www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XX.
EGIARI ARGI DARIO

 

        Sobera bezala itxiki dut irakurtzalea mokoa urean, bainan ez da ahantzi behar, aingirak buztana duela gaxtoenik larrutzeko: akhabantzan naiz. Obeliska har dezagun Elizarentzat, nahiz deus guti den haren Parisko eremua, Elizak hartu duenarekin Donibane, Hasbarne, Garazi, Maule, Iruña eta Donastian. Oraino bada hoik ere deus guti dire Elizak mendetan duen dorrearen aldean. Mendetan Eliza, Laphurdi, Nafarroa, Bizkaia, Xuberoa eta Gipuzkoaz bertzerik da. Ursuia, Larrun, Belate eta Altobizkar pilotak dire haren aldean. —Nork pisatu ditu? Aragok behar bada? —Ez du hark pisatu Ilhargia baizik. —Nork pisa zizaken Eliza, nork pisatu du? —Zuek, Elizaren etsaiek, izartu diotzatzue alderdiak, gainbeherak eta hedadura, eta erran duzue: pisuegia da gizonentzat, egin bide dorphegiak ditu, ezin altxatu edo garraiatua da. —Ez dugu holakorik erran. —Ez naiz itsurat mintzo. —Ez guri erranaraz erran ez dugunik. —Ez duzue erran Elizak sobera galdetzen zuela, etzitezkela egin haren erranak? Egia bazinioten, nihork etzuen sinhetsiren, lurrean egonen zen. —Bai, behar liteke gizon baino gehiago haren erranen egiteko: nola barkha etsaiei, nola aithor bekhatuak? —Etsaien arabera ere, lehen Eliza-gizonek mehe zuten izpiritua, bazen soseko hainitz: nola egin dute jakinek baino gehiago? Elizak lurrean behar zuen: nola xutitu da? Lehertu behar zituen oro: nola garraiatzen dute Aita-Saindu, aphezpiku, Errege, aita, ama, seme, neskatxa, martir, kobesor eta birdina herbalek? Ez duzue nihoiz gogoratu gauza hori; bainan Beabak etzinakitzatelarik egia handienetan, erroskilekin jostatzen zinetelarik nola haurrak, galdetu diot ene buruari nola altxatu den Eliza, nola egon xutik, haize, xirinbola eta ifernuko gathaska guzien erdian. Milaka dire Elizaren haurrak Jerusalemen, Erroman, Londresen, Madrilen, Bostonen, Othaitin eta iguzkiak argitzen dituen bazter orotan. Abiatu zuten ahur bat gizon erromesek, ibili erriotan, eta eman guziei gainean, khoro bat bezala. Etzuten nihor alde, eta halere oro belhaunikarazi zituzten eta estali Eliza mendiaz. Gizonek lehertu behar zuten; khexatu ziren asko, abiatu Elizaren iharrusten; bainan hain ungi lothu eta sarthu zitzaioten, non iduri baitzuen hekientzat egina: nola dago xutik Eliza, gizonek ezin garraiatua? Hegatsa iduri harri handi bat ezin ibili eta eman da xutik bera, eta ez da huntza behar errateko Eliza bera eman dela xutik, ez ikusteko Jainkoaren lana dela?... Ezpainak luzatzen dituzte zenbaitek, ostria iresteko bezala: zer egin? Tiroa galdetzen du otsoak, eta tiroari darraiko zauria.

 

aurrekoa hurrengoa