www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKO ITALIAN
ALEJANDRIAKO ERRIAN

 

        Milla berreun eta amabostgarren urtiaren asieran, gure Santua sartu zan bere patrian. Txit nekatua eldu zan Alejandriako errira. An bere lagun adiskide on batek eraman zuan bere etxera, eta, urrikiturik, eman zion bere pozarekin eztai gisako bazkari on bat; bazan kapoia ere.

 

 

KAPOIAREN KONTAIRA

 

        Santua begiz ezin ikusi zuan bat, gaiztoz, eskale jantzian, ura dasonratziagatik, bazkaltzeko denboran urbildu zan etxe artako atondora eskian, bere-biziko negar gezurrezkuakin. Orduantxe jarri zioten Franziskori kapoi-izter sendotxo bat aurrian, eta arako aditu zuan eskale bat zala atian, zeguan bezela biali zion kapoi-izterra. Eskale gaiztua pozik juan zan andik, Santua desonratzeko gaia berekin zualakuan. Beriala zapi zuri batian bill-bill egin zuan eskeko kapoia. Arturik gero bere egunoroko arropak, lagun artera juanik, agirian asi zan Santuaren kontra txit gaizki itzegiten. Esaten zuan: «Jende txorua: etzaituzte orrek gaizki engañatzen! Santua diozute dala ori... Santu ona da ori! Eztu, ez, belar asko orrek jaten, zuek bezela; mokadu onik jaten du orrek! Bazinekite nik bezela!...» Onela ari zala, jende askok inguratu zuan, jakin nairik zer prueba ematen zuan jendiari sinistarazitzeko. Galdetzen zioten zer gauza txar ikusi zion Santuari ala itzegiteko. «Zer ikusi? Kapoi ederra janez bizi da ori; kapoi ederrak, ederrak jaten ditu orrek». Au esanaz, atera zuan, jendeari erakusteko, bere zapi txuri ura; asi zan askatzen esanaz: «Emen dago, emen». Jende guztiak inguratu zuan, ikusteko denak zeuden buruaz gañ, ikusi nairik begi biyak atera biarrik. Bat batean ematen diote denak algara aundiaz parrari. Zer ote zan? Gizon gaiztuak askatu zuanian zapi txuri bildua, nun agertuko kapoi-iztarra, agertu zan arrai baten puska. Gizon gaiztua lotsaturik, ez zeruan eta ez lurrian guztien erdiyan, zer egin ta zer esan ezin somaturik. An zeukan arrai puska eskuan, eta eragiten zion beñ alde batera, beñ bestera; ezin sinisturik, igurtzitzen zituan begiak, eramaten zuan sudurrera, eta ezin esplika zuan nola al zitekian izan, zapiyan kapoi-iztarra bitu eta ura arrai biurtzia. Azkenik ezagutu zuan bere pekatua. Aitortu zuan gaiztoz ibilli zala; baita ere San Franziskoren santutasuna.

        Bitartian jendia juan zan Santua zeguan etxera, jakitera egia zan edo-ez eman ziotela kapoia. Jakin zuten egiya zala. Jendiari mirari onen gañ duda guztiak kentzeko, beste bat egin zuan Jaungoikuak berriz; bada jende askoren aurrian arrai-puska ura bera, atzera kapoi-izter biurtu zan. Ze ederki gure Jaunak bere agizkide biotzekuen izen onari dakian begiratzen! Asko dira gaurko egunian, eskale gaizto aren antzera, gaizki itzegiten dutenak erlijiuaren kontra, praile, jesuita, apaizen kontra; eta au ez gutxi Euskalerrian ikusten da. Onelakuen ao zabalak itxiko ditu Jaungoikuak azken juizioko egunian, bere serbitzari leial izan diranai, gaiztuak kendu zien izen ona, mundu guztiaren aurrian ematen dienian.

 

 

ALEJANDRIATIK
DIJUA ASISA

 

        Alejandriako erritik igaro zan San Doninora gure Aita-len Santua. Jakinik bere asko semek Aita an zutela urbillian, irten zitzaizkan bidera. Asko ziran eta ogirik ez, jan biar zanian. Jan-tokiko kontua zuanari agindu zion Franziskok: «Zuaz, eta begira zazu ondo saskiya». Saskiya utsa zeguala, aurrez miratu zualako, bazekian ondo, baña alere, esana egitiagatik, juan zan eta arkitu zuan, uste barik, saskiya ogi-zuri-ederrez bete-betia. Jaunari esker onak emanaz jan zuten guztiak.

        Andikan jo zuan Cortonara. Erri onetan ain egoki predikatu zuan eze, etziokaten utzi nai izan irtetzen erritik iñorako. Juan etzedin, Jarri ziozkaten guardak erriko atetan. Iru egun igaro zituan an. Azkenik bere seme anai Gido an utziko ziela bere izenian, zeñaren merituakgatik asko arriskuetatik Jaungoikuak libratuko zituala errikuak ta erria, esan zienian, utzi zioten Santuari zeraman bidiari jarraitzen, eta eldu zan Asisa.

        Santa Maria Aingeruarenian eziñ-eta agur gozuena egin bazioten ere bere semiak, baita ere bedeinkatu berak gogoz eta biotzez, sartu bezain aguro bere begi zorrotzak, nola gauza berri asko ikusi baizituan, biotz on ark berak gañez eginik pobretasun gogozkuaren indarraz, anai Pedro bere ordeko utzi zuanari itzegin zion onela ta esan: «Pedro, nere anai maitia, baña Pedro! Zertako da, ni Españan izan naizan denboran, egin dezun etxe berri au? Pedro, ez dakizu pobriak gerala eta etxe onek aundizkien etxiaren antza daukala? Desegin biar da, bota lurrera ta aguro». «Jauna, —esan zion Pedrok, eta anai Pedrorekin batera bere lagunak eta jaun ongilliak—: nun emango zaio orduan ostatu onara datorren jendiari eta, Aita, beorrek bialitzen dizkigutzunai? Aterpe egoki bat ez daukagu, eta datoz onara pobriak bezela aberatsak. Nun sartuko ditugu?» Gisa onetako gogoramen arrazoizkuari begiraturik, utzi zuan etxe berria zutik. Nai nioke aditzera eman irakurlari, txit asko baziran ere Santuaren aginduz egiten ziran etxe santuak Españan ta Italian eta beste leku askotan, denak orma batekin zirala, ta aditzera ematen zutela pobrien bizi-lekuak zirala. Bestiak beste, Santa Maria Aingeruen etxe santua, beste Ordeneko guztien ispillua izan biar bazuen ere, arkitzen zan bestiak ez bezelako tokian. Arara biltzen ziran, inguruetakuak bezela, urrutietako prailiak, beren Aitari au edo ura galdetzera, asko aldiz ongi nekatuak; aruntza juaten ziran mueta guzietako jendiak, jaun aberats, obispo ta Kardinalak, eta, beragatik, egoki zan egon zedin etxe ura zerbait bestiak baño moldatuagua, eta gure Aita-len prestua laster konturatu zan.

 

 

ANAIA SINPLE

 

        Asisen asko jantzi santua jantzi naikok itxoroten zion San Franziskoren etorrerari. Baziran aberatsak, bai ta ere jakintsuak, jator onekuak asko-asko, eta, oen artian, txit motzak eta pobriak ere; baña denak gogozko eta biotz oneko Jaungoikuaren serbitzariak. Guzien artian arkitzen zan gizon bedeinkatu bat, zeñari eman zion, beste askori bezela, jantzi santua. Onen gertaldia ezin nezaket ixil gorde.

        Txit zan San Franziskoren gogozko gauza elizak garbi eta txukun idukitzia. Ikusten bazuan eliza bat zikina, lenbiziko egiten zuan lana zan billatutzia erratz edo isats bat garbitzeko. Bein batez ari zan Franzisko eliza bat garbitzen; alatan ari zala sartu zan gizon bat mendi aldeko edo nekazari gisakua. Santua eliza garbitzen ikustiaz arritu zan, eta eskatu zion eskuen artian zeukan isatsa. «Aspaldi onetan, —esan zion— beorrekin itzegiteko nenguan. Denbora askotxo da aditzen dituztala beorregatik gauz on asko, baita ere berorren semiakgatik; nik ere bada nai nuke izan beon arteko, al baledi». Eratzun zion Santuak: «Bai, baño jakin biar dezu gurutze astuna gure artian eraman biar dela, eta gañera, gurutze au eramateko ongi, lurreko ondasunak ere pobrien eskuetara aldatu biar diradela». «Ezagutzen det, Jauna, ori guztiya. Nik, lan askorekin ta ederki nekatuta, zerbait egin det eta irebazi, gurasuak bizi-modu lasa-xamar bat izateko aina bizi diran arte. Nai badu, idi bat salduko det, eta, arekin artzen detan dirua, pobriai emango diet». Ondo iduritu zitzaion gogoratze au Santuari, eta elkarri agur egin zioten orduan.

        Gizon onak agertu zien gurasuai bere asmua eta aiek eman zioten negarrari. «Zer? Zu bakarra zauzkagu, eta, gu onela utzita, aldegingo diguzu?» Gurasuak etzioten utzi nai izandu semiari, eta Santua bera, otordu bat egiñaz, juan zitzaien itzegitera. Bazkaldu zutenian, esan zien: «Semiari juaten uztiarekin erlijio santura, ez diozute Jaungoikuari beria ez dan gauzarik ematen. Jaungoikuak deitzen dio beregana; nik ezin nezaket ez artu. Zuek min dezutena da, ezin etsia elkar ikusi gabe, zeren zerekin bizi uzten dizuten, eta, oraindik geiago nai badezute, idia ere ez dedilla saldu». Itz oek Santuaren aotik adituta erabaki zuten gogoz: «Egin dedilla bada Jaungoikuak nai duena», eta semiak artu zuan jantzi santua.

        Ain zan biotz garbi ta sentzillekua anai ura ze, San Franziskok eman zion anaia Sinpleren izena. Guztiz zan Santuaren gogokua, eta asko aldiz eramaten zuan batera ta bestera bide-lagun arturik.

        Ebaki zuan anaia Sinplek bere Aita-lena gauza guzietan iduritzia, imitatzia. Beragatik Aitak egiten zuana uraxen bera semiak ere egiten zuan. Geldi ikusten bazuan Aita-lena, anai Sinple gelditzen zan. Ura ibiltzen bazan, au ere bazebillen. San Franziskok besuak zeruronz jasotzen bazituan, anaia Sinplek ere bai. Aua zabaltzen bazuan ark, onek ere aua zabaldu; itzegiten bazuan, itzegin; istua botatzen bazuan, istua bota, par-egiten bazuan parra, sudurra zizten bazuan, ziztu; estul egiten bazuan, estula egin. Ark zer, onek ura.

        Bein batian ezaguturik guzia Santuak esan zion: «Anai Sinple, ez dezu orrenbesteraño egin biar nik egiten detan guztia. Zer esan biar du jendiak zu orrela ikusita?» «Aita, jendiak egin dezala nizaz parra edo ez, ni eziñ egon niteke berorrek egiten duana egin gabe. Nere jakinduri motzak ez dezake bestela somatu zer egin. Oroitu bedi, jantzi au artu nuanian nola esan nion al'nuan guzia jarraituko niola. Beragatik ar beza asnasa lasai; egingo det nik bai, beorrek egiten duana. Nik badakit berorri santua dela, eta, nik berorrek egiten duana egitera, santua izango naizala». Itzaldi au aditu ezkeroz uzten zion Santuak nai zuana egiten; anai au urte gutxian bizi izan bazan ere santutasunian asko aurreratu zan; ainbesteraño eze, Aita-len santuak deitzen zion ez anai Juan Sinple, baizik San Juan Sinple.

 

 

ASISTIK DIJUA AITA LEN
SANTUA ALVERNA MENDIRUNZ

 

        Alde guztietatik zetorkion asko seme, ta guzien artian etorri zitzaizkan Alverna mendikuak ere. Esan zioten aiek Jaungoikuarekin itzegiteko toki egokia zala txit mendi ura, eta munduko arazuen artian baño zenbat aisago espiritua egatzen zan zeruko gauzen gogoraziora bakardade artan. Esan zioten, gañera, nola beren ongille Orlando Konde jaunak zenbatxe nai zien, eta asko desiatzen zuala elkarrekin itzegitia. Aditu zituanian oen itzak, batez ere oraziorako toki bakar eta egokia zala, erabaki zuan beste iru lagun arturik aruntza juatia. Santuaren lagun oriek ziran anai Maseo, anai Leon eta Reatiko anai Anjel. Bidian zijuazen denbora guziko, izendatu zuan anai Maseo denen buru; ala egin oi izan zuan beti. Esan zion oni janaren gañian etzezala batere buru-austerik izan, Jaungoikuaren eskua etzela aiekin izango labur.

        Citerna zeritzan toki batera eldutzian, aritz-ondo baten oñetik asi zan predikatzen. Alatan ari zala, oartu zan zuaitz ura guzia txingurriz betia zeguala, nunbait ere an zeukaten kabia. Nola gure santuari ez zitzaion gusta oi geroko janaren kontua artutzen zuanik, ez gizonik eta ez txingurririk, agindu zien txingurriai len-bai-len aldegin zekiotela andik. Ergai artan bertan aldegin zuten txingurriak, eta zuaitz artan geiagon geiago etzan bat bakarra ere ikusi. Denbora berian neska lotsagabe bat ari zan indar guziarekin zalda-baia jotzen. Esan zion Santuak ixil zedilla arren eta utzi zeiola predikatzen. Neska gaiztuak orduan eta gogotiago eragin zion panderuari eta eragozten zion jendiari, ateratzen zuan ots-dirdirriakin, Jaungoikuaren itza aditzia. Bigarren aldian agindu zion ixildutzeko, Jaungoikuaren aserria nai ezpazuan laster senti. Baña alperrik. Orduan egin zuan Santuak oiu aundi bat: «Demonio-demoniuak, atozte, atozte, eta eramazazute zuena dana». Ozta irten ziran San Franziskoren aotik itz oek, jende guziak ikusten zuala, ekaitz batian bezela zurrunbillu batek inguratu zuan neska ura, ta zalda-bai ta buzi desagertu zan; etzan geiago jakin aren berri.

        Illunarekin eldu ziran elizatxo bat zeguan tokira, eta an nai izan zuten gau egin. Nekiaren laguna da lua, eta lagun on indartsu onek laster menderatu zituan. Frantziskoren espiritua beti prest oraziorako, bakarrik ura zeguan beillari. Jarri zan Jaungoikuarekin itzegiten. Ura izandu zan ordua, infernuak guda gogorra eman ziona. Beste denbora aietan San Antoni eremuan bezela jartzen zitzaizkan diabruak bere aurrian milla gauz itxusi ta nazkagarrizko itxura gaizto ta tentazio. Ikaragarrizko otsak atera zituan, ta lagunak iratzarri esnatu ziran. Ura guzia eramaten zuan espirituko sosegu aundiarekin: «Betoz, Jauna —esaten zuan—, betoz nere gañ infernuaren aserre guztiak; nai det nere biotza garbi ikusi, eta garbitu dedin nai det supritu. Prest dago, Jauna, nere biotza, nere biotza prest dago, zuk nai dezun guztia supritzeko». Orduan eta ariago eraso zioten diabruak, errabiaz jo eta zati-zati egiteraño. Baña, egin-al guziak egin bazituzten ere eramankintza galarazteko, etzuten beñere logra izan. Utzi zioten beraz azkenik diabruak, ta Santua garaimen ondorian jarri zan berriro oraziuan, ezere gerta ezpalitz bezela. Pozak Jaungoikuagatik zerbait supritu zualako, begiko negar guziakin batera bota zuan bere biotza Jaungoikuaren oñetan. Amoriuaren indarrak airatu zuan lurretik; bere lagun arrituak airian ikusten dute; baña ederra alde guzietara; odei argi eder batek inguratzen zuan dena; arpegi bat zeukan biziro argi ta maitagarri. Zer esan ote zion orduan Jaungoikuak Franziskori? Au iñork ez daki.

        Egun sentian indar-gabe ta nekatua arkitzen zan, eta bere seme lagunak, urrikiaren urrikiz, ekarri zioten astotxo bat bere asta-zaiarekin. Tifo zuan asta-zaiak izena. Tifo, gizon biotz onekua, etzan kale-umia. Bidiari ekin baño len jan zuan Tifok gogotik; Santuak ogiarekin iturriko ur garbia artu zuan. Nola sari gabe zeraman Franzisko Tifok bere astuan, eman ziozkan esker onak egiten zion mesediakgatik, eta gañera bedeinkatu zuan Tiforen pamilia, agindurik etzala bere odoleko semerik beñere paltako eta, asko nekatu gabe, izango zutela zerekin bizi.

        Santuari gogoratu zitzaion Tiforen baserrian egaztiya janaz laster indar berritu zitekiala. Aienatu zuan beriala gogorazio au barrunen toki egin gabe; alere nai izandu zuan gogorazio arengatik ilduratu bere gorputza. Goroztegi baten gañian ikusi zuan ollo bat ill-ustela; artu zuan bere eskuan, eta, sudurrera eramanaz, esaten zion bere buruari: «Ase ari jale aundiya; ona naikua egazti!» Beragatik ogi pitin bat baizik etzuan artu, eta ura ere autsterrez zikinduta.

 

 

SAN FRANZISKO KIUSIN

 

        Eguardiko garaian eldu ziran Kiusira. An Orlando Konde Jaunak, ongi etorri guzizkua egin ondoren, eman zien jaten eta gero berak lagundu zien mendira igotzen. Jarri ziran berriro bidian, Santua asto gañian eta Tifo asto-aurreko; laster beste guztiyak atzian utzi zituzten. Ala dio Tifok Santuari: «Franzisko, nik aditzen ditut gauza on asko zugatik; Jaungoikuak egin dizkitzu mesede oriek; begira nolako eskerrakin erantzuten diozun. Izan zaitia gizonak uste dutena, engañatu ez ditezen; kontuan jartzen zaitut». Itz oek aditzian saltatu zan Franzisko asto gañetik; muñ egin zion oñian asta-zaiari, eta, eskerrak emanik konseju jakinduriazko onengatik, alabatu ta bedeinkatu zuan Jaungoikua. Egiaz au da konseju bat denik santuanari eman litzaiokiana.

        Berriro ekin zioten bidiari; astozkua ondo zijuan, baña oñezkua laster nekatu zan. Ainbeste nekatu zan eze, esan zion Franziskori: «Nik ezin neioket onela bidiari jarrai, egarri naiz ta urik ezta emen; ementxen illko naiz egarriaz». Urrikaldu zan Santua gizon onaz eta esan zion: «Juan zaite arako arkaitz artara; antxen daukazu zerekin egarria kendu». Juan zan, eta, bein ere urik izan etzan arkaitz legorrian, arkitu zuan iturri ederra. Mirari onekin Tifo lenaz gañera Franzisko baitan zeukan fedian sendotu zan. Eldu ziran bada Alvernako mendiaren oñera, eta asnasa artzeko gelditu ziran piskatxo bat aritz baten itzalian. O miragarria! Txori-talde aundi batek inguratzen ditu; agur gozua eginaz, kantuz beren poza agertu naiaz, jartzen zaizka txoriak Jaungoikuaren serbitzariari batzuek buruan, bestiak bizkarrian; asko zetortzkiyon eskura. Ezagutu zuan gure Aita-lenak, txori garbien ongi etorri onetan, Jaungoikuaren gogua zala, mendi artara juanik, antxen bere egoitza egitia.

 

 

SAN FRANZISKO
ALVERNAKO MENDIYAN

 

        Alvernako mendiya da ikusgarria. Iru aldetatik ez dago igotzerik, zeren dira aitz batzuek parete orma gisakuak. Alde batetik bakarrik igo diteke, eta au ere da txit maldatsua. An, pago itzaltsu baten ondoan, Santuak aukeratu zuan, bera egoteko, txaola gisan etxetxo bat egiteko tokia. Pago artan zeukan kabia mirotzak. Kantuz ark ematen zion adia Santuari, Korura juan biar zanian eta errezatu. Santua baldin nekatua bazeguan, etziokan deitzen mirotzak. Igo ziran beraz prailiak zeuden tokira, eta gusta zitzaion txit asko San Franziskori an egin zuten etxe santua, denak adiarazten zualako zala pobrien bizi-lekua. Orlando jauna itzuli zan bere Kiusiko jauregira, mendira lagundu ondoan «bigar arte» Santuari esanta. Ez ordia Franziskoren semiai esan gabe: «Begira: bi urte dira nik mendi au eman nizutela; berriz ere zerbait palta dezutenian, ementxen nago gusto guziarekin laguntzeko».

        Aita-lenak bere aldetik zeukan bere semien espirituko kontu aundia. Aztu etzitezen pobretasunaz, egin zien itz-aldi bat guztiz ederra, nun ere beste asko gauzen artian esan zien: «Nere seme maitiak... Konde Jaunak bere aldetik egin du egin biar zuana, baña ez gaitezen atzendu, aztu, pobriak gerala, eta gure aldetik egin biar degula alegiña, Jaungoikuan jarririk gure biotza oso, Beragandik itxorotia biar deguna, gizonengandik baño geiago. Elias, Paulo, eta Antonio bakardadian gorde zituan ta mantendu; gurekin ere, orixen bera, gu leialak izatera, egingo du». Au esanagatik bere semiak Ordenako espiritua obeto guarda zezaten beti ta leku guzietan, utzi zion Orlando Konde Jaunari eliza egiten aingeruen Erregina Mariak eman zion ispillubaz araura, zeña agertu zitzaion San Juan Bautista eta San Juan Ebanjelistarekin batian.

        Asi ziran bada eliza egiten. Gure aita bitartean juaten zan mendiaren alde batera edo bestera, tokirik egokianaren billa Jaungoikuarekin itzegiteko. Billatu zuan azkenik eta arkitu zuan leku bat nai zuan bezelakua, baña zan toki bat ikara eragiteko modukua: arkaitz guztiz garai ta, goitik bera ebakiak, leize illunak. Batez ere bi, bata bestiaren pare bide askuan ebakitakuak, miragarrizko moduan. Jarri zan aeri begira Aita-len santua, gogatzen nola gerta ote zekian aiek ala egotia, eta Jaungoikuak alatan azaldu zion eta eman aditzera, nola, Jesu Kristoren eriotzan, mundu guziak egin zuanian ikara, lur-ikara artan zartatu zirala begian aurrian orduan berak zeuzkan aitz aiek. Au izan zan bide, areta geiago mendi arri ongi-nai aundiya izateko. Ain zan Santuaren gogokua Jesusen pasio santuz oroitzia. Len ta orain batez ere, nola utzi mendi au, nun ere aitzak berak ematen diote oraziorako naikua gaia?

 

 

OTSUA ZERITZAN
LAPUR BATEN KONBERSIUA

 

        Mendi artan, arkaitz tarte batian, Jesusen pasiuaz asko oroitzen etzan lapur bat bere lagunakin bizi zan gorderik. Deitzen zioten lapurren buru oni Otsua. Otsua lapur ospatu ari etzitzaion inguruan jenderik gustatzen. Egun batez bere mendeko lapur bati agindu zion Otso nagusiak, juan zedilla mendi artako jende arrotz etorri-berri aietara, eta aren izenian esan zeiela aldegin zezatela inguru aietatik. Franziskoren semiak erantzun zioten etzirala juango andik. Aserretu zitzaion Otsuari, ta urrengo egunian juan zan bere menditik botako zitualako uste osuan. Baña Santuak gozo-gozo artu zuan Otsuaren izena zuan gizon ura, eta biotzian ukitu zion esanaz: «Gizona, zertan zabiltza orrela eta zer bizi-modu da zuria? Uste dezu betikuak gerala munduban? Ez dakizu, usterik gutxienian ta uste gabe, Jaungoikuari geron egite guztien kontua biarko diogula eman? Gizona, atera itzatzu geroko kontuak». Era onetan eztitasun aundiarekin itzegin zion San Franziskok; aditu zituan ixilik itz aiek, eta lapur Otsuak esan zion Santuari etzedilla mugi andik ta egoteko an soseguz. Mirari aundi bat egin zuan Jaungoikuaren graziaz.

        Aldegin zuan lapur gaiztuak orduan bere mendi-etxera. Oarturik prailien bizitza santuaz eta lotsaturik berak zeramanaz, bildots umilla baño umillago, juan zitzaion San Franziskori, bere gaiztakerien barkaziuaren billa; bere anima salbatu nairik, eskatu zion negarrez artu zezala bere semien artian. Ikusirik Jaungoikua zebillela arekin eta Berak deitzen ziola erlijio santura, pozik eman zion Ordenako jantzia, ta, kendurik Otsuaren izena, jarri zion Arkumiarena. Izen onekin geroztik deitzen zioten, eta santuaren bizitza ill arteraño egin zuan.

 

aurrekoa hurrengoa