www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN BURUA

 

 

AITA-LENA ETA BERE IKASLIAK
SORTALDERUNZKO BIDIAN

 

        Gure Aita-len santuak izendatu zuan bere ordeko anai Elias; ta jarri ziran bidian. Ancona-bide onetan, nola askok eskatu baizioten jantzi santua, talde aundia bildu ziran itsasora orduko. Anconan bertan erriko agintari ta aundizkiak egin zien guzizko ongi etorri ona. Eskaiñi zioten gañera etxe baten lekua, eta beren dirutik egin zuten etxe berri ederra, zeña, ederregia zala gero Santuak esan zienian, moldatu zuten onek nai bezela.

        Ontziyan sartu baño len, aitarik onenak bezela, egin zien bere semiai itz-aldi bat onela. «Nere seme maitiak: badakit zuetako bakoitzak pozik lagunduko lirakiala, baña ez deritzat arrazoi dala, ontzi-gidariari onenbesterentzat lekua eskatzia. Ez det ere nik iñor aukeratu nai zuetatik, zeren guziak zeraten nere gogokuak. Zeñek nerekin juan biar duan, Jaungoikuak berak aditzera emango digu». Au esan ta deitu zion mutil txikitxo bati. «Aur inozentien bitartez askotan Jaunak agertu izandu du bere naia; beraz aur onek izendatzen dituanak, oriexek juango dira». Lenbizi galdatu zion aurrari: «Aurra: Jaungoikuaren gogua al da emen arkitzen diran erlijioso guztiak nerekin etortzia?» «Ez, Jauna»; erantzun zion aurrak. «Zeñek biar dute bada nerekin etorri?» Orduan juan zan aurra bataren ta bestiaren aurrera, eta, bere eskutxuarekin adiaraziaz, esaten juan zai: «Onek juan biar du; onek ere bai; beste onek ere juan biar du; baita ere beste onek». Eta señatu zituan amaika. Au onela ikusirik, itsasuan sartu ziranak eta legorrian gelditu ziranak, denak pozik gelditu ziran. Beraz sartu ziran ontziyan San Franzisko bere amaika semerekin, beste gañerakuak bedeinkatu onduan. Mesede txit aundia nola egin baizion ontzi-gidariak, ongille guziekin oi zuan bezela, eman ziozkan esker onak ari.

        Aingura altxata denbora gutxian eldu ziran Chipre ugartera. An igaro zituzten bi egun. An egon ziran denboran anaia Sabatinok itz bat gogortxiagua esan zion beste bere anai bati. Arkitzen ziran jaun aietako batek aditu zuan itz ura eta etzitzaion oso gusta. Ezagutu zuan anai Sabatinok bere utsegitia, eta, guzien aurrian egin zuan penitentzi gogorrarekin, lenaz gañera, bere anaiaren biotza irebazi zuan, eta baita ere jaun arena.

        Chipre ugartetik, itsasua bide, jo zuten Acon edo Tolemaida, orain San Juan de Acre deitzen dan Siriako baiona. Inguru aietan zerbait Jaungoikuaren itza adiazi onduan askoren onian, bialdu zituan bere ikasliak biñaka inguru aietara, eta bera, arturik lagun anai Iluminato, berriz sartu zan itxasuan Damietara juateko. Damietan arkitzen ziran orduan gurutzetien gizataldiak.

 

 

SAN FRANZISKO DAMIETAN

 

        Oar bedi irakurlia berreun urte aietan guda bizian zeudela kristauak Mahometarrekin. Milla berreun ta amabostgarrenian, Letrango billera ospatuan, aita Santu inozenzio irugarrenak mundu guziko kristauai aditzera eman zien, Obispuen bitartez, nolako estadu negargarrian ziran arkitzen Jerusalen inguruetako kristauak, eta zenbateraño Eliza persegitua. Beragatik gurutzedi bat len-bai-len biar zala antola. Aita Santuaren itza izan zan ondo aditua, eta nola ipar-aldeko jendiak iñorekin gudarik etzuten egutera-aldekuak bezela, aiek batez ere prestatu ziran guda artarako. Aita Santua bera, Erroman guda Santua predikatu onduan, igaro zan Toscanara, beste ainbeste egitera. Andik laster il zan, milla berreun ta amaseian. Honorio irugarrena ondoren eseri zan San Pedroren aulkian. Au ere saiatu zan, Europa guztiko prinzipe ta aundizkiai mandatariak bialdurik, Mahometarrai gogor egiteko jendia biltzen. Denbora gutxian bildu zan gurutzedi bat, iñoiz ere ikusi ez bezelakua. Garagar-illaren aurreneko egunetarako, milla berreun ta amazazpian, denak zeuden prest itsasoz ta leorrez Jerusalen alderako. Jerusalengo Erregetza egiten zuan orduan Brienako Juan kristau on ta Elizaren aldeko garaitzalle ospatuak. Gogoratu zitzaien gurutzetiai, lenago Jerusalen ingurura bezela, orainguan guda eramatia Ejitora bertara, obeto aterako ziralako ustian.

        Neke aundi gabe itsasuak bere gañian eraman zituan Domietara, Ejitoko erririk indartsuenaren ingurura. Al zuten lasterrena gogortu ziran beren leku artuetan, eta asi ziran gudariak gudan. Emezortzi illabetian iraun zuten biar-gai artan, bein batzuek bein bestiak garaitzalle irtenik. Uztarillaren ogei ta amaikan, milla berreun ta emeretzian, bildurik Sarrazenuak ugari, indar-berritu ziran, eta eraso zien gurutzetiai goizetik gogor. Egun guzian iraun zuan gudak, orañtxen gurutzetien alde, orañtxen Sarrazenuen; azkenik irebazi zuten gurutzetiak. Baña garaimen arekin geiegi arrotu ziran, eta beren buruak galdu zituzten. Zaldizkuak esaten zien oñezkuai, aiek baño obeto borrukatu zirala etsaiarekin; eta oñezkuak aitzitik beste ainbeste zaldizkuai, eta ona nun aserretu ziran elkarrekin. Azkenik biartu zuten guzien buru egiten zuan Brienako Juan Jerusalengo Errege, eraman arazteko etsaiaren aurrera, an ikusiko zirala zein geiago ziran eta nor ondoena peliatzen zan. Alatan zeuden, San Franzisko anai Iluminatorekin aietara juan zanian.

        Biotz penatuarekin esan zion Santuak anai Iluminatori: «Ezagutzera eman dit Jaunak, baldin eta etsaiarekin eskuetaratzen badire, guda galduko dutela kristauak. Au esaten badiet nik, erotzat joko naute; eta esaten ezpadiet, nere barruna gelditzen da pisu. Zer deritzotzu?» Erantzun zion lagunak: «Aita, ezta izango lenbiziko aldia gizonak zu erotzat jotzia; beragatik esan biar diezu». Juan zan bada Santua kristauetara, eta esan zien etzitezela gudan sartu, zergatik bazekiala ondo galduko zuela, eta gaizki irtengo zirala. Santuaren esanari belarriak itxi zizten, eta ero baten esanari aiña kaso egin zioten. Bi gudari-taldiak eman ziotela bada arpegi elkarri abustuaren ogei ta bederatzian; bero aundia zan; etsaia maleziz atzeratu zan, baita guriak gaitz pentsa gabe aurreratu ondotxo. Eta ona nun eldu ziranian etsaiak eramatia nai zuan tokira, urik etzan zelai aundi batera, berri-berri arpegi eman zien etsaiak, eta eraso zien gogor kristauai. Bero zan ta urik etzan; lanak ziran an. Ondo aztu ziran aurreko eguneko arrokeriak. Artu zituzten gure zaldundiak Sarrazenuak saietsetik ta ebaki zuten dena. Ura ikustian, oñezkuak asi ziran igesi; galduko ziran, guziak ezpada geienak, baldin erregek berak gidaturik egoki gudari taldiak, atzeratu ezpazituan beti peliatuz. Alere galdu zituzten kristauak sei milla gizon.

        Onela egiztatu zan San Franziskoren esana. Askotan gizon baten esana ez aditziak nolako okerrak ekarri oi dituan; santuaren esanaz baliatu etziran eta gero negar egin biar izan zuten. Zein ederki emen San Buenabenturak esaten digun: askotan geiago balio duala gizon santu baten esana aditziak, zazpi guarda atian jartziak baño.

 

 

SAN FRANZISKO
ETA MELEDIN SULTANA

 

        Etsaia gañ jartzia, beti da miñgarri. Au ala ikusi zan gurutzetietan orduan. Naiz miñ eman biotzak, San Franziskoren biotza etzeguan atzeratzeko orduan. Txispaz ezin zana, itzez nai zuan menderatu. Bi etsaiak arpegi emanak bazeuden ere, etzuten aren oña gelditu. Etzuan Santuaren biotzak arriskurik ezagutzen. Berari dio biotzak aurrera dedilla. Gurutziaren amoriuak onara ekarri nau, gurutzia datorkit bidera, nuan berari agur egitera. Gogorazio eder onekin artzen du lagun anai Iluminato; utzirik kristauen gudari-taldiak, abiatzen dira Sarrazenuen alderuntz esku utsik, Jaungoikuagan fiaturik.

        Bidian arkitu zituzten bildots batzuek: «Alai ta aurrera, nere anaia, —dio Santuak—; bildotsak eraman oi diran antzera eriotzara, guaz gu ere. Laster gera zeruko bidian, ematen degula gure odola Jesus gozuaren izenian». Laster topo ta bide jo zuten zaldizko etsaiakin. Ebaki zituen oek azotez ta makilaz; baño pazientzia miragarriarekin esan zien Santuak: «Eraman gaitzatzute sultanaren aurrera». Au aditzian eraman zituzten, denborarik galdu gabe, beren nagusiaren jauregira.

        Bi gizon penitentziak deseginak ta itxuraz aurdikarriak deitu zuten sultan biotz gogorrekuaren begiramena. Franziskoren mingañian jarri zituan Espiritu Santuak itz ederrak: «Gu kristauak gera —esan zion Franziskok sultanari—; eta Jaungoikuak gidatu gaitu onara, zuri eta zure mendian daudenai Ebanjelioko egiak adiaraztera». Itz oekin uste zuan Santuak zerbait sultanaren aserria bereganduko zuala eta andik izango zuala ditxa, berak ainbesteraño desiatzen zuana, arako Jesu-Kristoren amorioz bere odola emate ura. Baña engañatu zan. Bi gizontxo aien baloriaz sultana bera arrituta gelditu zan; eta esan zien: «Baña nola oneraño bizirik etorri zerate, kristauak izanik? Nola nere tropak igaro dituzute bizirik? Nik zaku bat urre eskaiñita idukirik nere soldaduai, lenbiziko arrapatzen duten kristauaren buruagatik!» Arriturik zeguan Meledin sultana, eta arritasun arzaz baliatu zan Santua, bere indar guziaz berari adiarazteko Jesusen lege Santua ta fedeko egiak.

        Ain ziran egokiak Franziskoren itzak, ain benazkuak, indartsuak eta guziez gañ ain zan aundia Franziskoren itzaren eztitasuna, izanik gai ura sultanarentzat somiña ta arrotza; irebazi zuan sultanaren biotza. Ordutik Santuak galdu zuan ainbeste desiatzen zuan martiriuaren esperantza. Bazekian aditua zan arte etzutela gaizki artuko. Bere aunditasun guzian sultanak iduki nai izan zuan Santu umill biartsua bere aldamenian. Esan zion orduan Franziskok: «Nai badezu sinistatu nere dotrina eta Jesukristoren legera itzuli, geldituko naiz zurekin; ez bestela. Oraindik geiago; dudatzen badezu nere dotrinaz, irazeki zazu su aundi bat, eta zure apaizak eta ni sartuko gera suaren erdiyan, eta suak erretzen ez duenaren dotrina, izan dedilla egiazkua». «Eztet uste nere apaizen artian izango danik grano bat, su orretan sartu naiko duanik» erantzun zion sultanak. Au esan zuan, zeren an arkitzen ziran Mahomaren apaiz zarrenetako bat ikusi zuan irten zala kanpora au aditzian. Berriz dio Franziskok: «Au nai ezpadu egin, ona beste modu bat nere dotrina egiazkua dala adiaziko duana: Piztu dedilla sua eta ni bakarrik sartuko naiz; baldin eta andik irtetzen banaiz, zu eta zuriak nere federa konbertituko zerate; ni erretzen banaiz, bota nere pekatuari errua, baña, diot, irtetzen banaiz erre gabe surtatik, ezagutuko dezute Jesukristo dala Jaungoiko guzi-alduanaren seme egiazkua, eta bakarrik onen izenian salba ginezkiala».

        Arrazoi oek guziak etziran aski izan Meledin sultanaren biotza mugitzeko Jesukristoren legia besarkatzera. Ainbeste egin-alekin etzuan Santuak iritsi aren konbersiua, naiz bai bere onginaia. Ikusten zuan, pena biotzian, lur gaiztuan azia ereitia zala jende aeri Jaungoikuaren itza adiaraztia. Beste aldez berriz bere desiuak ere etziran betetzen, eta ain esperantz gutxi zedukan ordukoz martiri izango zalakuaren, zeren, ikusten zuanaz, etsaiak berak onratzen zuten, ze erabaki zuan agur egitia lur txarrari eta Italiarunz bidegitia. Ez ordia lenik Jerusaleni albiste bat egin gabe.

 

 

SAN FRANZISKOREN
EGITIAK EJITON

 

        Azken agurra egitian, Meledinek eskaiñi ziozkan diru asko, agertu nairik bere onginaia. Baña etzan Franzisko Ejitora urre billa juan, baizik animen billa; ona zergatik begi txarra urriari jarri zion. esan zion sultanak, beretzat nai ez pazuan ere, ar zezala bederik kristau biartsuen artian zabaltzeko. Asko leiatu zitzaion, baña izan zan alperrik. Mirestu zan Meledin munduko aberastasunai Jaungoikugatik Franziskok egiten zien despreziuaz, eta guzia arriturik esan zion: «Egizu nizaz orazio, Jaungoikuak argiturik niri adimentua, ezagutu dezaten erlijio egiazkua». Au esanta esleitu ziran bata bestiagandik. Egin zuan bide segurutik eramateko modua sultanak, Damietako gudu zelaira, nun ere arkitzen ziran kristau gudariak.

        Uste da Meledin sultana San Franziskoren oraziuaren bitartez konbertitu zala bere azkeneko egunetan, milla berreun ta ogei ta emeretzigarrenian. San Franzisko, ordukoz aspalditxo illa, agertu zitzaiela bere bi erlijiosori, eta aiek bataiatu zutela. Sinistatu diteke guzia. Lenago biotz gogorrekua izan bazan ere, Santu baten oraziuak izanik Jaungoikuaren aurrian txit usai gozua, gure Santuarenak izango zuan bezela, ezta gerta ez ditekiana aditzia iñoiz gisa onetako oraziua ta Jaungoikuaren graziak bigundu dutela biotz gogor bat. Lenago arrizkua zana ta sentikaitza, orain aragizko biurtzia eta sentikor.

        Alde guztietara gure Aita-lenaren bizitza da miragarria. Jaungoikuaren espirituak gauza guztietan gidatzen zuan, eta Jaungoikuagan gauza guztiak dira miragarriak. Ala kantatu oi zuan errege Igarliak: «Miragarria da Jaungoikua bere santuetan».

        Beñ baño geiagotan esan det, nola gure Santuaren biotza sutzen zan anima pekatariak, Jesukristok bere odolaz erosiak, eta beste asko, Jaungoiko-gizonaren ezagutzarik etzutenak ikusten zituanian. Aiek konbertitziagatik pozik emango zituan milla bizitza ere, eta onek mugiturik juan zan Ejitora. Baña gure Jaungoikuak beste martirio modu bat zeukan bere serbitzari Franziskorentzat. Etzuan Franziskok ill biar ezpataz eta odol-usturik. Jesus iduritu nai zuan bizitzan, eta onen paguan Jesusek aututzen du bere iduri bizi bat izan dedin ill baño lenago. Bere zauri sagraduak dauzka Jesusek Franziskori emateko: au izango da martirio bat artian ez ezagutua munduan. Amoriuaren indarrak zauriztatuko du Franzisko!

        Santu onek Ejiton egondu zan denboran, beste arkitzen zan lekuetan bezela, egin zituan mirariak. Dio San Buenabenturak nola sarrazeno bat, ikusirik San Franziskoren semiak arriari aina kaso etziotela egiten diruari, berak eman nai izan zien batian, ta jakinik gero Jaungoikuaren amoriuagatik ala urre-zillarrak oñperatzen zituztela, eta gogoz egin zirala pobre, guzia arriturik agindu zien bere laguntza bizi zan arteko, edozein biartasunetan arkitu. O zein eder ta aundi agertzen dan Ebanjelioko pobre izate gogozkua! Zenbateraño biar gendukian maitatu pitxi miragarri au, dio gure Santu Dotore Serafikuak. Egiaz lotsatu biar ginakiala, guk kristauak, Jesus, Maria eta Josek laztandu zuten pobre izate au, artutzen ez degulako aintzakotzat, eta ez diogulako oni merezi duan begiramentua. Sarrazeno fede gabiak mirestu dira, eta kristau fededunak ez dirade onezaz miresten!

        Ejiton emakume guztiz eder, baño gaizto batek pekatura biartu nai izandu zuan Franzisko. Zeruko argiarekin ezagutu zuan, diabrua zebillela an, bere arte gaiztuakin. Santuaren biotza etzeguan alako gauzetarako, baño, konsentituko bazukian bezela, aukeratu zuan toki bat sua oetzat; kendurik bere gañeko tunika, etzan zan suaren gañian. Andre eder gaiztua aguro atzeratu zan. Ikusi zuanian Franzisko suak erretzen etzuala, arrituta konbertitu zan; eta geroztikakuan kristau garbi ta ona izandu zan.

        Baita ere lan asko egina zan kristau gurutzetien artian. Konbertitu zituan bizitza obera aietatik ez gutxi. Onela beraz fededunak eta fedegabiak Ejiton maitatzen zuten gure Santua. Etzuan ustez orduan Santuaren itzak frutu ugaririk eman. Orregatik, aita Santu Gregorio IX-garren eta Inozenzio IV-garrenaren denboretan, oek San Franziskoren semiak Ejitora bialdu zituztenian, ezagutu zan, gure Santuak etzuala oso lur txarrian azia erein, ta iñork uste baño geiago jende fede egiazkora aldatu zan.

 

 

SAN FRANZISKO
JERUSALENEN

 

        Guazen orain Santuaren ondoren, Jesukristo gure Jaunak bere oñ arrastuekin santutu zuan lurrera. Jafa edo Joppe deritzon errira jo zuten itsasoz lenbizi. andik alderatu ziran Jerusalena. Nork emen gure Santuaren biotzeko sentimentuak adierazo? Oroitu zan Jesus maitiak an igaro zituan misterio guziezaz. Aozpezturik, begian negarra ugari zuala, muñ egiten zion lur santuari. Biotzak laguntzen zionian, bere lagun anai Iluminatorekin batera, eta askotan aldizka, kantatzen zuten «te Deum laudamus», ainbeste mesedegatik esker onak ematen Jaunari.

        Jerusalengo errian egin zien albistia tenplo santu guztiei ta Jesusen oroitzapenako toki denai. Kalbarioko mendian, Jesus gurutzian josi zuten artan, besuak gurutzian eta aozpez biotza lurrarekin josi-itsatsirik, egondu zan negarrez. O Franzisko amoriozko Santua! Esan zadazu: zure biotzian, zer igarotzen zan une artan? Zer sentimendu zeguan orduan? Duda gabe desiatuko zenduan, an Jesus ill zan lekuan zure amorioz, zu ere bere amorioz iltzia!

        Golgotatik Josafateko zelaira, eta andik, Olivetako mendia ziar, juan zan Belena. Belenen, autore batek dionez, agertu zitzaion Jesus aurra bere amarekin, jaio zan tresabian edo toki artan bertan, nun ere artzaiak zuten adoratu. Mariari eskatu zion Franziskok Jesus aurra, eta iduki zuan bere besuetan. Onela Jaungoikuak Franziskori Kalbarioko mendiyan negarrez busti zituan begiak legortu zizkan, ta gozatu biotzeko pena somiñak.

        Beñ baño geiagotan mesede au egin izan zion zeruak gure Aita-lenari, zeñaren biotza zan beti gurutze-zale; ala izanik ere, Jesus aurrarenganako onginaia guzizkua etziokan batere gogotik kentzen, zergatikan Santuaren biotzian ederki eta egoki alkartutzen ziran aurraren jaiotza pobria gurutzeko eriotza pobriarekin. andik eun ta zenbait urtera, Jaungoikuak eman zien lur santu ura guziya San Franziskoren semiai seni-parte bezela; geroztik beti gaurdaño, ez neke ta eginkizun gutxirekin guardatzen dituzte leku santu aiek fede-gabien erdian. Gure Jaungoikuak mugi ditzala kristau fededunen biotzak, al duanak al duanarekin San Franziskoren semiai lagundu deioten lan negargarri ta arriskatu artan!

 

 

SAN FRANZISKO
MENDI-BELTZEN

 

        Siriako buru zan Antiokiako errirunz juan zan andik. Erri inguruan arkitzen zan mendi bat, Mendi-beltza esaten ziotena. Mendi artan arkitzen zan San Benitoren semien etxe santu bat. Irakurlia oroituko da San Benitoren semiak zenbateraño zituan adiskide Santuak, asko lekutan laguntzalle oberenetakuak izandu zitualakoz bere Ordenak. Ezin egon zitekian geroztik San Franzisko San Benitoren semiak albistatu gabe. Egun gutxiz aurretik ill zan etxe santu artako Abadia, zeñak eriotzan esan zien nola andik laster elduko zan mendi artara Frazisko Jaungoikuaren serbitzari santu aundiya, itxuraz pobre ta despreziagarri. Beragatik jakitian alderatu zala, irten zeiotela erlijiosu denak bidera, eta ar zezatela onra aundian zeruko aingeru bat bezela. Etziran egun asko igaro gauza egiztatzera.

        Irten zitzaizkion San Franziskori bi errenkeran bidera denak, eta poz aundiarekin egin zioten ongi-etorria. Denbora puska batian an egondu zan, ta ainbesteraño Franziskoren santutasunak irebazi zituan San Benitoren semien biotzak eze, denak eskatu zioten Franziskori izendatzia bere Ordena berrian. Ala egin zan, eta ez bakarrik etxe-santu artako San Benitoren semiak aldatu ziran San Franziskoren Ordenara, baita ere beste asko etxetakuak, an inguruan bizi ziranak. Alako moduan ze, denbora gutxian jarri zan lur aietan San Franziskoren Ordenako Probintzia bat.

 

aurrekoa hurrengoa