www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKOREN DUDA BAT

 

        Antolatu zituan erarik onenera gure Aita-len santuak Santa Klara ta bere alabak San Damianen, eta gero nola txit jaiera aundiya zuan oraziorako, sartu zan duda batian predikaziua utzirik jarraituko ote zion oso oraziuari; eta egin zien itzaldi au bere semiai: «Nere anai maitiak, iritzi bat eskatzen dizutet: zer dala onena deritzozute, ni oso oraziuai ematia, edo ta bestelaz Jaungoikuaren itza adiaraztiari?... Oraziuaren alde arkitzen ditut arrazoi aundi ta asko... gañera ni izanik gizon senzill bat bestiai itzegiteko... Bakarrik Jaungoikuaren aurrerako uste det gauza batek oraziuari diola bentaja predikaziuak, au da: Jaungoikuaren Semia jetxi zala zerutik lurrera animak salbatziagatik erakutsiaz itzez eta egitez Jaungoikuaren legia predikaziuaren bitartez. Eta nola gu gauden Jesus iduritzera biartuak, deritzat Jaungoikuaren gogua izango dala nik ere animak salbatziagatik, Jesusek egin zuana egitia».

        Bi gauzagatik, dio San Buenabenturak nai izan zuala Jaungoikuak izan zezan San Franziskok duda au. Lenen: zeruak agerturik azaldu zedin are geiago zeiñ merezigarriak diran predikatzallien oñ arrastuak. Eta bigarren: izan zedin dudatze ura Franziskorentzat gai berri bat umiltasunian are geiago sendotutzeko, naiz ez lotsa izan bein ere bere semiai iritzi bat eskatzeko.

        Beraz zertara jo jakitiagatik esan zien bi erlijioso Filipe ta Maseori: «Zuazte anaia Silbestro, Jaunaren apaizarengana, (zeña arkitzen zan orduan Asis inguruko mendi batian; au zan arako Franziskoren aotik urrezko gurutzia irteten ikusi zuana), esaiozute galde deiola oraziuan Jaunari nere dudaz, eta biali deitala Jaungoikuaren erantzuera. Gauza bera esan biar diozute ere arreba Klarari». Silbestrok eta Klarak egin zuten orazio, eta bien erantzuerakin itzuli ziran Filipe ta Maseo beren Aita-lenarengana. Guztiz ederki artu zituan Santuak bere mandatariak; garbitu zizten oñak, laztandu zituan eta jaten eman onduan deitu zien bakardadera. An belaunikatu zan eta bularraren gañian besuak gurutzeturik esan zien: «Esan zadazute nere Jaun Jesukristoren gogua zer dan». «Nere aita maitia —erantzun zion Maseok—, Silbestrok eta Klarak erantzuera bat izan dute gure Jaun Jesukristorengandik, eta dio: juan zaitiala predikatzera mundu guziari; zeren etzaituan autu Jaungoikuak zere anima bakarrik salba ezazun, baizik beste askorenak ere bai. Beragatik eta salbatu biar diran animen onerako, zure auan Jaungoikuak berak jarriko ditu itz egokiak». Au aditu bezain laster jaiki zan Santua amorioz suturik, eta arturik lagun Maseo ta Rietiko Anjel, esan zien berriz: «Guazen, guazen Jaunaren izenian». Ta irten ziran Bevañaruntz.

 

 

PREDIKATZEN DIE TXORIEI

 

        Adani pekatu egin baño len kriatura guziyak obeditzen zioten; guztien errege baizen. Moduren batian gure Santuarekin au berau igaro oi zan, gertaldi onetan bezela. Bevaña bidian arkitu zituan txori asko mueta guzietakuak bide inguruan. Poztu zan txit Santuaren biotza Jaunaren kriatura garbi aiek ikustiaz. Badijuakie. Txoriak geldi. Agur gozo bat egiten die Santuak txoriai. Alderatu zitzaizkan txori taldiak, jartzen zitzaizkala arpegiz-arpegi. Orduan esan zien Franziskok: «Aditu, aditu nere arreba txoriak! Asko biar dezute alabatuzuen Egillia, bada lumaz jantzi zaituzte, airia ematen dizute, bai ta ere jaten». Au esaten zien denboran, txori batzuek mokotxuak idikirik, bestiak egotxuak zabaldu, askok lepua luzatu, eta denak Santuari begira aditzen bazuten bezela esaten ziena, batak baño bestiak poz aundiagua agertu nairik egondu ziran txorien predikatzalle Franziskok azken bendiziua eman zien arteraño. Orduan denak egatu ziran era bat kantuz Jaungoikua al zuten moduan alabatzen. Franzisko itzuli zan bere lagun arrituetara esanaz: «Damu det txori polit garbiai egundaño ez predikatua». Ze biotz aingeruzkua zuan gure Santuak!

 

 

KARIDADEZKO
LAN MIRAGARRI BAT

 

        Denbora artan gure Aita-lenaren semiak eritegietan egon oi ziran, eriak, batez ere legen-arrak juak, sendatzen. Eginkizun onetan ongiena ezagutzen zan nor zan ona ta nor ez Ordena santurako. Erien urrikirik etzuanik etzuan ezagutzen Franziskok bere semetzat.

        Egun batez etorri zitzaizkan Santuari eritegitik bi seme. «Aita —esan zien—: eri batek makillaz jo gaitu, baña au, eraman ditekiana dan bezela, eraman degu ixil ta umill ustez. Baña ezin eraman ditugu botatzen dituan blasfemiak». Itz au aditu bezain laster juan zan korrika eritegira Santua. «Pakia izan dedilla zurekin, pax tecum, esaten dio eriari gozotasun aundiarekin. Jaungoikuaren eskutik datorkizun gauza bezela biar dezu eritasun ori eraman, Berak nai duan ezgeroz». Alferrik izan zan au esatia. Jarririk oraziuan eskatu zion ezin bestian Jaungoikuari itz onekin: Jauna, bigundu zazu gizon onen biotz gogorra. Eskari au Jaungoikuari egin onduan berriro juan zan eriaren aldamenera. An amorio aundi batekin esan zion berriz: «Nere anaia, zer nai dezu zure onagatik nik egitia?» Erantzun zion gogorki onek: «Zer nai nukian nik? Nik nai nukiana da, zuk nere gorputza garbitutzia; zeren neronek ezin daramat nere gorputz zauriz ustelduak botatzen duan kiratsa». Ixil Franzisko prestua; karidadez beterik berotutzen du uda, eta udari usai gozoko belar batzuek botarik, bere eskuaz garbitzen du gizon tratakaitz aren gorputz zikina. Zein Jaungoikuaren gogokua dan karidadia orduan agertu zan. Franziskoren eskuak ariñ igurtzitzen zuan eran, eritasuna zijuakion gaixuari, agertzen zalarik azal berri ederra. Ez bakarrik ordia gorputza sendatu zion; bai ta ere gorputzeko osasunarekin batera animakua eman zion. Geroztik gizon aren aotik itz onak ta esker onak besterik etziran aditu.

 

 

PREDIKATZEN DU
BEVAÑAN ETA ALVIANON,
EGITEN DITUALA
MIRARI AUNDIYAK

 

        Sartu zan Bevañan eta asi zan predikatzen. Zer predika zezakian gizontxo ark? esan dezake norbaitek. Jaungoikuaren amoriuan suturik daukanak biotza, ezin somatuak nekerik ez diseka. Amoriua izango da Franziskoren lenbiziko itza; amoriua bere itz-aldiaren azkena. Bein ukitu zuan Franziskoren biotza Jaunaren amoriuak; geroztik amorio au berau predikatuko du aurrena, beste askoren biotzak ukitu ditzan.

        Egiaz Bevañako asko jende sartu ziran Jaunaren grazian amoriozko predikazio onen bitartez. Batez ere ikusi zutenian itzari mirariak laguntzen ziotela, nor etzan mugituko? Nork, diot, ezaguturik Jaungoikuak bere serbitzariaren bitartez egiten zituan alako mirariak? Bevañan erri guztiyaren aurrian biurtu zion Franziskok begietako argiya neskatxa bati. Onetarako igurtzi ziozkan bere txistuaz betazalak iru aldiz Trinidade santuaren izenian.

        Beti deitzen dute mirariak jendiaren ikus-naia. Ikus-nai onek asko aldiz dakartzi danik eta biotzik gogorrenak Jaungoikuaren adiskidetasunera. Guziya da au Jaunaren graziazko egin-bide bat.

        Iduri zitzaion gure Aita-lenari, zeñak Jaungoikuagatik zerbait sufritzia beti desiatzen zuan, Jaungoikuaren itza adieraztiarekin baño, bere zañetako odola ixurita anima geiago irebaziko zituala, eta beria segurtu. Beragatik artu zuan asmua, Italia utzirik, eguzki alderunz bidegitia, nun ere bere ustietan, Jaungoikuaren itzaren biartasun aundiaguan arkitzen zan jendia, Italian baño. Ez ote zitzaion agian gogoratu, oraingua bazan Italia orduan, Italian baño obeto aditua izango zala eguzki aldian? Dena dela, erabaki zuan eguzki aldera juatia. Utzirik beraz bere ordeko Cataneoko Pedro, ekin zion lenbizi Erromako bidiari. Eldu zan Alvianoko errira eta asi zan an ere Jaungoikuaren itza azaltzen. Artan ari zala, enaldi batek beren txirul-txirulekin eragozten zion jendiari Santuaren itza aditzia. Agindu zien, Franziskok enadai ixil zitezela ta aguro. Agindua egin zuten enadak, ixildu ziran beriala. Ezagutzeko ongi zenbateraño zabaldu zan mirari au munduan, asko da gogoratzia arako San Buenabenturak kontatzen duan ura. Au da Parisko eskola-mutil bati gerta zitzaiona. Dio bada Santuak: «Ikasle bati bere txirul-txirulekin eragozten ziola ikastia enada batek. Esan zion ark bere lagunari: duda gabe enada onek izan biar dik, San Franziskori predikatzia eragotzi nai izan zion aietakua, zeñak ixilduazi zitien ta aguro. Alatan esan zion txoriari: Jaungoikuaren serbitzari Franziskoren izenian, enada, atoz nigana, eta ixil emen. Franziskoren izena aditu bezain laster ixildurik txoria, etorri zitzaion eskura mutil ikasliari. Arriturik mutilla, utzi zion txoriari juan zedin nai zuan tokira eta aren kontu txirulik etzuten aditu». Au diona da San Buenabentura, Parisko maisu jakinduri aundienetako bat denbora artan.

 

 

FRANZISKO ERROMAN

 

        Ongi artu zuan Erroman Franzisko Aita Santu Inozenzio irugarrenak. Bere Ordena berriko kontu guziya eman zion Santuak, eta poztu zan kristau fededun guztien Aita. Agertu zion ere Maometar ta Tartarrai Ebanjeliua predikatzeko zuan asmua, eta gogoz eman zion Aita Santuak bere bendiziua. Erroman egondu zan denboran Franziskoren itzak konbertitu zituan batzuek. Bertako seme Zakariasi eman zion jantzi santua: baita Gillermo Inglesari ere; onek bete zuen bere birtute andiaz, Juan Capella, Judas bigarrenak, egin zuan uts-unia.

        Siete-soliosko Jakoba, Erromako andre alargun, aberats, birtutetsuak, iriki ziozkan bere etxeko atiak Franziskori. Gañera artu zuan bere espirituko gauzak zuzentzeko gidari. Laster lenaz gañera aurreratu zan birtutian ta santutasunian miresteko moduan andre Jakoba. Nor etzan aurreratuko alako Aita espiritukuarekin? Bi emakume ikusten ditugu gure Santuarekin zerbait tratatu zutenak, beti animako gauzetan: Klara eta Jakoba. Oekin izandu zan Franzisko gisa berian nola Jesus beste orduz Samaritana eta Madalenarekin.

        Franziskoren semiak andre Jakobaren etxian arkitzen zuten legorra eta arkitzen zuten ogia. Andre oni zor diote San Franziskoren semiak Tibet ibai-bazterrian arkitzen dan San Franzisko á ripa deitzen dan praile-eliz-etxe santua. Ikusten da oraindik etxe santu artan San Franzisko bizitu zan gela, baita ere arrizko burko bat zeinaren arrimuan desneke ariñ bat artu izaten zuan. Franzisko itzuli zan Asisa.

 

 

ITZULTZEN DA BERRIRO ASISA
ETA SARTZEN DA ITSASUAN
SIRIARAKO ASMUAN

 

        Irten zan bada Ascoli, Marca Anconako errira; asi zan Jesukristoren lege santua azaltzen ango jendiari, zeña aspaldi artan arkitzen zan Santuaren itza aditzeko desio aundietan. Jaungoikuaren itza gogoz aditzen danian, beti frutu onak ematen ditu. An ere ala gertatu zan. Erri artan bakarrik, ogei ta amarrek eskatu zion Ordenako jantzi santua.

        Baña artutako asmua len-bai-len nai zuan bete, eta beragatik alderatu zan itsasora; sartu zan ontzian Siriarako ustian; aizia zuten ordia aurreratzeko txarra, eta bota zituan onek Esclavoniako legorrera. An zeguan gure Santua, Siriarako ontziren bat agertuko zalakuan itsas gañian; baña alper gaiztuan. Azkenik etsirik ekin zion bidiaz, Anconara zijuazen itsas-gizonai esan zien, artu zezatela ontzian Jaungoikuaren izenian bere lagunarekin. Baña nola ez baizuen sosik, etziokaten eman nai izan ontzian tokirik. Alere Franzisko bere lagunarekin sartu zan ontzian ixilik, eta gorde ziran. Bat-batian agertu zan Jaungoikozko gizon bat ontzian; esan zion onek itsas-gizon Jaungoikuaren bildurreko bati: «Tori janari oriek eta, biarrian arkitzen diranian, or gorderik dauden erlijioso orieri emango diezu jaten». Aizia zuten kontra; bidia, laburtu biarrian, luzatu egin zan, eta egunak geitu. Zer janik gabe gertatu zan biartasunik estuenian jende ura guztiya. Baña Franziskorentzat bere lagunarekin zeguan piska, asko izandu zan guzien gosia kentzeko, lurra jo arteraño. Orduan ezagutu zuten denak Jaungoikuak bere serbitzari Franziskoren bitartez mantendu zituala eta luzatu ziela bizitza.

 

 

BERSOLARIEN ERREGEREKIN
GERTATU ZANA

 

        San Seberinoko errian ari zan Franzisko predikatzen. Enperadore Federiko bigarrenak koroatu zuan, itz neurtuetan txit artekua zan gizon bat, ta izendatu bersolarien Errege. Bersolarien errege au arkitzen zan bada Franziskoren aditzallien artian itzaldiko denboran. Ikusi zuan bada gizon onek orduan Franzisko, bi lantzaz gurutzetara josirik. Igarotzen zion gorputza lantza batek sarturik burutik beraño; beste lantzak saietsetik saietsera. Seña onekin ezagutu zuan uraxen zala berak billatzen zuan Jaungoikuaren serbitzaria. Itzaldia bukatzian eskatu zion San Franziskori Ordenako jantzi santua eta eman zion; nola munduko arazo ta gauza nastuetatik igaro zan Jesukristoren pake santura, arengatik izena jarri zion Pazifikorena.

        Santuaren kopetaren erdian bein ikusi zuan Pazifikok T bat kolore askorekin ederki egiña. Nola baitan te au gurutziaren antza duena, onekin aditzera ematen zuan Jaungoikuak, Jesus maisuaren antzera nola gurutzia laztanduko zuan bere serbitzariak; au izango zala bere bandera, eta gurutzian egingo zuala bere egoitza. Baita ere anaia Pazifiko onek berak ikusi zuan zerua, ta an esertoki bat beste guztiyak baño ederragua. Galdetu zuan norentzat zeguan ura, eta erantzun zioten: «Au da lenago Aingeruak galdu zuana, eta orain Franziskorentzat gorderik daguana».

        Bien batian galdetu zion Santuari Pazifikok: «Aita, zer iduritzen zaio bere buruaz?» Erantzun zion Santuak: «Iduritzen zait pekatari guzien artian ni baño aundiagorik ez dala». «Nola ori? Ezin lezake kontzientzian ori esan». «A, nere anaia! Baldin Jaungoikuak niri egin dizkidan mesediak eta eman dizkidan laguntzak, pekataririk aundienari egin balitzaizkio, nik Jaungoikuari erantzun diotan baño esker obiaguarekin deritzat erantzungo ziola». Ainbesterañoko umiltasuna erantzuera miragarri onetan ikusi zuanian anaia Pazifikok, Luziferrek bere arrokeriaz galdu zuan esertoki ura gorderik zeguala Franzisko Aita-len Santuarentzat jakitiak, etziokan mirarik ematen.

        Toscanako etxe-santuak ikusi ondoan, anaia Pazifiko bide-lagun zuala, biurtu zan San Franzisko Asisa, 1212garren urtian.

 

 

SAN FRANZISKOREN SEMIAK
LAPUR-ETXIAN

 

        Bi erlijioso illunak arrepatu zituan bidian borda baten inguruan. Borda au zan lapur-etxia. Lapur guzien buru egiten zuana zan jatorriz etxe oneko semia. Erriarekin zerbait ikuskizun izandu zualakoz, eman zan bizi-modu berri artara. Bordako atarira eldu bezain laster, bota zien lapurrak alto ikaragarri bat. Etziran erlijiosuak oso ezeztatu; baizik eskatu zuten Jaungoikuaren izenian legorpe bat gau ura igaro arteko. Oroiturik lapur aien buruak bere jatorri onaz, ongi artu zituan, eta jarri zituan gañera bere maian. Apal-orduko denbora guzian etzan beste jolasik aditzen mai artan, ezpada egun artan egin zituzten lapurreta eta gañerako oni dagozkion gaiztakeriak. Erlijioso onak, guztiya aditzen, illun zeuden ta ixil. Apari ura bukatu zanian, erlijioso aietako batek eskatu zien baimena itzegiteko. Asi zan bada itzegiten, eta ain gauza ederrak esan zituan zeruko atsegin garbi ta ango gloriaren gañ eze, lapur guziyak zeuzkan arri ta zur eginik berari begira. Itz-aldi arren frutua izan zan lapur aien buruaren konbersiua. Gau artan bertan aitortu zituan bere pekatuak konfesiuan, ta andik egun gutxira San Franziskok berak eman zion Ordenako jantzi santua.

 

 

SAN FRANZISKO
GAIZKITUTZEN DA

 

        Urte onen azkenera beñ sukar irukorrak, beñ laukorrak, utzi zuten indargabeturik gure Santua. Gidon Asisko Obispo jaunak artu zuan amorez bere jauregiyan; naiz ez izan Franziskok jauregiko bizi-asmorako gogo aundirik. Arara juaten zitzaizkan bere semiak, beren animaren egitekuen argi-billa. Onera oraindik eramaten zituzten inguruetako etxe-santu guzietara juaten ziran gazte mundua utzi-naikuak jantzi santuaren eske, askotan ogei ta amar, berrogeitaraño. Ainbesteraño bedeinkatzen zuan Jaungoikuak Franziskoren Ordena, eta bendizio oekin adiarazotzen zuan bere gogua mundu guzira zabaltzekua zala.

        Luca-ko gazte jator oneko bat etorri zatzaion beñ negarrez jantzi santuaren eske. «Zergatik negar egiten dek? —esan zion oni—. Nai dek begitik agertu biotzian ez daukiana? Ire asmua utsa dek, laster jiratu biar dek». Egun gutxiren buruan, Santuak aditzera eman bezela, etorri zitzaizkan zaldun, morroi ta bere aidiak, eta eraman zuten etxera, begiak legor.

 

 

FRANZISKOREN
GAITZ ONDOKO EGUNAK

 

        Zerbait indartutzen asi zanian, oartuzan jauregiko janak praile-etxekuak baño on geiago bere gorputzari egin ziola; iduritu zitzaion igurtzi geiegi egiten ziola bere gorputzari eta onen mañarentzat begiramen aundigia zeukala; au zan bere iritzian utsegite aundi bat. Beragatik eta erremedio egoki bat jartzeko, txirundu zuan lepuan soka, ta gañeko jantzia kendurik, deitu zion Cataneko Pedrori: «Atoz, nere anaia Pedro; arzu soka au eskuan eta tira indarrez niri kupida gabe; eraman nazazu urkamendiko arriaren gañera». Onela elizatik urkamendiraño bere burua kalez-kale eraman azi zuan. An erriari itz-egin zion era onetan: «Ni naiz jale aundi bat; beragatik ez nazute animako gauzari zorrotztasunarekin begiratzen dion bat bezela artu biar; aiñ gutxi Santutzat». Gisa onetako egitiakin Franziskok bere burua beratzen zuan, eta etsaiari ebakitzen zion bidia, bere biotzian sartu etzedin.

 

 

GALAI BATEN KONTAIRA

 

        Jatorri on ta aberatseko galai batek, arturik lagun aide adiskide ta morroi asko, Santa Maria Aingeruen atonduan eskatu zuan Franziskoren Ordenako jantzi santua. Ikusirik Santuak ainbeste atarramentuko jendia, galdetu zion anai bati. «Zer da jende ori guzia? Eta zer dire zaldun oriek?» «Aita, emen dator gazte bat, Milango etxaldeko seme odol oneko galai aberatsa ta jakintsua; eta dator munduari azken agurra egin nairik, gure jantzi santuaren eske». Ezpaña parreturik orduan, esan zuan Santuak guzien aurrian: «Ez deritzot gure arterako txit egokia dala orrenbeste arazorekin datorrena; baña alere gai onetan jakin nai det nere anaien gogo-modua». Esan zuten anaiak: «Ezta ori gure Ordenarako egiten dana». Au aditzian eman zion galaiak negarrari, ta gogotik. Urrikaldu zan Santua eta esan zien beriei: «Nere anaiak ar dezagun, nai badu izan sukalkin». Ain zan egiazkua mundua uzteko gaztiaren erabakintza eze, pozik, utzirik aide, adiskide, morroi ta urre-zillarrak, artu zuan Erroman San Blasko ospizioko sukalkintza mundu guziaren truke. Laztandu zuan Santuak, eta denbora naikuan ikusirik pozez serbitzen zuala sukaldeko lanetan, egin zuan beste ango guzien buru. Egiztatu zan galai onekin itzez-itz Ebanjelioko itz ura: «Beeratzen dana, gooratua izango da».

 

 

FRANZISKOREN ERAMANKIZUNA;
TA ERITASUNAREN ERDIAN
BERE NAIA ANIMAK SALBATZEKO

 

        Milla berreun ta amairugarren urtiaren asieran, sukar irukor ta laukorrak aldizka beti; bere gorputza gaitz onek zimel argaldu ta indargabetu zion, ta arkitzen zan neketan. Artan zeguala, gogoratu zitzaion, itzez ezin bazuan ere, beintzat izkiribuz zerbait on egin zezakiala animetan. Miñ-oñaziak ariñ eramaten zituan ta aisa, Jaungoikuaren amoriuak indar emanik arintzen ziozkalakoz. Baña gizonen onagatik bere animari begiratzia asko etzala, bestiak ere salbatu nai zituan, eta ona zerk mogitu zuan lenbiziko, itz-aldi au izkiribuz ipintzera: «Nik, Franzisko, guztien serbitzariak, lurraren gañian bizi diraden apaiz, erlijioso, eta ez-apaiz ta ez-erlijioso diran gizon ta emakume denai, esaten diet: O zer bedeinkatu ta zorionekuak diran Jaungoikoa amatzen dutenak eta Jesukristok ebanjeliuan agindua egiten dutenak!...» Gero jartzen ditu zenbait itz gozo, gu Jaungoikua biotzez amatzera mugitzeko; eta dio azkenik: «Egiten dizutet orain agur Jaunarekin».

        Ozta irten zan Santuaren eskutik itz-aldi au, nola ordukoz jendia zeguan beti prest Franziskoren itzaz uzta egiteko, bata bestiaren leia izandu zan txit aundiya itz on oriek nork beretzat arturik, lumaz izkiribitzeko oroitzapen bat bezela. Aditzera eman zioten Santuari laburregi izkiribitu ziela, eta luziago izkiribitu zeiela, zeren guztiz gozamen aundiya artu zuan jendiak itz aiekin. Gauza onak ematen du gogua, ta itz onak berriro aditzekua. Animen gose osasungarriak mugitu zuan Santuaren biotza bigarren aldiz, orain jarriko dituan itzak, guziak ezpada ere batzuek, izkiribitzera.

 

 

FRANZISKO ERIAREN
BIGARREN ITZ-ALDIA

 

        Karidade egoki ta zeruko pakia eskaiñi onduan Santuak mundu guziai, egiten du itz-aldi luze bat, nun ere esaten du, ark luze, nik labur: «Miñaren indarrak eragotzi ditana esatia mingañaz, orain diot paperaz itzez ezin detana: Gu salbatziagatik Jaungoikua egin zan gizon; gugatik Ostian gelditu zan, eta gugatik gurutzian ill zan. Egiak dire oriek artu biar dituzutenak beti goguan. Laudatu Jaungoikua eta gorde bere lege santua. Maiz elizaratu, eta Jaungoikuaren apaizak guziz gañ errespetatu. Orazio ta baraubak; limosna ta obra onak, konfesio ta komuniuak egitzute maiz. Maitatu lagun urkua; egin justizia; izan animen gidari onak; obedi dezatela mendekuak; geiago begiratu animari, gorputzari baño, zeren gorputza ustelkorra dan bezela ustelduko dan, anima ordia ilkaitza dan bezela ezta illkorra». Gisa onetako egi aundiyak ezarri zituan Santuak bere bigarren itz-aldiyan. Itz aiek irakurten zituanai, aietatik on ateratzeko asmuarekin, ematen zien gañera zeruko bendizio au: «Aitaren, eta Semiaren, eta Espiritu Santuaren izenian. Izan dedilla».

        Onelako gauz txit onetan igaro oi zuan eguna Santuak minez arkitzen zan denbora artan. Uda-berrian obetoxiago jarri zan, baña ez beñere oso ondo; bada bere bizitza guztiyan beti izan zan miñkor ta maxkal.

 

aurrekoa hurrengoa