ONDARROATIK
Ondarroatik Baionaraino
irrintzinaren luzea!
Aipatu dute Burgos-ko jaunek
euskal-gazte bat hiltzea.
Euskaldunentzat gau huntan ez da
deus mendi eta deus muga:
Otoitz indarka zaintzen baitugu
denek Arrizabalaga.
Ama guziek seme dute gaur
Ondarroako gaztea;
Ezin lokartu gaztek dute gaur
hartaz gau-loa betea.
Erdal-uhainak Euskaldun horri
oldartu zaizko zafraka:
Euskaraz hura gogor egon da
zinezko euskal-harroka.
Batzuek omen herraz diote
odola behar dugula,
Euskal-Herria salba dezaken
aberrizalen odola.
Odolak ez du, gora diot nik,
otoitzak duen ahala:
Otoitz-indarrak eginen gaitu
ezin-hil Kristo bezala.
Ez dute bertzek, erdaldun jaunek
galduko Euskal-Herria;
Gure baitan da hiltzen gaituen
erdaratze galgarria.
Baginu denek Andoni horrek
duen sineste argia,
Ager laiteke guzien gatik
argi-zabaltze berria.
Andonik badu anai bat fraide;
biak dena kar dabiltza:
Kristo baitako bien pairuak
Herria salba dezala.
Gaur Andoni-ren minetik, Jauna,
har odolaren otoitza;
Jesu-Mari-ren min ixiletik
har otoitzaren odola.
28-10-69
|