egun eder batez egiten banitu,

Denek bat kantatzeko, zenbeit euskal-kantu!

 

Jainkoaren Hitzaren Hitza bezein gora

Nahi bainuen-eta goratu euskara,

Jainko-Hitzari beha nundik ez ni xora?

 

Jainko-Hitza dabilan euskal-gain batean

Otoitz eta pertsutan bainintzen iragan,

Guziak utzi-eta finkatu naiz hartan.

 

Urteak jin eta joan... Apez egin naute

Eta zerulegaien aita moldatzaile,

Eman diezotedan Jainkoaren ele.

 

Bi besoak zabalik nola Jesus Jaunak,

Hartzen ditut gogotik etortzen direnak:

Bihotz kartsuak bainan... mihiz erdaldunak.

 

Hori dut beraz, Jauna, nere kurutzea:

        Belokeren erdaltzea.

 

4-11-68

 

 

                    * * *

 

Bihotzean badut min eta pairamen;

Bainan Jaunaren deiak eman bainau hemen,

Kurutzeari diot bihotz osoz: amen.

 

Naizen euskaltzalea banago halere.

Nere barneko karrak euskal-karrak dire,

Nahiz banaukan Jaunak barneraino bere.

 

Euskal-Herria maitez osoki zerule,

Zeruko jaunaren maitez arrunt euskaltzale,

Ni naiz eta denena, deus gezurrik gabe.

 

Gau batez balin banaiz hiltzen kurutzean

Aurkituko dukete zaurien artean

Jainkoa euskal-kantuz nere bihotzean.

 

«Euskal-Herriarentzat zer irabazia,

Zuk eskainirik ere Jaunari bizia,

Ordukotz denek bada euskara utzia?

 

Euskararen uztea ez da bertutea...

«Gau-egun ikus, Jauna, nere kurutzea:

Haur-moldatzailetan pitz euskal-sinestea.»

 

                    * * *

 

Kurutze baino badut zorion geiago:

Emana bainaiz dena bihotz eta gogo,

Lokarri orotarik libratua nago.

 

Ez naiz nere nahien egiteko sortu;

Jaunaren nahia dut gain huntan aurkitu:

Guhauk baino geiago Harek maite gaitu.

 

Itsasotik arraina, airetik xoria,

Euskal-lurretik ere jende berezia.

Ai! egiten baginu Jaunaren nahia.

 

Burasoak balire osoki buraso,

Apezak apez eta denak Jaunari so,

Euskalgoa lagoke denen gatik oso.

 

Ez da ni, ez nerea Belokeko gaina:

Jaunarena da eta anai guziena.

Ez da sekulan izan xoilki euskalduna.

 

Jasanen dut ixilik ene euskal-mina,

Indar oroz eginen Jaunak eman lana,

Belokeri emanez naizen euskalduna.

 

                    * * *

 

Egun batez mundu hau suntsitzerat doa:

Zeruaren azpiko gauzen parekoa

Guziz maitagarria zaikun euskalgoa.

 

Mundua kurutzeaz da betieretzen.

Kristo iguzki eta Kristo indar goazen,

Euskal-semeak oro zerura ditezen.

 

25-11-68

 

aurrekoa hurrengoa