Burdin-bideko orenen luzea!...
Zer egin? zenbeit pertsu,
atzo hil den batez.
OLABERRIKO
Olaberriko zolan da Leizarraundia,
Bertze gizaldietan zena iduria.
Ezin dute nihundik ezin iretsia
Besaingo lantegiek euskal-baserria.
Egun ari omen da hiltzen Leizarraundi
Gizon bakezaleen zeruan sar bedi!
Lanetik azkenean gaur dadila geldi,
Gozatuz gain hartan den zinezko Euzkadi.
* * *
Leizarraundiz pertsutan hasterat nindoan,
Bakearen ederraz leloen leloan,
Ikasi dudalarik bere bihotzean
Gaztetik hiltzeraino zer guduak zauzkan.
Lur-lantzaile gogorra, ez gizon goxoa;
Izan zuen halere ezkondu gogoa.
Aditurik fraide bat (fraide arraioa!),
Emaztegaia kolpez serortzerat doa.
Beltz eta dena ximixt luzaz gelditu zen;
Gero bertze batekin hasi zen ibiltzen.
Egun batzuz etxerat hartu omen zuen:
Ea zer etxekandre izango zitaken.
Eskatu zion gero, entzunik eztulka,
Mirikurrat joateko: ez zenez «ftisika».
Poz-pozik itzuli zen ele-xirripaka
«Ezkontzeak hortarik trabarik ez dauka».
Biharamun goizetik joan zen Luziano,
Miriku mintzatzerat Donostiaraino.
Poz pozik itzulirik, neskatxari dio:
«Egiazkoak ziren hik esanak oro».
«Zer! hori baitut hori ni baitan fidantza?
Zer izanen duk gero, egin-ta ezkontza?»
Mutilzar il izan da gizon malurosa,
Hamabi haurren ama lehengo neskatxa.
* * *
Goiz-arrats Leizarraundi lanean zabilan,
Bere minen hezteko beti lan eta lan.
Hogoi ta hamaseian «merkatu beltz» gerlan
Sos frango sartu zuen bere moltsa zolan.
Abertzale handi bat zitzaion etorri,
«Euskal-baserritarrak» handiesten ari.
Euzkadi zaintzaleen indar altxagarri,
Aintzinatu zezala zaukan diru hori.
Joan diruen berriik nehoiz ez du jakin:
Kanpotar, herritarrak etsai zauzkan berdin.
Ari zen langileak bezein bihotz samin:
«Ikusiko diagu bai, Rusianoekin».
* * *
Adinez, lanez, minez arrunt izendua,
Baserri sasituan utzi du mundua.
Azken gauan hartu du olio saindua:
Bakean egina du azkengo gudua.
Hila da Leizarraundi eta ehortzia;
Gizonak hiltzen dire, bizi da bizia.
Goiz edo berant balitz jana baserria,
Nork erran litakela hil Euskal-Herria?
Burdin lantegietan kasken errabia!...
Lantegien hertzetan, sar, Leizarraundia:
Lehengo euskaldungoaz pitz mende berria
Goiko bakerat doan gaur ere bizia.
18-8-70
|