www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN BURUA

 

 

AITA-LEN SANTUA JARTZEN DA
ESPAÑIARUNZKO BIDIAN

 

        Landa zabala jartzen zaigu begien aurrian. Amorioz suturik eta onen indarrak mugiturik, nai Franziskok ixuri zañetako odola Jesukristoren amoriuagatik. Ona zergatik egiten dion agur Italiai, Españiarunz juateko, emendik igaruan jotzeko asmuan Mairu-erria. Pamilian buru bat biar da beti; beragatik Cataneoko anaia Pedrori uzten dio onen kontua. Quintabalko anai Bernardo ta onekin batera beste batzubek lagun arturik, «Nuan —dio Franziskok—, nuan aguro, nere urtien sasoian, Jesukristoren amorioz nere odola ematera». Ta jarri ziran bidian. Zaartzara egiten diran sakrifiziuak egiya da balio dutela, baña askotaz gutxiago gazte batek bere urtien lorian egiten duanaren aldian.

 

 

GURUTZE SANTUAREN INDARRA

 

        Eldu ziran ariñ Foliñiko errira. Emen ostalariaren etxia guarda zuan lau aldiz su ikaragarritik, gurutze santuaren señalia beraren gañ eginik. Ternin predikatu zuan, eta Santuaren ondoren igo zan Obispo Jauna sermoi-tokira, eta galde au egin zion aditzalle-taldiari: «Aitu dezute gizontxo onen izkuntza? Bada, bai, askotan bialtzen ditu Jaungoikuak gizon aundi ta jakinduri aundikuak zeruko bide zuzena erakustera; baita ere jakinduri motza dutenak, orain ikusten dezuten bezela. Ikusten dezute gizon ezerez ori? Franzisko, diot, jakinduri gutxi ta itxura are gutxiago duana, eta zuen animen onagatik gaur Jaungoikuak biali dizutena».

        Pozik dakizki artutzen anima umillak umillarazten dituztenen itzak. Ozta jetxi zan Obispo Jauna bere itz-aldi au eginta, al zuan lasterrena belaunbikatu zan Obispuaren oñetan esanaz: «Sekulan iñork gaur beorrek bezela ez nau onratu, nere Obispo Jauna; askok naukate santutzat; alaxen balitz ere, Jaungoikuari eman biarrian eskerrak, nik eztakit zergatik nigan dauzkaten begiak. Berorrek ondo ezagutzen du ezurra eta ezagutzen du ere mamiya. Ondo daki ezurra mamiya ez dela, ezta ere ni, gizon txatar bat, santua, eta ain gutxi santu aundiya. Eskerrak, Obispo Jauna, egiya diolako».

        Erri artan ardo mindua gozatu zuan, gurutze bat eginta beste gabe. Baita ere, Eliseo baten antzera, toki garai batetik erorita ill zan gazte baten gorputzaren gañiañ etzanik, piztu zuan. San Urbanoko erri txikian ura bazan eta ardorik ez. Santua arkitzen zan an indar gabe, gaitzak argaldua. Ekarri zioten ura, eta aren gañ gurutze bat egin zuan, ta beste gai gabe ur garbiya ardo onian biurtu zuan. Indar-berritu zuan ardo onek ta biotza alaitu, berriro bideari are gogotiyago ekiteko. Guztiya Jaungoikuagatik uzten dituanari, onelaxen zeruak lagundutzen diyo.

        Narnin elbarri luzaro zeguan gizon bat eta beste emakume itxu bat, senda zituan gurutzia eginaz. Era onetan, Franziskok zebillen bidian, zuzentzen zituan elbarriak, argitzen itxuak eta aienatzen ere bai etsai-demoniuak. Beragatik onek igarotzen zituan erriak, nola ezin zuten bera an iduki, eskatzen zituzten bederik bere semiak.

 

 

GALAI BAT

 

        Emen eskatu zion etxe oneko galai batek jantzi santua. Esan zion Santuak: «Gaztia, ondo biar dezu pentsa; zu beti biguñ oitua, zuretzat da gogorra gure bizi-modua». Erantzun zion gaztiak: «Zer? ta beok ez dira noski aragizkuak? Bada nik uste det, Jaungoikua lagun, beok egiten dutena egingo detala». Arrazoi aundi au aditu zuan Franziskok, eta, ondo arturik gazte aren erabakintza, eman zion jantzi santua. Egia da gogoz gizon batek, Jaungoikuaren laguntza berdinian, batak lezakiana, bestiak ala.

 

 

FRANZISKO ETA KONDE ORLANDO

 

        Españarunzko bide onetan gerta zitzaion, Mon-Feltroko errian, esatera nuana: Erri artako jaun bat zijuan zaldun izendatzera; onetarako egin zituzten prestamen guzizkuak, pesta bat arazo aundiarekin egin zizaten. Jaun aren adiskide, soñulari ta gañerakuak biribillatu ziran; oen artian arkitzen zan Cataneoko Orlando Kondia, Chiusiko Jaun eta lur askoren jabe zana. Franzisko jauregi ingurutik bere lagunarekin igarotzeko unian, orra nun tronpetaren soñuak ematen duan pestaren asieraren adia. Ala die Santuak orduan bere lagunai: «Guazen gu ere pestara; bai, guazen gu ere, ezen onelako pesta-egunetan ezta palta oi iñoiz ere demoniorik bekatuak eragiteko. Beti diogu guk izan biar etsai oni, arkitzen geran lekuan, gerra. Beragatik guazen gu ere pestara». «Guazen» erantzun zioten lagunak. Au esan ta juan ziran pestara. Entzun zuten meza jauregiko elizatxuan. Andik irtenik kanpora, zerbait jendiari adiarazi nairik, igo zan toki garai batera; beriala jendiak inguratu zuan Franzisko, eta modu onetan itzegin zien: «Mundu onetako eramankizunak ez dute zer ikusirik zeruko gloriako atseginakin». Itz oen gañ ain gozo ta egoki itz egin zien eze, guziak arritu ziran, eta askoren biotzak penitenziara mugitu. Oen arteko bat kontatzen da Konde Orlando; zeña, itz-aldi ura bukatzian, juan zitzaion Santuari, bi besuak zabalik, bere anima salbatzeko zer egin biar zuan eskatzera argitasun bat. Erantzun zion prestutasun ta maisu jakinduriarik aundienetakuak bezela: «Konde Jauna, juan zaite orain zu gonbidatu zaituzten adiskidiak onratzera. Lan orretarako au baño denbora egokiagua aukeratuko degu». Agindu bezela Franziskok, pesta bukatzian luzaro ta lasa elkarrekin egondu ziran biyak. Azkenian, bere esker onak emateko, Kondiak eskañi zion Santuari Alvernako mendia, an etxe-santu bat egitekotan. Nola mendi au zan eta dan txit egokia bakardadian Jaungoikuarekin itzeginda gozuetan egon nai dutenentzat, pozik artu zuan eskaintza ain ona.

        Españarunzko bidiari agurrik egin gabe, aitzitik ekin ziotenian baño ere gogo geiagorekin zeudela, biali zituan semiak Chiusira. Zeruko Aingeruak izan baziran ere obeto artuak etziran izango. Laster Orlando Jaunak bialdu zituan Alvernako mendira Franziskoren semiak, berrogei ta amar gerrariz sendoturik. Denak ekin zioten lanari; batzuek zuaitzak botatziari, bestiak eliza egin biar zan leku maldatsua berdintziari. Asko eskuk egun gutxian, gogotik ari diranian, gutxik baño lan geiago nola egiten duten, orixen gerta zitzaien emen. Lagun on asko ziran ta begien itxi-idikian elizaren gallurrian ezagutu ziran. Au da arako mendi santu ura, zeñaren gañian Franziskoren gauza miragarri asko ikusiko diran. Mendi onetan Jaungoikuarekin itzegiten zuan; an Jesusek albiste onez biotza alaitzen zion; emen azkenik eskuz-esku, oñez-oñ, biotzez-biotz, Franziskoz Jesusek gurutzetu bigarren eginik, zauri sagraduz apaindu zuan. O mendi sagradu gogoangarria! O Alverna Golgota bigarrena, mundua Jesusen biotzeko amorioz irazekitzeko Jaungoikuak aukeratu zinuzana! Mendi santu au berriz ere kontaira onetan aitatu biarrian nago. Utzi dezagun beraz orain, eta jarrai deiogun gure Aita-len santuari Españarunz. Noiz ikusiko ote degu gure lurrian?

 

 

FRANZISKO IMOLAN

 

        Imolako errian eskatu zion predikatzeko baimena Obispo Jaunari. Ukatu zion onek legor-legor. «Ez; nik predikatzen det ta asko da au». Burua makur aldegin zuan Santuak. Baña ordubetegarrengo berriz jarrizitzaion aurrian Obispo Jaunari. «Zer da gizontxuanai zendukiana?» Obispo Jauna —dio Fraziskok—: Aita batek bere semia etxeko ate batetik botatzen duanian kanpora eta au itxi, etxian sartuko bada beste ate bat billatzen du onek». Ikusirik ainbesterañoko umiltasuna, esan zion azkenik Obispuak: «Emendik aurrera, Franzisko, nik agindu nezakian erri ta ibarretan zuk eta zuriak predika lezakete».

 

 

NOLA ZERUAK LAGUNDU ZIEN
GAU ILLUN BATIAN

 

        Umiltasun aundiya bazuan, etzan txikia gure Santuak Jaungoikuagan zedukan konfiantza. Po Italiako ibai txit zabal baten bazterrian zijuan bein Franzisko, anaia Leon bide-lagun arturik, gau batez illun lodian ibaiaren ertz-ertzian, erorteko zorian, laguna lagun edo ez, ibaiara. Anaia Leon izutu zan eta esan zion San Franziskori: «Aita: egin bezaio orazio Jaungoikuari, libra gaitzan galtzeko arkitzen geraden arriskutik». Erantzun zion anaia Leoni Santuak fede bizi batekin: «Jaungoiko onak nai badu, desegin lezake gabeko illuntasun au, argi eginaz guri». Itz oek Santuak esatiarekin bat, odei gisako argi eder batek inguratu zituan, eta, berak juan biar zuten tokiraño, argi-argi ibilli ziran bide guztiyan, zeruko argi eder arekin, Franzisko eta bere laguna, kantari Jaungoikuari eskerrak ematen laguntza onengatik. Gelditu ziran lekuan jarri zuten etxe santu bat ta izendatu zuten: Su santuko etxia. Ain ziran ugari ta argiyak gure Aita-lenak egiten zituan mirariak igarotzen zan lekuan eze, noranai juan ta ere, beti zan ondo artua. Piamonten orobat artu zuten ederki; eta emendik igaruan sartu zan gure Patria lurrekuan, Espaiñ maite ederrian.

 

aurrekoa hurrengoa