www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII.
EZ DEZAKE NOR NAHIK
EGIN ELIZA

 

        Elizak ungi guziak erakusten ditu, eta gaizki guzien etsaia da. Ez dezake etsairik izan jende onetan. Egiak badu nonbait ithurria: non izan dezake Elizaz kanpo? Elengatzen da nola gizonek egin detzaketen gaizkiak; bainan ezin sinhetsia da norbaitek, fede onean, ukha dezakela Elizaren argi egiazkoa. Egun batez Marseria, gizon argitu eta itzuli handitako bat, ethorri zitzaion Napoleon lehenari, Angeles buruzagien izenean. Napoleonek etzuen deus nahi hekiekin; bainan Marseriaren arabera, etzituen ezagutzen; bere axkide hoberenak zituen; etzabiltzan gerlaren ondotik, hark iresten zuenak geroz Angelesa eta eman ezin nola jokatuko kordokan. Erran zion, uste baino hobeak atzemanen zituela, nahi baino ungi gehiago hari egiterat ekharriak zirela, bainan bakea ematen bazioten bere artean. Zer bake edo batasun eman diozaket nik, galdetu zion Napoleonek? Atzeman duzu gizona! — Nihor ez da hoberik, ihardetsi zion Marseriak, hitzak ungi xehatuz: Angelesa barneko minek iresten hari dute, bi sinhestetan da, eta biek dirauteino, ez duke onik; batek edo bertzeak behar du bide egin; hortako ez da nihor zu bezalakorik: emazu Franzian Protestanten sinhestea, eta katolikoena akhabo izanen da Angeletarren. — Katoliko naiz, ihardetsi zion Napoleonek, eta katolikoen sinhesteari itxikiren diot Franzia: Elizarena da, Franziarena, egiazkoa, aita-amek erakutsi dautedana, eta enea. Urrun da beraz deus egin nahiko dudan haren kontra; aitzitik eginen ditut haren alde egin ahal guziak. Marseria itzuli zitzaion itxura min batekin, erranez: Zure burua gathetan ezartzen duzu, Erroma izanen da zure nausia, zu baino gehiago izanen dire aphezak, hek ibili nahiko zaituzte, ez duzu nihoiz eginen nahi duzuna, hestu eta neurtuak izanen dire zure ahal guziak. — Badire bi nausitasun, erran zion Enperadoreak: Lurrekoa aski da enetzat, eta haren zaintzeko, badut ezpata. Zeruko gauzez doanean, Erroma nausi da; eginen du nigabe, eta ungi eginen du. Marseriak hartu zuen oraino hitza, errateko: Bainan etzare nausi izanen lurrean ere, ez bazare Elizako buruzagi; horra zer behar zinduken jarri, Franzian emanez darraitzun sinheste bat. — Eliza bat egin, ihardetsi zion Napoleonek! Hortako behar liteke Galbariorat higan, eta ez da ene xedea!

 

aurrekoa hurrengoa