www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN BURUA

 

 

LETRANGO LAUGARREN BILLERA

 

        San Franzisko erriz-erri Jesusen antzera zebillen Ebanjelioko dotriña zabaltzen, igarotzen zan lekuetan on egiten zuala nekiari asko begiratu gabe, zeren gogozko nekia ariña izan oi da, gauzak batez ere nai bezela gertatzen diranian. Ainbeste konbersio eder ikusten zituan, ainbeste lekutan len Jaungoikuaz azturik bizi ziradenak, orain ikusten zituan Jaungoikuaren serbiziuan leialak; nola nekia izan zitekian pisu San Franziskorentzat? Anima bat bakarra sartzen danian bide onian, pozgarri da, eta au ezagutzeko asko da Ebanjelio santuari begiratu bat ematia, nun ere irakurtzen degu Aingeruak poztutzen dirala zeruan pekatari bat konbertitzen danian. Beragatik, Jaungoikuaren itza adiarazten digutenak, dira zerutikan datorzkigun mandatu-emalle batzuek, eta biar ditugu gogoz aditu Jaungoikuak orien bitartez esaten dizkigunak. O zein ederrak diran Ebanjelio santua zabaltzeko ematen diran pausuak! Zein ederrak ona ta pakia erakartzen digutenen oñak!

        Franzisko beraz Jaungoikuaren itza predikatzeko egiteko laudagarri onetan zebillen, jakin zuanian Aita Santu Inozenzio irugarrena zijuala munduko Obispo ta gañerako jakintsuak biltzera billera guzierako batian. Elizak arterañoko guzian izan zituenatik amabigarrena izan biar zuan ark, eta Letrango laugarrena. Arteraño ezagutu ziran aundienetako bat. Bi millatik gora ziran bildu ziran Obispo, Abade, Prinzipe ta jakintsuak. Oen artian lareun ta amabi Obispo. Ogei egunian iraun zuan billera onek; San Martinetatik San Andresetara, 1215'gn urtian.

 

 

GURE AITA-LENA DIJUA
BILLERA ARTARA ERREGLAREN
BAIMENA SENDOTU NAIRIK

 

        Iduritu zitzaion Santuari uraxen zala denborarik egokiana eta ordurik onena bere Ordena are geiago sendotutzeko, eta baimen berri batekin asko aurreratuko zuala, iduki zekioten jende mueta guzikuak merezi bezela onra eta errespetua. Bada baimen berri bat ateratzeko asmuan billera artatik, jo zuan bero-bero Erroma; auzpezturik Jesu-Kristoren ordeko Inozenzio irugarren Aita Santuaren oñetan, eskatu zion umillkiro lenago berak baimendu zion Ordena ta erregla, arren orain billera guziaren aurrian indar berritu zezala.

        Artarako Santuaren biotza arrazoi aundiyak mugitu zuten. Asko lekutan despreziatuak izaten ziran bera ta beriak eta etziokaten siñistatzen nor ziran esanakgatik. Au zetorren batez ere denbora aietan asko seta gaiztoko jende, Elizak debekaturik zeuzkan dotrina txarrekin, ibilli oi ziralako, Jesu-kristoren pobretasunaren papera eginaz, anima senzill ta onak engañatzen. Ona zergatik asko lekutan San Franziskoren semiai errezeluarekin begiratzen zien.

        Arrazoi au txit izan zan aditua Aita-Santuaz, eta billera guziaren erdiyan itzegin zan esanaz San Franziskoren Ordena arkitzen zala baimendua, guziak jakin zezaten eta jendiak izan zekion merezi zuan begiramentua.

 

 

AITA SANTO DOMINGO

 

        Gure aita Santo Domingok ere nai zuan zerbait atera billera artatik bere pamiliaren alde. Emen esan biar da nola lot-erdian Aita Santuak ikusi zuan, lenago gure Aita-len Santua bezela, orain berriro Letrango Eliza erortzeko zorian eta Aita Santo Domingo Bere bizkarraz eusten irauli etzedin. Orain beriala etzan bete biar ura, zeren Domingo itzuli zan Tolosa Frantziakora bere semiakin, elkar adituz, erregla bat lengo Elizak baimentuari zeuzkan aietakua antolatzeko asmuan bere ordenarako. Aita Santo Domingo lan artan ari zala, ill zan Aita Santu Inozenzio irugarrena, ta au izandu zan bide, ez orduan Santo Domingoren ordena baimentzeko. Baña ondoren Aita Santu Honorio irugarrenak 1216'gn urtian baimendu zuan.

        Geruago 1271'gn urtian, Leongo bigarren billeran, San Buenabentura, Aita Santu Gregorio amargarrenak, bere ordeko biali zuan artan, egin zan erabakitze bat, emen ongi datorrena esatia zerbait: Erabaki zan bada, arako Religionum diversitatem asten dan Canon artan, nola bi ordena oen bidez (au da Franziskoren ta Domingorenak) fedia piztu eta Jaungoikaren Eliza gooratu dan. Quia propter hos duos ordines fides illuminata est, et Ecclesia Dei exaltata. Oezaz kanpora arkitzen ziran beste erlijio ta Ordenak, Letrango billera artatik geroztikakuak, itzali zitezela erabaki zuten, gauza sobratuak baziren bezela. San Buenabentura atera zan kontra, eta ain ziran indar aundiko arrazoiak Aita Santuari eman ziozkanak, beste eskalien Ordenen alde eze, utzi zien Aita Santuak len zeuden bezela.

 

 

ORDENAKO LENBIZIKO
BILLERA ADIAZTEN DU

 

        Bukatu zituanian Erromako egitekuak, Azillian itzuli zan Asisa Santa Maria Aingeruenera. Orduan artu zuan asmua berak ere Ordena guziko billera bat egitekua. Biribillaturik aleginaz bere semiak, nola egun batetik bestera Ordena ugarituaz zijuan, ta beragatik zan neke aundiya buru batentzat lan guziak egitia, erabakiko zala orduan, nola lanak banakatuz, askoren buruan aisago ta errazago Ordena gidatzeko bitarteko biar ziranak artzia.

        Izan ditekian egunik on ta egokiena aukeraturik, aurrez eman zien aditzera seme guztiei 1216'gn urteko Maiatzaren ogei ta amarrerako, bildu zitezela al zutenak Asisen. Elizak urte artan Maiatzaren ogei ta amarrian zelebratzen zuan Espiritu Santuaren etorrera. Egun egokia San Franziskok nai zituan lan moduetarako.

 

 

ABIATZEN DA
PRESTAMENAK EGITEN
BILLERA ARTARAKO

 

        Prestamenik aundiena izandu zan Santuarentzat Jaungoikuarekin itzegitia maiz eta berari eskatzia Ordena santua ondo gidatzeko argia. Denboratsu artan San Benitoren semiak eman zioten Subasioko mendian zuten praile-etxe bat, Asistik ordu bat bide inguruan. Bakardadian arkitzen zan au eta Santua aruntzaxen juan oi zan oraziora; ona zergatik deitzen dan leku ura: San Franziskoren itxitegia, kartzela. An diabruak asko aldiz tentatu izan zuan, baña guztietan Franzisko ateratzen zan garaitzalle.

        Etxe santu onetan gordetzen ziran asko gauza, Santuak bizitzan usa zituanak. Arri kaskar aundi bat, eta arbola-ondo bat, zeñen arrimuan ematen zion gorputzari desneke pixkabat. Baita ere gordetzen zan seda gorrizko zapi bat, are gorriago Santuaren zaurietako odolak egina, zeñarekin anai Leonek sendatzen ziozkan edo lotutzen zauriak. Gordetzen zan oraindik, kristalezko ontzitxo batian San Franziskoren zaurietako odol gordiña, Santuak bidian erabilli izandu zuan makilatxua, eta beste onelako gauza aberats asko.

        Denbora artan oraindik eman zioten Villako praile-etxia; au ere arkitzen zan bakardadian, zuaitz itzaltsu askoz inguratua. Emen egin zuan mirari bat polita. Bela beltz ta onen antzeko txori-egaztiak zeuzkaten beren kabiak zuaitz aietan. Orduz landarako kantu garratzakin, atsekabetzen zuten oek Santua, guztiz ere baldin oraziuan bazenguan. Bein batez bada eman zien errietan, eta agindu zien edo egon zitezela ixilik, edo ta bestelaz juan zitezela andik. Askok aldegin zuten beren kabiak utzirik; batzuek gelditu ziran, baña geroz egoten ziran ixilik, gizonak, esan ta esan arren, nekez egon oi dira ixilik, eta txoriak ixiltzen dira eta beliak ere bai, San Franziskoren esanera!

        Iru urte luzian Santa Klara San Franziskorekin itz asko egin gabe zeguan. Nai zukian Santuaren ango egoitzaz baliatu, bere biartasunak agertu, eta beste gauza asko antolatu, ta artarako itzegin Gidari Santuari. Klarari asko gazte zitzaizkion etortzen, eta etxia ondotxo ere bete zuan. Beste aldez naiago zuan berak obeditzen bizi, ezen ez agintzen. Etzuen nai ainbeste anima eder ta birtutetsuen buru izan; zeren bere betasunian etzan diño ezagutzen arteraño. Baño etzuan logra izan bere gidari Aita-len Franziskongatik nai zuana; zeren Jaungoikuak autu zuan Klara guzien buru izateko, eta au, zeruak azaldurik, ongi zekian Franziskok.

        Guazen orain gure Aita-len maitiaren semietara. Oek ikusi zutenian beren Ordena, ainbeste Obispo Jaun ta jakintsuren erdian, aita Santuaz berriro baimendua, etzekiten beren biotzeko poza nola agertu; ain zan au aundi. Baña, zer esan det? Etzekitela nola agertu barruneko poza? Bai, bai, bazekiten eta ezin ta obeto agertu zuten. Ezpada begira lenaz gañera zer asmuetan sartu ziran. «Gu deituak gera, animak, geren danez, salbatzeko alegina egitera; biziuaren beztasuna adiaraztera; birtutiaren gozotasunak erakustera. Zertan gaude emen? ­zioten— Len-bai-len lanari ekin deiogun. Aita Santuak maitatzen du gure bizi modua; gañera bedeinkatzen gaitu; guztion Aitak bedeinkatzia, zeruak bedeinkatzia da. Animak berriz Jaungoikuaren itzaren gose dira; zertan gaude emen?» Onela beraz bena lenaz gañera Aita-lenak eman zizten berri onakin berotu ziran, eta Jaungoikuaren mastiko langille eskaintzen ziran.

 

aurrekoa hurrengoa