www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMABOSTGARREN BURUA

 

ILL BAÑO LEN BEDEINKATZEN DU

SAN FRANZISKOK ANAI ELIAS

 

        Adiazi ziotenian Santuari eriotza alderatu zitzaiola ta laster illko zala, poz aundian abiatu zan kantari bere eguzkiaren kantuarekin Jaungoikua alabatzen: «Gure arreba eriotzagatik, Jauna, izan zaite laudatua, zeñarengandik iñor, lurrian bizi danik, ezta iges egiten». Orduan deitu zien bere seme leial maite aieri, eta, beste orduz Aita-len Jakobek bezela, bedeinkatu zituan inguruan zeuzkanak. Gero bedeinkatu zuan Ordena guzia; Aita-len Jakoberen antzera, San Franzisko Aita-lenak ere bi besuak zeuzkan gurutzeturik. Beraren ezkerrian nola arkitzen baizan anai Elias, onen buruaren gañian zedukan esku eskuia Santuak, eta nola bere begi illunduak elzuten ikusten, galdetu zuan noren gañ zedukan bere esku eskuia. Esan zioten anai Eliasen gañ zedukala. «Ondo jarria dago nere eskua: nere semia, guztian ta guziez gañ bedeinkatzen zaitut. Al detanaz, ta al detanaz baño ere geiago; nik ezin detana, guzia dezakianak, zugan dezala egin». Bendizio ederra alabaña, baliatu balitz anai Elias, orduko sentimentuetan iraunaz. Besteren buruan ikasi dezagun on ta leial izaten.

 

 

BERAK AGINTZEN DU
ERAMAN DEZATELA
PORZIUNKULARA

 

        Bazekian laster ill biar zuala, beragatik esan zien beriai eraman zezatela Santa Maria Aingerunera. Artu zuten lauk angallan. Erriaren ta etxe santuaren erdi inguruan arkitzen zan eritegi batera eldu ziranian, galdetu zien legen-artsuen eritegian arkitzen ziran edo ez. Erantzun zioten baietz. «Jarri nazute bada erriari begira». Jarri zuten, eta lenbizi egin zuan negar, erri ark supritu biarko zituan gerrakgatik, eta gero bedeinkatu zuan era onetan: «Jaungoikuari leial zeran erria, Jaunak zaitzala bedeinka, zeren zugatik ta zugan dauden asko anima, salbatuko diran. Jaun-txit-goikoaren asko ta asko serbitzari bizituko dira zure arrizko esiyaren barrundik, ta betiko bizitzarako izango dira autuak ez gutxi».

        Eldu ziran Porziunkulara, eskatu zituan biar ziranak izkiribitzeko. Agindu zion bere seme bati jarri zezala ark esana Siete-solioko Andre Jakoba Ordenako ongille txit aundiari. Esaten zion Santuak nola arkitzen zan, eta, nai bazuan bizirik ikusi, larunbata baño len eldu zedilla. Gañera jartzen zion ekar zezala aren gorputza estaltzeko edozein oial, edo obeto zilizio bat, bai ta ere argizaria. Au lumaz jartziaren bat, piskatxo bat gelditu zan, eta gero esan zuan: «Badator andre Jakoba bera eta ez daukagu ezertan ibilli biarrik». Santuak esan bezela, laster jo zuten atia; zan andre Jakoba bere bi seme Erromako senadoriakin ta Santuak eskatzen zuanarekin prestatua. Arriturik erlijiosuak galdetzen zioten nolatan jakin zuan Aita-lenaren egoeraren berria. Erantzun zien aingeru batek nola guzia esan zion. San Franziskoren baimenarekin sartu zuten andra Jakoba barruna. Eragotzia bazan ere emakumiak sartzia, andre Jakoba legiak arrepatzia etzuan nai izan Santuak; ona zergatik eman zion baimena, legerik autsi gabe sartu zedin. Santuaren itz gozuak aditzen egon zan andre Jakoba negarrez bere oñetan, beste denboraz Madalena bat Jesusen oñetan bezela. Asteazken-goiza zan, ta nai zuan bere etxera itzuli andre Jakobak, zeren uste zuan artian etzala illko. Baña Santuak etzion utzi, esanaz larunbatian biar zuala ill, eta illetako lanak biar zituala egin, eta ariketa bukatu arte guzia geldi zedilla; ala geratu zan. Biatikuan Jaun aundia artzeko azkeneko aldiz, konpesatu zan anai Leonekin bere bizitza guztiko utsegitiaz. Gero jakin zan anai Leonengatik San Franziskok beti gorde zuala garbi illarteraño bataio santuko jantzi zuria.

        Urrillaren irugarren eguna argitu zan ostiral-goizarekin. Berriro deitu zien beriai, bigarren aldiyan bedeinkatu zituan, eta gañera eman zien ogi-puskatxo bana guziak jan zezaten, onekin adiazi nairik nola denak bizi biar zuten elkarganako amoriuan. Bakarrik anai Eliasek etzuan jan ogi artatik, baizik zeukan eskuan edo errespetuz edo zerbait Jaungoikuak adiazi nairik gero nolako pausuak emango zituan amorio ura galtzeko, ez dakigu. Ikusi zion eskuan anai Leonek ogi bedeinkatuaren puska; eskatu zion ta gorde zuan. Ogi-piska arekin gero Jaungoikuak egin zituan mirari aundiyak.

 

 

BEDEINKATZEN DU ILL BAÑO LEN
ANAI BERNARDO

 

        Dianak arkitzen ziran negarrez Aita-lenaren inguruan. Alatan esan zuan: «Nun da nere seme Bernardo?» Au zan guztien artian zarrena, Ordenan lenen sartua bezela. Alderatu zitzaion bada anai Bernardo. «Atoz nere semia, bedeinka zaitzatan ill baño lenago». Belaunikatu zan anai Bernardo Santuaren ezkerreko aldian; eskuikuan berriz zeguan anai Gil. Gurutzetu zituan besuak San Franziskok, eta, bere eskuia anai Bemardoren buru gañian zuelarik, bedeinkatu zuan onela: «Jesukristo gure Jaunaren Aita Betikuak bedeinka zaitzala, espirituko bendizio zeruak orañ arte gure gañ ixuri izan dituan guztiyakin. Nola zu izandu zeran lenbizikua Ordenan ejenplu ona emateko, utzirik munduko ondasunak pobrien eskuetan, ebanjelio santuari jarraitzeko Jesukristoren pobretasuna gogoz laztandurik, beragatik izan zaite nizaz eta Jesukristo gure Jaunaz bedeinkatua; eta izan zaite betiko bedeinkatua, ala geldi egonian, nola ibiltzen, ala esna zaudenian, nola lotan, bizitzan ta eriotzan. Zu bedeinkatzen zaituana izan dedilla bendizioz betia, eta zu madarikatzen zaituana, ez dedilla geldi kastigu gabe. Izan zaite anai guzien buru, eta izan ditezela guziak zure menpeko. Zuk Ordenan artu nai dituzun guztiak, izan ditezela artuak; eta zuk bialtzen dezuna, bialitzat jo dedilla. Iñork ez dezala eskurik izan zurekin; nai dezun tokira juan edo nun nai dezun an egon, zure eskuan dago».

        Anai Bernardo bere Aitaren aotik itz oriek adituta negarrez, aldegin zanian, esan zien Santuak an zeuden beste semiai: «Nere naia ta gogua da, edozein izaten dala guztien ministrua, ezagutu dezala anai Bernardo nerau bezela. Ni bezela amatu ta onratu dezala. Eta Probintzial guztiyak ta anai denak nere ordeko ezagutu dezatela; bada uzten dizutet ori nere biotzaren erdiya bezela. Gutxi dirade orren birtutiaren aunditasuna ezagutu dezaketenak; aiñ da aundiya bere birtutia! Egiten du alegina Satanasek berak tentatzen, lazuak ta trabak jartzen eroriarazteko. Baña Jaungoikuaren laguntzarekin guztiak garaitzen ditu ta garaituko ere bai». Gero ezagutu zan zeiñ aundiya zan anai Bernardoren santutasuna, Aita-lenak adiazi bezela.

 

aurrekoa hurrengoa