www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA ZORTZIGARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKO ETA SANTA KLARA

 

        Aspaldi artan arkitzen zan Santa Klararen biyotzian gogo santu bat Santa Maria Aingeruena ikusteko, eta bidez Aita-len Franziskorekin otordu bat egiteko. Nekez badere, noizbait alkantzatu zuan Santuangandik ainbeste aldiz ukatu ziyon mesedia. Artian etzuten mojak, orain bezela, etxetik irtetzeko eragozpenik. Egun aukeratuan San Franziskoren seme batzuek juan ziran San Damiango moj-etxera, eta Santa Klara irten zen moja bat edo beste lagun arturik, eta aurrena joan ziran Santa Maria Aingeruenen elizara. Au izan zan pesta-egun arren asiera. Egon ziran elizan denbora-puska bat, eta gero ikusi zuten praile-etxia. Eldu zan bada bazkaltzeko ordua eta eseri ziran maian. Lenbiziko jana izan zan animakua. Gure Aita-lena asi zan alakotxe gauza on ta miragarriyak Jaungoikuaz kontatzen eze, guztiak gelditu ziran aurrian zeukaten janaz azturik, Jaungoikuan sortuta, kordagabe bezela. Denbora berian Asisko jendiak eta inguru aietakuak ikusi zuten basua ta eliz-etxiak sutan zeudela. Juan ziran korrika praile-etxera sua itzaltzen laguntzeko asmuan, baña gauza guziak arkitu zituzten ongi beren tokiyan, eta iñun surik ez. Sartu ziran bazkal-lekura, eta an ikusi zituzten maiko guztiyak Jaungoikuagan sortuta. Ezagutu zuten mirari aundiya su artan, eta nola su ark eman nai izan zien aditzera Santu aien Jaungoikuaren aldeko biotzeko amoriozko sua. Artan bukatu zan bazkariya. Iñork etzuan ezer ere jan. Itzuli zan Klara bere lagunakin moja-etxera. Aren alaben poza etzan txikiya izan, berriro ikusi zutenian beren artian. Penaturik zeuden, lenago Ines Florentziara eraman zuten bezela, eramango ote zien Klara ere beste moja-etxe berriren batera. Gogorazio au zetorkien, Aita-lenak Santa Klarari asko aldiz egin izan zion itz onetatik: «Egon zaite beti prest, Klara, agintzen zatzun lekura juateko». Erantzuten zion Klarak: «Nere Aita, agindu niri: bada ementxen nago agindua egiteko». Au izan zuan Santa Klarak berrogei ta bi urtian, irten-aldi bakarra.

 

 

ANAI ELIASI ADIARAZTEN DIO
SANTUAK ETORKIZUN TXARRA

 

        Ordena guziko Bikario anai Eliasek ematen ziyon Santuari zer egin aundiya. Ikusten zuan penarekin apartatze txar bat egiten zuala erlijiosuekin. Zerbait jakinduri zutenak jartzen zituan biartasunai ere etziokala ainbeste ardurarekin bemallarik goenekuetan, birtutiari baño jakinduriari begiramentu geiago ziola. Gañerako erlijiosuen giratzen nota oenari; Santiago Apostoluak debekatzen duan bezela aberatsen kontu geiago izatia, pobre gaxuena baño, izanik guztiok Aita baten semiak, berdiñ batakin nota bestiakin gaude biartuak neurri berdina izatera. Biotzeko pena eta atsekabe aundiyarekin ikusten zuan beraz Aita-lenak anai Eliasen apartatze ura.

        Askotan bezela, egun batez etorri zitzaizten erlijioso batzubek Porziunkulara, eta aien artian baziran anai Eliasen gogokuak, zerbait bestiak baño geiago zekitenak. Franzisko baliatu zan egun artaz anai Eliasi aditzera emateko bere pekatua. Bazkaltzeko denboran maia bedeinkatu zanian, deitu zituan Franziskok bi anaia atzenekuak eta bere aldamenian jarri zituan maian. Anai Eliasen biotza erretzen zeguan Franziskoren egite onekin, ta bere barrunian marmarizan ari zan onela: «A Franzisko, Franzisko! Egunen batian desegin biar du gure geiegizko senziltasunak Ordena guziya. Zuk jartzen dituzu zere onduan ezere ez dakitenak, eta lotsatutzen dituzu emen dauden jakintsuak, zeñak diraden Ordenako pillarriak». Anai Eliasen gogorazio au bazekian Santuak, eta erantzun zion, denak aditzeko moduan. «Eta zu, anai Elias, zu arkitzen zera guziya arrokeriz buiatua, eta orrekin kalte geiago egiten dezu onik baño. Jaungoikuaren juiziyuak gizonak ez dakizki: (au zan esatia: Jaungoikuak zekiala bakarrik zergatik, ura izanik ustez kaltegarriya Ordenarentzat, nai zuan guziyen buru egitia) baña ezaeutzen zaitu nor zeran ongi, eta alere nai du Zu Ordenako buru izatia! Berak erabaki zuan nik zure eskuan uztia agintza au. Ai! Bildur naiz gidariya ta gidatuak elkarren antza ez ote duten eta gure Jaungoikuak, artzaia nolakua dan ikusiyaz, ardiyak ere oen gisakuak izango dirala aurrez ikusi ez ote dituan». Au orduan esanagatik, ondo zekiyan Santuak anai Eliasek etzuala galduko Ordenako talde guziya; baña prestutasun aundiyarekin esan zuan bestiak izan etzezaten beren barrunian arrotzeko gairik.

        Gero esan zuana izandu zan Igarle baten esana: «Ai! Zu, anai Elias zori gaiztokua! Etzera Ordena ontan illko. Ala erabaki du an goian Jaungoikuak. Pisatu zaitu, ta zure jakinduriyak arrotu ta puztu zaitualako, pisuan ariñ arkitu zaitu». Nor etzan arri ta zur egingo? Nor etzan ikaran sartuko, au aditzian? Anai Elias, izutua, aozpeztu zan bildurraz ta ikaraz bere maisuaren oñetan, esaten ziola: «Arren, Aita, erregu ezazu nigatik; zure seme bat ez dedin galdu, eta galdu betiko». Ikusirik Aita-lenak anai Elias bere oñetan, —ain zan biotz beraa—, esan zuan: «Jaungoikuaren erabakintza au ez dedilla zure gañ etorri. Badaki Jaungoikuak bere erabakintza aldetzen, baldin pekatariyak uzten badu pekatua ta egiten badu penitentziya». «Ainbesterañoko konfiantza daukat nik, nere aita txit maitia, zure oraziuetan eze, Jaungoikuak agertu dizun bezela kondenatuko banintzake ere, uste det, inpernuan egonik, zure oraziuak arinduko lituzkiala nere oñaziak. Egizu, nere aita, egizu arren orazio nigatik; duda gabe zure oraziua adituko du Jaungoikuak, eta aldatuko du eman duan sententziya». Egin zuan orazio Aita-len Santuak anai Eliasengatik eta alkantzatu zuan Jaungoikuagandik aren salbaziyua, ez ordia Ordenan iltzia. Ordenatik kanpora ill zan, bañan ill baño len eman zituan damutasunaren seña argiyak. Asko aldiz, oraiñ ikusiko degun bezela, ikusi izandu zan Santua bere lagunaren gogoratze ezkutuak agertutzen anai Eliasekin bezela.

 

 

SAN FRANZISKOREN DOAYA,
GAUZARIK EZKUTUENAK JAKITEKO

 

        Anai Maseo bide-lagun arturik, bein batian irten zan Asistik kanpora. Anai au arkitzen zan tuntun aldiyarekin, eta esaten zuan bere baitan: «Obispo Jaunari agurrik egin gabe irten da gaur anai Franzisko. Zer esan biar du Obispo Jaunak?... Emen narama jira-biraka bide ontan, aur bat banitz bezela, ezin somaturik, nora jo eztakigula...». Andik laster kendu zituan gogoratze aiek burutik, eta esaten zuan berriz: «Egia dek, etziok Obispuari agurrik egin, baña egingo ziran ez aditziagatik arentxen alabantzak... Lenago uste nian genbiltzala jira-biraka, eta bide onian arkitzen gaituk orain. Etzekiala uste nian biderik, eta bide zuzenian gatxeudek». Au esan zuanarekin batera anai Maseok bere biotzian, mingañik mugitu gabe, esan zion Santuak: «O anai Maseo! Zein desberdiñak diran oraingo gogoratze oriek lenguetatik! Nork biali dizkitzu lenbizikuak eta nork azkenekuak?» Anai Maseo dena lotsaturik bere Aitak guziya zekialako aren biotzeko berri, bere lotsa artan belauniko eskatu zion barkaziua.

        Urte ontan, au da, milla berreun ta ogei ta batian, gure Aita Santo Domingo ill zan Bolonian, Abuztuaren seian. Berrogei ta amar urte zituan ill zanian. Egatu zan Domingoren anima eder garbiya zeruronz bere nekien sariya artzera.

        Urte ontan Balneorejiko erriyan, Toskanan, jaio zan San Buenabentura. Bataiuan jarri zioten izena Juan, bere Aitarena. Aurrak lau urte zituan garaian, arkitu zan illtzeko zorian. Baña ama Bitelak eskañi zion San Franziskori, baldin eta sendatzen bazuan. Jarri zan oraziyuan San Franzisko, eta amaren begiak legortu zituan, bada orazio egin bezain laster Santuak, sendatu zan aurra. Nunbait Jaungoikuak azaldu zion aurraren etorkizuna; arturik eskuetan aurra esan zuan San Franziskok: «O Buena ventura!» Ordutik Juantxori deitu izan zioten Buenabentura. Ordenarako ta Elizarako patu onekua izan zan au, izenak dion bezela.

 

 

ANAI DANIEL TA
AREN LAGUNEN MARTIRIUA

 

        San Franzisko Aita-lenaren bizitzako kontaira onetan ikusi degu, nola milla berreun ta ogeian, ilbeltzaren amaseian, sufritu zuten San Franziskoren bost semek martiriyo gogorra Marruekuetan. Geroztik asko praileri egin zitzaien, Jesus maitiaren amorioz ta fede santuagatik, zañetako odola emateko gogua. Aita-lenak berak iru aldiz agur egin zion Italiari asmo onekin berakin. Gauza bera ikusten degu San Antonio Paduakuarekin. Dudatu ez genezake Jaungoikuak artu zituala beretzat aien asmo ederrak. Bada Ordena guztiko Bikario anai Eliasi aurkeztu zitzaizkiokan zazpi anaia asmo onekin: anai Daniel Calabriako Probintziala, anai Samuel, anai Danulo, anai Leon, anai Hugolino, anai Nikolas eta anai Anjel.

        Anai Eliasek eman zien baimena mairuetara juateko, Jesukristoren Ebanjeliua predikatzera Mahomaren semiai. Ordu berian San Franziskok eman zien biotzeko alaitasun guztiarekin bere bendiziua. Onela beraz, bendizioz biziturik beren fedia, irten ziran Toscanaruntz, eta Toscanan sartu ziran itsasuan eta jo zuten Tarragona. Lenbiziko artu zuten mairuetara igarotzeko asmua, eta gero aldatu zuten asmo au ta gogoratu zitzaien Ceutara juatia. Fede gabien mendian arkitzen zan Ceuta. Etzituan artu nai izandu ontzi-gidariyak lau baizik ontzian.

        Eldu ziran Ceutara. Egin zuten modua Ceutan beren buruak ezkutuan idukitzeko, ariketa beste iru lagunak juan arteraño. Agorraren ogei ta bederatzian elkartu ziran beren iru lagun aiekin. Bien bitarteko denbora igaro zuten ango jende sal-erostzalle, prantzes ta italtarrai predikatzen.

        Erriyan sartzia edozein kristaurentzat debekatua zeguan, eta nai ta ez biar zan sartu, Ebanjeliua predikatuko bazan, naiz bizia arriskatu. Zazpi anaiak elkartu ziranian, itzegin zuten bata-bestiakin nolatan egin biar zuten sarrera. Erabaki zuten ostiralarekin egin biar zala sarrera errian, Mahomaren legia desegitera, naiz berak biziarekin pagatu. Larunbatian konfesatu ziran, ta aingeruen ogiarekin, au da, Jesus komunio santuan artuta, prestatu ziran legoi indartsuak bezela errian sartzeko. Ez bakarrik konfesatu eta komulgatu ziran; baño oraindik, denik eta utsegiterik txikien, ariñenak desegin nairik bezela, edo karidadiaren edo umiltasunaren kontrakuak, Jesusek bere diszipuluekin ill aurrian egin zuan biar-gaia egin zuten batak bestiarekin, arratsalde artan batak bestiari oñak garbituaz.

        Igandian, goizian goizetik, sartu ziran errian. burua auts-t-errez eginta, oiuka: «Jesukristogan ezpada, eztago salbatzerik». Iñoiz ere baño lenago egun artan Ceutako jendia esnatu, iratzartu zan. Jesukristoren izenian bakarrik salba zitekiala aditze utsak, fede gaiztoko aientzat Zancarron Mahomakua oñazpiratzia zan. Ona zergatik irten zan bakoitza bere oatzetik, eta, golpeka eta txarkeri aundian, artu zituzten berekin gure prailiak, ta eraman zituzten, tratu gaiztu onen ondorian, beren erregeren aurrera.

        Erregeren aurrian garbi itzegin ziran, eta an arkitzen ziran Mahomaren lege erakutsalliai esan zien: Jesukristoren dotrina bier zala sinistatu, eta etzirala besteren izenian salbatuko, Jesusen izenaz landara. Ederki arrazoi guzizkuakin azaldu zuten egi au. Iduritu zitzaion errege gaiztuari, nola Mahomaren izenik ere ez baitzuten aitatu, desprezio aundiya egiten ziotela beren profetari, au da Zancarron Mahomakuari; zeren beretzat ta bere mendekuentzat Mahomaren izena ezpada gooratzen, naiz ura beeratzeko itz bat ere ez egin, denik eta izan zitekian gizonik aundien ta santuena bazan ere, beren etsairik aundienekotzat jo oi zuten. Gure prailiak etzeukaten Mahoma buruan ta biotzian, baizikan Jesus. Mahomaz azturik, Jesus nai zuten maitarazo, eta oni jarraitzera nai zuten jendia jarri.

        Errege ta bere ingurukuak, berriz, etzeuden arterakotxe. Erotzat jo zituzten gure Santuak, eta gero kartzelan sartu. Esan zuten eruak zeudela, batez ere burua soildua zeukatelako, illezko erroska inguruan bakarrik zutelako. Zortzi egun luzian iduki zituzten itxian, burniz kargaturik ta dollorkeri aundiarekin. Denbora artan guztian etzitzaien palta izandu mandataririk prailiai; izkiribitu zien karta bat Ceutatik kanpora bizi ziran kristauai. Karta au izandu zan Ugo Genovatarren apaizarentzat, ta denbora berian bi erlijioso bata Ordena berekua eta bestia Aita Santo Domingoren Ordenakoarentzat, zeñak zetozen mairuen lurretik. Karta artan ematen zizten esker onak Aita Zerukuari, Beraren urrikiaz akordaturik. Baita ematen zuten aditzera ondo, Eskritura Sagraduko itzakin, nola Jaungoikuak lan artara deitzen zituan eta alaitzen zituzten beren buruak sufritzera. Gloria guztia Jaungoikuari emanik, aitortzen zuten nola erregeri predikatu zioten: Jesusen izenian ezpada ez daguala salbaziorik.

        Nai izan zituan ikusi Arbaldo juezak nola ote zeuden itxitegiko prailiak, eta gelditu zan arrituta, ikustian katiak askatuta zeuzkatela, beren arpegiak miragarrizko dizdiadura botatzen zuala, ta pozez beterik kantuz Jaungoikua alabatzen zutela. Juan zan erregerengana jueza, ta esan zion zer ta nola ikusi zituan itxian zeuden kristau aiek. Deitu zituan orduan erregek bere aurrera. Igandia zan ta urrillaren amargarrena. Eskaiñi zizten erregek aberastasun aundiyak, nai bazuten Mahomaren legia laztandu. Erantzun zien Santu martiriak: «Guk mundu ontako aberastasunak despreziatzen ditugu, baita bizitza bera ere, betiko gloriako ondasun milla aldiz lurrekuak baño aundiagoko ta bizitza azken gabiagatik». Aisago engañatuko zituztelako asmuan, berezi zituzten bata bestiagandik; baña alperrik izan zan; denak berdin aen eskaintzak despreziatu zituzten. Izugarrizko golpia eman zion mairu batek anai Danieli zimiterrakin, gogotik Mahomaren kontra ari zalako itzegiten; txarkeri ura pazientzian eraman zuan Santuak. Beste mairu batek esan zion illtzia baño askozaz obe zuala Mahomaren legiaren alde itzegitia. Ari erantzun zion: «Errukarria zera zu, Mahoma ta bere diszipuluak denak Satanasen morroiak zerate, eta zuen Alkoran ori gezur pilla bat. Utzirik gezurrezko lege oriek, egizute len-bai-len fede santua laztantzeko modua».

        Zazpi anaiak elkarganatu ziranian, anai Danieli, zeña nola baizen misio ura logratu ziena eta guztien buru egiten zuana, pozezko negarrarekin esan zioten seiak: «Eskerrak ematen diozkagu gure Jaungoiko onari, bere penetan ematen digulako parte; eskerrak anai Daniel zuri ere, leku zori oneko ontara gidatu gaituzulako. Bedeinka gaitzatzu azkeneko aldiz, ta ill zaite; gure animak zuriari jarraituko diote; gogoz ta pozik illko gera; gure pena laburra izango da ta betiko pakian laster sartuko gera». Bedeinkatu, laztandu ta alaitu zituan anai Danielek esanaz: «Poztu gaitezen Jaungoikuagan, eldu da guretzat pesta-egun aundiya; Aingeruak inguratzen gaituzte; zerua idikia daukagu; gaur guziok martirien koruarekin koruatuak izango gera zeruan beti-betiko».

        Alaxen gertatu zan. Ikusirik aien irmotasuna, erabaki zuan erregek zazpiai lepua ebakitzia. Jarri zituzten larru utsik, eskumuturrak atzian lotuta, eta era artan eraman zituzten ill biar zuten lekura. Pregoi bat zijuan aurrian zergatik illtzen zituzten esaten. Eldu ziranian lekura, belaunikatu ziran Santuak, eta, Jaungoikuari beren animak eskaiñi onduan gorputzeko bizitzarekin batian, eman zuten lepua, ta borreruak ebaki zizten gogorki zimiterraz. Au gertatu zan Urrillaren amarrian, milla berreun ta ogei ta batian.

        Martirien alderdiekin gazte jende fede gaiztoko aiek jostatu ziran nai aiña. Santuen buru ta gorputzak porrukatu zituzten; baña nolerebait Santuen erliki aien jabe egin ziran kristauak. Lurpetu zituzten lenbiziko, eta gero jarri zituzten eliza batian. An egin zituzten mirari asko; eta, uste danez, eraman zituan andik Portugalko printzipe batek, nun ere mirari berriak egin zituzten. Gaurko egunian ez dakigu nun arkitzen diran. Aita Santu Leon amargarrenaren aginduz Ordena guzian santu martiri oen pesta egin oi da Urrillaaren amairuan.

 

aurrekoa hurrengoa