Euskal-bilkura
nahasi baten ondotik.
ITSASOAREN MINTZOA
Itsaso eta euskal-arkaitzen mendez mendeko mintzoa!
Galerna bezein ikaragarri, Amaso bezein goxoa...
Donostiako ur-bazterretik entzunez haren leloa,
Itsas-hegaztin hegalekilan zeruan zeru banoa.
* * *
Arkaitz, itsaso eta zeruz da euskal-gizonen barnea:
Harriek duten gogorra badu eta uhainen ernea.
Ez dauzkanean zeru zolaren zabala eta bakea,
Arkaitza bezein idor gizona eta etsaigoz betea.
Irautekotan denek bat behar, eta guk ez bat egiten...
Euskal-gizonak noiz ote gare denak-denak bat bilduren?
Hitan baitituk zabal zabalik hoinbertze uhain bat biltzen,
Errak, itsaso zeruz betea, nolaz denak bat gaitezken.
* * *
Trumilka jautsiz hedoiek tanpez dute zerua nahasi;
Uhainek dute joka, zafraka jauz egin eta ehausi.
Elgarri denak oldarka eta elgarri denak ihesi,
Klaskatu arte oihuz diote: ni nausi eta ni nausi.
Hedoiek ximixt, urpek herra-tu, aize burrunbek hil-sistu:
Uhainen elgar ezin jasanak oro nahasi baititu.
Uhainak ote, bihotzak ote zerk behar ditu lañotu?
— Hortakotz denek beharko dute onartu elgar onartu.
* * *
Uhainek elgar onartuz geroz heien lañoen lañoa:
Bat egina den ur zabalean dirdiran dabil Jainkoa.
Bizkai aldetik Lapurdiraino itsasoaren mintzoa,
Arkaitzez arkaitz musu-milika, batasun kantuz badoa.
Euskal-gizonak, bil ur-ondorat, utz lurrekoen borroka;
Mugak, neurriak, nausikeriak ahantziz egon behaka.
Euskal-arima bazter gabeak bihotzak bitza gaur kraska
Eta, pitz dadin Euskal-Herria, guziek elgar besarka.
Donostian, 30-10-64
|