www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN BURUA

 

 

IZKIRIBITZEN DU SANTUAK LENBIZIKO ERREGLA

 

        Gure Aita-len Santuak penitentzi gogorrak egiteko agintzen zien bere semiai eztitasun aundiyarekin. Errezo luzerik etzien agintzen; zeren nai zuan espirituko lan oetara mugi zitezen gogoz agintiaren zirika gabe. Bakarrik agintzen zien egunoro Meza santua entzutia, ta eliz-gizonen ofiziuaren zati bakoitzaren ordez, esatia iru aldiz Aita guria. Baña nola bere seme taldia egunetik egunera zijuan azituz, erabaki zuan guztientzat erregla bat izkiribitzia. Bildu zituan onetarako bere amaika ikasliak eta itzegin zien era onetan: «Ikusten det, nere anai maitiak, Jaungoikuak bere ondasunian nai duala gure pamili txikia ugaldu. Beraz biar degu guziyok, gorputz bat eginik bizi gaitezen, egin erregla edo bizi-molde bat zeña, eramango diogu Aita Santuari, berak baimenatu dezan, baderitzaio ondo aren Santutasunari». Pozik erantzun zioten denak ondo zala.

        Jaungoikuari lenik egin onduan eskari sutubak, izkiribitu zuan Franziskok erregla ogei ta iru burutan. Dena zan Ebanjelio santuaren araura jarria. Lan au bukatu onduan, abiatu ziran denak Erromarunz. Ain zan aundia gure Santuaren umiltasuna, nun Quintabalko Bernardo egin zuan bide guzirako guztien buru ta gidari, eta, aren agintiaren azpian bere aurrena jarririk, eldu ziran Erromara. Rietin igarotzian topatu zuten gizon arrotz bat beñere ezagutu gabia. Au zan gerra-gizon zaldizkua. Alderatu zitzaion Santua eta esan zion bere izenaz deiturik: «Anjel, aspaldi darabiltzkitzu ezpata gerrian ta orpuan ezproiak; emendik aurrera zure ezpatak gurutzia biar du izan, eta lokatsa ta lurreko autsak zure ezproi. Atoz, nik egingo zaitut Jesukristoren soldadu». Unerik galdu gabe jarraitu zion Anjelek Franziskori. Au izandu zan amabigarren ikaslia.

 

 

FRANZISKO BERE IKASLE
GUZTIEKIN ERROMAN

 

        Asisko Obispu Santua arkitzen zan ere orduan Erroman. Jankin zuanian zer asmorekin joan zan Franzisko Erri santura, txit poztu zan. Ez bakarrik agindu zion bere laguntza, bai ta ere ondo aterako zalako uste aundiak, baliatzen zala Juan San Pauloko Kardenal, Sabinako Obispu, bere biotzeko lagunaren bitartez. Elizako prinzipe au aspaldian Franzisko ikusteko desio irazekiakin zeguan. Jakitian Asisko Obispuaren bidez Santuaren etorrera, deitu zion bere jauregira eta artu zituan amabi ikasliak beren maisuarekin ezin ta onginai aundiaguarekin. Oraindik geiago egin zuan, Kolejio Sagraduko Kardenal guztiyak jarri zituan Franziskoren alde, batez ere Ugolino Kardenalaren biotza oso irebazi zuan ta bereganatu. Au zan orduko Aita Santu Inozenzio irugarrenaren illoba, eta gero bera ere Aita Santu izan zan Gregorio bederatzigarrenaren izenarekin.

 

 

ITZEGITEN DU
AITA SANTUAREKIN

 

        Nai zituan len-bai-len Santuak lanak azkendu; ona zergatikan juan zan Aita Santuaren Letrango jauregira. Elizako gauza askotan arkitzen zan Aita Santua buru guzia nekatzen eta nola gauza ain aundiyak ondoena antola somatzen. Lan onetan ari zala, etziokan Franzisko gizontxoari aditu, esan nai ziona. Irten zan jauregitik Jaunaren serbitzaria sartu bezela. Kontairak dionez, orduan, begiak atera ziozkaten bati, biurtu zion begitako argia.

        Ikusi zuan lo artian Aita Santuak palma ederra bere oñetan jaiotzen zala, eta orra nun denbora gutxian landare gazte ura egin zan zuaitz eder. Ezin somatu zuan zer aditzera eman nai zion ark. Ala zeguala, Jaungoikuak argiturik, ezagutu zuan palma eder ura zala aurreko egunian aintzekotzat artu etzuan gizontxo ura. Billatu zuan beriala Franzisko, zeina arkitzen zan San Antonioko eri-etxian, egin ziozkan zenbait galde, eta orduan erakutsi zion Santuak bere erregla, eta nola arentxen baimenaren billa eldu zan Erromara. Orduan bertan nai zuan baimendu Aita Santuak, baña izan ziran Kardenal batzuek, esan zutenak gizonen indarraz gañ egiten zala bizi-modu berri ura. Au aditzian jaiki zan Juan San Pauloko Kardenala eta denen aurrian itzegin zan era onetan: «Begira dezagun ondo nola gizon santu onen bizitzako erregla au ontzat ez degun ematen, berri ta estu dalakoz; guarda gaitezen esatetik Ebanjelio santuak erakusten diguna ezin genezakegula egin, bada erregla orrek eztu beste gauzarik agintzen. Beraz orri baimena ukatzia, Ebanjeliua bera kondenatzia da. Oraindik geiago, esatia Ebanjelio santua guardatzeko itz ematia dala arrazoiaren gañ ta ezin bete ditekiana, da Jesukristoren kontra blasfematzia, zeren Bera dan onen egillea». Oso gusta zitzaion Aita Santuari arrazoi au, eta esan zion Franziskori: «Nere semia, egizu orazio Jesukristok azaldu deigun bere gogua; zure naiak bete ditzagun». Egin zuan Franziskok orazio Aita Santuak esan bezela.

 

 

BAIMENTZEN DU
SAN FRANZISKOREN ERREGLA
INOZENZIO IRUGARRENAK

 

        Oraziuaren indarra aundia da. Urrena aurkeztu zanian Aita Santuaren aurrian itz-alditxo au egin zuan: «Aita txit santua, bazan alaba bat guziz ederra, baña pobria. Au bizi zan eremu batian. Erriko erregek ikusirik zaletu zan bere edertasunaz eta artu zuan bere emaztetzat. Igaro zituzten elkarrekin urte batzuek eta izan zituzten semiak, aitaren antzarekin amaren edertasuna zutenak. Gero errege itzuli zan bere jauregira. Azi zituan semiak arretaz amak, eta esan zien: "Nere semiak, zuen aita da errege aundiya, zuazte bada berarengana; esa-iozute zein zeraten eta emango dizute zuen jatorriari dagokiona. Juan ziran semiak aita erregeren jauregira. Ezaguturik aitak beraren antza eta amaren edertasuna bere semietan, atsegin aundiarekin artu zituan esanaz: "Bai, zuek zerate nere seme egiazkuak, eta beragatik, erregeren semiak bezela, nerekin biziko zerate; zeren baldin gizon arrotzak soldataz badauzkat eta nere maietik jaten badute, zenbat arreta geiago ez diotet biar izan ain ama ederraren eta nere seme maitiei? Ama txit maita detalako egongo zerate etxian eta nerekin mai batian jango dezute».

        »Errege au, Aita txit santua, da Jesukristo gure Jauna. Alaba eder au da pobretasuna; zeiña leku guzietan eta guziez utzia zeguan munduan eremu batian bezela. Ikusirik onen edertasuna erregen Erregek, jaitxi zan zerutik ta esposatu zan berarekin estalpe batian. Munduko eremu onetan izan ditu seme asko; eta ama pobretasunak biali ditu zerura Aita erregiarengana. Ezaguturik errege aundiyak bere antza eta amaren edertasuna bere semietan, atsegin aundiarekin artu zituan bere etxian. Eta ez bakarrik agintzen die bizitzeko biar dutena, baña oraindik du esaten: "Nik mantendutzen ditut nere seme izan nai ez dutenak ere, nere semiak balira bezela; eta orain nere seme egiazkuai, zenbat arrazoi geiagorekin diet eman biar bizitzeko biar dutena?" "Ez beza beraz, Aita txit santua, errege ilezkorraren aurrak geran ezgeroz, gure mantenuaren ardurarik iduki; zeren bera, zeñagatik utzi degun guztia, izango dan gure iges-lekua, Aita, Ama, nagusia, ta biar dan guztiya"».

        Itz-aldi eder au aditu zuten, Aita Santuak bezela, aren onduan arkitzen ziran Kardenalak. Aitortu zuan Aita Santuak Espiritu Santua itzegin zala Franziskoren aotik. Gañera izandu zuan beste lo arteko ikuskera bat Aita Santuak. Ikusi zuan Letrango eliza iraultzera zijuala, nola gizontxo batek egotzirik bere bizkarra zuzendu zuan. Orain Inozenzio irugarrenak esaten zuan: «Egiaz Franzisko da nik ikusi detan gizona, Eliza bere egite ta itzez zuzenduko duena». Jaungoikuak autu zuan gure Aita-lena, bera ta bere semiak, izan zitezen Elizaren apio sendu autsikaitzak. Franziskoren Ordena onek eman du ezagutzeko aina ejenplu. Nork egiaz onek bezela sei gizaldi ta erdian Elizaren alde lan egin du?

        Letrango Eliza erorteko zeguala, Franzisko bere argaltasunaz baliatu zan zuzentzeko, etzedin erori. Dotrinaz ikusi degu nola bere Ordenak garaitu izan dituan elizaren etsaiak. Elizaren kontairak agitz kantatzen du egi au.

        Begiratzen badiogu ere Letrango Elizari, bere agiriko orma ederrai, au ere izandu zan edertu ta apaindua Franzisko gizontxo santu aundiaren seme aita Santu Nikolas laugarrenaz, Sixto laugarren ta Sixto bostgarrenaz. Gloria Franziskori ta bere Ordenari.

        Baimendu zuan bada Inozenzio irugarrenak San Franziskok gure Aita-lenaren lenbiziko erregla itzez. Itz eman zuten uraxe guardatzeko bai San Franziskok nola bere ikasliak Aita Santuaren eskuetan. Gero ordendu zituan lenbiziko ordenaz estadu artara deituak zeudenak, eta gure Aita Ebanjelioz. Agidu zion Franziskok Eliz Ama Santari betiko, bere naia arenarekin arautzia. Baita ere Franziskori bere ikasliak. Onela jarri ziran ikasliak Franziskoren agintiaren azpian, eta Franzisko Aita Santuarenian. Eman zien gañera esku aundiya kristau guzien buruak, mundu guzian Ebanjelio santua erakuts-erazteko itzez.

        Onenbesterekin erabaki zuten Erromari agur egitia. Ez ordia lenik Apostolu santuai konsagratu bage Ordena berria. Au guzia egin eta Jaungoikuaren esker onak eman, baita ere San Pauloko Juan Kardinalari ta bide batez Ugolino Kardenalari, agurtu zuten Erroma.

 

 

BIURTZEN DIRA
RIVO-TORTORA

 

        Erromatik Espoleteko ibar bitartian beste izkuntzarik etzuten eraman, ezpada nola ongiena gordeko zuten erregla, zeña guardatzeko itza Jaungoikuari eman zioten. Ain maitia zuten izkuntza au, nun ariketa gosiak estutu zituan arte, jatiaz etziran oroitu. Jan nai izan zutenian, etzekaten zer janik. Jaungoikuaren esku emalliak eztu bere serbitzari leialik uzten lagundu gabe. Agertu zan, ez nundik eta ez andik, gazte bat ogi batekin; utzi zien ogi ura, eta, ez nora ta ez ara, galdu zitzaien gazte ongillia. Gertaldi au izan zan bide berri bat, areta geiago gizon Jaungoikoti aien biotzak pobretasunaren alderako amoriuan sutzeko.

        Orta zeritzan erri inguruan gelditu ziran elizatxo utzitako batian. Andik egunoro juaten ziran errira predikatzera. Denbora gutxiyan apostolu berri aiek irebazi zuten jendiaren onginaia. Nola ez baitzuten bizitzeko biar, zutenaz gañera, ezertxo ere, eta au ere eskatuta, jendia juaten zitzaien elizatxo artara, dotrina bide batez adituaz, gauza askorekin. Franziskoren espiritua etzeguan soseguz ainbeste jenderen artian; ona zergatik erabaki zuan aldegitia andik. Jarri ziran bada Rivo-tortorunzko bidian; Franziskoren buruan jarri zan duda bat. Etzekian edo oso predikaziuari jarrai edo bakardadeko bizitza eraman. Duda onetatik irtetzeko jarri ziran denak oraziuan jakitiagatik Jaungoikoaren naia. San Buenabenturaren iritzian orduan Jaungoikuagandik jakin zuan Franziskok, nola animak salbatzeko autatu zuan Jaungoikuak predikaziuaren bitartez. Uste onetan itzuli ziran Rivo-tortora.

 

 

ZERUA DIRUDI
RIVO-TORTOK

 

        Estu, txit estu arkitzen ziran etxola artan ainbeste gizon. Bata-bestia iñork etzezan atsekabetu, bakoitzaren izena estaliko kapiriuan izkiribitu zien Santuak, guztiyak ta bakoitzak gorde zezan beti toki jakina. Para zuan ere zurezko gurutze aundi bat txaolaren erdi-erdin, izan zedin liburu orde gurutze santua, oroitzen zirala Jesus maitiaren Pasio santuko gelditzaz gurutzia ikusita. Alere nai zuten ikasle onak beren maisuagandik ikasi zerbait orazio itzezko ta errezatzeko modu. Beste orduz Apostoluei Jesukristok erakutsi zien esanaz: «Ona emen egin bear dezuten oraziua: Aita guria zeruetan zaudena». Orazio oni egotzi zion adorazio au: «Jesukristo gure Jauna, adoratzen zaitugu emen eta lurraren gañian arkitzen diraden eliz guzietan, zeren zure gurutze santuaz erosi zenduan mundua». Asko gauza on ta birtutezko egite nola egin, erakusten zizten Aita-lenak bere erakus aldietan. Guzien izkuntza zerutarrena zan; aingeruen jauregia zirudin etxola bedeinkatu ark, zeru berri bat.

        Erlijioso batzuek lo, bestiak esna zeuden garaian, gaberdi inguruan, ikusi zuten esna zeudenak, etxolako atetik sartutzen, suzko gurdi, orga bat, berebiziko argia botatzen zuana alde guztietatik, eta egin zituan etxolan iru jira. Gurdi gañian arkitzen zan suzko bola bat, argi-argi egiten zuana eguzkiyaren antzera. Esna, iratzarri zeudenak arritu ziran, eta lo zeudenak esnatu. Suzko gurdi arren argi biziyak, ez bakarrik argitu zituan gorputzak kanpoz, baña geiago dana, argitu zizten biotzak, alako moduz eze, ikusten zuten bestiaren kontzientzia.

        Izan biar zuan Franziskok, dio San Buenabenturak, beste orduz Elias bat Israeldarrekin izandu zan bezela, bere ikaslien kontzientziako gidari ta maisu. Beragatik, ok sendotu zitezen, eta Jaungoikuaren espiritua zuela beren Aitak ikusirik, iduki zezaten berarengan konfiantza osua, Jaungoikuak nai izan zien mirari onekin adierazo, Espiritu Santuaren suak irazekirik argi egiten zuala beren Aitaren biotzian.

 

 

PREDIKATZEN DU FRANZISKOK
ASISKO ELIZA NAGUSIAN
TXIT FRUTU ONAREKIN

 

        Igandetan juan oi zan Franzisko Asisko eliz nagusira. Larunbat arratsa igaro oi zuan pekatariakgatik errezatzen Jaunari. Txit ugari ta onak izan ziran Franziskoren itzaldi aiek eman zituzten frutuak. Asko ziran munduari agur eginta jarraitu ziotenak Franziskori.

        Seme berri oekin itzuli zanian Rivo-tortora, egin zien itzaldi au: «Nere anai txit maitiak, Jaungoikuak bere ontasunaz erakustera eman dit bere pamili au nai duala azi. Nik bada ezin nezaket toki estu onetan besterik artu. Biar degu lasago bat, bai Meza santua entzuteko, bai errezuak egiteko, baita ere guretako norbait illtzian lurpetzeko. Guazen beraz Obispo Jaunarengana, eskatu deiogun erri inguruko elizatxo bat. Ez balizaiguke eman, juango gera Subasio mendiko erlijiosuai eskatutzera». Etzeukan Obispu Jaunak Franziskori emateko moduko elizarik, beragatik esan bezela juan zan Subasio mendiko San Benitoren semietara, eta oek eman zioten Santa Maria Aingeruen edo Porziunkulako eliza. Kopetako izerdiarekin lenago Franziskok berak zuzendu zuan eliza Mariaren amoriuagatik, orain Ordenako lenbizikua izan dedin Mariak ematen dio Franziskori. Nork adiarazi gure Santuaren biotzeko poza? Ezin somatu zuan zerekin ta nola pagatu San Benitoren semiak egin zioten mesede aundi ura. Urtero esker onakin batera, oroimengarri biali oi zizten sasko bat arraitxo.

 

aurrekoa hurrengoa