www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAZAZPIGARREN BURUA

 

 

KARDINAL JAUN UGOLINO ETA
GURE AITA-LEN FRANZISKO

 

        Senatik Alvernako mendia eta andik Florentzia jo zuan, nun ere sasoi artan arkitzen zan Ugolino Kardenal Jauna.

        Kardinal Jaun au, milla berreun ta amarrian, Franzisko aita Santu Inozenzio irugarrenaren aurrian izandu zan txit asko anparatu zuana, arako erregelaren baimen billa juan zan artan Erromara, ta geroztik adiskide aundi agertu zana gure Santuarekin. Gizon jakinduri aundiko ta birtutetsu au aspaldian arkitzen zan Franziskorekin egon naiaz, eta ikusi utsarekin beste gabez poztu zan. Galdetu zion Ordena nola zijuan. Galde oni eman zion oso eranzuera beraren naikua. Esan zion gañera nola urrutietara biali zituan bere seme asko, eta nola berak ere nai zuan Parisa juan, bere kontura artu zualako ango misiua.

        Guztiz pen aundia artu zuan Ugolino Kardinalak aditu zuanian urrutietara biali zituala bere semiak. «Zertako orren urruti biali dituzu zure semiak? Eta zuk, zergatik aldegin biar dezu emendik? Ez dakizu, Franzisko, oraindik zure Ordena aurtasunian arkitzen dala? Zuk aldeginta, zer egin biar dute emen gelditzen diranak? Etzera oroitzen zenbatxe traba arki zinuzan Erroman bertan? Ez dakizu etsai asko dauzkatzuna? Ezta bada ongi zuk aldegitia emendik orain, gauzak onela utzirik». «Jauna, utzi bizat esaten zerk biartzen nauan misiura juatera. Batetik ikusten ditut asko anima, Jesukristo gure Jaunak bere zañetako odolaz erosiak, galtzen dirala; bestetik berriz nik bialdu ditut nere ikasliak txit aparte, ta aietako askok sufritu biarko dute ez gutxi, dudatu gabe. Orain bada, zer esango dute aiek ni emen ezere sufritu gabe geldi naguala jakitera? Onela nik aeri emango diet marmarizako gaia». Aditu zituan Kardinalak Franziskoren arrazoiak, ta alere arrazoi pisuagotzat zedukan Parisa ez juateko agintzen zuana. Ona zergatik gure Aita, Kardinal prestuaren esanera jarri zan, eta bere ordez biali zuan Parisa anaia Pazifiko, arako lenagoko itz-neurtzalle ospatu ura.

 

 

UGOLINO KARDINALA ORDENAKO
ANPARATZALLE IZENDATZEN DA

 

        Gure Santua itzuli zan Santa Maria Aingeruena. Laster jakin zuan pena aundiarekin txit gaizki tratatuak zirala asko tokitan bere semiak. Apaiz Nagusi ta apaizak ere etzizetela egiten ongi-etorririk, aitzitik etorrera txarra batzuek. Baita ere Erromako gortian bertan bere Ordenak asko zeuzkala beste alderakuak. Bere Ordenari ondo nai etzionetatik libra zedin, Jaungoikuak agertu zion anparatzalle bat biar zuala billatu. Juan zan Santua Ugolino Kardinal Jaunarengana. Ordukoz izan zuan ikusgarri au: Ollo beltz usuaren antzeko atzeparrak zituan batek zeuzkan txito asko. Ezin gorde zituan denak bere eguen azpian, eta inguruan zebiltzen miruak aiek arrepatzeko. Estuasun artan jetxi zan arrano aundi bat, eta onek, arturik ollo-txituak bere ego-tzarren azpian, miruaren arriskutik libro zituan. Ollo au ta txitu aiek ziran Franzisko ta bere semiak: miruak oen etsaiak, eta arrano gordetzallia zan Ordenak izan biar zuan anparatzallia.

        Pozez eskañi zitzaion San Franziskori Ugolino Kardinala, bere Ordenaren anparatzalle izateko. Gogoratu zan Santua, askoren ao zabalak itxitzeko, onena izango zala Aita Santuari lenik adia ematia. Agertu zion Ugolino Jaunari bere gogoramen au, eta ark artu zuan ontzat. Esan zion bakarrik: «Franzisko, ni juango naiz zurekin Aita Santuarengana, eta zuk egin biar dezu, beraren ta Kolejio sagradu guziaren aurrian, itz-alditxo bat labur badere». «Jauna, nola nai du nik predikatzia Elizako buruaren eta bere printzipen aurrian? Nere jakinduri motza zer da orien artian itzegiteko?» «Bai, Franzisko, itzegin biar dezu». Ikusirik bada Ugolino Kardinalaren gogua, agindu zion baietz.

        Sekulan arteraño etzuan Franziskok izkiribitu itz-aldirik, zeren Espiritu Santuak jartzen ziozkan mingañian itz egokiak; nai izan zuan orduan izkiribitu bere itz-aldia. Izkiribitu zuan eta gañera ikasi zuan buruz alik ondoena. Eldu zan egun aukeratua, sartu zan billeran eta oraintxen predika biar zuan; geldi zan Santua asi nai ta ezin asi. Aztu zitzaion ikasi zuana ta itz batez ere etzan oroitzen. Umiltasun guzizkuarekin aitortu zuan zer pasa zitzaion guzia. Deiturik beriala Espiritu Santuaren laguntzari, bero-bero asi zan predikatzen ain egoki eta batez ere alako biotz amorioz sutubarekin ze, aditzalle jakintsu ta beneragarri aiek guztiak gelditu ziran biotz-mugituak, esaten zutela: «Espiritu Santuaren itza aditu degu, Franziskoren aotik».

        Une artan baliatu zan San -Franzisko Aita Santuari eskatzeko bere Ordenaren anparatzalle izan zedin Kardinal Jaun bat. Poz aundiarekin Ugolino Kardinala izendatu zuan Onorio irugarrenak lan-bide artarako. Ain zintzo ta ain leial bete zuan Ugolino Jaunak artu zuan kargua eze, Ordenak beti agertu izan dio bere esker ona. Ordutik geroztikako guztian gure Ordenak beti izan du Kardinal anparatzalle bat.

        Ezin nenzaket ixil pasa, Ugolino Kardinal Ordenaren anparatzalle onengatik, antzina gure Aita-len Santuaren bizitza izkiribitu zuan Celanoko anai Tomasek diona, beste asko gauzen artian: «Ugolino, gizon prestu ta leiala, zan Jaungoikuaren elizan zuzi irazeki ta argi bat. O, ta zenbat aldiz erantzirik bere soñeko gorria eta jantzirik prailiena, oñ gorrietan ibiltzen zan guztien tartian pakiaren usai gozua zabaltzen! Gizon aundi ark au egiten zuan, onetan saiatutzen zan, ez bakarrik Kardinal ta Ordenako anparatzalle zan denboran, bai eta ere gero, Jaun txit goikuak ala nai izanik Aita Santuaren mallara goratua izan zanian».

        Nork itz gutxiagoan lezake obeto adiarazo Ugolino Kardinal Jaunak San Franziskoren Ordenari zion amorio egiazkua? Bere diñidade erakoiaz azturik esan zitekian bizi zala, arkitzen zanian San Franziskoren semien artian. Elizako beta aundietan bezela, etxe santuko billeratan meza nagusia berak ematen zuan, eta laguntzen zion aldarian diakono bezela. Guztiz ere ongi-nai au agertzen zion Santuari begiratzen ziolako zerutik jeitxitako gizon bat balitz bezela. Franziskoren umiltasunak ainbeste onra ezin eraman izan oi zuan, eta egun batian, ikusi zuanian zetorkiola bestetako gisa itzegitera, ezkutatu zan Santua lotsaturik. Jakin zuan aguro Kardinalak nola gorde zan, ura ikusita; billa zezatela agindu zien prailiai. Irten zan Santua gordeta zeguan tokitik, eta era ontan itz egin zion Kardinal Jaunari: «Jauna, ni lotsatzen naiz, egia esango diot, berorri dan bezelako gizon bat, nik lurrian arrastaka dabillen ar batek aina balio ezta, ni ikustera datorrela aditzen detanian». «Franzisko, begiramen oriek gorde itzatzu bestientzat, ez neretzat. Lotsatzen bazera, ilduratu zaitia zerbait nere biotzaren pozerako». Geituaz zijuakion errespetu ta begiramen aundi au Santuari, batez ere, Jaungoikuak agerturik, jakin zuanetik Ugolino Kardinal bere Ordenaren anparatzalle gizon prestuak igo biar zuala San Pedroren jargoira. Zerbait izkiribitu biar zionian, geroztik jartzen zion: «Aita txit errespetagarri, Jaun Ugolino, mundu guziko obispo, guztion Aita izan biar duanari». Au izan zan Aita Santu Gregorio bederatzigarrena, Franzisko Santua zala erabaki eta aldarietan jartziaren diño zala agindu zuana.

 

 

SAN FRANZISKO ETA OTSUAK

 

        Franzisko Cotanellotik zijuala arrats-alde batian, arkitu zuan gizon nekazari bat, besuan aurrarekin; esan zion lagunduko ote zion bidian. Eskusa eman zuan nekazariak, esanaz otso-lekua zala ura, eta etzala ausartzen, zeren etxarunztzerako gaua gañian izagon zuan. «Itz ematen dizut otsuak ez dizutela ezere egingo» —esan zion Santuak—. Nekazari onak lagundu zion bere semetxuarekin, eta etxarunz abiatu zan, eta illunak arrepatu zuan. Inguratu zuten otsuak, baña, o miragarria! San Franziskok esan bezela, onginaia besterik etziokaten otsuak agertu gizon nekazariari, bestak eginaz altzuanak alzuan moduan Santuari lagundu ziolako bidian.

        Bigaramun goizian etzan ixilik egon gizon ura eta an inguruetako nekazariak bildu ziran Santuarengana juateko.

 

 

REATIKO IBARRAREN
LAU ALDETAKO
MENDIZKATAN EGITEN DITU
LAU ETXE-SANTU

 

        Jakin zutenian bada gau artako miraria, juan zitzaizkon Santuari nekazari asko; arren baño arren esaten zioten libra zitzala izurri aietatik. Reatiko iraeta artan zituzten bi izurri: otsuak eta arria. «Otsuak jaten dizkigute aldebatetik ­zioten— artalde ta ganaduak, eta beste aldetik berriz txingor ta kaskabarrak, abazuz ta arriak, galtzen dizkigute landak eta landariak». Urrikaldu zan Santua nekazari gizajo aien negarraz, eta erantzun zien: «Bai libratuko zaituztet bi izurri orietatik, baña gogatu zaitezte Jaungoikuak bizitza txar ta pekatuagatik bialtzen dituala orrelako kastiguak; geroztikan biar dezue aurrena zuen pekatuen penitentzi egiazkua egin». Egin zuten penitentzia, eta etzan geiago an otsorik ikusi; eta, beste inguru guzietan arria egiten bazuan ere, an etzan erorten ale bat ere. Onela gauzak iraun zuten Jaungoikuarekin leialak izan ziran bitartian.

        Reatiko ibar au arkitzen da Italiaren biotzian; beragatik deitzen diote Italiako txilborra. Ibar au guzia da goñati bat; lau mendizka dauzka gurutzetara, eta, lau goñ orietan, bakoitzian egin zuen etxe santu bat. Santua zeguan orduan Grequioko erritik aldian. An agirre batian, bi pago itzaltsuz baliaturik, egin zuan txaola bat.

        Otsuaren mirariak asko zituan biotzian ukitu, eta orduan konbertitu zaneti bat zeritzan Velitako Juan. Adiñ aundiko gizona ta gorputzaz lodi. Bein bada onek esan zion Santuari: ezin urruti juan zitekiala ura, ta batez ere bide gaiztuan, are gutxiago toki maldatsuan. Erriaz alderatxiago nai bazukian egin etxe-santu bat, berak lurra ta gañerako biar zana emango ziola. «Ondo da —erantzun zion San Franziskok—; aur bati emango diogu illati bat, eta aurrak indarrian noraño botatzen duan, antxe, nai badezu, egingo degu». Velitako Jaunek pozik esan zion baietz; uste zuan mutil txikiak etzuala illatia txik urruti botako. Deitu zioten bada mutiko bati, eta eman zioten eskura illatia, esanaz bota zezala alzuan urrutiena indar guziarekin. O Velitaren arritasuna! Legua laurden bat bidian mutikuak bota zuan illatia, sasia ta larra besterik etzan arritegi batera. Illatiak eman zien su larrai. Lur ura zan Velitako Juanena. Itza eman bezela, itza bete zan. Au izan zan lenbizikua ibar artan.

        Asko milagro egin zituan an ere. Bat guzien artian, kontairak dionez, Velitako Juanen aurrian; onek ikusi zuan Orenzaro gabian San Franzisko Tresabitik Jesus aurra bizi-bizirik artutzen bere eskuetan. An oraindik arrazoi gabiakin egin zuan mirari guzizkua ere. Erbi bat, egazti bat eta arrai bat ziran oek, zeñak atxitu zituztenari eskatu ziozkan, libro gero uzteko asmuan eta bere aldemenetik etzuten mugitu nai izandu.

        Baña leku artan guzia etzan poza izandu Santuarentzat. Etsaiak gerra gogorra egin zion, Santua azkenik garaitzallle atera bazan ere.

        Alde guztietatik Santuarengana jendia juaten zan; bide-bazterrian arkitzen zan masti batetik, batak mats-mordo bat; bestiak ale batzuek, mastia kimatu zuten. Masti-jabia juan zitzaion Santuari zer kaltia zuan ezatera, ura an egonarekin. Aditu zuan Santuak gizon aren keja, eta urrikiturik bedeinkatu zion mastia, eta ugaritu zion ardua, eta au ere txit ona izan zuan urte artan. Mastia zala bide, erabaki zuan Santuak beste toki batera aldatzia, eta aldegin zuan andik legua erdira sartalderunz; an egin zuan bigarren etxe santua, zeña eskañi zion Maria Oianakuari. Au konsagratu ta bedeinkatu zuan Aita Santu Gregorio bederatzigarrenak.

        Irugarrena egin zuan Grekioko erritik eskui. Lekua zan arkaitztegi bat. An ikusten dira arkaitz batzuek goitik bera ebakiak, eta aien tartean leize illunak, Jesukristoren eriotzan lurrak ikara egin zuan artan idikiak. Aitz-arte aietako batian izkiribitu zuan San Franziskok orain bere lenbiziko Ordenako semiak gordetzen duten eregla, asko mirarien artian, gero ikusiko degun bezela.

        Bakardade latz ura mendi eder artan, nun ere ainbeste gertaera miragarri ikusi dira, izandu da asko jendez agurtua bertatik bertara. Aita Santu Sixto laugarrena, arturik lagun Kardinal batzuek igo izandu zan arara oñ utsik. Lagunak esaten zioten begira zekiola bere osasunari; urte asko zeuzkala eta nekagarri zala arentzat ala ibiltzia ta geiegizko gauza. Moisesi Jaungoikuak esan ziozkan itzakin sasi-lar artatik erantzun zien onek: «Lur au lur santua da; ta errespetuaren aundiz oñ gorriak eskatzen ditu». Eldu zanian aita Santu San Franziskoren seme egiazko au, Aita-lenak erregla izkiribitu zuan aitz tartera, «au zorioneko lekua —esaten zuan negarrez— nun ere berritu zan Ebanjelio santuko bizitza! Au da arako leku santu ura Jesukristok apostolu bere ikasleai beste orduz eman ziena, Franzisko ta onen ikasliai berritu ziena».

        Etxe santu artan Santuaren oroimengarri asko gordetzen ziran. Txori-kabi bati jaten ematen zion Franziskok. Txoritxo jale aundi batek bestiai etzion jaten uzten. Meazatu zuan Santuak bat bateko eriotzarekin, eta ill zan beriala txorikumia.

        Laugarrena zan Grekiotik ezkeruntzka. Au zeguan leku garai ta aldakaitzian, Santiago Apostoluari eskaiñia. Ura zan San Franziskoren guda-lekua. Zenbat aldiz etsai infernukuak egin zion gerra gogorra, anbat aldiz garaitu zuan etsaia. An gogotik egin izandu zuan negar bere bizitzako utsegitiakgatik, ariñak izan arren. Ikusirik bere serbitzariaren negar ugariak, Jaungoikuak nai izan zuan poztu San Franziskoren biotza, editzera emanaz nola egin zituan penientziagatik barkatzen ziozkan osotoro bere utsegitiak.

        Leku artan bi gauza arrigarri ikusten dira. Aitz bat Santuaren oñ, belaun ta ukalonduaren señak dauzkana, nun ere Franziskok egin izan zuan orazio, ta bigundu zan aitz gogorra, arindu nairik bezela Santuaren penitentzia latza. Beste arkaitz batian erakusten dira demoniuaren arrastuak, zeña agertu zitzaion, izutu nairik, Etiopiako beltz baten antza arturik. Ikusten degunez zenbat tokitan gure Aita-lenak egiten zuan bere egoitza, beste ainbestean agertzen dala aundi ta miragarri Jaungoikua Santu onengan. Lauda dezagun gure Aita Betikua, onen ispillu ederra utzi digulako. Segur jarrai ginioke onen aztarnai, logratuko degulakotan gloriako korua.

 

 

SAN FRANZISKO
SANTA MARIA
AINGERUENIAN

 

        Rietiko ibarra edertu zuan Santuak eginik mendizka aietan lau etxe-santu, zeñak izan biar zuten lau gaztelutxo, infernuko etsaiari guda ond-artze gabia egiteko an bizi biar zutenak. Guzia ondo antolatua utzirik an, juan zan Santa Maria Aingeruenera, Jesus mundura zan 1218'gn urtiaren lenbiziko egunetan.

        Ilbeltzak eta Otsailak naikua adierazten dute urte sasoi ontako denbora. Egunak ziran illunak eta otzak; Santuak berriz azal asko ta mamirik ez, ezurrak agertu nairik. Bere gorputza barur ta illaraztez indargabetua zeukan. Semien biotzak, Aita-lena ala ikusita, urrikiz bete ziran. Beragatik, San Franziskoren jantzi me-urratuari josi ziozkaten barrengo aldetik arabaki lodi batzuek, izan zitezen berogarri. Jantzi zuan Franziskok soñ nolabait moldatua; laster sentitu zan obeto eta otzari arpegi emateko eran. Baña denbora asko baño len aspertu zuan jantzi ark; iduriturik aberatsegia, agindu zien seme jostun guzizkuari, ken ziozkatela arabakiak. «Nik biar diet beste guziai, guzien buru naguan eskeroz, ikas-bidia eman. Ni bezela bestiak ere otzak eta beruak arrapatzen ditu; beragatik ezta zilegi, ta añ gutxi egoki, bestiak ez bezela ni nere buruakin arretatsuagua izatia». Onela Santua mintza oi zan gorputzaren mañaz.

 

aurrekoa hurrengoa