www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI.
ELIZA APOSTOLIKOA DA

 

        Buruzagi jarri nahi dutenek erakuspen berrietan, behar dute erakutsi, mirakuluz, Jainkoak egortzen dituela; edo behar dute egin, sinheste aitzinean Jainkoak erakutsien arabera. Testament Zaharrean, Moises eta Aaronek egin zituzten mirakuluak: ageri zen Jainkoak egortzen zituela. Apostoluek ere eman dituzte froga berak. Jesus-Kristok etzuen nahikatu sinhetsia izan hitzetarik, mirakuluz erakusten zuen bere jainkotasuna, eta Juduei jazartzen zioten bereziki zeren etzuten sinhesten, ikusi ondoan nihork orduraino egin etzituen mirakuluak. Joaitean lurretik, apostolu eta dizipuluak utzi zituen egiaren predikatzeko. Eman ziotzaten indar handiak, mirakuluen indarrak; bainan etzioakon apheztasunari bethi mirakuluen egiteko indarra; on eta behar zen hori lehen predikarientzat, jakinarazteko zeruaren izenean mintzo zirela. Apostoluek izan zuten botherea ondokoen uzteko izpiritualeko indarrekin; ordena izan zen hekien meneko eta harekin utzi zituzten premuak. Premu hek indar berak utzi edo hedatu ziotzaten ondokoei. Hola hemeretzi ehun urthe huntan, Ordenako Sakramendua eta indar izpiritualak hedatzen dire dioazenetarik heldu direnetarat, bethi aria berekin eta deus utzi gabe asmuei. Apheztasunaren lokharria ez da nihoiz hautsi, haren indarra ez da nahasi, eta erregek ere ez dute indarrik haren gainean. Hautatzean Jesusek Apostolu eta dizipuluak, etzioten deus galdetu errege edo populuei; egorri zituen bere hantak nazionen erdirat argitzeko, bathaiatzeko, amarratzeko eta largatzeko, eta erran zioten: Ez nauzue zuek hautatu ni, bainan nik hautatu zaituztet zuek, eta egorri ene erakuspenari fruitu ekharrarazteko. Othoitzazue nausia egortzeaz langile, fruitu biltzeko landan. Aitak ni egorri nauen bezala, nik egortzen zaituztet zuek. Hitz hoitarik ageri da, Jainkoa ganik heldu dela apheztasuna eta ez dezaketela eman nihongo gizonek. Bertzalde, Eliza Jainkoaren lana da, eta hura zaindu behar duen apheztasuna, hura bera ganik behar da: ez diteke gizonezko apheztasunarekin Jainkozko sinheste edo lanik; gizonen haizei largatzea izanen zen Jainkoaren gauzak. Deithua behar da izan apheztasunerat, Aaron bezala; Jesus bera deithua izan da zeruko Aitaz. Jondoni Paulok zion etzuela apostolutasuna gizonetarik. Izpiritu-Sainduak ezarri ditu aphezpikuak Elizaren ibiltzeko. Errege eta hekien azpikoak sarthu dire Elizan haur bezala. Jainkoak buruzagi ezarri artzainak ez dire, hekien gatik, biluzi bere indarrez; ez dire jarri gizonen muthil, ez eman aitzindarien ondotik. Ezagutzeko apheztasuna Jainkoaren dohaina dela, aski da ikustea Aita-Sainduen lerroa. Higaten da Jondoni Petriraino. Guziak heldu dire ondoren ondo, bide zuzen beraz, apheztasun handienarekin; horrek berak erakusten du ardietsi duten dohainaren Jainkotasunezko ithurria; hola da lurreko nausitasunetan ere. Zuzenki heldu direla onhetsarazteko, aski da erakustea bat bertzearen ondoko dela. Baionako jaun aphezpiku jakina heldu da, ondoren ondo, San Leonen ganik, zeinak bere denborako Aita-Saindua ganik baitzituen bere indar edo bothereak, eta aphezek bothereak aphezpikuetarik dituzte, nola aphezpikuek Aita-Saindua ganik. Beraz Elizako artzainen gorphutz guziak indarren ithurri bera du higaten dena Apostoluetaraino. Zorigaitz lokharria hautsi dutenei, utzi aphezpikutasuna, bilhatu Ordena berri bat, erakuspena eman nor nahiri! Berri agertu direnek, nondik dituzte indarrak, nondik bertzek ez dituzten dohainak? Eliza Katoliko-Sainduak kanpo eman ditu, etzuten Jainkozko bothererik, eta berek ez bazuten, etziotzaketen bertzei eman. Bere ethorkia, apostoluetarik heldu direla, erakuts ez dezaketen Elizak, ez ditezke zuzenbidekoak. Bainan ez da bihirik ethorki hori duenik, Eliza Katolikoaz kanpo. Ez dezakete ere Eliza berriek erakuts mirakulurik, errateko Jainkoak eman diotzatela indar bereziak. Beraz gezurraren umeak dire. Jesusek Jondoni Petriri erran zion: Othoitz egin dut zure fedeak ez huts egiteko... Zu zare Piarres, eta zure gainean eginen dut Eliza, ifernu guziak ezin garaituko duena. Hitz hoitan, mende guziek ezagutu dute Erromako aphezpikuen nausitasuna bertze aphezpiku ororen gainerat, eta sinhesten goibelak zirenean, bethi ihes egin izan da Erromako aphezpikua ganat. Bigarren mendean, Irenek deitzen du Erromako Eliza, kadira nausia. Sinheste bereko ziren Elizako Aita guziak: Erromako Eliza apostolikoa da edo higaten da apostoluetaraino; ez da hor goibelik edo ilhunberik. Beraz hura ganik berezten diren Eliza guziak ez ditezke apostolikoak, gezurra jo dute: non izan diteke egia, ez bada apostoluen Elizan? Argitua mendez mende Izpiritu-Sainduaz, hura da ganbiatu ez dena nihoiz ere. Norbaitek gauza berriak erakustean, gorphutz guzia altxatu da bethi kontra, erranez: Zure erakuspenak etziren lehen, ez dire apostoluetarik heldu.

 

aurrekoa hurrengoa