www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX.
HUNTZAK ETA BULUNBAK

 

        Huntzek badituzte begiak, ez pulitak; aithortzen hori. Nihor gatik kaiolan ematen ditu bere ederrez. Buru handi, moko bihurri eta bultu ozen batekin, ez dute bildu nihongo xoriketarien bihotzik. Orok higuin dituzte haurretaraino. Hegastegi ahantzi edo dorre zaharretan egiten dituzte bere lo, ohatze eta umeak. Olioz dute bere asea, ahal dutenean. Astelehenez edo Igandez, ez dute edari maiteagorik. Olioa kontra pozoina den bezala, nori zioaken hobeki haren khalda, mundu guziak etsai dituenei baino? Hortik athera diteke, huntzak ez direla bethi iduri dutenak! Gauza ikusten dute, ez egunaz. Hekien begiek, egunaz zarpan lo dauden arrosorio distiantak dirurite. Bainan gauza, zer iguzkiak! Ez da orduan halako sentinelik: kantatzen ere dute huntzek, gauaz!

        Gauza bereziek egiten dute lurreko edertasuna. Ihizi guziak bardin balire, nihork ez liozakete beira laster. Hartako naski gizon zenbaitek ez dute ikusi nahi gauean baizik. Oro ifrentzuz edo gaizki zaizkote argitan: Robespierre saindu da, hartza gizon, otsoa xakhur, igandea laneko, astelehena alferkeriako; ilhar, lur sagar, ahi eta gaztanbera, ortzegunetako; oilo, gaphoin eta azpikia, ortziraletako. Ikusiko dire oraino bi zangotako zenbait galtzen azpikoz gora ematen, buruz beheiti ibiltzen, beharritik jaten, sudurretik edaten! Lazgarriak dire Elizarentzat, bere mazela sarthu, hori edo gorri-minekin aldizka, mintzoa erlats, minkor eta ilhun, ahoa goibel, ezpainak hits, begiak barna. Ez dute nahi Elizarik, berak aski dire... Bat altxatzen da, dioelarik: Badakizu othe zer darasazun? Guk badakigu zer behar dugun sinhetsi eta zer ez. Ez dugu gaua nahi argitzat, eta Elizak ez du ilhunberik baizen; sobera galdetzen ere du.

        Ageri da hola mintzo direnek hainitz ikusi dutela gauaz. Zer ikhusi othe dute? Damurik ez direla gaueko argiak, oihal busti batzuek bezala! Bihurtuz, ixurkinean atzeman liteke nahi dena. Eian egin diteken deus. Hertsatuz adimenduzko huntzen bokhata, huna zertsu darion: Ebandelioa zorokeria bat dela, eta ez gizonentzat egina!

        Entzuten ditut hirri eta karrankak bazterretarik; eian nork eginen dituen azkenik! Ebandelioa zorokeria bada, haur eta atsoen jostatzeko da. Den baino areago egin arazteko, eman diotzagun bizkarrean Heretiko, Xizmatiko, Judu, Pagano eta sinheste-gaben trufa eta hirriak. Egiten dute Pireneak baino gordoago den mendi hirrigarri bat. Hobe, izan dadiela giristinotasuna, oinetarik buru eta hastapenetik akhabantzarat, hemezortzi ehun miliunetan mendi hoik baino higuingarriagoko zorokeria. Ozar izatea da; ezen sinheste-gabe handienek atzeman diotzate Elizari alderdi onak; ez diote bekhaizten haren ifernua bere etsaiei, ez kobesioa ohointza egin diotenei. Bainan nahi dut egin dezaten beltz eta itsusi ezin gehiago, eta erran gezur untzi bat dela, ez duela sos berriek zilhar baino egia gehiago. Mintzo bada nihor ene kontra, egonen naiz harri, ihurtzuriek ez naute mugiraziko. Eginen dut mirikuak bezala, ama hasten denean nigarrez, ikusiz haurraren nigarrak, hortz atheratzeko mina gatik.

        Elizaren kontra erran ahal guziak, erran ziren lehen lau mendetan. Geroztikako asiki guziak, salda arreberotua bezala dire: marraka berek bethetzen dituzte mendeak. Ageri da marrakariek unha ordu dutela, aspaldion xutik dire. Jar bitez beraz. Min dut bihotzean ikusiz hainitzetan jende xehea goizetik arrats unhatua: eian ez dudan urrikari behar argiak hedatu nahiz dabiltzanez hanbat mende huntan! Jar zaitezte, galde xume bat egin nahi dautzuet. Ez da haltzairuzkoa, bainan aukas ere, itxikatzue adarrak buruan: Erran diezadazue nola giristinotasunak hartu duen lurrean?

        Nihork ez du ihardesten, guziek bulunba belharrez tapatuak dirurite, batek min du sabelean, bertzeak buruan hatz. Batzuek zerbait bazarasaten, bainan etziteken jakin zer, Babelen baino gehiago. Batek erraten du noizbait: ez dugu ungi elengatu.

        Duela hemezortzi ehun urthe, mundua Pagano zen: nola egin da Giristino?

        Bigarren batek ihardesten du: ez dugu elengatzen, mintza zaite eskaraz.

        Etzait iduritzen hedoirik baduela ene galdeak, bainan huna zer nahi dudan jakin: Giristinotasuna zorokeria denaz geroz, eta ez gizonentzat, nola onhetsi du munduak hamabi arrantzalen hitzaren gainean, egun distiantenetan, nahiz orai bezala zorokeriatzat begirazi nahi zuten. Nola Pireneak baizen handiko gezur mendi baten iresteko, gizonek utzi dituzte ontasun eta atsegin ohituak, nola joan dire lehoinen ahotarat, presondegi usteletarat, su gorrirat? Holako bestak izan dituzte Eliza sinhetsi dutenek Jerusalemen, Athenan, Lionen, Erroman; eta baziren sinhestaletan konsul, senadore, jeneral, jakin eta aberatsak. Ez da nihon ikusi holako gerthamenik; bederen nik ez dakit non izan den, eta zuek? Naski bai, huntzek ikusten dute bertzek ez bezala.

        Hasten da bat eztulez, bertzea kadiran itzulika, hirugarrena zinzka; bainan etzuen nihork hats bat egiten: uli bat entzunen zen! Athera detzagun hestura hoitarik; bihotzak kalaka dituzte, eta bil letzakete enganioz erraldiketariak, ustez eiherak golkhoan dituzten. Elizak zorokeriak erakusten ditu, bai edo ez. Hala erakusten baditu, nola oro jarri dire haren sinhesterat? Oro zoratu othe ziren lurrean mende batez? Sinhestea egien bahia izan bada, marrakariek ixil ordu dute; ez da hor harat hunatik. Ez ahal dute uste naski apostoluak sorgin zahar zenbait zirela, hiru mendez xarmatzeko bazter guziak. Ez da izan ditekenik: Apostoluak Juduetarik ziren, eta Juduek asko dakite: egiten dute kobrea urre, eta bi soseko telapinta, perkal; ez izanik ere nihon erreka bat lur, badute bethi diru eskaintzeko eguneko hogoiean. Mintzo dire lehen mendeak pozoatzaile eta enganatzailez: halakoek sorgin ite badute! Damurik ez dugula largabixta handi bat mendetan ikusten duena! Jakin ginezake norat biltzen ziren Apostoluak sorginkeriako gauzen ikhasteko: Zugarramurdi, Guadelupa edo theilatuetarat! Badire Parisen kanoia bezain handiak. Bainan adimenduaz behar dugu ikusi: zer iduritzen zaitzue: sorginak ziren Piarres, Thomas, Andres eta hoikien lagunak?

        Hoik ez dute baitezpada sorginak iduri.—Zeinek bada? Matheo, Markos, Lukas, Filippe eta Barthomiok? —Ez eta ere. —Nork bada? Nihork ez dio deus? Nik banakike ene ustez nola iragan diren gauzak, bainan beldur naiz eskas atzeman dezaten ene ikuspena, nahiz nor nahik athera dezaken hitz on bat: nahi duzue jakin nola ikusten dudan gauza? —Orok baietz diote. —Atso zahar batek errana dut: orobat zaitzue? —Ba, ba, ba. —Huna non den: mizterioak adimenduaz gorago dire, eginbide hertsiak Elizan. Hartakotz, bat eta bia hiru diren bezain segur, Giristinotasunak eginarazi ditu intzirinak hastapenean, sinhetsia izateko. Errexki deithu zuten zorokeria, gogorregia eta bertzerik. Bainan irule ezin unhatu batek, Mariattok badaki nola sinhetsi duten jaun eta andrek, jakin eta tontoek, gazte eta zaharrek: Elizak kopetan zituen mirakuluak, eta nola hets bihotza mirakuluzko predikuei? Zer diozue atsoaren atheraldiaz?

        Ikusten ditut zenbaiten mixkinak, erran nahi balute bezala: atsoa zoro bat da, ez du nihork egin mirakulurik, ez nihork ikusi. Ez da izan esku zabalaren gainean baino gehiago, orai, ez lehen. Egin balire nihoiz, herrestatuko zituzten oro Elizarat: ez da halako Pikasarri edo Haranbururik, Xareten lehia emateko. —Bainan etzaitzue Ebañdelioa pokadu handi eta minkhorregia zela iresteko, mirakulurik gabe? —Ondu zuen zerbaitek, sinhestalek bazuten saria. —Sari onak jende biltzeko azoteak, presondegiak eta heriotzea! Lehengo jendeak, oraikoak bezala ziren: nola egin dire Ebañdelioaren haur? Emadazue egintza ezin ukhatu horren gakhoa; atzemazue nonbait, zoazte Parisat: han da Akademia, oro dakitzana Abezetik yzetaraino. Errex da gauzen ukhatzea, bainan ez egitea. Erna beharriak: huna mirakulu asko batentzat: Ilkhitzen da heiatik kalexa berri eta arin bat. Luma diruri. Lerrarazten dute lau garainok, enadek hegalez, lehoinak indarrez. Eskutik dituzte hedeak bi muthil Paristar buru ernenek. Eguna eder da, zerua garbi, bidea xuko eta sala bezain legun. Ximiztan doa lau arrudetakoa, aitzinduz eta gorriraziz, lasterrean, burdin bidetako hegastinak. Hoberenean dioalarik, atheratzen zaizko hogoi ohoin bide itzuli batean eta porroskatzen diotzate lau arrudak. Kalexak erori behar zuen eta gelditu han berean: gelditu zen? Ez, ez; ikusi dut ene begiz, ikusi diodan bezala, ikusten den bezala, ikusi joaten aitzinat nihoiz bezain laster: ez da mirakulua hori? bat. Ohoinek khentzen diotzate kalexari garainoak, eta halere badioa bi mila lekhoa urrun: ez da hori mirakulua? bia. Ohoinek hiltzen dituzte bi muthilak, eta kalexa ez da makhurtzen, badioa abiatu tokirat, itzulika guzien gatik: ez da mirakulua hori? hiru. Ohoinek bidean egin zituzten zilho eta erreka zabalenak, eta kalexa joan da bethi, mirail baten gainean bezala: ez da mirakulua hori. lau. Ohoinek hedatu dituzte bidean harrokak, bortz ehun urtheko haitz zaharrak ere, Belatetik aizanetan herrestaraziz, eta kalexa ororen gatik joan da: ez da hori mirakulua? bortz. Ohoinek baratu zituzten egun orga ile Asturiatik heldu zirenak, bakhotxak bazakharken berrogoita bortz kintal karga. Eman diotzate kalexari guziak gainerat, bultuaz beraz lehertu behar zuten, eta joan da aitzinat: ez da hor mirakulurik?

        —Ametsak dire hoik guziak, ez da izan holakorik: gezurrak, gezurrak! —Ah, gezurra baitiot! —Bai, eta ez xumea. —Zabal othoi beharriak: kalexa Eliza da; garaino, muthil, arruda, leze, mendi, orga-ileak, dire Apostolu, predikari, bilkhuia, presondegi, eta persekutatzaile khoroatuak. Abiatua Auguste enperadorearen egunetan, badabila oraino, Napoleon hirugarrenaren egunetan, nihoiz bezain berri eta arin, itsaso, morthu, negu eta iguzkiz. Altxatu zaizko kontra handi eta ttipiak, nekhazale eta erregeak, gizon basa eta jakinak. Zehatu dute gordean eta ageririk, biluzi janari eta liburuz, jo eta ferekatu: eta bizi da! Ez da hori mirakulua? Zoro eta buru-gabeak ziren Apostolu eta hekien ondokoak, huntzen arabera, eta hedatu dute Eliza. Galdu behar zuten luzerat, eta ez dire galdu. Etzuten beretu behar emazte bat, eta beretu dute mundu hoberen guzia. Ez dutenek nahi mirakulurik, bitoriaz bitoria ibilarazten dute Eliza, ahalik gabe. Mariattok baino sinheste errexagoa dutela zait. Ez ahoa zabal, nola zordun gaxtoek, ethortzean Pillardok sarienta atherat, argi ezin ukhatuekin: Apostoluak zoro eta buru erreak baziren, eta halere Eliza ungi eraman, mirakulua da; preso egon direnek preso emaileak garaitzea, mirakulua; harma-gabek harmadunak garaitzea, mirakulua; itsuek jakinen argitzea, mirakulua: oro mirakulu. Hoik guzien egitea mirakulurik gabe, mirakulu handiena! Elizak hartzea mendetan, mirakulurik gabe, mirakulua behin; haurrak galduz edo hilez berratzea, mirakulua bietan; gauzen sinhetsaraztea, bahirik gabe, mirakulua hiruretan; bi zotz gurutzean emanik, hamabi zorok belhaunikaraztea errege eta harmadak, mirakulua lau, bortz, sei eta ehunetan. Zenbatenaz egiten baita Eliza zoroago eta galdetan higuinago, hanbatenaz mirakulua handiago da bitorian. Nik erraten hori, eta ez daukat ene burua zorotzat, edo biba adimenduzko zorokeria! Ez da ezin eginik egiten, eta gizonek sinhetsi dute Ebandelioa, bere galde hertsi eta minen gatik. Bada hor izateko Pio IX bezain katoliko, bada lephoa pikatzerat uzteko Elizaren alde: ezin izanak izan dire, ezin joanak joan, ezin garraiatuak garraiatu: mirakulua! Atso zaharrak bazakien zerbait, erratean: Elizak mirakuluak kopetan zituela.

        Eskarnioz hari dire esker eta eskuin, hori eta gorriak, beltxaran eta ñabarrak. Ez oro hargatik. Sinheste gabe izateko, behar da bederen ezpata gerrian, bizar zama bat sudur pean, jaka maite, aberasko, bederen izan hiritako zamalzain; bainan harritzeko da zer batasuna den hein batean Elizaren kontra: etziren batago Fransesak Napoleon enperadore egitean! Huntzek eguna bezala, ihesten dute askok Ebandelioa, batere ikusten badute egia; bada non egin sare bat aski handia atzemateko azkon, hartz, otso, sathor eta axeri guziak, eta oro betan arthikitzeko itsasoa behera, sinheste-duten gizonekin. Hoik guziak erraten ditut, zeren, otso atzemateko, egin behar baita orro hek bezala! Gure aitzinekoek sinhetsi dute Eliza; ona zitzaioten, eta guk ere ona atzeman dugu orai arte; bainan sorthu da gazteria bat, eta hura baithan adimenduak ez du iguriki urthen adina: zaharrek baino gehiago daki: ez da hala? Ikusten dut zenbaiten arpegia arintzen: hanbat hobe! Holatsu arintzen ziren Wagram edo Austerlizko soldadu errenkuratiak, Napoleonek ematean gurutzea bere eskuz. Erien itxura onak maiteago bihurtzen du miriku ilhuna, eta niri ere on egiten daut, oraino, sinhestegabeak egiten dautan begitarteak. Behar dugu egun xuritu arras sinhestearen bidea. Ene izpirituak hurbil ditu zedarriak, eta denetan ere baditu lanbroak; bainan sinhesteaz doanean, hedoi guziak behar dire suntsirazi. Eliza ez bada egia, ez da aphez beharrik; bainan egia bada, nor nahik behar du entzun haren errana. Elizak hertsatzen ditu jauirak, galdetzen eginbide zenbaiti ez dioazketenak; eta horra zertako dioten ez ditekela gizonentzat. Ez da aski erran dezaten: nola hartu du bada lurrean, nola lehiarazi ditu haurrak bere ganat?

        Parisko erdian badago xutik lau ezkinetako harri bat, asko ezkila-dorre bezain gorakoa, nahiz ez duen araberako zabaltasuna. Ez da puskaz; dena harri bat da, Egiptoan sorthua duela 4320 urthe: adin ederreko ninia beraz. Xutik egon zen morthuan 2000 urthe, kosaka gardian bezain tieso. Ez luke behar bihotzik, erranen lukenak, etzuela etzan ordu halako gorphutz batek. Egun batez, Mehemet-Alik buruan eman zuen altxarazi behar zuela, eta egorri Franziako errege Karlos X garrenari. Etzen lehenbiziko atabal soinan altxatzeko soldadua, ez attona lo ezin eginez bethi jeki nahia. Nahiz etzuen behar zapata, polina, aldagarri, xizpa, gerriko, sakolako mozkanes edo dirurik, hainbertze luzatu zuen abiatzeko, non hura Parisat orduko, errege ihesi joana baitzen herri atzetarat. Legarrezko haurrak kokarda xuri bat zuen bere soineko guzia. Khendu behar izan zuen, hartzeko hirur itxuretakoa: bertzek bezala egin behar da hainitz aldiz, ez joaitekotz gela beltzerat: non eman zuen xuria, ez dakit. Lo egon zen untzian zenbait egun zabal eta luzakara. Ganbarek, ikhusiz etzela haur gaxtoa, eginarazi zioten Filipperi Karlosek behar agurra. Ungi mintzo ziren, bereziki orduan, eta bazakiten, agur egiteko, xutik behar dela, eta ez ohean! Harrizko ninia etzana zen: nola xutikaraz? Han ziren zinak eta minak; bainan buruz direnean, Fransesek oro badetzakete: mendiak zilha, zelhaiak mendi, itsasoak huts, errekak itsasosta. Nola gudu handi bat hastean muthil artekoek ere joan behar baitute soldadu, halatsu bildu zituzten Parisat, Egiptoako niniaren altxatzeko, nihongo bide, zubi edo erreketan ziren inginadore ahul, onxko eta hautuak. Eskal-herri guzian, beldur naiz etzen utzi Lixero baizik, Donibaneren zaintzeko itsasoaren hurrupatik; bahi bat zen Parisko bihotz onena: gaizki izanen zitzaioten arrainei uztea Laphurdiko lilia. Bildu zituzten oraino Parisat atzeman ahal sokak. Egiten zuten Esnaurko mendiaren bultua. Etziren eskas gathe, zur eta harri-koskoak ere. Milaka ziren gizon hazkarrak, milaka izpiritu soseko, bi sosekoa eta zilharrezkoak. Erregen jauregiko ezkaratzean, baziren gaitziru urreak, saristatzeko inginu eta lanak. Lothu ziren langileak soka eta palenkei, bainan doidoia atzarrarazi zuten Egiptoarra. Oihu khirats zarion inginadore bati, xiztu min bertze bati. Mentan ziren sorbalda, zango, beso, buru, hortz, erri eta thuak. Bainan jadanik gizon hartzenak, izerdia zurrutan, marrumak betan eginik indarren ez galtzeko, etsitzen hasiak ziren deus onik egiteaz. Zenbait athorragorri, itsasoko lehoinak, hurbildu zitzaizkoten, eta erakutsi zioten alfer handienak xutikarazten zirela, sokak bustiz. Etzituzten pirpira gaxtotik athera zenbait inginadore. Hekien ohorea zen jakitateari indar atzematea! Xutitu zuten harria. Han dago estokik, inguruan lagunik gabe jelosiaren bazka. Bardoizko seme Larzabal, gardia inperialeko tanbur-majorra 1858, doiean da haren bizkarreko izkiribu zango bat baino gehiago. Bada beraz zerbait haurtto hura. Etziteken bera higi eremuan, ez bera ibil itsasoan, ez bera xutik Parisen. Bainan araberako indarrek ibili zuten, eta etzen hortan mirakulurik; bazela hor mirakulu, nihork ez lezake eman erripitina suan hamar bihiren errateko denbora. Zer diote Elizaren etsaiek? Harri hori obeliska deitzen da: bera xutitu da?

        Jaun bat altxatzen da, ez dauke nihon, ezker-eskuin dabilka bere gorphutz lerdena, behin aitzin alde ditu buru eta bulharrak khurrean, gero jartzen da sahetsaren gainean. Bihurtzen ditu bortz edo sei gathu bizar ondo, ezpainetik dioazkonak, eta dio: Obeliska bera xutitu da! Oro altxatzen dire, erranez: ez diteke, hori sobera da, erro behar da horren errateko, bulunba, huntza!

 

aurrekoa hurrengoa