Ph. Veyrin zenari
HAIZ-HEGOAN
«Si Dieu m'a parfois parlé et si j'ai osé
lui répondre, c'est à la vue de certaines
aurores dans la campagne déserte
où soufflait le vent du sud.»
Ph. V., 26-3-57.
Haiz-hegoan, goiz-argian,
Xoratu zaitzu begia.
Haiz-hegoan, goiz-argian,
Zoin eder Euskal-Herria...
* * *
Munduko minen ume lañoa
Euskal-altzorat zinen erori:
Hor zaitzu piztu hor behakoa
Euskal-lurreko eder orori.
Bai hezurretan, bai bihotzean
Barna zinaukan munduko mina
(Euskal-goxoan zu goxatzean)
Lapurtar amak ezin du joana.
Haiz-hegoan, goiz-argian,
Xoratu zaitzu begia.
Hezurrak eri, bihotza zauri
Tragan duzu euskal bidea,
Itsasoari, mendi gaineri
Barne guziaz maiteki beha.
Gainen ederra, etxen goxoa
Bazinakizkan, xortaka biltzen:
Zuk Irisarri, Larrun, Ainhoa
Zoin zinituen maitez maitatzen!
Haiz-hegoan, goiz-argian,
Zoin eder Euskal-Herria.
* * *
Ni ere minez joan nintzen behin
Euskal-bidetan, eder-bidetan,
Gure lurreko ederrenekin
Aldare baten egin nahian.
Euskal-bidetan, eder-bidetan
Ameska nintzen igan zurekin:
Zure laguntza eman zinautan
Eta geroztik bat ginen egin.
Goiz-argian, haiz-hegoan,
Zoin sarkor euskal-gogoa...
* * *
Euskal-elizek duten argia
Nahiko nuen zutan ezarri.
Ai! bainan bihotz eriegia
Nork zabalaraz goi-argi horri?
Ezin osoki adiskidetuz
Elgarren minen minez ibilki,
Gure bihotzak joan dire pleinuz
Noiz elgar ote argian aurki...
Haiz-hegoan, goiz argian,
Xoratu zaitzu begia.
* * *
Gu bien minak, bien lehiak
Ez ote ziren euskal-aldare?
Horko nere dei, nere graziak
Ez ote ziren piska bat zure?
Hargatik beraz kraskaratzean
Jaun Zerukoak bihotz axala,
Omen zinuen begitartean
Euskal-semeen argi zabala.
Goiz-argian, haiz-hegoan
Zoin sarkor euskal-gogoa!
Haiz-hegoan, goiz-argian
Xoratu zaitzu begia:
Goiz-argian, haiz-hegoan
Aditu duzu Jainkoa.
4-2-62
|