www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMALAUGARREN BURUA

 

 

JAUNGOIKUAREN ASERRIA

 

        Andik egun batzuetara, eraman zuten Franzisko Rietiko Obispo jaunaren jauregira. Aruntza eraman zioten kanonigu bat gaitzak elbarritua. Negarrez ta amorez eskatzen zion Santuari, arren bada arren, urrikaldurik aren miñezko egoeraz, senda zezala, eginik gurutze bat beraren gañ. Erantzun zion Santuak: «Nola nai dezu nik zure gañ gurutze santuaren seña egitia, baldin Jaungoikuaren juizioaren bildur geiago gabe griña txarrari jarraitu badiozu, eta oraindik pekatuan arkitzen bazera? Emen arkitzen diranakgatik egin nai det gurutzia zure gañ; baña jakin biar dezu, lenagoko pekatuko bidiari jarraitzen badiozu, Jaungoikuaren aserria deskargatuko dala zure gañ». Au esan onduan, gurutzia eginta beste gabe sendatu zan. Denak alabatu zuten Jaungoikua. Egun gutxira lenagoko bide gaiztuetara eman zan. Gau batian bada bere lagun adiskide batek deitu zuan alkarrekin apaltzera. Etxe artan zegualarik, erori zan etxiaren estalia, ainbesteren artian gelditu zan illik kanonigu ura bakarrik. Egiztatu zan itzez-itz San Franziskoren esana. On egiñari esker gaiztuarekin erantzuten diona, onelaxen erortzen da Jaungoikuaren aserre-pian.

 

 

ZE ITXUSIA DAN DIABRUA

 

        Animak eskatzen zituan Franziskok, Jesukristoren espirituak gidaturik, zeñaren antz egokia egina zeguan. Jesus obentarien billa zerutik jeitxi zan. Orobat nai zituan obendunen biotzak irebazi Franziskok, eta denak zeruan ikusi. Eritasun aundiaren azpian arkitzen bazan ere, zerbait oñaziak utzi ziotenian, eta begitako miña arindu ta oek argitu, astotxuaren gañian igaro zituan Umbria-ko ibar nabarrak, jotzen zuala Napoles, arrepatzen zituala predikatziarekin erreinu aren inguruetako lurrak. Zebillen tokietan, mirariak lagundurik Jaungoikuaren itzari, egin zituan konbersio ugariak. Biotz oneko erlijioso gazte bat alderatu zitzaion Penneko errian bakamenaren billa, utzi zuelakoz erlijio santua. Ikusi ta beste gabe, Santuak kendu zituan aren gañetik begiak. Santuaren egite onekin arritu ziran bere aldamenekuak. «Ez arritu —esan zien orduan—, ez arritu nik egin detanaz; zerengatik ikusi det gazte orren sorbaldan demonio ikaragarri bat, alegiñaz saiatutzen nola gaztia amilduko duan. Aitortzen det ezin eraman izan detala begira egotia. Ain zan itxusia! Egin diot Jaungoikuari eskia libratu dezala etsaiaren atzeparretatik, eta iritxi det». Deitu zion gero beregana, eta esan zion etzedilla iñoiz ere berezi bere anaietatik, etsaiaren lazuan erortia nai ezpazuan; zeñatik Jaungoikuaren urrikiari eskerrak libratu zan. Anai ura geroztik bizitu zan txit ongi Jaungoikuaren serbitzian.

        Abruzzion berriz, Celanoko errian, Santua eldu zanian predikatzera, soldadu gerrari batek eskañi zion bere etxia, an egon biar zuan denborako. Juan zan bada ostalari onen etxera. Oraiñ bezela, orduan ere soldaduak soldadu. Orazio egin ondorian, esan zion Santuak ostatuko Jaun soldaduari: «Zuk ez dezu gaur emen jan biar, baizik beste leku batian. Ona emen nere lagun apaiza; konfesatu zaitia, ta beste mundurako prestatu». Sinistatu zion Santuari soldaduak: egin zituan Santuaren esanak eta illik gelditu zan. Onela Jaungoikuak sariztatu zuan soldadua, ostatua Santuari eman ziolako.

 

 

SAN BUENABENTURA AURRA
BEDEINKATZEN DU
SAN FRANZISKOK

 

        Denboratsu artan gertutu zan aur batekin egite miragarri au. Toskanan, Bañarea-ko errian, jao zan, milla berreun ta ogei ta batian, semetxo bat, zeñari jarri zioten izena Juan. Semetxo au, jaio ez geroztik, beti arkitzen zan eri. Eta bere eritasunaz etsirik zeuden gizon sendatzalle artetsuetarañokuak. Bitella Juantxoren amak ekarri zion Santuari lau urteko aur eria sendatu zezan, agintzen ziola entregatzia bere Ordena santuari, baldin-eta sendatutzen bazuan. Sendatu zuan Santuak aurra eta poztu zuan ama naigabetuaren biotza; arturik aurra bere besuetan esan zuan: «O Buona-ventura!» Ordu artatik aurrari gelditu zitzaion izena Buenabentura. Da esatia: etorkizun-ona. Ala izan zan ere. Bada gazterik sartu zan San Franziskoren Ordenan. Santua ta jakintsu aundiya izandu zan au, San Franziskoren Ordena eta Eliza, izar ederraren gisa, apaindu zuana. Igo zan Ordena guziko buru izatera, gero Obispo, azkenik Kardinal eta Elizako Dotore aundi, itzez ta lumaz Ordenari ta Elizari guardia egin ziona, zeña adoratzen degu aldarian, Santua bezela, Garagar-illaren amalauan.

 

 

SAN FRANZISKO ASISKO
OBISPUAREN JAUREGIAN

 

        San Franziskoren osasun eroria lenaz gañera txartu zan ibilliaren indarrez. Ankak aunditu zitzaizkan, eta, nola baizen negua, berritu zitzaizkon lenagoko oñaziak. Nai ta ez, gelditu biar izan zuan Nozerako errian. Asisen jakin zuanian jendiak au, Santua Nozeran betiko gelditu zedin bildurraz, irten ziran aundizkiak soldadu taldiarekin, Asisa eramateko asmuan. Artu zuten Santua berakin ta eldu ziran Santiagoko ibarrera eguerdiko garaian. Jan biarrak lanak ditu, ta emango ere. Erri txikitxo artan gizon aiek guztiak ezin arkitu izan zuten, diruarekin ere, gosia zerekin kendu. Santuari esan zioten zer gertatzen zan, eta erantzun zien onek. «Zuek, Jaungoikuagan jarri biarrik konfiantza osua, euli orietan daukazute (itz onekin deitzen zuan dirua); eska zazute Jaungoikuaren amorioz, eta ezertxo ere etzatzute paltako». Egin zuten esana eta gosia illtzeko sortu zan biar zana.

        Asisko Obispuak eraman zuan Franzisko bere etxera. An egondu zan milla berreun ta ogei ta seiaren uda-berriraño. Arraitxo batzuek jateko zaletu zan egun batian, eta, Jaungoikuak ala nairik, anai Gerardo Rietiko Guardianak biali zizkion iru, ark nai bezelakuak. Baña Franzisko etzan ondo jartzen. Are geiago beraren osasunari begiratziagatik, bere semiak azaldu zioten ondo egingo zuala Senarunz joatia. Au esan zioten leku aldatziak obeto artuko zuelakotan. Utzi zan bada Senara eramaten. Au zan Apirillian. Baña oñaziak ze gutxituko, geitu zizaizkion, batez ere begitako miña. Bigarren aldiyan burni goritua sartu zioten belarri goenetik begiruntz, buruaren bi aldietatik. Miñik gabe egin zan lan ura, baña aurrerapenik ere gabe. Gau batez Senan izan zuan odolezko goorako bat, zeñak lenaz gañ indargabetu zuan. San Franziskoren semiak negar egiten zuten gogotik, ikusten zutelako beren Aita-lena ezin-egin artan, eta laster beren buruak Aita maite ura gabe gelditzen ziralakoz. Seme leialen alegiñak alperrik izandu ziran. Ill biar zuan eta ordua alderatzen zan.

        «Ai gure Aita maitial Ai gure maisua! —esaten zuten—; zu bazuaz gugandik, irebazi dezun korua artzera. Eta, gu! Gu emen geratzen gera, zu juanta, umezurtz aitarik gabe! Nork gordeko gaitu? Nork gure biotzak alaituko ditu? Nork zuk bezela lagunduko digu? Nork gu poztu? Nork kontsola?»

 

 

BEDEINKATZEN DITU
BERE ORDENAKO SEMIAK

 

        Orduan Santuak deitu zion, urrikaldurik bere semiaz, anai Benito Piratrokuari; au zan apaiza eta aren eritasunaren arreta zeukana. «Jaunaren apaiza —esan zion—, itzez ezin detan ontan arzu luma bat eta jarzu izkiribuz nere bendizio au, zeña dan orañ nere Ordenan dauden eta gero izango diranen guztientzat; au da nere azken borondatia: Anai guztiak maitatu dezatela elkar, nik maitatu ta maitatzen zaituztan bezela. Amatu dezatela ere beti eta guardatu nere esposa ta andre pobretasuna; eta iraun dezatela beti leial ta apaizen errespetuan eta buru diranen pian. Aitak eta Semiak eta Espiritu Santuak bedeinkatu ta lagundu deiela. Ala izan dedilla».

        Orobat, miñaren aldartietan, bere lagunaz baliatuz, egin zuan modua, Ordena guztian buru egiten zuten guztiai izkiribitzekua; baita ere an arkitzen ziran gañerako erlijiosuai; eta au asko itz eder ta gozorekin biotz eroriak ere jasotzeko moduan. Azkenik aitortzen zituan bere utsegiterik txikienetarañoko guziak.

        Ordukotz gaitzak indar artu zion. Sabela aizatu, estomago ta gibelekoak geitu zitzaizkan. Ona zergatik oraindik sendatuko zalakuan, etsi biar eta ezin etsirik, anai Eliasek, obeto biarrez, Cortona bere erri inguruko Cella-ko praile-eliz-etxera nai izandu zuan eraman. An ustez, anai Eliasen aide ta adiskidiak lagunduta, arreta aundiagua izango ziotelakuan. Ikusi zutenian ordia guzia alperrik zala, berriro eraman zuten Asisa. Erri guztiak irten zion bidera pozaren aundiz, illtzen bazan ere antxen izango zutelako Santuaren gorputza. Obispuaren aginduz sartu zuten aren jauregian.

 

 

ZEIN GOZUA ZAN
SAN FRANZISKOREN ESPIRITUA

 

        Jauregi ederrian egonagatik gaitzak etzion uzten. Egunetik egunera auldadia irebaziaz, esan zitekian ezurra ta azala baizik etzeukala. Alere miresten zan edozein Santuaren eramankizunaz. Txit gaizki zeguan batian, oartu zan bere semiak estu ta larri zebilltzala juan-etorri aundian, ezin somaturik nola ariñdu beren Aita-lenaren miñak. Aiñ ziran asko eskuetan zerabiltzkiten lanak eze, bildur zan Santua norbait arengatik irtengo ote zan pazientziatik. Beragatik itz egin zien gozotasun aundiarekin era onetan: «Nere anai maitiak, ez arren orrenbesteraño nekatu nigatik... Jesus maitiak pagatuko dizute ondo nigatik egiten dezuten lana... Nere gaitzak ematen badizute ere neke ori, sinista idazute neke orrekin geiago irebaziko dezutela, zeon buniakgatik nekatuko bazinateke baño». Asko nai zioten Aitari semiak eta leiatzen ziran denak beraren onagatik.

 

 

ZEIN AUNDIA ZAN
SAN FRANZISKOREN
ERAMANKIZUNA

 

        On biarrez ta urrikiz, eri-zaiak esan zion: «Aita, egin bizaio orazio Jaungoikuari ariñdu dezala bere esku pisua, eta etzaitzala penatu orrenbesterañoko gogortasunarekin». Aditu zuanarekin bat egin zuan Franziskok diadar aundia esanaz: «Baldin-eta zure biotzeko zuzentasunaren berri ezpaneki, ez nuke iñolako moduz ere egon naiko geiago zure aldamenian, maisiatu dezulako ausardi aundian Jaungoikuaren juiziua». Beriala, auldurik arkitzen bazan ere, jeiki zan eta bota zuan bere burua lurrera, ezurrak otsa ateratzerañoko indarrarekin, eta muñ eginik guzion amari, egin zuan orazio au: «Eskerrak ematen dizkitzut, Jauna, sentitzen dituztan oñaziakgatik, eta, zure gogua bada, biali dizkidatzu eun aldiz geiago. Txit izango naiz poztua eta gusto guziarekin suprituko ditut, ikustian batere barkatu gabe atsekabetzen nazula; zeren nik iduki nentzakian pozik aundiena da, zure goguaren araura gauza guztiak egitia». Santu indartsua egiaz ta espiritu aundikua zan Franzisko, munduari, beste orduz Jesus maitiak Getsemaniako baratza santuan bezela, penarik larrienen erdian irmotasunik aundiena agertutzen diona. Ikasi biar genduke bere antzekuak izaten gai onetan.

        Santa Klara ta bere alabak ere, jakinik Aita-lenaren eritasun latza, eskatu zioten oroimengarri bat; eta, izkiribiturik, biali zien Santuak itz gozo txit goguangarria.

        Asisko erriko buru egiten zutenak, elkar arturik, San Franziskoren eritasuna ainbesteraño aurreratua ikusi zutenian, Obispuaren jauregiko ate inguruetan jarri zituzten guardak, egunaz ta gabaz antxen egon zitezen, illtzen bazan ere, eragozteko edozeiñi iñora eramatia, gelditu etzedin erria aberastasun aundi ura gabe.

 

aurrekoa hurrengoa