www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN BURUA

 

 

ANTOLATZEN DITU
SAN PEDROREN ELIZA ETA
SANTA MARIA AINGERUENA

 

        Beraz San Damiango elizan jarri zituan bi argi eder olio garbizko, beti egon zitezen pizturik Jesusek gurutzetik itzegin zion gurutze santuaren aurrian. Bai bere burua illarazteko umiltasunezko lanakin, bai elizakoia izanik Jaungoikuaren gloriari begiramen txit aundiya ziolako, bai San Pedrori zion jaiera irazekiagatik, asi zan Apostolu guzien buru San Pedro gloriatsuarena ere antolatutzen. Asi ordukoz bukatu zuan. Begien itxi idikian, esan oi dan bezela, bigarren eliza berritu zuan, zeren jendiak geruago eta geiago laguntzen zion, ikusirik zein ederki ematen zutena Santuak zuzendutzen zuan, zertarako ematen zuten artara. Lenago Franziskok igaro biar zuan lekuan lurrera bere kapa botatzen zuan gizon ark, orañ esaten zuan: «Esaten ninzuten nik; orain ikusten dezutena ere bere santutasunaren asiera baizik ezta. Gauza aundiaguak ikusiko dituzute».

        Beste irugarren elizatxo batek deitzen zion orain bere arretari. Au zan elizatxo bat kristandadiaren laugarren gizaldian egina, eta Santa Maria Jaungoikuaren Amari ta aingeruen Erreginari eskañia. Mariari zion jaiera guzizkuak tiratutzen du Santuaren biotza elizatxorunz, eta ikusten du lastimaturik bestiak zeuden bezain biartasunian arkitzen dala. Eliza artan Andre Pika Franziskoren amak aingeruen Amagandik alkanzatu zuan orazio eginik seme paregabe au. Egoki zan beraz eliza oni ere begiratzia. Asi zan Santua bidiak idikitzen irugarren eliza onetarako. Etzuan ez lendabizikuan aina nekatu biarrik; ugari biltzen zuan biar zan guzitik, eta milla berreun ta zortzigarren urtian bukatu zuan, jendiak len da geruago obeto lagunduta, eliza ondo jartia. Eliza au nola arkitzen baizan erritik urrutitxo, auxen aukeratu zuan gure Aitak bere orazio luzetarako, lekurik onena bezela ta egokiena. Ikasi dezagun gure Aita-lenaren antzera Jaungoikuaren etxiari begiratzen arreta guziarekin, garbitasunian bezela berari zor diogun begiramentuan; gogoraturik Jaungoikuak gure aldaretan egiten duala egoitza bere jargoi itzaltsuan aingeru ederrez inguratuta.

 

 

EZAGUTZEN DU FRANZISKOK
JAUNGOIKUAREN NAIA

 

        Beraren eskari gartsuetan Jaungoikuari eskatzen zion Santuak azaldu zekiola bere gogo edo naia. Alatan ari zan batian Meza santuko denboran, aditu zituan Jesukristok bere ikasliai Ebanjeliuan esaten dizten itz oek: Ez dezazutela eraman zeokin ez urre-zillarrik, ez dirurik, ez ta ere bi soñ, ez oñetakorik ta ez makillarik. Itz eder oek gure Santuak beretzat esanak baziran bezela artu zituan. Jeiki zan meza esatian eta Jaunaren Apaizari galdatu zion itz aien azaldia, esplikaziua. Ezaguturik bere pobre bizi naiarekin txit egokitutzen zirala itz aiek ziotena, pozez beterik bere baitan esaten zuan: «Ona emen, ona emen nik billatzen nuana; ona emen nik desiatzen nuana!»

        Bertatik kendu zuan gerriko larruzkua, ordaintzen du au soka zakar batekin, kentzen ditu ere oñetakuak, eta oñetako, diru, larruzko-gerriku ta eskumakillak, denak botatzen ditu beragandik urruti. Eztu beste gogoraziorik ezpada len-bai-len Ebanjelio santuaren esana egiztaratzia. Bere adiskidiak eman zion tunika, gozo ta biguña iduritzen zitzaion; beragatik ura ere trokatu zuan auts kolorezko latzago batengatik; zeñari egotzi zion buru-zorro bat, izan zedin estalki biartasunian.

 

 

ASTEN DA JESUSEN ANTZERA
JENDIARI ZERUKO BIDIA ERAKUSTEN

 

        Kapusai gisako jazkera arekin eman zion Franziskok asiera bere zeruko bidian gizonak sartzeko lan aundiari; zeñak ainbeste gloria eman zion Jaungoikuari eta sartu zituan asko pekatari Jaungoikuaren adiskidetasun zorionekuan.

        Itz-aldi guztiak asten zituan esanaz: «Eman deizutela Jaunak bere pake santua». Predikatzen ari etzanian oraziuan egongo zan. Gauza guztien artian etzan Jesusen Pasio santuak bezela Santuaren biotza mugitzen zuanik. Egun batian Santa Maria Aingeruenen elizan negarrez zeguala, ikusi zuan bere lagun batek: alderatuta galdetu zion zergatik ainbeste negar egiten zuan. «Ez dezu lotsarik zure adinian orrela negarrez egoten?» Erantzun zion: «Jesusen Pasio santuak negar eginarazten dit, eta zer nai dezu? Ez nuke lotsatu biar mundu guziaren aurrian gogotik negar egitiaz ere». Deitu ginioke emendik aurrera gure Aita-len Santuaren bizitzaren zati oni bere agiriko bizitza. Orain ikusiko degu egiazkiro birtutiaren ispillu garbi au, Apostolu berri bat eginik, Jesusen iduri paregabia munduaren erdian guziyak bereganatzen, bere itz-aldi ederrakin pekatariak konbertitzen, eta alde guzietara Jaungoikuaren pake santua zabaldutzen.

 

aurrekoa hurrengoa