www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII.
BULUNBAK

 

        Zenbat putiko, zenbat gaizandi, zenbat bulunba, bi zangotako adimenduaz dohatuak direlakoetan! Sinheste gabe batzuek trufatu nahi dute jendez eta gauzez. Ardiesten badute nahi dutena, orobat zaiote lagun, herri eta erresumak hondaturik ere. Hekien ona da sinhetsaraztea gaizoei berek sinhesten ez dutena. Beretu dituzten gaizoak baino axkide hoberik ez dute ondoan. Nihork ez dezake hitzik egin hekiekin, zeren oro badakitzaten, deus jakin-gabe: hekien hitzak dire onak, hekien bideak onak, hekien bilkhuia eta egintzak berezi eta nihork kontra deus ezin erranak. Etxe ederretan bizi dire; badituzte ontasunak, soineko aberatsak: maxtru dire! Batek badu ezpata, bertzeak pluma, bertzeak zaldia, bertzeak karrosa. Bat izan da Tolosan, bertzea Bordelen, bertzea Parisen! Batek irakurri ditu legeak, bertzeak nonbaiko berriak. Batek ikhasi du odol atheratzen, bertzeak lur izartzen, bertzeak zakhu pisatzen. Gardak ez dire soldadu, ez soldaduak izkribau, ez izkribauak miriku, ez mirikuak abokat, ez abokatak tratulari, zeren bakhotxak ez duen ikhasi darraikona baizik; bainan hoitarik gehienak sinheste-gabe dire, eta aphez Elizaren kontra! Nola bere aberastasun eta herrunkek egiten baitiote iguzki, milaka dituzte bulunbak ondotik. Jakitatez horratuak dauzkate, zeren izan diren herriz kanpo, ungi aphaintzen direlakotz, eta errexki mintzo besta, bazkari eta atseginez! Lehen Eliza sinhesten zuten, orai ez; bederen ez dute egiten nahi dutena baizik haren erranetarik. Nola adimenduz dohatuak baitire, iduri ere baitu hetarik hainitzen izpirituak argitua, uste izateko liteke ez direla ganbiatu, nola nahi, eta segurantzarik gabe, ethorkizuneko bide hoberenen gainean. Zer eta non ikhasi dukete bada zakitena baino hoberik? Herriz kanpo izan badire, non izan dituzte astiak sartzeko sinhestearen hastapeneko bide edo zimenduetan? Egotu dire goizetik arrats zenbait saletan, eta han mintzo ziren, fedezko gauzez kanpo, bertze orotaz. Izan dire besta, komedia eta atsegin guzien tokietan. Zenbatenaz gehiago barraiatzen baitzitzaioten izpiritua eta beratzen bihotza, hanbatenaz gutiago bilhatu dute Eliza. Nondik bada sinhets orai ikhasi dutela lehen baino gehiago fedezko gauzetan, ez erratekotz luma, xizpa, ezpata, aldagarria, bizarra eta itxura itzalekoak, argi eta jakitate direla! Zenbat gaizandi, eta zenbat bulunba hoikien ondotik!

        Jaun batek lehia du mahain on, edari bero, gurikeria galduetarat; husten zaizko xizkuak, higatzen indarrak; lege eta zuhurrak kontra ditu; halere auzo eta adineko jaun gehienak ondotik badioazko, itsurat, hirriz eta farraz. Hola dioaz hainitz zahar, hainitz gazte, hainitz aberats, errege, printze, ministro, deputatu, jeneral, prefet, bankier eta tratulari; buruzagiak aitzinean, muthilak ondotik. Gezurtiari darraizko gezurtiak, ohoinari ohoinak, bendekariari supiztaleak, bazkoz trufatzailei arloteak, iganden etsaiei langile suharrak, gormantei gizen predikariak ortziraletan, neska arinei ergelak, xirribikariei xori-buruak; ostez dire hein bateak kriketak, ostez mihi zikhinak, lagun jorratzaleak, jokolari ezin unhatuak, aita itsuak, ama lazoak, nausi gogorrak. Nola ikus eta hala ikhas, nola ikhas eta hala egin. Nihork ez du galdetzen eian bertzek ungi egiten duten. Harotz eta kantari zaharrek bethi khalda zuten zintzurrean, gaztek gaitz bera dute eta salda bera galdetzen. Bada ja errota bezainbat lakhari on, dendari bezainbat oihal erosi gaben saltzaile, ostaler bezainbat arno sorraraztaile, xanfarin bezainbait Elizako itzalaren etsai. Bai gaizandiri darraizko lagunak, bulunba bulunbari: bat hasten da marrakaz, eta mila baditu ondotik: zenbat bulunba!

        Dugun egin Parisainoko bat, eta entzun dezagun hango eskola emaile handi bat. Kopeta zimurtua du, bixta laburtua; horra non den aldagarri ferde batean hetsia bere bizkar xorrotxa. Hartzen ditu miserak, eta ezartzen dituelarik sudurraren bizkarrean, dio: Eliza akhabo da; Jesus gizon bat zen bertzeak bezala! Entzuten dute hori Paris eta Franziako jaun gaztek, eta onhesten, erranez hek ere Eliza akhabo dela! Nihoiz ez da izan predikari, anaia, serora, othoitz, kobesio, komunione, karitate gehiago; bainan Eliza akhabo da; hala dio nausiak, hala diote aditzailek: Zenbat bulunba!

        Bertze nausi bat altxatzen da, kapa urdin bat bizkarretik, zur-xuria bezain luzea, bakailaua edo xotxa bezain idorra, mintzoz koloka, xingola lephotik jarian, dioelarik: Ebandelioa behar da ukitu, aphaindu, eman ororentzat on den bezala! Gauza bera adirazten dute aditzalek, eskuak joz eta marrumaz: Katoliko nahi direlarik, jakinak Kristo Jainko dela, eta haren hitz bat baino lehen joanen direla zerua eta lurra: Zenbat bulunba!

        Mendia bezalako gizon bat, mustarda gorri, ihurtzuriak bezain larriko orro batekin, hasi da erakusten: ez ditu nihork egin gauzak, berak egin dire! Gauza bera adirazi dute ehun mila hartz bulharrez hautuek. Beraz Murillo gabe egin dire erretabla bortz egun mila liberakoak, hezkurrik gabe haitzak, aitarik gabe semeak, nolatsu gorringoak haitz azpitan: zenbat bulunba!

        Nausi batek erran du, izkiribatu ere: gizonak mekanika dire, maxina bat, haize erroten anaiak, turnabroxen ahaideak, atabal bi aldetarik zilhatuak barnean errotekin, bi zangotako arrain iledun eginak, sorthu direnetik hogoi menderen buruan! Gazte beroek agurtu dute erakuspen hori oihuz, zalapartaka, jauziz, ostikoka, Waterloo guziak ahantzarazten zituztelarik gasailan: zenbat bulunba!

        Jaun xahar bat, xuriraino irindatua, jabota handi-larri bat paparoan, mantxetak esku mutthurretan, zapatak burlekin, mintzatu da hulatsu: bada izate handi bat, bainan jaun handiegia baita, lo egiten du gauaz eta erregerena egunaz. Arthiki du lurra eremuetan, xori edo untzi gider gabe bat bezala: Gero antola hor! Hori aitzean, Franzes jaunen erdiak abiatu dire, xapelak eskuan, ximinoak iduri, itzulika eta jauziz, ezartzen zutelarik ikhaspena buruko alderdi hazkarrenean, ahantz beldurrez, eta egiten dute dioakotena, badakitelakotz geroztik Jainkoak ez duela nihortaz axolarik. Lo egiten du, eta arte hartan, badioaz ohointzarat, ezpatarat, lohikeriarat, piztoleterat, ura behera, pozoatzerat: zenbat bulunba!

        Paris, Londres, Hanmurgeko nausiek badakite asko: Jainkoak baino gehiago othe? Laster gizonak airatuko dire eta ibiliko Balonetan! Jakin behar da zer diren, gizon gutik naski hekien ethorkizuna. Badakizue oihala egos, jo, latsa, bihur eta idorraraz dela, bokhata xuritzalen lanik handiena. Lehen hiru lanak eginak zituen emazte batek, bere iduriko guti zuena barneko itzulietan. Bainan egun oro ez dire bardin, heldu diren arren bat bertzearen ondotik. Istripuei beira egoteko da bethi. Vatel urkhatu zen, saltsa bat etzitzaiolakotz mareatu, eta gauza bera egiter zuen Krillonek, ez gerthaturik Arkueseko guduan. Emaztek behar dute asko berthute, ez joaiteko ura behera, lagore eta bokhata egunetan. Bethi zerbait makhur bada. Goragoko emazte horrek, bethi uria zelakotz, su bazterrean idorrarazten zituen athorrak, intzirinaz eta sudur ziztuz. Khea sartzean barnat athorrei, hantu ziren eta goiti abiatu: argi bat izan zen hori! Berehala emazteari gogoratu zitzaion balona. Jadanik ikusten zituen gizonak eremuetako aldamihoetan, hedoiak barna pasaio. Ahantziak ziren geroztik Madrilat biltzen ziren andreak, gorthean zigarrotto banaren erretzeko, arratsean Bordelerat ere zioazenak, komedia eta bertze josteta agerietarat! Andre handi eta bihotz dunak airatu dire, jaunek ez diote parrik utzi, sobera ikhasiak ziren, joan dire, joan hedoietarat bertzek bezala kontuak egin nahi etzituztenak, lau erregelen zuhurtziarekin: gorphutzetan arimarik nahi etzutenak! Balio zuen haragi puska bati beira egotea! Joan dire... bainan nor ez da joan lumadun, lantzetadun, kargudun handitarik? Harritzeko da zein izpiritu guti gelditu den Elizaren parrapiotan. Ungi ona behar da hedoietako bizia! Nola gauza xumetik heldu diren handiak! Hedoiei edo balonari esker, miliunka dioaz nor nahi zorionerat... Bainan, hori balitz, itsuen argitzea gauerat eramanez, da ixter ebaki bat sendatu nahi izatea bertzea ebakiz, arinei hegal ematea pausatzeko, ohoinei oro uztea deus ez ebasteko: zenbat bulunba!

        Jo dute Eliza hemezortzi mende eta erdiz; ibili ezpata zabalka, puntaz, ahoz, sahetsaz, ezker eta eskuin; jo dute sehaskan, jo handitzean, jo handitu ondoan. Ez diote hats onik utzi sala, eskola, kafe, ostatu, kanpo ala barnetan, ixilik edo agerian, nahiz hitzez, nahiz liburuz. Izan ditu bethi etsaia Erdaldun orotan, non edo han. Eskaldunek hargatik bethi sinhetsi dute, bethi haizatu dituzte bere artetik Higanote eta Juduak, orai artean, ez baitzuten elengatu ahal nola urrun ziteken gaizkia lurretik, oro zilhegi utziz, edo bilkuietarik, ungiarekin nahasiz. Bainan sarrixe, heki ere begiak idekiren zaizkote, sinheste-gabek agertzen diotzatenean hezur larri, burdin herdoil, eltze zahar, korradu eta adrilu ezagutzen etzituztenak. Badituzte argi ezin ukhatuak erraietan Babilonia, Egiptoa eta Niniba zaharrek. Bazituzten sahardea bezain handiko izkiribuak: jakiteko da hetarik athera lehen argiek eginarazi diotela hedoitarrei iguzkia goibelarazteko bekhurunde bat, eta ahoak zabalarazi diotzatela ehun erresuma eta hemeretzi mende klikarazteko bezainbat! Izkiribuak elengatzen etzituzteino, zioten: Moisek erran baino gorago dioaz gizonak, mendeak gezurtatu ditu. Bainan laster hedoietarik mintzo etzen jakin batek elengatu zituen hobeki izkiribu zaharrak, eta bat atzeman Moisekin! Bere ona eta deskansua dute, orai, ethorriko zaizkotela bertze argiak: zenbat bulunba! Hobeki liteke behar bada erratea: zenbat huntz!

 

aurrekoa hurrengoa