www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN BURUA

 

 

GUZIA EMATEN DA
ANIMAKO GAUZETARA

 

        Orain ikusiko degu gazte Santua, len jostatzeko aurrena zan bezela, oso emana Jaungoikozko ta animako gauzetara. Izkiribiturik dago: Jaungoikuaren eskuan dago gizonaren biotza, eltzegilliaren eskuan buztiña bezela, Jaungoikuak egin dezan biotz onekin nai duana. Franziskoren biotza ezagun zan noren eskuan zeguan. Jaungoikuari eman zan oso, bere gogua egiteko beste asmorik gabe. Bada ordu artatik, Jaungoikuak graziak ugaldurik, Santuaren biotza bakarrik sosegatzen zan Jaungoikuagan.

        Denbora artan arkitzen zan gurasuekin etxian. Dendako lanen tartietan juaten zan arzulo batera lagun on batekin, eta, au utzirik inguru artan, bere begi ederrak negar-malko ugariaz gorriturik, eskatzen zion Jaunari laguntza ta argiya, arren ezagutu zezan, Bera ongi serbitzeko, zer biar zuan egin ta zer bizimodu eraman. Onela orazio egiten zion maiz Jaungoikuari. Bide au da izan ere, alditekian onena, Jaungoikuaren naia ezagututzeko.

 

 

LAZTANDUTZEN DU
LEGEN-ARTSU BAT

 

        Egun batian, Asis inguruko zelai batian zaldiz zijoala, ikusi zuan gizon lepradun, legenartsu bat, berari zetorkiola. Lendabiziko begiratuan barruna jiratu zitzaion. Baña gogoraturik beriala, birtuteko bidian beti aurreratzeko asmua artu zuala, eta Jesukristori jarraitzeko, aurrena nork bere burua biar duela garaitu, saltatu zan zaldi gañetik eta len ainbeste larritzen zuan gizon lepradunari eman zion laztan gozo bat eta gañera eskupeko sendo bat. Igo zan berriro zaldi gañera eta artu zuan zeraman bidia. Len ezin ikusi zuan gizon legen-arrak kutsatua, ta orañ ezin egon da berriz ikusi gabe. Begiratu zuan utzi zuan lekura ta iñor etzan ageri zelai zabal artan. Abiatu zan billa, baña etzuan arkitu. Laster jautsi zan kontuan, edo aingerun bat edo, gizon eriaren antz artan, Jesus izango zala. Pozez beterik ta zoraturik, zaldi gañian abiatu zan kantari Jauna alabatzen, berritzen zuala asmua are gogotiago birtuteko bidiari jarraitzeko. Jesusen amorioz egin oi diran ill-araztiak, mortifikaziuak, grazia aundiaguak erakarten diozkate animari. Au ikusten da garbiro gure Santuaren bizitzan; zenbat eta geiago egiten dion kontra bere goguari, ainbat animosuago ikusten da beste garaimen bat irebazteko. Au da Jaungoikuaren graziak ematen duan indarra ta beraren ekarraia.

 

 

AGERTZEN ZAIO GURUTZEAN
JESUS TA ALAITZEN DU

 

        Bakardadiaren billa zebillen beti Jaunari orazio egiteko. Lenago esan detan bezela erretiratzen zan ar-zulo batera. An, bere biotza Jaungoikuaren aurrian jarririk, estututzen zuan amoriuaren indarrak negar gogotik eragin azteraño. Gertatu zan bada, ala zeguan batian, zeruak bere eskari ta negarrak ontzat ematia, eta aditzera emateko Franziskori agertu zitzaion Jesus gurutzian josia. Jesus gurutzian ikusi zuan begiakin, ta betiko biotzian gelditu zitzaion. Bada oroitzen zan guzian ikusgarri artaz, negar egiten zuan aldi bakoitzian. Ainbesteraño sendo Jesus gurutzetuaren antza sartu zan Franziskoren biotzian eze, berak gero esan oi zuanez, oroitu bezain laster saltatzen zitzaion negarra ezin gelditurik. Negarrak, gero ikusiko degun bezela, illundu zion begietako argia. Orduan Jesusek adiazi ziozkan Ebanjelio santuko itz aiek: Nere ondoren nai badezu ibilli, uka ezazu zere naia, ar-ezazu zere gurutzia ta jarrai niri. Beste bein esan zion Jaunak: «Franzisko, nai badezu nere naia ezagutu, lurreko onginaiakin len maitatzen zenduan guztia, biar dezu orain gorrotatu ta despreziatu».

 

 

FRANZISKOREN POBRIEN TA
ERIEN ALDERAKO AMORIUA

 

        Orduan altxatu zan Santuaren biotzian sentimentu berri bat. Au zan, eritegietan serbitzekua gizon lepra edo legen arrak juak, umiltasunian Jaungoikua obeto serbitziagatik. Lenago ikara eragiten bazioten ere, orañ asko maita zituan, asko ere asko, bere begiko niñia bezela. Lenago alako eritasuna zuanik urrutira ere ezin ikusi izaten zuan, eta, gertatzen bazitzaion aldamenetik igaro biarra, igaroko zan beste aldera begiraka, korrika ta sudur-zuluak itxita. Ondoren dabill orañ, len urruti zebillena eta igesi. Juaten zan ospital, eritegira, eta an ikusten zan oe batetik bestera nolako moduz zebillen noizik beiñ eriari eskuan ta arpegian laztan gozuak emanaz. Izanik guztiz Jaungoikuaren gogokua karidadezko lan aiek, Jesukristok berak artan irauteko adia ematen zion: «Franzisko —esan zion—, bide berri onetan ibiltziak etzaitu ikaratu biar; zeren len maitatzen zinuzan gauzak biurtu biar badute latz, samin eta mingarri; orañ lenago nai etzituzunak idurituko zaizkitzu txit gozo, ezti ta maitagarri». Ala gero aitortu oi zuan berak gerta zitzaiola, batez ere ill zan aurrian, esanaz bere biziko gozamena izaten zuala bai animan nola gorputzian, eriak sendatzen ibiltzen zan denboran. Jaunaren graziak onela dakizki nekiak arintzen.

        Pedro Bernardon, Franziskoren aita, erbesteratu zan batian, semiak esan zion amari: «Ama, gaur ogi asko biar ditu jarri maian». «Zertako dituzu orrenbeste ogi maian?» galdetu zion ama onak. «Ama, zertako izango ditut?... ara, esango det ba: ditut pobre atondora datozenai emateko len-bai-len; zergatikan atondoko eskari gaxuaren antsiak erdibitzen dit biotza». Ama-semiak bakarrik ziranian maian, auzuan iñor premi aundi batian arkitzen bazan, altxatu, ama bakarrik maian utzita, artu beretzat zeguan jana eta juaten zan auzora premian zeguanari ematera. Franziskoren amari gustatzen zitzaizkan bere semiak egiten zituan karidadiak ta asko aldiz senarraren ixillik amak semiari laguntzen zion.

        Biartasun mueta guzietako zuan Santuak amorio au. Ikusten bazuan Jaunaren Ministro bat edo eliza bat zerbaiten biarrian, an zan beriala al zuan piskarekin laguntzera. Baña Franziskoren biotza munduaren erdiyan etzeguan sosegu osuan. Nai zuan bere burua ezkutatu ta bakardadian bizi. Au iristeko, Apostolu santuen obi ederrak ikusteko aitzakitan, jo zuan Erromara. Bere asmo egiazkua zan Apostolu santuen bitartekotasunaz baliatzia, jakin zezan Jaungoikuak zertara zeukan deitua. Eldu zan Erromara, ta Apostolu santuen onduan jarri zan Jaunari errezatzen. Oraziua bukatzian oartu zuan San Pedroren obi artan oso diru gutxi botatzen zutela batzuek, eta bestiak batere ez. Arriturik zeguan Santua esaten bere baitan gizonen añ karidade txikia ikusita: «Orrenbesteraño oztu da Apostolu santuenganako gizonen amoriua? Zer? obi au apaintzeko, nolaez diozkate eskaintzen gizonak dituzten ondasunak? Nola ez dituzte beren buruak ere eskaintzen?» Au esan ta zituan diru guziak utzi Apostolu santuen oñetan eta irten zan elizatik. Topatu zuan pobre talde bat, joan zan arpegi alaiarekin aien artera eta premiarik aundiena zeukanari trokatu ziozkan bere arropak. Artu zituan zarpa zar pobriarenak, ta egun ura igaro zuan, bere burua zorionezko juaz aien artian. Gisa onetan aizatzen zituan munduko aiziak Franziskok. Gure Aita-len Santuaren egite onetan badaukate zer imitatu, idurikatu, beraren seme-alabak. Apostolu santuen obi ura apaintzeko agertu zuan gogua, bere seme Aita Santu Sixto bostgarrenak bete zuan andik iru giz-aldira. Au da Vatikano deritzan munduko eliz-nagusia.

 

 

INFERNUA ABIATZEN DA
GERRAN SANTUAREKIN

 

        Santutasunari beti izandu dio infernuak gorrotua. Franzisko jaio zanian, nola jaio baizan Jesusen antzera, lenago esan detan bezela, asaldatu zan infernu guzia. Au jakin zan demoniuak arturik zeukan monje baten bitartez. Apaiza elizak artarako jarririk dauzkan oraziuak errezatzen ari zitzaion egun batian, esan zuan, gure Santua jaio zanian, infernuko agintari nagusien artian sartu zala ikara txit aundia, nundik ere ezagutu zuten aur jaio berri ark egunen batian izan biarko zuala Santu sonatua, kenduko zituana ta atzeratu infernuko bidetik asko anima. Erabaki zuala bertatik infernuak aurrari bizia kentzia al zuten lasterrena; baña ezin zutela, Jaungoikuak guardatzen zuelakoz. Monje aren gorputzetik, andikan urte askora, Santu infernuak ezin ikusi zuanak, bota zuan kanpora diabrua.

        Franzisko aurrarekin ezin zuana ezer atera, asten da gerra agirikua egiten orañ Santuari ta ondartze garbia. Beñ bada agertu zitzaion izugarrizko itxura gaiztuan diabrua. amenazo aundiarekin esan zion Santuari: baldin eta artu zuan bizi modu arri ezpazion utzitzen, errian berak ezagutzen zuan emakume eri baten antzeko jarriko zuala. Au zan emakume eri bat gorputzez txit itxura txarrekua. Aditu zuanian santuak diabruaren amenazua, burla egin zion diabruaren esanari, eta aldegin zuan onek laster oso lotsaturik andik. Infernua garaitzeko santuaren armak ziran oraziua ta penitenzia.

 

 

JESUKRISTOK ITZEGITEN DIO
GURUTZETIK

 

        Goiz zorioneko batian, Espiritu Santuak gidaturik, sartu zan San Damiango eliza zarrian orazio egitera. Aozpezturik lurrian egin zuan orazio era oneta: «Nere Jaun ta Jaungoiko aundiya eta zu nere Jaun Jesukristo, erregutzen zaitut arren desegin dezazula nere espirituko illuntasun au; indazu, Jauna, fede garbi bat; esperantza irmo bat; ta amorio bat uts-aldirik gabia. Indazu, nere Jaungoiko guzi-altsua, zu ondo ezagutzeko grazia, zure gogo santuak nai duan bezela, nik beti gauza guztiyak egin ditzadan zure biotzak agindutzen dirana egiñaz». Iru aldiz, beste orduz Jesusek Getsemaniko baratza santuan egin zuan gisako orazio au, egin zuan Franziskok San Damiango elizan gurutziaren oñean. Bat-batetan ona nun aditzen duan agitz ta garbi itz bat: «Franzisko, zuaz, zuzendu zazu nere etxia, bada erortzera dijua ikusten dezun bezela». Arritu zan lenbizi itz oek aditu zituanian bera besterik arkitzen etzan lekuan; baña beriala ezagutu zuan Jesukristok gurutzetik itzegin ziola, ta gelditu zan mugimentu gabe ta zentzu-gabe, extasiatua. Kordatu zanian, gogatu zitzaizkion itz misteriotsu aiek eta aditu zuana egiteko, asi zan, denborarik galdu gabe, Jaungoikuaren naia betetzeko bidiak egiten.

        Bi modutara aditu zitezkian Jesukristok gurutzetik esan ziozkan itzak. Bata da, ta au da Jesusek adiazi nai izan ziona, zuzendu zitzala, au da, jarri zitzala salbazioko bidian, berak bere odolaz erosi zituan animak. Eta ala nola lenago baliatu zan Apostoluaz Eliza sendotutzeko, alaxen nai zuan Franzisko apostolu berriaz baliatu Eliza bere Etxia zuzendu eta antolatzeko, pekatariak konbertituaz ta Ordena berria onetarako jarriaz. Etzuan orduan gure Santuak gauza onela aditu. Bai ordia itz aiek bigarren esan nai zutena, au da: San Damiango eliza ura berrituz antola zezala. Bertatik ekin zion lanari.

 

aurrekoa hurrengoa