www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVI.
ZER ERAKUTSI DEN ELIZAZ KANPO

 

        Zer nahi dute Eliza entzun edo sinhetsi nahi ez dutenek? Othe dute argi hobeagorik, nausi seguragorik? Detzagun ager sinheste-gabek handien daozkaten jakin zenbait. Ni sinhetsi nahiko ez nautenek, hek sinhets detzatela: Jainkotzat daozkate!

        Zizeron hula mintzo da: Zein da jakin behar bezala egiten duena? Guziei urgulu eta zorokeria dariote. Ez dute berek egiten, erakusten dutena bertzei. Ikusiz hekien arinkeria eta guriopeak, errateko da hobe izanen zela deus ez balute ikhasi. Hazten dituzte jauira tzar oro, eta guzien nausi izan nahi dire.

        Gauza ederrak erakusten ditugu, dio Epiteetek; bainan nork sinhesten ditu, nork egiten? Zein da jakinenen bizia? Ungi lo egitea, nahi denean jekitzea, jostatzea, aphaintzea, liburu tzar zenbait irakurtzea eta tzarragoko zenbaiten egitea, bere buruaz mintzarazteko xedez. Jainkoak daki nola dioan gainerako denbora edo ephea; beiratuko naiz gauean sartzetik. Mintzo dire zuhur eta prestuak bezala, eta jauira edo egintza itsusienak darraizkote. Ganbiatzeko dituzte hitzak edo egintzak. Ez ditezke ager gezurrez Erromano, eta utzi behar othe dire, hartzean prestu izena gaxtagin lanekin?

        Benedikto XIV gizon aitua zen, sinheste gabeko jakinen arabera ere; hark dio: nigarra jauzten zait ikusiz Franzia bethetzen izpiritu handi, sinhestea sobera zaiotenez edo sinhesteko beldur direnez, jakina denean sinhesteak egin dituela Franziako izpiritu zahar hautuenak. Ahalkea handi zaiote, trufa adimendu, ozarkeria argi! Lurra dute zeru, naturaleza Jainko, gaua egun. Omena nahi zuten ardietsi nola nahi; erasi dute, gaua nahasi, lazdura eman. Gauzen xehatze eta argitzea maite ez dutenek sinhetsi dituzte eta Jainkotzat hartu. Nola erakuspen errexak baitzituzten, oro zilhegi hiltze eta ebastez landan, lohikeria bandera, etzen eskas jende prozesionean.

        Jainkoaren ondotik beldur gehiena sinheste-gabek eman behar dute: Jainkoa utzi duenak, laguna ukha dezake. Galianik erran du goraki: izpiritudun nausi-gabeak oro gogorrak ziren, etzuketen nihor jasan; dugun egin hek bezala. Jasanen ditugu behin buru herbelen makhurrak; saretarat eraman behar dire emeki, utziz azpikoei buruen altxatzeko astia.

        Istorioak galdetzen ditu egiaren bahiak, zion Voltairek. Hori on da Benediktinoentzat. Nik erakurtzaleak jostatu nahi ditut, erranez nahi dudan... Kafea behar du ene izpirituak, hark izertarazten du, eta xortak egortzen diotzatet Fransesei; egia guziak baino nahiago dituzte: bakhotxari eman behar zaio dioakonetik... ungi axola dut sinhets nazaten edo ez, baldin erakurtzen banaute!... Ez da beldur behar, bururat heldu denaren errateko... Thiriot aphezpikuaren Meza laguntzen hari ahal da, nik ez dut Mezarik laguntzen, ez entzuten... Nahi nuke anaia bakhotxak bere zakhuko eztenak sartzen baliotza Elizari, nihork ezagutu gabe... Ez duzue aski khar, ithotzen ditutzue indarrak. Iduri luke urrikari duzuela higuindu eta ehortzi behar duzuena. Zer gosta litzaitzueke haren lehertzea, jarriz lau lerrotan, eta gordez esku zaurtzalea? Emozue azken tiroa; eginazazue atsegin hori zahartzean... Gezurra on da, bidegaberik egiten ez duenean; ungia ekhartzen badu, berthute handiena da: Ardiets beraz berthute, erranez gezur, debru batek bezala; ez beldurrekin, ikharan, eta behin, bainan bethi eta burua gorarik.

        Zer dire oro dakitzatelakoen erakuspenak, dio Rousseau aiphatuak sinheste nahi gabekoez? Plazetako enganatzaile batzuek dirurite, oihuz alde orotarat: zatozte ni ganat, ni naiz egiazko gizona. Batek dio ez dela gorphutzik, bertzeak oro gorphutz direla, ungia eta gaizkia bardin, oro asmu, oro amets. Otsoek bezala, elkhar iretsi nahi dute. Badakitzat hekien sinhesteak, mintzo dire ozarki, erakutsiz berek sinhesten ez dituztenak. Oro badakitzate hitzez, eskarnioz hari dire elkharri, eta hor bakharrik dire egian eta ados. Ozarrek jo behar dute, ahulek jasan. Lehen lehenak dire barraiatzeko lanetan, mokokari hautuak, bainan hekien mokokek sinhetsaraziko diote sinhesten ez duenari. Izpiritu eskasak eginarazten diote haro, eta harrabotsaren puntzoin heldu zaiote urgulua. Erakuspen lazgarriak dituzte: egiozue ihes. Deus ez dute berek sinhesten, eta nahi lukete guziek sinhestea hekien erranak. Khentzen diotzate nigarrei xuka-bideak, aberatsei jaiura tzarren gatheak, gaizkiak ez duke beldurrik, ez ungiak saririk, eta diote gizonen axkideak direla! Ez omen da egia nihoiz kaltekor, eta hori da enetzat bahi hoberena ez direla egiaz mintzo.

        Horra nola mintzo dire Elizaren kontra bandera altxatu dute izpiritu hautuak. Hoiek edo Eliza behar dire segitu; ez da hor harat-hunatik. Ez naiz mintzatu azken erregeren hertzeaz azken apheza urkhatu nahi zukenaz. Badut hura gabe aski, egiteko lege ukigarriena, beldur direnentzat oraino agurtzeko Eliza. Jainkoaren eta Elizaren manamenduak nahi ez dituztenek, behar dituzte bereak, eta huna zein sortzen diren hekien erregen erakuspen eta egintzetarik, ithurritik ura bezala:

 

                Atsegina adora zazu, halaber zure burua maite xoilki.

                Arneguak eginen ditutzu, ixildu gabe huzkurki.

                Igande egunetan lan egizu, Mezarat joan gabe ederki.

                Aita-amak utzatzu, bizi zaitezen hobeki.

                Hitzez ala ezpataz zaurtzazu laguna ozarki.

                Pailardiza eginen duzu gogoz ala obraz likhiski.

                Bertzena ebatsiren duzu eta ez bihurturen zoroki.

                Gezurra erranen duzu non nahi den trebeki.

                Bertzen esposei bakerik utziko ez duzu, hori delakoan gaizki.

                Hauzoko ontasunari egiozu ahal orduz asiki.

                Gaizkien aithorrik eginen ez duzu, ez izanen urriki.

                Komunionerik eginen ez duzu, biziz bederen garbiki.

 

        Eliza bertzela mintzo da. Behar dire maitatu Jainkoa eta laguna. Haurrek behar dituzte maitatu eta lagundu burasoak, burasoek ere ungi altxatu haurrak. Nausi eta muthilen artean badire aria onak. Buruzagiek behar dute ungi ibili, eman bakhotxari berea. Ez ditezke itsuak izan gidari. Gizon guziak anaia dire, aita bera dute. Ez dire bi izaritan ikusten egintzak. Gezurra bethi gaizki da. Etzaio zilhegi mintzari eder bati aphaintzea hauzi goibela egiaren soinekoz, ez agintzea egin dezaken baino gehiago, ez bi eskutarik hartzea. Bakhotxak behar ditu ezagutu bere eginbideak. Behar da hitzeko izan, hisia utzi bazterrerat, lana egin adirazi bezala, ez jakina argitu. Gaizkia etzaiote gehiago zilhegi handiei, xumei baino; ez detzakete soldadu egor gazteak zuzen kontra, ez sobera itxikaraz, ez herriak sakhailaraz nola nahi. Mirikuek jakin behar dute sendatzen, behar orduan lagunen argi galdetzen, erien ikusten behar orduz, ematen sendakailu ezagutuak behin, aski ezagutuak gero, eta azkenean, ezin bertzez, on egin dezaketenak. Ezin onhetsia da saltzea erremedio indarrez gabetuak, egortzea ere baxera handi gauza on gutiz betheak, galde sobraniatuen aitzakia bahi, helden eskasez egitea errenkura. Ez dezake lana gaizki egin aldebaterat hari denak; ez luzeki, egunka denak. Ez da gehiago galdetzerik gauza ezagutzen ez dutenei. Senhar-emaztek bihotz bat dute, elkhar bethi maite, elkhar laguntzen, bat bertzearen kontra deus ez elengatzen, betan othoitz egiten, ondorioa arthatzen, zeruko premu bezala, ezeztatu gabe Jainkoaren xedeak, haurrak galduz edo izartuz sortzean.

        Elizaren etsaiek egin nahi dute ungia, dioakoten bezala. Ez dute nahi Elizaren nausitasunik, iduri Eliza gizon itsu edo ezpata gorri bat dela: Eliza Jainkoaren mihia, Jainkoaren hitza, egien bilduma urrezkoa! Ohore eta kontzientziaz mintzo dire: ohorezko dire burdinetan izan ez diren guziak, nahiz baden bortz pulit kanpo dagonik. Zer da bakhotxak egiten duen konzientzia? Elizaren hitzek badute Jainkoaren amarra: zer amarra dute gizonen ohore edo konzientzia direlakoek?

 

aurrekoa hurrengoa