www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMARGARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKO
TA SAN ANTONIO

 

        Bukatu zuanian Aita-lenak misio ura, itzuli zan Santa Maria Aingeruenera. Denbora artan anai Cesario Espirakua ere, Alemaniako praile-etxiak txit ondo jarrita, juan zan Porziunkulara bere Aita maitiari berri onak ematera, ta bidez espiritua Jaungoikozko gauzetan berritutzera. Onetarako, bere ordeko utzi zuan Aleinanian anai Tomas Celanokua. Alemanian Ordena geituaz zijuan, eta Italian, gizon aundi bat gorderik zeguana, obedientziak agertu zuan.

        Bolonia inguruan, San Pauloko ermitan, utzi genduan bakardade ezkutuan San Antonio Paduakua. Anai Antoniok mesede aunditzat eskatu zion bere Guardianuari etxe-garbitze ta ontzi-garbitzia. Lan oetan bere jakindurian umill eta beeti, oraziuan irazekia, santutasunian egunetik egunera aurreratzen zijuan. Uste danez mezaz ordendu gabia zan artian Antonio, eta onetara biali zuten Forliko errira.

        Ordenako praile-etxian elkartu ziran San Antoniorekin batera Aita Santo Domingoren semiak ere. Otorduko denboran Aita Guardianuak esan zien, batek edo batek itz alditxo bat egingo ote zuten, animaren alimentua izan zedin. Denak edo geienak prestatu gabiak edo nekatuak zeuden, aitzakia eman zuten. Orduan esan zuan Guardianuak: «Anai Antoniok egingo digu itz-alditxo bat». Antonio, beti umilla, atzen atzenian zeguan, baña ixilik aitzikarik eman gabe. Etzeukan ainbestekotzat, au da, gauza zitekiena ere itz-aldi bat egiteko, ezin zuan buruan sartu. Aiñ ezkutuan gorde zuan bere jakinduria Antoniok. Umilla beti da esan-egille. Beragatik, Aita Guardianuak esan zuanian «anai Antoniok egingo digu itz alditxo bat», Antonio jeiki zan, esanaz lan artan baño obeto zekiala ontzi garbitzen; alere asko zala Aita Guardianuak bere naia agertutzia. Asi zan itzegiten, aurrena zerbait lotsarekin, baña laster bota zuan lotsa ura. Egin zuan itz-aldi bat, zeñian agertu zuan ain jakinduri aundia eze, denak utzi zituan arriturik, elkarri esateraño etzutela egundaño alako itz-dun ederrik aditu. Laster juan zan gertaera au Aita-lenaren belarrietara. Etzekiten zer geiago mirestu, edo Antonioren jakinduria edo aren umiltasuna. Ain da, izan ere gaitza jakintsu, eta denbora berian umill izatia!

        Andikan laster agindu zion San Franziskok San Antoniori, Aita-lenak bere semiari, juan zedilla erriz-erri Jaungoikuaren itza azaldutzera. Baña are obetuago bete zezan eginkizun onekin, agindu zioten ikasi zezala alik ondoena, lenaz gañera, teolojia, San Andresko Abade jakinduri ixit aundikuarekin. Ona zergatik anai Antonio bialdu zuten Verceilara. Denbora pixkan ain asko ikasi zuan eze, bere maisuak esateraño asko gauza ezkutu Antoniok berari erakusten ziozkala, ikasten ari zan denboran, predikatu zuan garizuman Milanen.

        Esaten zioten bere anaiak erakutsi zeiela bere jakinduri ura; baña Antoniok, bere Aita-lenaren baimen gabe, etzuan nai izandu erakutsi. Geruago, izkiribuz agindu zion bere Aitak Antoniori, Ordenan erakutsi zezala teolojia sagradua; ordutik asi zan azaltzen teolojia, lenbiziko Montpellier-en, gero Bolonian, geruago Paduan, eta Tolosa Prantziakuan. San Antonio izandu zan, San Franziskoren Ordenan, Teolojiako aurreneko Maisua, Aita len Santuak izendaturik.

 

 

ALESKO ALEJANDRO

 

        Denbora artan, Parisko eskola nagusiko jakintsurik aundienak artu zuan praile txikienen Ordenako jantzi santua. Zeritzan Alesko Alejandro. Eskolan ezagutua Doctor Irrefragabilis-en izenarekin. San Antonioren iritzian, Alejandrok eman zion itza Jaungoikuari, Ama Birjinaren izenian iñork zerbait eskatzen bazion, beñere ezer ez ukatzekua. Gertatu zan bada San Franziskoren Ordenako anaiatxo batek, eskian zebillela, esatia Alejandrori: «Denbor naikua da munduan lana gogotik egiten dezula; orain Jaungoikuaren izenian eta Ama Birjiñarenian gure Ordenan sartu biar dezu; bada gu ortarako gaituzu ta zerorri berriz santutuko zera». Alejandro jakintsua zerbait arritu zan au adituta. Jaungoikuak ukiturik biotza, orduan agindu zion anai eskaliari: «Laster naiz zuekin». Andik denbora gutxira sartu zan Ordenan.

        Anai Alejandro lenbiziko urtian izandu zan txit tentatua diabruaz, jantzi santua uzteko asmua artzerañoko eran. Iduritu zitzaion beñ anai Alejandrori, ikusten zuala bere Aita-len Franzisko zurezko gurutze astun bat bizkarrian artuta ezin eramanik zijuala malda gogor batian; urrikaldurik bere Aita-lenari lagundu nai izan zion. Baña jiraturik Santua urduan, berari itzegin zion zorrotz: «Atzera ortik, gizon ezereza; oialezko gurutze bat ezin eraman dezu, ta nola dezakezu eraman gurutze pisu au?» Ezagutu zuan zer adiarazi nai zion onekin Santuak, ta erabaki zuan Ordenan gelditzia, eta bukatu zan tentaziua.

        Alesko Alejandro bere jakinduria paregabiagatik izan zan mundu guzian gizon ospatua. Bere ikaslien artian kontatzen dira jakinduri aundiko gizonak. Asko gizon jakintsuk izkiribiturik utzi digutenez, San Buenabentura ta Santo Tomas izandu ziran anai Alejandroren ikasliak. Alesko Alejandro izandu zan lenbiziko summa izkiribitu zuana. Gero aren antzera beste asko izan dira beste ainbeste egin dutenak. Gersonek dionez: «Santo Tomasen secunda secundae-k dirudi asko anai Alejandro Aleskuarena». Onela beraz gizon jakintsuak ere sartzen ziran San Franziskoren Ordenan. Ona zergatik San Franziskok maiz esan oi zuan, etzedilla bere semerik oraziuaz aztu ikasi naiaren ikasi naiaz, zeren santutasunik gabe jakintsu izatia, animaren kaltegarri dan.

 

 

ADIARAZTEN DIO JESUKRISTOK

SAN FRANZISKORI
LABURTU ZEZALA ERREGLA

 

        Len Aita Santu Inozenzio irugarrenak itzez erregla baimenduaz, eta oraiñ Aita Santu Honorio irugarrenak izkiribituz baimendutzian, agertu zion onginaiak, txit alaitu zuan San Franziskoren biotza. Esaten digu, San Buenabenturak Jaungoikuak agertu ziola gabaz bere naia era onetan: Iduritu zitzaion ogi-papurrak bildu zituala lurrian ugari, bere semiai emateko: baño nola ziran txit xiak, zein galdu zitzaizkion eskutik bildur zan. Alatan aditu zuan zerutik ots bat itz oekin: «Franzisko, ogi-papur oriekin egizu osti bat, ta emaiezu ortatik jan nai duten anai guztiei». Egin zuan agindua Franziskok. Gogo onarekin ta debozioz jaten etzutenak, edo artuta despreziatzen zutenak, gelditzen ziran legen-arrak kutsatuta.

        Eguna zabaltzian, gabaz ikusi zuana azaldu zien bere semiai. Santuaren biotza illun arkitzen zan, etzekialako zer aditzera eman nai zion Jaungoikuak. Urrengo egunian, oraziuan zeguala, aditu zuan berriro ots bat eta gero itz oek: «Franzisko, berdantzarko ogi-papurrak nere Ebanjelioko itzak dira; ostia da erregla; ta legen-arra pekatua». Aditzera eman zion zeruak, Ebanjelio santuko itzakin egin zezala, lena laburtuaz, erregla, lenbizikua baño zerbait laburragua.

 

 

BIGARREN ERREGLA

 

        Porziunkulako barkamena agiritu zitzaionian munduari, juan zan San Franzisko Riete ondoko uso-mendira (monte-colombo), arturik lagun anai Leon ta anai Bonizio. An arkaitz-tarte batian egin zuan barur ur-ta-ogi, Marianak dionez, berrogei egunian, beste janik gabe. Orduan izkiribitu zuan, Espiritu Santuak argiturik, orain Ordenan guardatzen dan erregla santua. Jetxi zan, lan au bukatuta, Santua bere lege santuarekin menditik Santa Maria Aingeruenera. Eman zion erregla anai Eliasi irakurri zezan; eta oni iduritu zitzaion, beti bezela, latzegiya. Andikan egun gutxira, maleziz esan zion Santuari galdu zitzaiola. Baña San Franziskoren biotz indartsua etzeguan ainbestez atzendutzeko, eta beiñ Jaungoikuaren eginduz asitako lanari gizonaren eragozpenakgatik uzteko. Berriro jo zuan lengo arkaitz tartia, asko gizon baño paketsuagua. An berri-berri ekin zion lanari. Bañan, zer diot ekin zion lanari: Etzan lana Franziskorena, baizik Jaungoikuarena. Beragatik itzez-itz Jaungoikuak berrizkatu zion erregla.

 

 

SAN FRANZISKO TA ANAI ELIAS
BERE LAGUNAKIN

 

        Bitartian anai Elias zebillen lagun billa. Asko Probintzial, bere goguaren kidakuak, jarri zituan berak nai zuan erara. Onetarako esaten zien Ordena guztiko Bikariuak: «Biar dezute jakin, anaiak, gizonaren indarraz gañ dan lege bat antolatu duala; ain da estua lege au eze, biar degu egin gure aldetik dana, arpegiz arpegi adiarazteko arindu biar dala erregla, pisugitzak jorik, ta zerbait leundu biar dala, zeren dan latzegi». Erantzun zioten Probintzial aiek: «Zuk ondoena egin dezakezu ori. Itzegiozu (anaiari), eta guk zure itza ontzat emanik, geren danez indartuko degu». Etzuan nai aurkeztu berak Franziskoren aurrian, zeren len naikua egia aditua zeguan, ta aundiaguen bildur zan. Ona zergatik aitortu zuan anai Eliasek, etzala trebe. Aitortu zuan, ta, alaz guztiz ere, bera izandu zan ondoren arturik argaltasuna gizon aietan indartzat, Probintzial isatsa bere atzetik zuala, aurkeztu zana Aita-lenaren aurrian, onen biotz ona penatzera. Agertu zion Jaungoikuak Franziskori, nola zetorzkion, ta irten zien Santuak bidera, eta aginte aundiarekin galdetu zion anai Eliasi San Franziskok, zer zekarren arengana, eta zer zekarten Probintzial aiek danak. Anai Eliasi belaunak egiten zioten ikara, eta ala, bildurraz ta ikaraz, buru makur-makur, itz motel ta erdi ixilakin erantzun zion bere Aita-lenari: «Probintzial oriek, jakinik nai diezula eman erregla bat gizonaren indarraz gañ dana, biartu naute zuregana etortzera, Bikariua naizen bezela, arren bigundu zazun zerbait gogorregia dada, bestelaz ez dutela artuko». Ozta aditu zituan itz oek, aditze utsak erasan zion Santuaren biotzari, ikara bere barrunak eragiteraño. Jaso zituan begiak zeruronz ta egin zuan oju au: «Jauna, ez nizun nik esan etziratela sinistatuko? Nigan danez, pobretasuna maitatzen duten nere lagun guztiekin, gordeko degu erregla au, bizi geran arte. Baña ezin biartuko ditut, nai ez duten oriek, beren kaskuan sarturik daukatenak besteren esanik ez egitia».

        Santuaren biotzeko somintasuna aditurik zeruak, ergai batian agertu zan odei argi liluragarri bat San Franziskoren gañian, ta Jesus odeiyaren erdian, zeñak, an arkitzen ziran guztiak aditzeko moduan, esan zituan itz oek: «Gizontxua, zer dala nastutzen zera ta estutzen dezu zere burua, zuria balitz bezela erregla ori? Or eztago zuk jarritako gauzarik; ori nere egintza da. Eta nai det nik ori gorde dedilla itzez-itz, itzez-itz, itzez-itz, iritzi-gabe, iritzi-gabe. Nik badakit gizonak zenbat lezakian, baita ere zenbat lagundu neiokian. Erregla au gorde nai ez dutenak, irten ditezela Ordenatik, orien lekuan bestiak jarriko ditut, ta, ala biar balitz, besterik ezian, arkaitz orietatik sortuko nituzke ere».

        Anai Elias eta beste lagunak ikara bizian zeuden itz-aldi au adituta. San Franzisko berriz, amorioz suturik, arkaitzaren gañian belauniko. Alatan berak aurrian zeuzkanai esan zien: «Ezagutzen dezute orain, ez nere borondatiaren kontra, baña Jaungoikuaren kontra zabiltzatela? Eta ondo buruan erabilli biarrian zenbat lezakin Jaungoikuak gurekin, zuen indarrak neurtutzen zabiltzatela? Aditu dezute, aditu dezute odeitik irten dan itza? Bada aditzeko moduan zan. Zuen belarriak ezpadute ondo aditu, oraindik nai badezute berriro aditu ere, nere naian dago». Anai Elias ta bere lagunak, bildurraz ta ero biurturik bezela, gelditu ziran ezin somaturik zer egin, ta azkenik gizon jakintsu ta indartsu aiek bereiztu ziran andik lotsa aundiarekin.

 

 

SAN FRANZISKO TA
BERE SEME LEIALAK

 

        Aita-len santua jetxi zan bere bi lagun leialetara, au da, anai Leon ta anai Bonizio zeuden tokira. Oek zeuden artian aozpezturik, kopeta lurrian; zergatikan, aditu zutenian Jesus maitiaren itza, ezeztatu ziran Jaun zerukuaren aurrian, ta umill jarri ziran egoera artan adoraziuan. «Jaiki, nere semiak, —esan zien Aita-lenak—. Ez ikaratu, baizik jantzi zazute Jaungoikuaren arma indartsua, beti ernai egoteko, ez erortziagatik etsaiak jarriko dizkitzueten lazuetan, zeña dago beti errabiaturik gure kontra». Agurtu zuan San Franziskok mendi santu ura, ta maldaz bera, beste orduz Moises bati Sinai-ko menditik jeitxi zanian bezela, arpegiak dizdiz egiten zion. Bere Jaungoikuak emanikako erregla santuarekin, lenbizi erosuena arkitu zuan Ordenako praile-etxian sartu ziran.

        Ongi-etorri alaia egin zioten bere seme leialak. Nola bada etzioten egingo? Izandu ziran batzuek erregla irakurri onduan esan ziotenak onian, seme egiazko batek Aitari bezela: zerbait bizitzeko ondasun al ote zezaketen iduki, ez bakoitzaren izenian, baña guztien izenian? Au esaten zuten, egunetik egunera ugarituaz zijualako praile txikienen taldia. Santuaren birtutia etzutenak, geroko bizi biarrari begiratzen zioten, ta gero nola ziran mantenduko, kontuak ateratzen zituzten.

        Irugarren aldiyan juan zan Santua Jesusen Biotzari kontsellu eskatzera gai onen gañian. Egin zuan orazio, eta ona zer erantzun zion bere Jaunak: «Franzisko, neroni naiz zure semien seni-parte ta erentzia. Ez det nai zure semiak lurreko ondasunetan kutsatutzia. Baldin erregla ori gordetzen badute ondo, ta nigan jartzen badute gañera konfiantza osua, neronek artuko det berak mantentzeko kargua. Etzaie iñoiz ere bizitzeko biar dana paltako. Zenbat geiago diran ugaritzen, anbat aundiago izango da nere Probidentzia berekin».

        Jaungoikuaren Probidentzia egiaz beti azaldu da miragarria San Franziskoren Ordenan. Zenbat eta pobretasun estuaguan bizitu izan diran Franziskoren semiak, areta miragarriazko moduan aundiagua ikusi da, ta ikusten da, Jaungoikuaren Probidentzia. Izandu dira gizon aundi-ustekuak arritu diranak Asis-ko Franziskoz, esateraño ez dala arkitu iñoiz munduan au baño politiku aundiagorik, ark gizataldiak mantentzen zitualako iñungo errenta ta urre-zillarrik gabe bere Ordenan. Oar bitez onela itzegiten diranak, San Pranziskok, ez gizonaren eskuan jarri zituala bere semiak, baizikan Jaungoikuaren eskuan; ez lurreko gauzetan jartzen zuala konfianza, baizikan Jaungoikuaren Probidentzian. Jaungoikuagan konfiatzen duanari etzaio ezerere paltatuko.

        Jesukristoren esanera pozik jarri ziran San Franziskoren semiak, ta utzi zituzten gorputzari begiratzeko arretak. Itzuli ziran gero Asisa Santa Maria Aingeruenera. Aita Santuari baimena eskatu baño len, irakurri zien an arkitzen ziranai, baita ere biali zitzaien beste Probintzietan arkitzen ziran erlijiosuai esamina zezaten. Ezagutu zuten San Franziskoren semiak erregla ura etzala Santuaren lana, baizik Jesukristorena, eta guztiak eman zuten ontzat. Jesukristoren lana dala San Franziskoren lenbiziko Ordenako erregla ezagutzeko, asko da aditzia Santuak berak esaten diguna: «Erregla onetan —dio Santuak— nik ez det neretik ezertxo ere jarri, baizik izkiribitu det guzia Jaungoikuak adiazi diran bezela».

 

 

HONORIO IRUGARRENAK
BAIMENTZEN DU
SAN FRANZISKOREN ERREGLA

 

        Milla berreun ta ogei ta iruan, Urrillaren azken aldera, juan zan Franzisko Erromara, Aita Santuagandik erreglaren baimen sendogarri billa. Lan aundi au ondo egiteko, lenik jarri zuan kontuan Kardinal Ugolino Ordenako anparatzallia, aren bitartez aurkeztu zedin gero Aita Santuaren aurrian. Gonbidatu zuan egun artan Franzisko Ugolino Jaunak elkarrekin bazkaltzera. Iduritu zitzaion Santuari mai aberatsa urri, baldin eta pobretasunak ezpazun egiten dizdiz. Juan zan errira, ta, egiñaz pobre eskaliaren biar gaia, eskatu zuan atez ate, Kardinal Jaunaren maiari itxoron gabe, ta bildu zituan ogi-puska batzuek. Eldu zan otordu denbora eta eseri ziran maian. Atera zituan laster puska legor aiek guzien aurrian, eta maiko jendiari eskaiñi ziozkan, gonbidatzen zituala era onetan ogi legorra jatera. Denak jan zuten artatik, deboziuak gozaturik. Jan onduan, Jaungoikuari eskerrak eman ta gero, San Franzisko ta Kardinal Jauna gelditu ziranian bakarrik gelan, onek esan zion Santuari «On puska, zergatik eman diazu lotsa ura maian, ta desonratu dezu nere maia?». Erantzun zion: «Jauna, kontrara esan beza. Ez desonratu, aitzitik bai txit onra aundiya egin diot; badakit dakiala zein onratu detan. Jaun zerukoa onratu det, zeren txit asko gustatzen zaio pobretasuna, batez ere gogozkua bada». Guziz ondo artu zituan Ugolino Kardinalak Franziskoren azken itz oek. Bigaramunian lagundu zion Aita Santuaren jauregira. Letu zuan Aita Santuak erregla, ta iduritu zitzaion latzegia. Orduan San Franziskok indar guziarekin adiarazi zion, erregla artan etzuala parterik; Jesukristok berak agindu bezela izkiribitu zuala. Aita Santua konsultatu zan Kardinalekin, eta baimendu zuan, edo, obeto esateko, lenago baimendua itzez, sendotu zuan izkiribuz era onetan:

 

 

ERREGLAREN
BAIMEN SENDOGARRIA

 

        «Honorio Obispu, Jaungoikuaren serbitzarien serbitzariak, egiten die agur eta ematen die Apostoluen bendiziua anai Franzisko seme maitiari eta beste gañerako praile txikienen Ordenako guztiei. Ala oi ditu eman mesede onak Pedroren aulkiak, deseo onesto ta eskari piadosuak egiten dituztenen alde itzulita. Ona zergatik, nere seme maitiak Jesu-Kristogan, zuen eskari piadosuetara itzulita, markaturik oraingo gure itz oekin, sendotutzen degu Apostoluen eskuarekin zuen Ordenako erregla, lenago gure aurretioko Aita Santu Inozentzio oroimen onekuak baimendu zuana, eta sendotutzen degu izkiribuzko itz oen indarrarekin; zeña onela asten da: Jaunaren izenian asten da (emen) praile txikienen erregla. Praile txikienen erregla ta bizitza au da: esan nai da: Ebanjelio Santua gordetzia, bizitzen dirala obedientzian, beren gauzarik gabe, eta kastidadian».

        Emen erregla guzia aitatu onduan, bukatzen du azkenik onela: Nulli ergo omnino... Esan nai da: «Iñolako moduz iñungo gizoni etzaio zilegi gure orri sendogarri au ausitzia. Bada norbait ausartuko balitz au egitera, edo onen kontra zerbait esatera, jakin beza onek, Jaungoiko almen guzikuaren ta Pedro eta Paulo bere apostolu doatsuen aserria, izango duala beraren gañ. Letranen emana, Azaruaren ogeita bederatzian, milia berreun ta ogei ta iruan, Aita Santu naizala zortzigarren urtian».

 

 

ERREGLAREN GORDETZALLE
LEIALEN PRIBILEJIUAK

 

        Erregla au guzia da zerukua. Au da erregla, zeñaren araura bizitu diranak, arkitzen dira izendatuak santuekin. Nork, onen gordetzailliak bezela, apaindu Eliza? Nork bestek bete du santuz zeru ederra, San Franziskoren erregla-pian bizitu izan diranak bezela? Ona zergatik agertu ziozkan Franziskori Aingeruak, erreglaren baimena artu onduan, mesede onengatik Jaungoikuari eskerrak ematen zeguala, pribilejio guztiz aditu ez bezelakuak; zeñak azaltzen dituzte onela, kronika zarrian, Santuaren bizitza izkiribitu zuten iru dizipuluak.

        1: Erregla au ondo gordetzen saiatutzen diranak izango dute zerutik Espiritu Santuaren laguntza berezi bat beren eginkizunetan.

        2: Ok izango dituzte, lurreko bizitza illkor nekezko ontan, asko atsegin gozo biotzian eta argitasun bereziak, ezagutzeko etsai inpernukuaren artiak, eta onen lazuetatik libratutzeko, pekatu pisuan erori gabe.

        3: Beren bizitza guztian erregla santua ondo gordetzen dutenak, izango dutela justuen eriotza: eta, libre purgatorioko penetatik, juango dirala gozatzera zeruko gloriaz.

        4: Leialki erregla gordetzen dutenak, izango dutela parte Jesukristok apostoluei egin zien aginte artan: «Zuek, munduko gauzak oñazpiratu dituzutenak, niri jarraitzeko, gizonaren semia datorrenian juzgatzera, izango zerate juezak».

        5: Ordenako ongille ta erregla santu au gordetzen dutenak, ta oen debotuak, izango dirala zorionekuak eta Jaungoikuaren begietan txit gogokuak. Aitzitik Ordenaren etsaiak ta persegitzalliak izango dirala zorigaiztokuak, eta arkituko dira betiko galtzeko arriskuan.

        6: Azkenik erlijio santu onek iraungo du munduaren azkeneraño: eta iñoiz ere ez dira paltako Ordena onetan erlijiosuak gordeko dutenak txit garbi ta zuzen erregla santua. Eta oeri Jaungoikuaren Probidentziak, danik eta estuasunik aundienetan, lagunduko die beti miragarrizko moduan.

        Agitz esan nezake, egunero, biatzarekin ukitzeko moduan, au edozein lekutan egiztatzen dala San Franziskoren semiakin. Ezer ez dutelarik, ezeren paltarik ez. Guzia Jaungoikuagatik uzten duanari, guzia datorkio eskura nundik-nai. Au ikusirik, nork eztu maitatuko Ordena santu au? O Jauna! Eskerrak diozkat ematen, zure Eliza len ederra ta oraiñ are ederrago egin dezulako apaingarri berri onekin!

 

aurrekoa hurrengoa