www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV.
ELIZAREN ERAKUSPENAK HAUTUAK,
EZ SINHESTEN GABENAK

 

        Elizaren erakuspenak hautuak dire; nihork ez ditu ostrikaturen, hobeago izateko xedez, bat da hori; bainan oraino bertze sinheste guziek badute hetan irabazia, gehiago dena. Heriotzean ez da josteta edo haurkeriarik: nor ikusi da bada Eliza Katolikoa uzten orduan, beldurrez etzadin egian izan? Bainan zenbatek ez dute, oren handi hartan, besarkatu haren sinhestea? Egia nonbait bada: ez da nihon hain segurki, nola Eliza Katolikoan. Zorokeria da erratea: gizonak hil behar duela sortzeko sinhestean; ezen frogatu dugu Jainkoa agertu eta mintzatu dela. Hark egorri du bere Seme Jainkoa; Semeak egorri du Izpiritu-Saindua, Elizaren giderra. Egiaz dioanean, nork ditu Elizaren argi eta indarrak? Nork zer nahi du erakutsi hartaz kanpo? Non ditu erroak? Noren izenean mintzatuko da? Ez sinhestekotz Eliza, ez da behar nihor sinhetsi: duenak janen du, ez duenak ebatsiren, bakhotxa nausi da, ez da muthilik, predika diteke nahi dena. Bakhotxa bere! Ez bada Elizarik, ez da egiarik; egiarik ez bada, ez da bertze bizirik: lurrean dire beraz on guziak, atzeman ahalak atzeman.

        Jainkoak erakutsi zituelakotz bere xedeak, asko arantze jasan zitezken; bainan ez bada mintzatu, zertako jasan, zertako bizi nigar edo nekhetan? Lurrak guzienak dire, egin dire partilak gezurrezko mendetan, bainan etziren han orai deus ez dutenak, etzituzten onhetsi egun goibeletako lanak, eta lehenago sorthuek etzuten indarrik ondokoen gainean! Jaun, andre, nausi, muthil eta nor nahi den, orre beretik dire, bakhotxa da bere errege, ez dio nihori agurrik zor!

        Hori liteke zorigaitz guziei atheka idekitzea.

        Bizkitartean badire gizon handi, aita eta, bere ustez, burudunak, Elizari asikiz hari direnak! Aphezak ixiltzen balire, berak mintza litezke hek bezala, eta oraino khar gehiagorekin! Zein hobendun diren! Burdinetan diren asko baino hobendunago.

        Egia sainduetarik dute bere ona emazte, senhar, nausi, muthilek. Emaztek behar dute sinheste ona, bai senharrek ere. Gorakoek nahi dituzte amarrak azpikoentzat, senharrek emaztentzat; bainan nondik dukete nahikunde ozar hori? Jainkoak eman ditu edo ez lokharriak; eman baditu, guzientzat dire; eman ez baditu, nihorentzat.

        Eliza gabe, oro lerrakor dire. Harekin emazteak har dezake laguna eta maita non nahi, arantzen erdian ere, bainan ez bada egiarik, zertako paira? Gozamena behar da bilhatu, eta erran: goza edo hil! Nahiago liteke naski goza eta ez hil, bainan hil behar denaz geroz, erdi bizitzeak hirritsa guti du: goza edo hil beraz! Labur eta on! Hortik heldezko labasia. Atseginek ustelduz gizontasuna, akhabo litezke laster mendeak: ala norbaitek athera lezake ezpata, errateko, marra bat eginez gora-beheren zurubian: horraraino da zilhegi atsegina, beherago direnek egin dezatela barur?...

        Elizak pizten ditu erresumak. Bere haur ditu lurreko gizon eta emazte garbi, zuhur, berthutetsuenak, aphezak bere mihi. Guduan da sei mila urthe huntan. Soldadu zituen, mende zaharretan, salbatzailea igurikitzen zutenak. Badioazko buruzagiak Pio IXtik Jondoni Petriraino, eta handik goitik, aphezez aphez, Aaron, Moises eta Adameraino. Nihoiz ez da izan hobeki, ez hedatuago. Sendatu zaizko zauri handiak, sorthu adar berriak, urrundu mugarri izpiritualak, arimen gatheak hautsi, ungi bideak errextu, aphezpikuak argitu, erresumak alde jarri, Eskaldun aphezak Amerika behera joan, bere anaia mintzo berekoen ondotik, mintzatu gabe doiean ezagutu tokietarat dioazen apostolu eta ordenatu diren aphezpiku berriez. Haren erranak eginez dire gizonak hobekienik. Ezen berek zer asmatu dute bilkhuien ontzeko, nigarren xukatzeko edo justiziari bide egiteko? Miratu dituzte fede-gabe zenbaitek mundu zahar eta berria: zer ikhasi eta erakutsi dute? Orai ez bezalako azturak zirela lehen eta etzirela buru hezurrak arras orai bezalakoak!!! Elizaz kanpo mintzo diren jakinek, ez dakite duela bi mila urtheko paganoek baino gehiago arimaz eta haren ethorkizunaz. Badakitzate behar bada hobeki populuen izenak, neguko zokhoen berriak, guduen tokiak, hirien lanak, izarren bideak, eremu handienen frixtan iragateak; bainan zer behar dute hoitarik gizon gehienek? Zerk arinduko diotzate bizi guziko lanak? Zerk ekharriren ditu elhorritan ixilik lanean haritzerat, hek iduri bertze hainbertzek bizia hirriz eta jostetan daramakatelarik? Adimenduaren mendea omen da: bakhotxak badu berea, eta ez dio nihorenari zorrik: hark dio egiak guzientzat direla edo nihorentzat! Ez ditezke gizonen meneko, bethikoak dire; ez baziren lehen, etziren izanen gero, edo oraino asmatzekoak izanen ziren behar bada! Noiz nahi ergel batek jakin zezaken, egunetik biharamunerat, agure zuhurrenak baino gehiago. Eskolatik lekhora, semea trufa ziteken Aitaz. Oren batetik bertzerat, egungo nausia izan ziteken biharko muthil, egungo profeta biharko zozo! Iguzkia zeruan bezala da egia lurrean: ez dute aitzakiek hiltzen! On dire aitzakiak gizonen jostatzeko behin, bainan zorigaitz hetan baratzen direnei! Ungi bizi nahi ez dutenak dire egiaren etsai. Hek dituzte goibelak: etzuten Euler, Leibnitz, Kleper, Bossuet, Fenelon, Newton, Mallebranxe, Deskartes, Bakon, Agustin, eta bertze izpiritu handi eta erregek.

 

aurrekoa hurrengoa