
Uhaineri nausi
Xabier Iratzeder
1958 -1971
[liburua osorik RTF formatuan]
[Literaturaren Zubitegia]
- UHAINERI NAUSI
- I. LANOPETIK
- II. UHAINEN ARTEAN
- III. UHAINETARIK ARGIRAT
Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983
|
 |
 |
Aurraitz
bizkaitar adixkideari
AMEN AMAREN...
Amen amaren
bihotzean
nago Beloke-n,
otoitzean.
amen Amaren
bihotzean...
Herritik urrun
bakar bakarrik
galdua zaude
Venezuela-n.
Begitik nigar,
barnetik amets,
badabilazu
bai min eta lan.
Mundu bidetan
zu bezalako
euskaldun gazte
zenbat dabilan...
Balute denek
zuk daukazuna
bihotz barneko
zolaren zolan!
* * *
Herritik urrun
izanik ere
baleramate
denek borroka!
Euskal-borroken
garrait-tokia
ez da Bizkaia,
ez da Gernika.
Euskal-Herria
usteltzen duten
gaitzeri gauden
gutan oldarka.
Gutan dadila
Jainkoa bizi:
mende, jendeak
Harek dabilzka.
* * *
Amen Amaren
bihotzean,
euskal-guduen
sukarrean
biak bat gauden
otoitzean.
20-3-60
|
 |
|