www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII.
ELIZA BETHIERIKOA DA
ETA EZIN ENGANATUA

 

        Elizak iraunen du bethi. Ez balitz bakharra eta saindua, enganioa sar litzaioke eta harekin nahasdura. Jesusen arabera, etxe bi alde direnak erortzen dire. Eliza ez balitz katolikoa, ez luke buru egiten ahal gezurrari: non edo han zauriak balituzke. Ez balitz Apostolikoa, gizonen lana liteke, eta hartarakotz, herioaren bazka, gizonari darraizkon lan guziak bezala. Ez balitz ageria, egiak ez luke bahirik; deusek ez lezake zain asmu berrien kontra; bainan harriaren gainean egina, iraun behar du gizonek bezainbat, uri, haize eta xirinbola guzien gatik ez dire haren zimendu, ez harrasiak higituko; haren sakramendu, besta, erakuspen eta apheztasunek iraunen dute menderen mende, lagun Salbatzailea ifernuaren kontra, eta Izpiritu Saindua berekin argitzeko eta engaino guzietarik beiratzeko. Etzioten Apostoluei bakharrik agindu Salbatzaileak bere laguntza: arimen salbamenduko mintzo zen, eta bethi izanen ziren arimak Salbatzeko. Apostoluen eta hekien ondokoen erakuspena Jainkoak zaintzen zuen beraz hastetik, eta zaintzen du orai: zoazte, erakutsatzue egiak... Zuek entzuten zaituztenak ni entzuten nau, eta zuek trufatzen zaituztenak ni trufatzen nau... Emanen dauzkitzuet zeruko gakhoak... Alhazatzu ene bildots eta ardiak... Hazkarratzu anaiak fedean. Ageri da hortik erakuspenak bazuela zeruko laguntza: zer balioko zuen apheztasunaren laguntzak, Eliza engana baziteken? Aphezen gorphutza zaindua da, fedea garbi egon dadin; hartako dio Jondoni Joannik: Jainkoa ezagutzen duenak entzuten gaitu, Jainkoarena ez denak ez gaitu entzuten. Hartako nahi zuen Jondoni Paulok ihes egitea erakustale gezurti eta heresian bigarren aldikotz eroriei; hartako zion, Jesus-Kristok ematen dituela Apostoluak, dotorak, Ebandelistak, profetak, haren gorphutza bat izateko fedean eta Jainko semearen ezagutzan, heldu arte adin ondurat. Beraz Elizaren erakuspena ez diteke nihoiz eta deusetan ganbia edo goibel, Jainkoak hazten eta laguntzen duenaz geroz. Elizak erakusten balu den gutienean Jesusek erakutsi ez duena, ez luke Jainkoa lagun. Ez dire Ebandelioan ikusten Elizak egiten dituen guziak egungo egunetan; bainan Salbatzaileak etzioten erran Apostoluei izkiribuz emateko haren erakuspen guziak. Apostoluek egin zituztenak fidelek ikusi eta ikhasi zituzten. Izkiribatu etzirenak hetarik ikhasi ziren. Hor zen Eliza. Hari zen behar zirenen erakustea eta eginaraztea. Bethi erakuspen bera izan du. Izan dire hirur ehun Aita-Saindu; ez da bat aitzinekoen sinhestea utzi duenik: Sinhesten dut hor da bethi guzien gorestekin. Elizak izan ditu etsaiak, asiki eta hertsatu dute miletan, bainan hobeki baizik ez dituzte erroak egin haren erakuspenek. Agertzen ziren enganioak suntsirazten zituen, aitzineko erakuspenei beiratuz eta zeruko argiak baliaraziz. Irakak behar ziren Elizan, bainan froga hoberena Jainkoa berekin duela, artzainen zurubia nihoiz ez da hautsi eta erakuspenak ez du nihoiz izan goibelik. Badire eta izan dire eskandalak, nigarrak etzaizko nihoiz eskastu Elizari; halere, nahiz oro ganbiatu eta ganbiatzen diren haren inguruan, badioa Jesus-Kristoraino, sorraraziz, mende guzietan, berthute ageriak darraizkoten fidelak. Iharduki diote Elizak bake, gudu, behar, aberastasun, gau, bitoria, argi, sinheste eskas eta gurikeria guziei. Alde batetik galdu dituenak atzeman ditu bethi bertzetik: ifernuak ez duke deus haren kontra.

        Enganatzen ahal balitz Eliza, ezin berezia liteke gezurretik, eta gal liteke enganioaren haurrak bezala; bainan izan behar baitzen mendetan sainduen ihes lekua, Jainkoak eman diotza haren eginbideari darraizkon dohainak: artzainen gorphutzak badu agintza lagundua izateko menden akhabantzaraino; berekin du Izpiritu-Saindua bethi, erakusten diotzala gauza guziak. Beraz Jesus beraren hitzen arabera, artzainen gorphutza ez diteke engana, eta ez dezake erakuts enganioa. Jondoni Paulok deitzen du Salbatzailearen erakuspenen zaintzale eta predikaria, fidelen nausi eta juie Jesusek emana.

 

aurrekoa hurrengoa