www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Uhaineri nausi
Xabier Iratzeder
1958 -1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

                        Minez min, salmoz salmo

                        azkenean sendatzen ari...

 

 

ASPALDI ERI...

 

Aspaldi eri nindagon gelan

      ez nindagoken geiago.

Aiz-hegoaren zirimirolan

      mendirat nuen joan gogo:

Osagarria, sistuz dabilan

      hango aizean, baitago.

Aspaldi eri nindagon gelan

      ez nindagoken geiago.

 

Mendi gaineko iratze gorri

      erdi erdian naiz etzan,

Zerurat beha, begiak irri

      iratze maiten poz-dantzan:

Euskal-indarrak, berritz pizgarri,

      nere zainetan zabiltzan.

Mendi gaineko iratze gorri

      erdi erdian naiz etzan.

 

Lehen hain eri nindagon gelan

      sartu naiz berritz kantari.

Bular barnetan xiru-xirulan

      hego nasaia zait ari:

Eginen dut bai berritz ere lan

      euskal-bihotzen pizgarri.

Lehen hain eri nindagon gelan

      sartu naiz berritz kantari.

 

4-10-59

 

aurrekoa hurrengoa