IKUSTEN DUGUN ZERUA...
Ikusten dugun zerua
Zoin urrun eta zoin gora...
Lurrari hotz bezein arrotz.
Ikusten dugun zerua
Ametsa bezein mami gabea.
Sinesten dugun zerua
Zoin hurbil eta zoin barna...
Denen mami eta bihotz.
Sinesten dugun zerua
Jainkoa bezein Jainkoz betea.
* * *
Ikusten dugun zeruari
Beha dago Zerulea.
Ikusten den zeru hori
Bertzearen orroitgarri,
Haren keinu eta irri.
Sinesten den zeruari
Emana da Zerulea.
Sinesten den zeru hori
Munduaren peko-harri
Eta denen altxagarri.
* * *
Zerulearen zerua
Ez da urdin, ez da lano:
Lurrago da lurra baino.
Badabil nola kantua
Lur barneko barneraino.
Zerulearen zerua
Gauen argi, minen gozo
Laurrekoen goiko mintzo...
Eramaki du mundua
Argiaren beteraino.
* * *
Guziena da zerua
Bai gain hartan den urdina
Bai gu baitan ari dena.
Guziena da zerua
Ez bakarrik zerulena.
Zerulek dugun zerua,
Amen soan dadin izan
Adiskiden elgargoan:
Zerulek dugun zerua
Dugun eman eta eman.
7-10-69
|