www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN BURUA

 

 

ASTEN DA MUNDUAZ ASPERTZEN

 

        Txit mira aundi ta ezkutuak zeuzkan Jaungoikoak Franziskogan. Nai zuan biotz gazte ura len-bai-len aspertu zedin munduaz, beste bizitza obe bati ekin zekion. Etxeratu zanian, biali zion zeruak gaitz txar ta luze bat, zeñak oso joazi zion lur. Gaitz ondorian, artian oso sendatu baño len, irten zan kanpora, erriko aize osasun galgarriak utzirik, naba-mendietako aize garbitara. Kanpuaren edertasunari etziokan batere gustorik artu; aitzitik berak lenago ainbeste maita zituan gauzak berak, nola ziran zelai loretsu ta loretegi antolatuak, orañ guztiak gogoan jotzen zuten. Munduko gauzentzat sentitzen zuan mudantza oni, berak mira zeritziolarik, etzan arengatik aiekgandik orduan osoro berezi. Sendatu zan bezain laster ongi leenagoko jostatzetara biurtu zan: eta eragin zien gurasuai soñ berria.

 

 

SOÑ BERRIAREKIN
ESTALTZEN DU
GUDA-GIZON BATEN
GORPUTZ GORRIA

 

        Jostatzeko griñak etzion gutxitu izpi batez pobrien alderako onginai urrikaltsua: aitzitik bai ikusten zan bere egite ta itzetan, oenganako amorio guzizkua. Jaungoikuaren amoriua aditu ez geroz beriak ta beriak etzirenak emango zituan: dirurik ezpazuan, soña emango zuan. Egun batez topatu zuan gudatar bat, gerra-gizon bat, jatorri onekuaren antza zuana, baño txit gaizki ta zarpa zikin ta urratuz jantziya. Ura ikustiarekin bat gogatu zan errege guzien Erregiaren pobretasunaz; erantzirik soñian zeraman jantzi berri ura, jantzi zion pobreari berak urrukiz beterik, eta, arturik beretzat gerra-gizon aren zarpak, jarraitu zion poz aundi batekin zeraman bidiari. Nor ezta arrituko egite eder onezaz? Batez ere oroituta Franzisko zala, gazte alaia bezela, apaindura zalia. Onelako birtutiak ezin zezakian ondoren txarrik eman; denborak eman zuan argiro ezagutzera.

 

 

BERE KONBERSIUA

 

        Gabaz, egite onen ondoren, izandu zuan lo-tartian ikuskera bat txit miragarria. Ikusi zuan bada jauregi aundi ta eder gurutze santuaren señaz markatutako armaz inguratua. Gelditu zan arriturik berari begira Franzisko, bere baitan esaten zuala: Ze ote da au? Alatan aditu zuan itz bat: Ok dira arma batzuek, Jaungoikuak zure ta zure soldaduentzat dauzkanak. Franziskok, espirituko gauzetan artian ez oso aurreratua, etzituan ongi aditu itz aiek; esan nai zutenaren adimenturik nola ez baizuan, gaizki aditu, ta beste adigarririk izan zezakiten itz esanak batere konturatu gabe, nola bere biotza beti aunditasun billa, ta bere burua nundik nora agertuko zuan zebillen, iduritu zitzaion ta uste zuan armen bidez lo-tartian ikusi zuanak esan nai zuana betetzia.

        Garai artan Napolesko erreinuan Gotier Brienako kondiak egiten zion gerra bizia Alemaniako Enperadoriari. Erabaki zuan gure Santuak konde gerrariarengana joatia; egin zituan biar ziran prestagarriak ta agurtu zituan bere lagunak, esanaz: Laster ikusiko nazute Jaun aundi egiña. Agur.

        Espoleteko errira eldutzian, nundik ere igaro biar zuan troparen agintaria arkitzen zan tokira juateko, eztitasun aundiarekin esan ziozkan Jesu-Kristok gabaz itz oek: «Franzisko, zer nai dezu geiena bitatik? nai dezu izan morroi ala nagusi, pobre ala aberats?» Bereala erantzun zion Franziskok: «Jauna, naiago det nagusi ta aberats, morroi ta pobre baño». Orduan esan zion berriz Jesu-Kristok: «Zergatik bada uzten dezu Jaungoikua, izanik bera guzien nagusia ta nagusi aberatsa, gizon batengatik, zeña da morroia ta morroi pobre bat?» «Ai Jauna, Jauna! —diadar egin zuan orduan Franziskok, beste orduz San Paulok Damasko bidian bezela—. Zer nai dezu egin dezadan nik?» Erantzun zion Jesu-Kristok: «Zuaz atzera zure errira; zuk gabaz izan zenduan lotarteko ikuskera ark, ez dizu adierazi nai espirituko gauza baizik. Ez gizonengandik, ezpada Jaungoikuagandik itxoron biar dezu ark esan nai duana».

 

 

JAUNGOIKUAGATIK
OÑAZPIRATZEN DITU
GIZONEN ERRESPETU TA
MUNDUAREN ESAMESAK

 

        Lagun eta jendiaren esamesak ta gizonen errespetu ustelak oñperaturik, eta orien gogoraziua urrinatu ta aienaturik, egun-sentian zuzendu zuan oña erriruntz, Jaungoikuaren aginduari obedituz, Berari bere bizitza konsagratzeko asmuarekin.

        Begiratu gabe bere biurtze lasterragatik jendiak esan zezakenari, itxirik belarriak gizonen esamesai, eta oñperatu onduan errespetu umanua, ainbeste on eragozten duan eritasun mingarria, Franzisko gogozko gerra-gizona, etsaia ikusi baño ere len biurtu zan bere errira eta aurkeztu zan jaioterrian. Nola zeguan munduari agur egiteko asmuan betiko, ezere gertatu ez balitzaio bezela, gonbidatu zituan bere lagunak, umore onian arratsalde on bat elkarrekin, Franziskoren asmuan azkenekua, igarotzera. Eztai gisako lege au igaro onduan irten ziraden aizetara. Alai guziak; bakarrik gure Santua bere biotzeko aloz arteko orri ezkutuak miratzen, nun Jaungoikuaren gogua arkituko duan gogatzen, jostatziaz azturik. Ona nun bid-erdian gelditzen zaie lagunai bat-batetan korda gabe, esan zitekean etzala geiago mundu onetakua. Izutu ziran bere lagunak, zeren etzekiten zer orduan gertatzen zitzaion Franziskori. Baña Santuaren biotza, ergai artan munduaz azturik, arkitzen zan Jaungoikuarekin itzekida gozuetan. Lagunak beti jostatzeko prest, Franzisko kordatu zanian, nai zuten jakin zer izan zuan, eta egin zioten galde au: «Franzisko, zertan egon aiz edo zerk orrenbesteraño eraman dik gogoraziua? Duda gabe andragaia nola billatu egongo intzan somatzen?» Egia diozute —erantzun zien Santuak—; artuko det esposa bat besterik ez bezelakua, noblia ta ederra». Esposa noble ta eder au, zan pobretasuna, zeña laztandu zuan andikan laster. Eta egiaz noblia, zeren errege guzien Erregek, mundura etorri zanian, besarkatu zuan. Egiaz ederra; zeren Jesus, Maria ta Joseren alderdietan agertu zan ez-geroz ez dezakian ezertxok ere itxusitu. Beraz artu zuan Franziskok esposatzat pobretasuna, besterik ez bezelakua, noble ta ederra.

        Ona zergatik, pobretasunaz itzegiten zanian, deitzen zion beti itz txit gozo ta eztiekin, esposo on batek bere esposari deitu oi dion itzakin: Pobretasuna, nere esposa ta dama maitia! Pobretasuna, nere biotzeko arreba!

 

aurrekoa hurrengoa