www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaraz egia
Jean Martin Hiribarren
1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: Eskaraz egia, J.M. Hiribarren. E. Lasserre, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITAREN ETA SEMEAREN ETA
IZPIRITU-SAINDUAREN IZENEAN

 

        Izen hortan giristino zuhurrek hasten dituzte bere egun, lan, apairu eta loak. Deus ez da zuzenagorik. Izen hortan eginak gare: Dugun egin gizona gure iduriko, erran zuen Jainkoak hastapenean. Izen hori eman zioten argi Jesusek Apostoluei: Zoazte ororen argitzerat Aitaren eta Semearen eta Izpiritu-Sainduaren izenean.

        Mintzaira hoitarik athera diteke Jainkoari darraizkola presuna bat baino gehiago. Hirureko izate bat da, edo badire hura baithan hiru presuna. Liburu Sainduek erakusten daukute Aita mintzo delarik bere Semeari: Ene Semea zare zu... jar zaite ene eskuinean. Jondoni Joannek zion: Hiru dire lekhukotasun emaile: Aita, Semea eta Izpiritu-Saindua, hirurak bat dire.

        Gizonak berekin du hiru presuna hoien itxura: Ezagutza, juiamendu eta egintzek, arima berean, agur diote Trinitateari. Ezagutza Aita kreatzaileari doako; juiamendua, ezagutza argitarat emana, Semeari; ezagutza eta juiamenduari darraikote eginbidea, Izpiritu-Sainduaren itzala. Deus onik egitekotz behar da ezagutza. Oro ezagutzen ditu Jainkoak, eta hartako da osoki ona, handia, argia. Ezagutza osoak ez duke eskasik. Deusen eskasik ez badu, presuna da; presunakoa denaz geroz izate deus gehiago ezin iratxik zaiokena. Bainan ezagutza osoa ungi guzien ithurria bada, hura behar da lehen presuna edo Aita. Ordean Aitak badaki bere izatea. Ezagutzak berekin du gogoeta, Semea bera iduria, Bere Jainkotasunarekin, eta bizkitartean izate berezia. Eskasik ez duke Jainkoaren haurrak. Badu beraz hark ere bere presuna. Aitak nahi edo ez maite du Semea, bere hitza eta haurra. Amodio hura osoa da, eta hartako behar du sortu bi aldetarik. Semeak maite behar du, Aitak bezala. Ethorkitik izanen da amodio hura. Berezia hargatik eta eskasik gabea: presuna. Aita-Semen amodio hori Izpiritu-Saindua da. Aitak ezagutzen du bere Semea bethidanik; beraz hura bezain zahar da Semea, ezagutzaren haurra. Bainan elkhar ere maite dute bethidanik; beraz Izpiritu-Saindua ere hek bezain zaharra da.

        Mintzo naiz Trinitate Sainduaz, ez argitu nahiz mizterioa; bainan adirazteko egia horrek ez duela deus adimendua asaldarazi behar duenik. Badakit mugarriak badirela izpirituan, eta hetan egon behar dela, ez egitekotz kosta fedean. Deus ez du gizonak bere burua baino hurbilago: ezagutzen du bere burua? Zer da hura baithan delako arima, asmu edo gogoeta edo nahiak dituen hura? Zer da gogoeta, egintza edo gauza ikhasiak, behar orduan, banazka, atheratzen dituen orroitzapen hura? Zer da adimendua? Nola heldu dire berez arima bererat hainbertze beldur, atsegin, higuintza, aldizka bat bederaren sistaitzaile, jostatzaile, edo nahaistaile? Zer da bizia? Ez da izatea xoilki; izan diteke bizirik gabe. Gogoeta othe da? Baditeke izana gogoetarik gabe ere. Ibiltzea othe da? Mundua badabila, eta ametsetarik baizen ez diteke erran bizia baduela. Zer da gure nahia? Jostetan bezala, bere olderat ibilarazten ditu mihi, beso, zango, buru, begi eta gorphutz guzia. Nola diteke hori? Begia ez da kanika bat baino gehiago; nola betan, nahasdurarik gabe elkharrekin, hartzen ditu hainbertze gauza bere handitasun, itxura, toki eta eremuekin? Errextasun guzia badute haren leihoan zeru, lur eta itsasoak. Zer da solasa? Harrabots bat egiten dena ezpain eta hatsarekin soinua adiraziz nahiaren arabera; bainan nola ikhasi dute ezpainek nahi horren moldatzen hatsarekin? Nola doa harrabots moldatua ehun beharritarat, hetan hartua izateko adimenduak eman dion berriarekin? Oro mirakulu dire.

        Ez liteke beraz espantagarri behar izatea sinhestean gauza ezin elengatuak. Bainan badire erraleak, eian behar den adoratu ilhunmetako Jainkoa? Zoroak! Aiphatu ditugun mirakulu hoiek ez othe dire Jainkoaren lanak? Nola dire bada ilhunbekin? Jainkoa ilhunbetan izanen othe da, ez dakigulakotz hark bezinbat? Ala ez othe dezake sinhetsaraz elengatzen ez dena? Gizonen errana sinhesten da, eta Jainko hitzaren sinhesteko beldur izan behar othe da? Aski da jakitea Jainkoa mintzatu dela, eta hori ez diteke ukha. Badire lekhuko agintza gerthatuak, mirakulu ageriak, Kristori agur egin dion mundua, Elizaren iraupena hemezortzi ehun urthez. Bada hor hitz goibelez bertzerik. Argi handiena dario giristinoen sinhesteari. Asko aldiz diote jakinek: ez diteke gauza elenga, bainan hola da. Bide bera hartu behar da fedean. Jainkoak beharko othe zuen gorde munduaren ikuspen ederra, ez direlakotz oro elengatzen? Balin bada bertze bizi bat eta hangotz eginak bagare, ikhasi behar ditugu gure eginbideak eta behar dugu zerbait ezagutza harat itzultzeko gogoetak. Orai beretik ikusi nahi izatea gero gozatu behar gauza, oraiko begiekin ezin ikusiak, Jainkoaren xedeak barraiatzea liteke. Gauzetan bada haste bat. Emeki emeki handitzen dire edo hedatzen. Adin osoa gabe, haurrak baditu arraioak adimenduan; etzaio betan argitzen izpiritua. Asko darasa behin, jakin gabe ungi zer erraten duen. Bada, gizona da izate bat lurrean haste duena, eta mende bethierekoetan iraun beharra. Lurreko bizia haurtasuna da; handitasuna bethiereko bizian izanen du. Ez dire lurrekotz aingeruen solas eta argiak. Hemen sinhesten dire hekien gozamenak. Hola da Jainkoaren nahia. Gure jakitate eskasak lanbro uzten diote asko gauzari; bainan ez da khexatzeko. Har bedi itsu bat, ez duena nihoiz ikusi zer gerthatzen den mirail batean. Erraten diote: Horra zure eta gure itxurak non diren gure aitzinean. Hor dire gure goratasuna, begiak, ahoak, besoak, buruak, gorphutzak. Badabiltza aitzinat eta gibelat. Egiten dute orotan guk bezala. Hor dire inguruko gauza guziak ere. Itsuak nahi ditu ukitu gauzak, emanarazten dauzkitzu eskuak berinaren gainean, eta izartzen diotza gora-beherak. Zer nahi duzu erran diezazun? Gezurra erran diozula! Ukitu ditu harri-gizonak lehen, eta atzeman ziotzaten gizonekin itxurak. Bainan berinan oro legun dire, ez da gorabehera eta zabaltasun aski handirik, erran guzien sartzeko; deus ez da ukitzen beso, buru edo gorphutz iduririk. Deus ez da higitzen; ez da barnerik urruntzeko, ez kanporik aitzinatzeko. Nola sar gizon osoak eta gela edo inguruak, gizon bat baino xumeago den toki batean? Adimendua zaurthu nahi dute iduriz holako erranek. Zer erran itsu horri? Etzaioke elengaraz zer diren itxura begiei dohazenak, eta ez ukiari. Begi baten eskasak oro miragarri bilhakatzen diotza mirailean. Gizonaren izpirituak badu hedoi bat, itsuaren gorphutzak eskas bat bezala; eta hortik da mizterioen ithurria.

        Andre batek galdu zuen sinhestea. Egun batez aurkhitzen da bekhoz bekho itsu batekin eta galdetzen dio eian sortzetik den hola itsu? Ihardesten dio baietz. Andreak, urrikalduz bezala, erraten dio: Ez dakizu beraz nola argitzen duen iguzkiak eta zein bazter arraiak diren hari esker? Ez, Andrea, bainan sinhesten dut badela iguzkia, eta maitagarriak direla haren lanak: Bertzek ere ungi egin lezakete sinhestea badirela gauza eder sinhetsi beharrak, nahiz ez diren ikusten eta elengatzen.

        San Agustin itsas bazterrean zabilan, Trinitate sainduko mizterioa buruan. Nahi zuken zerbait ikusi egia handi eta miragarri hortan. Gogoetan pulunpatua zelarik, ikusten du haur bat itsas bazterreko zilho baterat ur eramaten maxkur batean. Galdetzen dio zer egin gogo duen? Itsasoa zilho hortan eman, ihardesten dio haurrak. Hirriz jarri zen san Agustin; bainan haurrak erran zion: Uste duzu naski ez dudala itsasoa hor sarthuko? Jakinzazu hargatik lehenago eginen dudala nik hori, ezen zuk elengaturen baituzu Trinitateko egia.

        Giristinotasuna mizterio horren gainean altxatua da. Khenduz geroz zimendu hori, ez du izaterik. Sinhetsi behar da badela Jainko bat hiru presunetan, eta hiru presunak ez direla Jainko bat baizen. Ez dire behar baltsatu presunak, ez da ere berezi behar izatea. Aitak badu bere presuna, Semeak berea, Izpiritu-Sainduak berea. Bainan Aita, Seme eta Izpiritu Sainduak Jainkotasun bera dute, zorion bardina, bethiko handitasun bera. Nolako Aita, halako da Semea, halako Izpiritu-Saindua. Aitak ez du hasterik, ez Semeak ere, ez Izpiritu-Sainduak ere. Aita orotan da, Semea orotan, Izpiritu-Saindua orotan. Bethidanik da Aita, bethidanik Semea, bethidanik Izpiritu-Saindua. Bizkitartean ez dire hiru haste gabeak, ez hirur orotan direnak; bainan bat da hasterik gabea, bat orotan dena. Aitak oro badetzake, bai Semeak ere, bai Izpiritu-Sainduak ere. Bizkitartean ez dire hirur oro badetzaketenak; bainan bat da oro detzakena. Aita Jainko da, Semea Jainko, Izpiritu-Saindua Jainko; eta bizkitartean ez dire hirur Jainko; bainan Jainko bat. Aita nausi da, Semea nausi, Izpiritu-Saindua nausi; bainan nausi bat. Egiak nahi du aithortzea presuna bakhotxa, eta begiratzen du erratetik hirur Jainko edo nausi direla. Trinitatean ez da lehenik edo gerorik, ez gutiagorik edo gehiagorik; bainan hiru presunak bethidanik eta bardin dire, batasuna delarik Trinitatean. Trinitatea batasunean.

        Elizak ez du erakusten bat hiru dela edo hiru bat dela. Erraten balu hirur izate direla Jainkoa baithan eta hirurak bat direla, edo badirela hiru presuna eta hirurek bat egiten dutela, zorokeria baten erakustea liteke. Bainan erakutsiz badirela hiru presuna Jainkoa baithan eta natura bera dutela, ez du adimenduaren kontrakorik deus erraten. Bada hor mizterioa, bainan ez bertzerik. Errateko ez dioazkela hiru presuna izate berari, behar liteke jakin lehenik zer den presuna eta zer den Jainkoaren izatea, gauza nihork ez dakitzanak.

        Gizonak baditu eginbideak Trinitateko hiru presunen alderat. Behar du Aita ezagutu bere eta bertze gauza guzien egile eta nausi bezala; Semea, Erospeneko bahi bezala; Izpiritu-Saindua, Elizako argi bezala. Aitari zordun da biziaz, Semeari erospenaz, Izpiritu-Sainduari zorionerat heltzeko argiez. Hiru presuna hoik egiten dute Jainkoa. Othoizten dut onhets dezan ene lana. Ez da deus behinere egin xede hobez. Gure herrietarat heldu da atze hainitz, eta heki darraikote asko haro gure artean nihoiz entzun etzirenak. Nahi nuke herritar bakhotxa jakitatez harmatu, hirriskua ethor orduko. Mintzaturen naiz eskaraz, erran nahi da garbiki, itzulirik gabe, nor nahi denek elenga nazaken bezala.

 

aurrekoa hurrengoa