www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMASEIGARREN BURUA

 

SAN FRANZISKO AITA-LENAREN
AZKEN EGUNA

 

        Biatiku ta Oleazio santua artu, esker onak lenik Jaungoikuari eman, baita ere Andre Jakobari bere serbitziakgatik, bere semiak bendizioz bete eta gauza guztiak prest jarririk beste mundura igarotzeko, egin zien azkenik bere seme maitiai itz-aldi bat guztiz ederra. Itz-aldi onetan erakutsi zien, nola biar dien obeditu bere semiak Ama Eliza Santa, Katolika, Erromakuari; nola biar zuten izan umillak, garbiak, birtutetsuak. Erakutsi zien guziez gañ elizetako garbitasunari begiratzen; Jesus maitiaren izena beti biotzian eta mingañian idukirik, aren aldariak, batez ere aldareko Sakramentu Santua, adoratzen. Jaiera au aurrena erakutsirik, agindu zien izan zeiotela Santa Maria Aingeruenen eliz-etxe santuari txit begiramen aundiya, len Albernako mendiari izateko esan zien bezela. Gañera agindu zien idukitzeko, Maria Jaungoikuaren Amaren antzarea aurrian, argiak piztuta beti; zeren esaten zuan: «Jarri biar zaizka argiak Maria dontzella garbi, Jaungoikuaren Amari, Beraren bitartez, Jaunaren Ondasunagandik alkantzatu deien anai guztiei pekatuen barkaziua; eta denbora berian alkantzatu deion ere, berak bere eskuaz jarri duan Ordena santuari, bere anparuarekin batera, irauteko laguntza... Ona emen arrazoi bat San Franziskoren seme egiazkuak goguan beti-beti iduki biar deguna.

        Eldu gera, irakurle ona, San Franziskoren lurreko azken egunera. Egizu kontu ikusten dezula Santua oe txit pobrian etzanik, oñazez inguraturik, gizontxo bat diot bere gorputzian ezurra ta azala besterik ez duana; bañan iñoiz gizonaren begiak ikusi izan duten ikusgarriena. Itz batian esateko, da Jesus bigarrena; zeren jaiotzatik eriotzera bere iduri egokia izandu dan, eta oraiñ ikusten da gurutzetu bat egiña; esku, eta oñ, eta biotz zauritua; ikus zazu ta arritu zaite. Denbora berian, adoraturik Jauna, laudarioz bete zazu, eman dizulako iduritzeko gizon uts bat anima ta gorputz Jesusen antzekua. Nor Asisko Franzisko bezelakorik? Nun beste lekutan zabaldu izandu da iñoiz Asisko loria bezelakorik?

        Denbora gutxiko badere, oraindik bizi da Franzisko. Larunbatian gaude. «Ill zan Jesus gorputz gorrian gurutzian; nik ere beraren antzera —dio Franziskok— , gurutzerik ezpada ere, gorputz gorrian lurrian ill nai det. Alaxen bada agindu zuan Santuak para zezatela lurrian, gorputz utsian. Lenago, bere konbersio oberako Asisko Obispuaren aurrian soñian zituan jantziyak utzi zituan bezela, geroztik bere gauzarik gabe bizitu zan, eta oraiñ, lenago bezela, illtzeko unian eztu mundu ontako gauzarik nai beretzat; ezta ere gorputza estaltzekorik; amaren sabeletik irten bezela, nai lioke eriotzari zorra pagatu. Lur gorriaren gañian jartzen ari ziran garaian, esan zien: «Nik egin det egin biar detana; oraiñ erregutzen det Jesukristo erakutsi deizutela zer biar dezuten nerekin egin... Bere modestiak duda gabe eginarazi zion orazio au. Ez du orrengatik iñork pentsa biar, San Franzisko arkitzen zala gorputz gorrian osotoro. Ez; saietseko zauriya zuan ezgeroz, erabilli oi zituan bes-azpirañoko galtza zuriyak, saietseko zauriya tapatzen ziotenak. Egoera onetan denbora gutxian egondu zan; zergatik esan zuanian: «ark arteraño alegiña eginik Jaungoikuaren gogua egiteko, eskatzen ziola Jesukristori, erakutsi zeiela arekin zer biar zuten egin», itz oekin aditu zuan Aita Guardianak, nai ziola aren gorputzari begiratzia. Beragatik prestatu zioten jantzi santua, pobre biartsuari eman oi zaion bezela, gorputza estaltzeko. Poz ta atsegin aundiyarekin artu zuan pobrien Aita-lenak, azken egunian, bere gorputz illa gero estaltzeko eskian irebazi zuan soñ ura. Baña Santuaren umiltasuna etzan emen mugatu. Nai du oraindik, azken asnasa eman baño len, are umillago agertu.

        «Nere gorputz oni —dio—, lur emango diozute, "inpernuko goña" deitzen dioten lekuan». Au zan mendizka bat, gaizkille eriotzara kondenatuak ill edo urkatzen zituena. Leku au bada bere umiltasunian aukeratu zuan. Etzioten ordian lur eman; baña il zanetik bi urtera leku artan egin zioten eliza, eta ordutik deitzen zioten «zeruko goña». Eliza berri artan jarri zuten Santuaren gorputza, gaizkilliak illtzen zituzten toki aren pare.

        Gauza guztiak onela prestaturik, egin zuan Aita-lenak testamentu bat txit luzia, izkiribitzeko arturik anai Angelo. Au izan zan Franziskoren azken borondatia. Emen itz gutxian jartzen ditu, bere bizitran erakutsi izan zituan dotriña zerukuak. Au egin ondorian, deitu zituan bere aldamenera anai Leon bere konpesoria, eta anai Angelo bere eritasuneko aingeru zaitzallia. Bieri kantarazi zien Eguzkiaren kantu ura, zeñian ere azkenik arreba eriotzagatik Jaungoikua alabatzen zuan. Bukatutzian kantua, Jesus gurutze-iltzatuaren izenian, bi besuak gurutzeturik, eman zien bendiziua azkeneko aldiz, orduan an arkitzen ziran guztiei eta an etzeudenai. Esan zien gero: «Agur, nere semiak, agur, guztioi; uzten zaituztet Jaunaren bildur santuan. Iraun zazute beti ortan. Alderatzen da zuen fedia probatuko duen ezin egineko denbora: zorionekuak, ekin dioten bidiari jarraitzen diotenak. Ni Jaungoikuarengana nua lasterka; beraren laguntzan uzten zaituztet».

        Orduan agindu zuan irakurri zeiotela, San Juanen Ebanjelioko liburutik, Jesusen Pasio Santuaren kontairari asiera ematen dioten itz ura: Ante diem festum Paschae. Pazkua pestaren aurreko egunian. Irakurri ziotenian, asi zan bera David Errege santuaren eun ta berrogei ta bat garren salmua esaten onela: Voce mea ad Dominum clamavi. Nere itzarekin deitu diot Jaunari. Salmo eder onen azken itzak bukatu zituan esanaz: Me expectant justi, dones retribuas mihi. Begira dauzkat anima justuak, nola sariztatuko nazun. Itz ezin ta ederrago oekin egatu zan San Franzisko pobrien Aita-leneren anima garbiya zeruronz, libraturik gorputzeko itxitegitik, Jaungoikuaren arpegi ederra ikustera; irebazi zituan merituen sariya artutzera. Au gertatu zan milla berreun ta ogei ta seian, Urrillaren lauan, larunbat illunabarrian, bere konbersiotik ogeigarrenian, Ordena asi zuanetik emezortzigarrenian, zauri santuak zituanetik irugarrenaren asieran.

 

 

ILL ONDORENGO
ZENBAIT GERTALDI

 

        Ill zan Aita-lena, eta sartu zan zeruan, bera baño lenago ill ziran semiak bide-lagun zituala. Ai ura sarreraren ederra eta opagarria! Lurrian, lur-gorrian larru-gorrian etzanik, nai izan zuan ill, gurutzeko arbola iñaustuan gorri ill zana moduren batian iduritu nairik. San Buenabenturak digu adiarazten, nola bere Ordenako seme batek ikusi zuan San Franziskoren anima izar dizdiatzalle baten gisan, odei txuri baten gañ beste guztien artian argiagua zerura zuzen igotzen, aditzera eman nairik bezela, guri bere santutasun erakoi ta birtute txit garaikua.

        Tierra-laborko (lur-landuko) Probintziala, Asisko anai Agustin gizon prestua, ia illian ta itzik gabe zeguala, ustez uste gabe asi zan esaten: «Itxoron, nere Aita, itxoron niri; ni ere zurekin nua». Eri-zaiak esan zion: «Zergatik diozu ori?» «Zer? Ez dezu ikusten gure Aita-lena nola dijuan zerura?» Une berian illik gelditu zan anai Agustin, ta bere animak jarraitu zion San Franziskoren animari, Aita-semiak elkarrekin zeruan sartzeko.

        Denbora artan Asisko Obispo jauna arkitzen zan Gargano mendian. San Migel Aingeruari albiste egitera juana. Santua agertu zitzaion, eta esan ziozkan itz oek Obispuari: «Mundua utzirik, zerura nua».

 

 

GORPUTZ SANTUAREN OBI-EMATIA

 

        Andre Jakobak eramandako jantziarekin estali zuten, garbituta, Franziskoren gorputz santua. Zuri ederrian bezela, biguntasunian aur baten gorputzaren antza artu zuan San Franziskorenak, ill ondorian. Lenago beltzuntza zana, gelditu zan zuri-gorruntz. Ikusten ziran, bere esku txurien erdian eta onetan, iltze-buru beltzak, burniaren gisa; alako moduz ze, alde batetik kalkatu ezgeroz luzatzen ziran beste aldera. Bere saietsian berriz arrosarik ederrenaren antzeko zauria ikusten zan, guztien begiak arritutzen zituana. Izan zan orduan gizon bat Jeronimo zeritzona; onek aditurik zaurien kontua etzuan sinistatu izan nai. Gudatarra zan ta siniskaitza. Juan zan ura ere gorputz santua ikustera: ikusi zuan ta ukitu ere bai, beste orduz Santo Tomas batek bezela. Ikusta, ukitzia ta sinistatzia bat-bateko gauza izandu zan guztiya.

        Larunbata-arratsa, gorputz santuaren inguruan, izan zan dena kantu ederrezko batzarra. Beraz eldu zan San Franziskoren gorputza obian sartzeko eguna. Igande-goizian Asis guziak jo zuan Porziunkulara. Jator oneko gizonak artu zuten airian gorputz santua. Asko jende negarrez, pozaren aundiz, aberastasun aundi ura beren artian zutelako. Batzuek osto berdiak eskuan, bestiak argiak, danak kantuz Jaungoikua alabatzen, miragarria dalako bere santuetan. Era onetan eldu ziran bidez, Santa Maria arkitzen zan San Dainiango moja-eliz-etxera. Ill baño len ongi etorri ona egin izan oi zienari, ill onduan oraiñ egin zien txit ederra beren Aita-len maitiari. Errespetuaren aundiz muñ egiten zioten denak, eta pozaren aundiz negar. Klarak nai izan zion atera oñetako iltze bat Santuari; baña, alegiñak egin arren, etzuan logratu ateratzia. Zapitxo bat busti zuan, Santuaren zauriak iltze gogorra mugitzian eman zuan odoletan. Zapitxo ura gorde zuan arretaz, oroimengarri baliotsua bezela. Eman zioten obia San Jorgeko elizan, Santuari zegokion mira ostiarekin.

 

 

SAN FRANZISKO ZERUAN
SANTUEN ARTIAN ERABAKITZEN DU
AITA SANTUAK

 

        Anai Eliasek adiarazi zion Ordena guztiari Aita-lenaren ill-berria txit itz biotz ukigarriekin, agertzen zuala bere biotzeko pena ezinta izkuntza ederraguan. Milla berreun ta ogei ta zazpian ill zan Aita Santu Honorio irugarrena, amar urte ta zortzi illabetian Eliza gidatu onduan. Bigaramunian Ugolino Kardinala, San Franziskok aurretik aditzera eman zuan bezela igarliaren espirituarekin, izendatu zuten Aita Santu, ta artu zuan Gregorio bederatzigarrenaren izena. Aita Santu onek kanonizatu edo Santuen artian izendatu zuan gure Aita-len San Franzisko, bi urte ill zanetik igaro baño len. Beragatik biar diogu deitu berari gere animako biartasunetan, ta zilegi bada gorputzekuetan ere bai, iritxi dezagun, Santu aundi onen bitartekotasunaz baliatuz geon animen betiko zori ona. Ala izan dedilla.

 

AD MAJOREM CRUCIFIXI GLORIAM

 

aurrekoa hurrengoa