Kristo baitan bat,
lur-bidetan bi.
EZ BERDIN...
Ez gaitutzu, Jauna, jitez egin
biak berdin:
Guk bat izan nahi elgarrekin
eta ezin...
Euskal-itsasoz naiz ni, erdal-lurrez hura:
Eman dauku bieri Jaunak amets bera.
Gau-egun bagabiltza biak bat Beloken:
Ez-berdinaren mina ezin halere ken.
Ez gaitutzu, Jauna, jitez egin
biak berdin:
Gauza beraz harek maiz atsegin
eta nik min.
Karitate-argitan galdetu daut neri
Zergatik ote nintzen egun hautan eri.
Nahi gabe jauzi zait: «Zu gatik dut hori.»
Ene hitzak bieri eman dauku zauri.
Guk bat izan nahi elgarrekin
eta ezin...
Ezin hori, Jauna, egin dadin,
zuhauk egin.
* * *
Ez dautzut galdegiten min hori kentzea,
Hori baita, nik uste, nere kurutzea.
Bainan zuk emadazu, Kristo Jaun maitea,
Min guzien mineri nausi den Bakea.
* * *
Bihotza nihork nihorekin
ez du berdin.
Hortakotz dute denek berdin
gizonek min.
Euskal-semeri ere ez daukuzu, Jauna,
Bakotxari emana jitea berdina.
Bihotza beren asmuz hurbil hurbilena
Daukatenetan da maiz handienik mina.
Bihotza nihork nihorekin
ez du berdin.
Bat egiteko ezin jakin
nolaz egin...
Baten izanak berak du bertzea mintzen:
Halere, nahiz, fedez, zoin beti bat gauden!
Elgarren elorriek elgar zarraztatzen:
Halere, nahiz, fedez, zoin beti bat gauden!
Bat egiteko ezin jakin
nolaz egin...
Zerurat gaiten elgarrekin
joan minez min!
* * *
Elgargo bizitzea betidanik zaio
Nihauren bihotzari zinez bozkario,
Elgarren minen minak ekartzen baitio,
Herrien baterazle, gaitzeko balio.
* * *
Gizonak bihotzean badu beti zauri,
Ez balin bada ere niholaz ageri.
Aintzan piztu ondoan, Jainko-Gizonari
Gelditzen omen zaio zauri zabal hori.
On izan baita Kristo, izan denentzat on,
Erran ditakelakotz: hor zauri nun gizon.
On egin bakotxari, horrek eman dezon
Zeru-bide dorpean piska bat zorion.
Nik ere, jakin gabe, bihotza dut eri,
Nahiz goiz-arratsetan naizen kantuz ari.
Bertzer emaiten dutan on eta on hori
Zaioke sendagailu nere bihotzari.
* * *
Egin gaitutzu, Jauna, guziak ez-berdin:
Zure bihotz nasaia gutan ager dadin;
Eta, bat ezinean dena min eta min,
Kristoren bidez dugun Zu baitan bat egin.
30-11-70
|