www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO BURUA

 

        San Juanen Apokalisiko zazpigarren buruan irakurten degu; Ikusi nuan beste aingeru bat igotzen zala eguzkiya jaiotzen dan lekutik eta zeukala Jaungoiko biziaren sillua. Itz oek azaltzian dio San Bernardino Senakuak bere irurogeigarren itzaldiyan: «San Buenabenturak itz oek azaldutzian aitortu zuan bazekiala ziertoro, Jaungoikuak ala agertu dien personengandik, San Franzisko zala seigarren silluko aingeru ura, zeña San Juanek adiazi zuan ikusirik aurrez Santu au ta bere Ordena espirituz». Bi Santu dira onela itzegiten dutenak.

        Beste santu batek, San Antonino Florenziakuak ere, indartutzen du orain esan deguna. Zakarias Igarliaren amaikagarren buruan esaten da: «Landu, apaindu nituan bi zigor, bati deitu nion Edertasuna eta besteari Soka». Dio bada Santu onek nola Juakin abade jakintsuak itz orietan aditzen zituan bi Ordena: Edertasunian Santo Domingorena; eta Sokan, San Franziskorena. Onela beraz, ikusten degun bezela, San Franzisko jaio baño lenago zeruak adierazten munduari santu miragarri onen santutasun paregabia, bada onek berekin eraman zuan Jaungoiko biziaren sillua aingeruzko gorputzian eta Serafin zerutarren espirituan.

        Aur zorionekua jaio baño illabete batzuez aurretik ikusten zan Asisen gizontxo bat jendiari oiuka etorkizun on baten adia ematen, itz oekin. Pakia eta ona, pakia eta ona. Gizontxo au etzan geiago ikusi aurra jaio ezkeroz. Baita ere Santa Maria-Aingeruen Eliza inguruan ikusten ziran gabaz guztiz argi ederrak, zerbait berri on adiarazi nai zutenak. Gañera, denbora berian, Eliz ontan aditzen zituzten, inguru artan igarotzen ziranak, miragarrizko kantu gozuak. Duda gabe zeruko Aingeruak alabatzen zuten beren Erregiña, gero aur jaio biar zuan ark maria alabatzeko bere Egoitza egin biar zuan toki artan bertan.

 

 

SANTUAREN JAIOTZA

 

        Eldu ziran aurrarentzat bere amaren sabeletik irtetzeko egunak. Alere aurrak etzuan egunaren argirik ikusi nai oe biguñian. Jaiotzetik iltzeraño Jesusen antz osua izan biar zuan; eta nola Jesus etzan jaio Belenen biguntasunian, Asisko lore ederrak ere, etzuan biar beste jaiotzeko modurik Jesus bere ispilluarena baizik.

        Egun batez, etxekuak estu ta larri zebiltzan garaian, sartu zitzaien gazte arrotz bat, eta ango iskanbilla ikusita esan zien: Ezta jaioko aurra, ezpada bere ama eramaten beko tresabira. Itz misteriotsu oek, sekulan aditu gabiak, gogoan artu zituzten. Izan ere, alako estutasunian, zer ez da egin oi? Eraman zuten andre Pika tresabira eta aurra beriala jaio zan.

        Aur santu au jaio zan Asis deritzon Italiako erri batian; gure erospeneko amabigarren gizaldiyan; milla-eun ta larogeita bigarren urtian, igandian, agorraren ogei ta seian. Asko jakintsuk diotenez, San Juan Bautistaren antzera, bere ama Pikaren sabelian izandu zan graziaz betia, jaio baño lenago santutua.

        Francesco pieno di gratie e primo sanctificato, che nato.

        Adiarazten digu kontairak nola andra Pikak etzuan matrimonioko aurreneko urtietan aurrik izan, eta ala nola beste orduz Anak bere negar ta orazioarekin logratu zuan seme bat, Samuel Jaunaren Igarlia, alaxen Pikak ere logratu zuala zerutik aur eder au.

        Beraz oe biguñian ezin zana jaio, lasto gorrian ikusten da. O aur egiaz zorionekua, jaiotzaren lenengo ergaitik Jesus berri bat dirudiana! Abiatu ziraden beriala gazte arrotzaren billa, baña etzuten arkitu izan. Ongi ezagutu zuten guziak zeruko mandataria zala; eta alabatu zuten Jaungoikua.

        Jaio zanetik irugarren egunian beste Aingeru batek arturik bere besoetan, markatu zuan aurra. eskuiko sorburuan gurutziaren señaliaz. Seña onek beti iraun zion. Biurtu zion aurra iñudiari esanaz: Aur au izango da santu aundi bat: guarda biar dezu beraz arrisku guzietatik arreta berezi batekin.

        Amabostgarren egunian izandu zan bataiatua. Baño ze bataio ederra! Ez nundik eta ez andik, iñork uste etzuala, gazte arrotz bat eskaiñi zan aurra jasotzera. Len ikusi zutenaz oroituta, utzi zioten gazte arrotzari aurra jasotzen. Bataiua bukatu zanian, ez nora ta ez ara desagertu zan gazte ura. Onela bada gure santuaren jaio berrian iru Aingeru ikusi ziran: lenbizikua jaio baño len; bigarrena jaio ezgeroz; ta irugarrena bataiuan. (Ex Chronic et annai.)

        Gaur dan egunian Santua jaio zan lekua dago Eliza egiña, eta deitzen diote, San Franzisko aurra. Eliza onen atar-buruan daude izkiribiturik itz oek: Hoc oratorium fuit bovis et asini stabulum.

        In quo natus est Franciscus mundi speculum.

        Elizatxo au izandu zan idiaren ta astuaren ukullua.

        Nun ere jaio zan Franzisko munduaren ispillua.

 

 

FRANZISKOREN
LENBIZIKO IZENA

 

        Bataiuan jarri zioten aurrari izena Juan. Izen onekin deitzen zioten bere aurtasuneko urtietan. Txit zetorkion egoki izen au berari. Juanek esan nai du grazia, zeñak ere egiten du gizona Jaungoikoaren adiskide. Nori dagoka obeto izen au gure Santu Jaungoikoaren adiskide aundiari baño? Izenak diona izango da beti.

 

 

NUNDIK DUAN
FRANZISKOREN IZENA

 

        Gure Santua jaio zanian, bere aita Pedro Bernardon Moriko etzan etxian. Au zan gizon bat sal-erosiari oso emana, ta munduko ondasun ta aberastasunen adiskide biotzekua. Bere eginkizunak erbesteratzen zuten asko aldiz, eta egun aietan ere arkitzen zan Franzian. Gure Juantxoren gurasuak lurreko ondasunak franko ziztuzten. Pedro Bernardon Morikoren biotza zan diru zalia, eta beragatik ez guziz emana animako gauzetara. Zan biotz gogorrekua, dirutiyak oi diran bezela. Pika berriz zan andre bat Jaungoikuaren bildurrekua ta biotz bera. Matrimonioko aurreneko urtietan ezpazuten ere aurrik izandu, jakin biar da Andre Pikak bere eskariakin logratu zituala bi seme. Lenbiziko izan zuna da gure Santua, eta bigarrena zan Anjel izena zuana.

        Juan gure Santu pare-gabiak igaro zituan aurtasuneko urtiak ait-amen itzalian. Aleginaz saiatu ziran gurasuak beren semetxo Juani eskola ona ematen. Juan ongi baliatu zan eskolako orduaz. Ikasi zituan asko gauza. Ikasi zuan latina, ikasi zuan Franziako erdera ere. Musikua zan ta itz neurtuak izkribitzen zekiana, bersolaria. Guztiz ere aita leiatu zan bere seme Juani Franziako erdera erakusten. Aitaren naiari txit ondo semiak erantzun zion. Añ ondo ezik, franzesen erderan egoki itzegiten zualako, aitak berak deitzen zion Franzesko, eta emendik datorkio Franziskoren izena gure Juan santuari. Geroztik Franziskoren izenaz nola izan baitan deitua beti, emendik aurrera liburu onetan alaxe deituko diogu guk ere.

 

 

FRANZISKO ESKOLA-MUTILL

 

        Gazte alaia zan Franzisko, lagun-zalia, eta lagunaz beti maitatua; jostatzallia ta umore onekua; bizkorra ta biotz onekua guziz; zan Asisko jendiak esaten zuanez gaztetasunaren loria. Lagun arteko gastuei, azi zanian zerbait, etziokan begiratzen; eta beti jostatzeko aurrena izanik ere, au izan zan gazte bat, iñoiz ere itz lasai bat bederik bere aurrian esatia ametitu nai etzuena. Ala, munduan jostatu zan denbora guztian, beti gorde zuan gai onetan biotza garbi.

 

 

NUNDIK SORTU ZAN
SEMIARENGANAKO
AITAREN ASERRIA

 

        Diruak begiak okertzen ditu. Asko daukanak berriz, geiago nai izan oi du. Zerbait galtzia, biotzeko atsekabea. Lagun artian semiak egiten zituan gastutxuari begi errebesakin begiratzen zion Pedro Bernardon aita diru zale ark. Emendik izandu zuan asiera aitaren semiaganako aserriak ta ezin ikusiak. Amaren biotz gozuak beste alderditik begiratzen zien bere semiak egiten zituan egintzai. Gorderik zeuzkan bere biotzian bere semiagan ikusi zituan mirariak jaio zanian ta gero; oraiñ berriro Franziskoren pobre eskalien alderako urrikalmenduak asko gogoratze on erakarten ziozkan burura. Eta egiaz arritu zitekian arrazoi aundiarekin gazte aren eskale-biartsuen aldeko amorio ta naitasuna ikusirik. Ikusten bazuan Franzisko gaztiak oetako bat, edo luzatzen bazioten esku zabala, etzuan biotzik zerbait eman gabe utzitzeko. Baña guziez gañ eskatzen bazioten Jaungoikuaren amoriuaren izenian biguntzen zan Santuaren biotza ta mugitu miragarrizko moduan.

 

 

FRANZISKO URRIKALTZEN DA
POBRIAKIN

 

        Gertatu zitzaion, dendako eginkizunetan estu-estu zebillela, ez begiratzia Jaungoikuaren izeneko bati; oroitu zan beriala bere utsegitiaz, joan zan lasterka aren ondoren, eta, atxitu zuanian, eman zion eskupian galanki. Ordu artatik artu zuan asmua, Jaungoikuaren amoriuaren izenian eskatutzen zionari iñoiz ere ezer ez ukatzekua, ta gorde zuan zorrotz asmo eder au ill-arteraño. San Buenabenturaren iritzian au izandu zan bide Jaunaren amoriuan añ asko aurreratzeko; zeren ezta bide oberik zeruko laguntzak nork-bereganatzeko, urrikizko lanak maiz egitia baizik.

 

 

FRANZISKORI AGERTZEN DIOTE
ZERU-LURRAK BEREN NAITASUNA

 

        Asisko erria Franzisko galai gazte birtutetsuaz zeguan txit onratutzat, ala jotzen ziran asistarrak. Orobat zirudin zeruak. Gizontxo bat ikusten zan Franziskoren ibilleraren zai, noiz erara arrepatuko zuan aren aurrian zabaltzeko zeraman kapa; al zuan guziyan alaxen egiten zuan, esaten zualarik Santuak igaro biar zuan tokian kapa zabalduta: «Laster gazte onek egingo ditu gauza aundiak: mereziko ditu onra ugariak, eta izango da kristau guzietaz alabatua». Etorkizunian ezagutu zan asmagi onen egia. Etziokan orduan Franziskok alako esanari belarri ernaitzen, naiz noiz-ere bait denaz onratua izango zala aditziak zerbait biotza kilikatu. Orduan jostatu biar zan.

        Egun aietan Asis ta Perusa gudan sartu ziran, bakoitzak bere bandera guardatziatik. Edo lagun artian arkitzen zalako, edo beste gertakizun betengatik, ez dakigu nola, erori zan, beste askorekin batera, gure Santua, etsaiaren eskuetan. Sartu zituzten itxiyan. Illun arkitzen ziran geienak. Bat guzien artian oso Illun ta deskontentu, iñor berari itzegiten trebetuezin zan moduan. Gure Santua berriz, itxitegian egotiak batere estutu gabe beti zegoan alai, beti prest edozeinekiñ jostatzeko. Alderatu zitzaion gizon tratakaitz, biurri, zital ari. Asi zan itz gozo ta eztitsuakin jolasian berarekin txurlio farragarrietan, eta, ordu gutxi baño len, kendu ziozkan barrengo illuntasunak. Beste asko itzen artian esan zien egun batez itz au: «Nere biotzeko adiskideak: urrikarri ikusten zaituztet, ez dakit zergatik: niri dagokidanez pozez nago ta espirituko libertaderik aundienian itxitegian egon arren. Desonra baderitzatzue ere, zuena bezela neria, emen gaudelako, laster ta sarri ikusiko nazute mundu guztiyaz onratua».

        Duda gabe, zerbait illuntxo bada ere, Jaungoikoak azaldu zion etorkizunian gauza aundiren bat egiteko deitua zala. Urte bat bete zuan itxiyan, ta itzuli zan gero etxera.

        Gazte eder, alai ta garbia ikusten degu Franzisko ogeiren bat urte zituan garaian. Jaungoikuaren amoriua aitatutziak biotza mugitzen dio; itz garbiya eztanik ezin eraman du; urrikaltzen da pobre bat ikusi utsarekin; diruari eztio ematen baliorik, ta beragatik eztio ere onek askori bezela begia argitzen; eztu zorigaitzak atsekabetzen; mukerkeriak dakizki onginai eztitsuarekin sendatzen. Prenda ederrak dire, gaztiaren biotzak askotan ezagutzen ez dituanak, eta txit biotz on, espiritu aundi ta anima ederra zuala gure Santuak adi erazten dituenak.

 

aurrekoa hurrengoa