www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABIGARREN BURUA

 

 

SAN FRANZISKO
SARTZEN DA ESPAÑAN

 

        Albiste ederra datorkigu. Nundik ordia sartzen de Españian? Dakusagun gelditxo. Ez nuke dudan jarri nai, gure lurrera etortzeko, artu zuala Santiago Galitziakora erbestetik erromeri santuan etortzen ziranen bidia bera. Beragatik ondo dio Aita Cornejok, Nabarratik Franzisko Aita-len santua sartu zala Españan; zeren oñ gorrien gañian bidegiten zuten arrotzak, bide au artzen zuten. Franzisko etorri zan leorrez, ez itsasoz; eta etorri zan oñez. Egiya da badirala Santuaren bizitza izkiribitu duten zenbait, nola ez baitan oso segur gauza jakina nundik Españan sartu zan, diotenak sartu zala iBarzel-ay-Onatik. Au diotenak dira Catalantarrak. Ok nai diote geiegi Santuari. Nekez eldu da Franzisko Nabarrara eta jartzen dute Catalaunian. Gai onezaz, eta ala diote berak, Aita Cornejo ondoena itzegin dala; alaz guztiaz ere, ez diote oni jarrai nai; nik ordia bai. Arrazoiak berak agintzen duan bezela, onenari jarrai. Beraz, milla berreun ta amairugarren urtian, jarri zuan oña San Franziskok Nabarrako lurrian.

 

 

SAN FRANZISKO ROCAFORTEN

 

        Sanguesatik milla pausora arkitzen da Nabarran Rocaforteko erri txikitxua, nun ere agertzen zaigu Aita-lena lenbiziko aldiz bere lagun Quintabalko anai Bernardorekin. Lur zorioneko onetan egin zuten aurreneko gelditza. Ikusi zuan Santuak eri bat biartasunik aundienian. Urrikaldurik arzaz, esan zion lagunari: «Nere anai Bernardo: eri auxen biar dezu sendatu arretaz, ar-ezazu onen kontua, nik nere lan-moduak Españ onetan egin arte». Gusto guziarekin bere Aita-lenaren aginduari makurtu zion burua anai Bernardok. O umiltasun miragarria! San Franziskok artu zuan bide-lagun anai Bernardo erbesterako, eta aurrena arkitu zuan eriarekin utzirik semia aitak erbestian, aldegiten du; eta alere! semiak pozik egiten du aitaren esana; ez egun batian ta biyan, baña illabetietan! Ondo illa biar zuan iduki anai Bernardok bere gogua, lenago magistradua izan bazan ere.

        Rocaforten zimentatu zuan Santuak Españako lenbiziko etxe santua. San Bartolome apostoluaren izenian emen egin zan elizatxo bat, gero geitu zana denborarekin, San Franziskoren semiak orain baño maitiago ziran sasoian Españan.

        Aita-lena igaro zan andik beste lagunakin Logroñora, orduan euskal-erria: eta gero Castilla.

 

 

SAN FRANZISKO LOGROÑON

 

        Logroñora eldu bezain laster, Medrano zeritzan Jaun baten semia, oso gaizki zeguana, sendatu zuan mirari batez. Logroñotik jo zuan Burgosa. Castillako errege Alfonso bederatzigarrenak Burgosen zeukan orduan kortia. Ona zergatik Santua juan zan erregerengana. Txit ondo artu zuan Jaungoikuaren serbitzaria errege katolikuak; eta aisa eman zion San Franziskori bere erreinu guzian praile-eliz-etxiak egiteko baimena. Alfonso bederatzigarrena zan Blanka, Prantziako erregina, San Luis erregeren amaren aita. Beriala Burgosen bertan zimentatu zuan etxe santu bat San Migelen izenian. Burgosko praile-eliz-etxiak biar du izan Castillan lenbizikua gure Ordenan. Jakin zuanian Medranok erregek eman ziola baimena Santuari praile-etxe-santuak egiteko, deitu zion Logroñora eta eman zion bere etxia baratzarekin, an ere jarri zezan Ordenako etxesantu bat. Utzirik Santuak toki aietan bere lagunetatik bat bakoitzian, beste asko gazte jantzi santuaren eske etorri zitzaizkionakin, abiatu zan bera Vitorirunz.

 

 

SAN FRANZISKO VITORIAN

 

        Igarotzen ziran leku guzietan onra aundiyak egiten zizten gure asabak San Franzisko ta bere semiai. Ona zerengatik etsi zuan gure Aita-lenak ezin bete zezakiala Españan bere biotzeko desio irazeki ura, au da Jesusen biotzeko amorio sutubagatik bere zañetako odola ixurtzekua, zeñaren biotzeko amoriuak eta gurutze santuko eriotzaren gogoraziuak gañez eragiten zion Santuaren biotz beraari. Eta ona zergatik oraiñ, len bezela, datorkion gogua, au da berri-berritzen du asmua, Mairuei ebanjelio santua predikatzeko, naiz ezur ta mami ebakirik Miramamolinek bizia kendu.

        Itsasuan nai luke Franziskok ontzi bat Aprikara eramango duana, onen billa dabill. Eldu zan Vitoriara, eta emen, beste lekuetan bezela, besuak zabalik pozez egin zioten zeruko Serafin eder oni ongi etorria. Eman zion Santuari erriak Santa Maria Madalenako etxia, nun ere gero Andre Berengelak, D Juan Castillako infantiaren alabak, Cantabriako amaikagarren Jaun, Lope Diaz Harokuaren billobak, egin zuan bere kontura praile-etxe guziz aundi ta ederra, milla berreun ta amalauban.

        Vitoriatik Donostiara jo zuan San Franziskok, an arkituko zualako uste osuan ontzi bat Aprikarunz bide egiten zuana. Baña Jaungoikuak etzuan nai Aprikara juatia, ta bidia ebakitzeko biali zion eritasun bat. Laste ezagutu zuan Santuak Jaungoikuaren gogozko gauza etzala bein bakarrik bizitza ematia. Ona zergatik gisa onetan illaraztez eta au maiz garbitzen zion Jaungoikuak gure Aita txit onari bere biotzeko amorio sendua. Pozik len-bai-len egatuko zan zeruronz Franziskoren espiritua; baña artian zeruak etzuan artu nai beretzat. Oraindik meritu geiago bear zituan irebazi, eta, nola martiri bizi bat izateko autu bai zuan Jesusek, gurutzeko amoriozko martirio artan izan zezan parte, areta geiago amoriuan sendotu biar zuan. Alperrik zabiltza, Franzisko, martiriuaren ondoren; uste gabeko martirio bat dauka Jaungoikuak gorderik zuretzat guztien artian onragarriena.

 

 

DONOSTIATIK
JOTZEN DU GALITZIA

 

        Orduan erabaki zuan Españari agur egitia Italiarako asmuan, zerbait gaitzak utzirik indartu zanian. Ez digu kontairak esaten Donostian nun egon zan Franzisko. Uste danez eri-etxen batian egondu zan. Orrengatik España utzi baño len agur bat nai dio egin Santiago Apostoluari; ona zerk eraman zuan Donostiatik Galitziara: Santiago apostolu txit aundiaren obi artan nai zuan, orazio egiñaz, Jaungoikuari eskatu, onen bitartez, bere seme-alaba Ordena guzikuentzat fede garbi, dotriña txarren kutsurik gabia.

        Ezin diteke santu onen bizitza adiazi ondo bere gertaldi miragarriak utzirik; zeren gertaera bakoitza da guretzat erakutsaldi bat. Zerbait gogoramen egoki esaten asi orduko mirariak datorzkigu bide erdira, ezin nintzazkianik utzi aitatu gabe lumaz. Noviako gazte bat bi zaldi ogiz kargatukin Orvigoko ibai bazterrian zijuala, Leongo erriberan, ibaiaz beste aldetik, zeuden Franzisko ta bere lagunak ezin somatuz nundik Orvigo ibaia igaro. Gazte onak urrikaldurik, bere bi zaldiekin aldizka eraman zituan ibaiaren beste bazterrera. Gañera billatu zien legorpia errian. Santuak, beti pobre eta beti esker-on-emaille esan zion: «Jaungoikuak sariztatzen dituanian urrikizko lanak, sariztatu dezala ere gaur gurekin egin dezuna».

        Dio Jesukristok: «Ezta geldituko sari gabe ur tanto bat bakarra, Jaungoikuaren izenian ematen bada». Auxen gertatu zan gazte arekin. Artarako egin zuan orazio Santuak gazte aren alde. Bere grazi mugitzallearekin Jaungoikuak mugiturik biotza, juan zan gazte ura Erromara, apostoluen obiak ikusiz, barkamenak irebaztera. Onetarako prestatu zuan biotza, damuz ta pekatu eginen penaz penitentziako iturri ederrian garbiturik. Au egin ta gero, bere biotza ikusi zuanian soseguz ta alai, egin zion Jaungoikuari orazio au: «Jauna, ni geiago pekatuan erori baño len, ken idazu bizia, Zugandik sekulan geiago berezi ez nadin». Aditu zuan Jaungoikuak gazte aren eskaria, bada il zan Españarako bidian jarri zanian.

        Bere aitak semiaren il berria jakin zuanian, beriala egin nai izan ziozkan Elizako gauzak, egin bear diran bezela, oituraz egiten diranak. Baña, o arrigarria! Orra nun, ez nundik eta ez andik, sartzen diran elizan ogei ta amar praile, eta danen artian iñor etzan ezagunik. Arritu zan jendia, baña ez orduan ainbeste nola gero. Elizako illetako lanak bukatu onduan, eman zitzaien jaten. Egondu ziran jaten bazuten bezela, eta, denboraz agur eginik, aldegin zuten. Aldegin zutenian prailiak, beriala oartu ziran etzutela ezertxo ere jan; bada jarri zitzaizten janariak, ukitu gabe arkitu zituzten. Arriturik irten ziran aien ondoren, baña Jaungoikuaren Aingeruak desagertu ziran ez nora ta ez ara. Etzuten iñoiz aien aztarranik atera. Onelaxen daki Jaungoikuak, lagun urkuaz urrikaltzen danari, on egina pagatzen. Ongi erakusten zaigu emen bata bestia nola maitatu biar degun, eta premian daguanari nola begiratu biar diogun. Gure santua eldu zan Galitziara bere bide-lagun anai maitiekin, igaro zuten bide guztian birtutien usai gozua utziaz.

 

 

KOTOLAI IKAZKIÑA
ETA SAN FRANZISKO

 

        Santiago Galitzian Kotolai ikazkiñaren etxia izan zan San Franziskoren ostatua. Jesus maitiaren antzera pobriakin ondoena elkar artzen zuan. Eta, egiaz, Jaungoikua zinez serbitzeko, oen bizi-modua da erosoena. Pobriaren libertadia diruz ezta pagatutzen. Bedeinkatu zuan Jaungoikuak Kotolai ikazkiñaren etxia ostatu-zaliagatik.

        Irura batian arkitzen ziran bi ibar; zeruko ibarra eta infernuko ibarra. Baita ere goña edo mendizka bat, nora ere juaten zan Santua oraziora. Txit ziran Jesukristoren gogokuak oñati edo mendizkak oraziorako, leku egokiak diralako, eta an bakardadian anima aisago, erriko arazuen artian baño, zeruronz goratzen dalako. Bere maisuaren antzera, Franziskok ere mendiko bakardadia geiago maitaturik Jaungoikuarekin itzegiteko, juaten zan esan detan bezela goñara. An oraziuan zeguala, Jaungoikuak agertu zion bere naia zala, an bi ibar aien tarteko begoña batian etxe santu bat egitia. Jakinik gero irura ura guztia zala San Paioko San Benitoren seme erlijiosuena, txit poztu zan eta itzegin zuan San Benitoren semiakin. Galdetu zion Abadiak: «Eta zuk zer emango diguzu guri, guk zuri lurra emanta?» Erantzun zion Santuak: «Nik zer neikiot, jauna, eman? Ezere ez daukat; ain gutxi dirua. Ematen badirate lur ori, urteoro bialiko diet zexto bat arrai». Abadia zan guztiz espiritukoia, eta, gustaturik Franziskoren senzilltasuna, gogoz eman zioten biar aiña lur, etxe santua egiteko. Tratua egin bezela, urtian bein beti, Franziskoren aginduz, zextotxo bat arrai ematen zitzaizten San Benitoren semiai.

        Oroituko da irakurlia nola Subasio mendiko San Benitoren semiak eman zioten lenago gure Santuari Porziunkulako elizatxua. Badirudi Jaungoikuak jarri zituala erlijioso aiek, edo obeto esateko San Benito Aita-lenaren Ordena, izan zedin San Franziskoren Ordenari laguntzeko bere jaiotzan. Beragatik asko zor dio gure Ordenak San Benitorenari; Beti San Franziskoren semiak agertu diegu, gure Aitaren antzera, geon esker ona, naiz ez zexto arraira iritxi.

        Berri on onekin pozturik Franzisko, juan zan bere ostalariarengana eta esan zion: «Kotolai, lurra badegu, eta orain zuk egin biar diguzu etxia eta zere dirutik». Kotolai gizajua au aditu utsak jarri zuan ez zeruan eta ez lurrian. «Ni —esaten zuan—, ni ikazkiña naiz; nik, ezin bizirik neketan, nik ez daukat etxe berria zerekin egin ezik, gutxiago ere». «A Kotolai! —dio berriz Santuak—; ori guziya ondo ezagutzen det nik. Atoz artzu aitzur bat ta jarrai niri». Eldu ziran iturri baten ondora eta agindu zion San Franziskok: «Jo emen». Baita aguro Kotolaik esana egin ere; sekulan alako aitzurketarik etzuan egin, beintzat ain aberatsik. Asko nekatu gabe arkitu zuan lurpian dirua, biar zan ainbat etxe-santua egiteko; eta ala, Kotolai ikazkiñak egin zuan, urtia betegarrengo. Eriotzari zorra pagatu zienian berak eta bere emaztiak, bien gorputzak onra aundiyan lurpetu zituzten elizako kapilla-nagusian, ango patroi ta zimentatzallak bezela. Onelaxen daki gure Jaungoikuak mundu onetan bertan ondo egina saritzen.

 

 

AINGERUAK AGINTZEN DIO
SAN FRANZISKORI
ITZULI DEDILLA ITALIARA

 

        Gure Aita Franzisko maiz juaten zan Santiagoren obira, eta an eskatu zion bein batian Santuari, Santuak ugaldu ta sendotu zezala bere Orden berria. Alatan agertu zitzaion Aingeru bat eta agindu zion onek: Ordena berri ura zabaldu ta barriatuko zala munduko erreinu guztietara; baña orduan, utzirik guzia Jaungoikuaren eskuan, Jaungoikuaren gogua zala Italiarunz bidegitia.

        Beriala biali zuan bere sema bat Coruñara. Coruñako jendiak atsegin artu zuan Franziskoren semiarekin. Pozik eman zion erriak tokia itsas aldian etxe santu bat egiteko. Erlijioso aren izenik ez dakigu, baña asko ematen zaigu aditzera bere santutasuna, egiten zituan milagruakin. Langillien gosia zerekin kendu etzeukanian, juan oi zan gizon santu ura itsas-bazterrera. Deitzen zien arraiai, eta etortzen zitzaizkan eskura. Artutzen zituan biar zituanak egun artarako, eta gañerakuai ematen zien libertadia. Asko aldiz ikusi zan mirari au egiten, eta denbora gutxian, jendia lagun, egin zan etxe santua. Jaungoikozko erlijioso ura andik urte gutxira il zan ta obiratu zuten elizan. Obi gañian irakurten dira itz oek: «Anai Santuaren ezurrak emen daude gordiak». (Ossa Sancti Fratris hic condita sunt.)

        Bai ta ere denbora berian bialdu zituan San Franziskok beste bi seme, bata anai Pedro Compare Oviedora, eta beste bat, zeña ez dakigu nola izendatu, Rivadeora. Toki aietan ere jarri ziran Ordenako praile-etxiak.

 

 

SAN FRANZISKO ROCAFORTEN

 

        Santuaren kontaira-gillien artian badira diotenak Galitziatik gure Franzisko igaro zala Portugala, eta badira diotenak ezetz. Dena dela, utzirik kontu oni, Franziskok zuzendu zituan oñak Rocaforterunz. Rocaforten utzi zuan bere seme zarren anai Bernardo Quintabalkua, Españan sartu zanian, eta orain nai du, Italiara itzultzeko, berriro bide-lagun artu ura bera. Bidez asko tokitan jarri zituan Ordenako etxiak, eta nola gazte askok eskatzen zioten jantzi santua, bialtzen zituan batzuek leku batera eta bestiak bestera.

        Uste danez, San Franziskok zimentatu zituan Ordenako eliz-etxiak Ciudad Rodrigon, Gastan, Arevalon, Avilan, Matriten, Toledon, Aylonen, Monte-coeli, Coriakuan, Sorian eta Tudelan. Sorian egin zituan berak zelai batian bost arri pilla. Galdetu zioten lagunak zertako ziran arri pilla aiek. Erantzun zien: «Emen egunen batian izango da, Jaungoikuak nai duanian, gure Ordenako eliz-etxia». Aurrez Santuak esan bezela gertatu zan: zeren ikusten degu kontairan, anai Juan Parente, Castillako eta Españako beste erreinuetako lenbiziko Probintzialak eta gero Ordenako buru izan zanak, nola Sorian egin zuan mendiaz onuntztiko pamili guztiko billera.

        Franzisko juan zitzaioneko, anai Bernardo Quintabalkok ederki sendatu zuan eria. Sartu zan San Franzisko Castillatik, Tudelatik, arabeiak utzirik, Rocaforten eta elkartu zan bere seme Bernardorekin. Aita-lena emendik, bere bide-lagun anai Bernardorekin, igaro zan Aragoia barruna Ilerdira edo Ilerdara. (Lerida).

 

 

SAN FRANZISKO ILERDIAN

 

        Ilerdiko erri onetan, Jaungoikuak mugiturik biotza, zaldun batek eskaiñi zion Santuari biar zan lurra, etxe santu bat an ere egin zezan. «Eskerrak, jauna, dizkiot ematen —esan zion Franziskok—, karidadiak sari ona izango du. Guri asko digu berorrek egiten, egia da, guk biar degun lurra emanarekin. Eta orren gogo onez ematen digunaz geroz, balezake ere, zerekin baduta, gañerakua egin; bada jakin biar du Jaungoikuak batengatik eun emango diozkala, berak dion bezela».

        Azkeneko itz oek Barriako zaldunak artu zituan txit beretzat eta uste osuan, bat bezela Franziskori ematen bazion, eun bezela artuko zuala, alako moduan eze, gastatuagatik galanki, ez poltsa gutxitu eta ez dirua aitu, baña ugaritu dirua ta eun aldiz geituko zala. Tratu eder onekin egin zuan bere kontura eliz-etxe berria. Gauza onetan pasa zan. Andikan urte batzuetara lau misio-emalle, Quintabalko anai Bernardo lagun, eldu ziran Ilerdako errira. Oartu zan zaldun bere alderako tratulari ura an zirala prailiak, juan zan bere aietara eta eraso zien esanaz: «Ez nazute gaizki engañatu! Nere dirua ez da geitu zuek esan bezela, aitzitik bai gutxitu».

        Ezagutu zuten erlijiosuak zaldun aren adimentu motzak etzuala batere ondo aditu Jesukristoren ebanjelioko itz Franzisko bere Aita-lenak esan ziozkanak. Santuaren onra batere gutxitu etzedin, egin zuten orazio, belaunari lur joazirik, eta ondoren esan zioten Jaun Barriakori: «Anaia, zuaz etxera, eta miratu itzatzu ongi kutxak, jakin dezazun zer egi aundiya esan zizun gure Aitak». Jaun zan etxera eta kutxak diruz betiak arkitu zituan. Lotsatu zan orduan bere buruaz, eta, andikan aurrera, lurreko ondasunai etzien ainbesteraño begiratzen nola lenago. Onekin zimendatu zan bere biotzian San Fraziskoren Ordenako maitasuna.

        Munduko ondasunak baño eun aldiz geiago balio dute zerukuak, eta au erakusten digu Jesukristo gure Jaunak Ebanjeliuan. Au zan San Franziskok adiarazi nai izan ziona Barriakori, eta kristau guztiok au biar degu ikasi. Ez beñere beraz biotza diruan jarri. Urre-zillarrak begirako onak, biotzerako txarrak. Ez geiegi dirua leundu; zeren aberastasunak arantzak dituzten. Ezta elorririk ain zorrotz zulatutzen duanik, nola ondasun ugariak.

 

 

SAN FRANZISKO
I-BAR-CEL-AI-ONAN

 

        Gure Aita-lenaren izena asko zabaldu zan ordukoz Españ guzian. Ilerdatik igaro zan Barcelonara. Erri artako jende prestua irten zitzaion bidera, jakitian beren errira alderatu zala. Aundizkiak elkar aditurik, agurtu zuten Santua, eta eman zioten bere ta bere semientzat San Nikolasko eritegia, jarri zezan Ordenako etxe bat. An utzi zituan bi seme birtutetsu: anaia Iluminato eta anaia Pedro Cedekua.

        San Celoniko errian, Santuaren lagunetatik batek, bideko nekiak eman zion egarria kentziagatik, maasti batetik mats-mordo bat artu zuan. Maastiaren zaitzalliak ikusi zuan, eta aserreturik, gogor itzegin ondoren, itzak asko etzirala, egotzi ziozkan eskuak eta kendu zion soñian zeraman kapa. Santua arteraño ixilik zeguan, baña gogoraturik lagundu biar ziola bere semiari, juan zan maastiaren jabiarengana, eta itz gozuekin, santuak dakiten bezela, aditzera eman zion zer gertatu zitzaien. Nagusia, San Franziskoren arrazioak aditu zituanian, jarri zan morroiaren kontra, eta praile biartsuai ark egin zien txarkeria erremediatzeko, esan zion Santuari: «Emendik aurrera ez bakarrik maats mordo bat ezik, nere etxeko atiak idikiak dauzkatzute zuk eta zure lagunak». Bertatik agindu zion Franziskok, ain ona zalako eta bere semiak etxian nai zitualako artu, Ordenan egiten zituzten obr'on guzietan egiten zuala parte. Ondo pagatu zion Jaungoikuak, jaun ark San Franziskoren semiai egin zien mesedia. Gizon ura il zan txit urtietan aurreratua. Ez iltzekuan eta ez illetakuan nola ez baizen prailerik ikusten, edo ez jakiñaz, edo denbora txarragatik, edo eztakigu nola ta zergatik, marmarretako gaia zan jendiarentzat, jaun ura izandu zalako prailien ongille aundia. Araugabien izen onari Jaungoikuak daki ordia begiratzen. Elizako ofiziuak astiarekin batera, orra nun sartzen diran, ez nundik eta ez andik, ogei ta bi praile elizan. Kantatu zuten guztiz ederki. Irten ziran bestiakin batera proguan elizatik, eta ez nora eta ez ara desagertu ziran. Iñork etzuan jakin edo ziran San Franziskoren semiak edo zeruko aingeruak. Dakiguna da, Jaungoikuak karidadezko egitiak beti sariztatzen dituala. Ordutikan dator usantza gure Ordenako ongille bereziai ematekua Hermandadeko Karta deitzen dan paper izkiribitua, nun ere ematen zaie aditzera, nola duten parte, Ordenako etxe guzietan San Franziskoren semiak egiten dituzten obr'onetan. Zer zirikari eragillia dan au, kristau fededunen biotzak eta beste mundurako merituak irabazi nai dituztenentzat, Franzisko Aita-len santuaren seme biartsuai lagundutzera mugitu ditezen!

 

 

EGITEN DIO SANTUAK
AGUR ESPAÑARI

 

        San Franziskoren azken oñ-arrastua Españan arkitzen da Perpiñanen. Jo zuan arara Rusillontik ziar. Uste danez, an ere Ordenako etxe bat jarri zuan. Geroztiko, Italian sartu bitarteko gauzarik, eztakigu argiro. Edo, Compostelan aingeru zerukuak Italiara juateko agintiaren bete naiaz, len-bai-len juateko leia artu zuan, edo-ta bestelaz izandu da kontaira-gillien utsegite miñgarria. Bakarrik dakiguna da Piamonteko sarreran gerta zitzaion konta-gaia. Ona zer:

        Berez argala izanik Santua eta gañera bideko ibilliak neka-nekatu egonik, galdu zuan jateko gogo guzia. Gaizki daguanaren mañ gutiziak aurrez barkatuak dira, edo obeto esateko ez dute barka biarrik, barkatzeko gairik ez dutelako. Gogua etorri zitzaion Santuari basa-egazti bat jatekua, eta agertu zion desio au bere lagunari. «Bakardade onetan, zer bitarteko ar nezaket nik? —zion onek—. Zerekin eztaukagu, eta iduki arren, nori esanik ez!» Alatan esan zion Santuak: «Ez batere estutu, nere lagun maitia; guk zerbait palta izatia da gure Ordenako gloria ta sari txit egokia. Jaungoikuaren probidentziak dauka gure kontua; ez batere estutu». Itz oek esatian, Aingeru bat galai eder baten itxuran agertu zan, eskuan egazti txit ondo jarri bat zuala; egazti ura eman zion Franziskori eskuz-esku, esanaz: «Ar zazu, Jaungoikuaren serbitzaria, Jaunak bialtzen dizun gozamen au eta jan ezazu». Au esan eta Aingerua gorde zan. Gelditu ziran denak arriturik. Nola etziran arrituko? Jan zuan Franziskok zeruko janari artatik eta indarberritu zan, ez ordia gorputzian bakarrik, baita ere animan. Pozaren pozaz biotzak gañez egiten ziola, ekin zion berri-berri bidiari. Utzi zuan España eta sartu zan Italian.

        O zenbat zor dion Españak San Franziskori! Bi urtian gure lurrian nork konta egin zituan lanak? Bai gure biotzak fedian sendotutzeko, bai amoriuan irazekitzeko! Aldegin zuan San Franziskok bi urteren buruan Españatik, baña bere espiritua emen utzi zuan. Egin zuan azi-ereilliaren eginkintza bera. Erein zuan azia lurra ongi prestaturik, eta utzi zuan gañerakua Jaungoikuaren eskura: «Aldatzen duana eta landariari ur ematen diona ez dira ezer; bai ordia azitzen dituana landariak, eta au da Jaungoikuak». Beragatik onen eskura utzitzen du Santuak lanari bukaera ona ematia. Gizonak bere aldetik alduana egiten duanian, Jaungoikuagan jarri biar du konfiantza osua, eta Beragandik espero biar duana.

        Ezta izan naziorik munduan, San Franziskoren Ordena geiago maitatu eta errespetatu danik, Españan baño. Nork konta zenbat gizon jakintsu, zenbat santu, zenbat egite miragarri, zenbat biotzek Jaungoikua alabatu duten San Franziskoren semien artian lur maite onetan? O Franzisko, aundiya egiaz alde guztietara! Santuen artian miragarria zerana! Zuk, artian munduan bizi ziñala, begi urrikaltsuakin begiratu ziguzun guri! A! Ote gaude gaur orduan baño premi gutxiaguan? Gure asabaz oroitu ziñana urrikaldurik, arren orobat oroitu zaite guzaz. Zuk ainbeste amorioarekin altxatu zinuzun eliz-etxe santuak, denbora oetako gizon gaiztuak zuk egin baño errazago bota dituzte. Zuk orduan, ainbeste izerdi ta nekerekin, erein zenduan zeruko dotrinaren aziak eman zituan landare ederrak, ebaki dituzte oraiñ kristau gaiztuak. Zuk zere sorbaldarekin zuzendu zenduan Eliza bera, Españan persegitzen da. Baña, Aita, atoz berriro gure artera. Sendotu gaitzatzu fedian, begira iozu Españari urikiz beterik. Zure etxiak asko ez badira gaur, ez ditezela bigar gutxitu.

 

aurrekoa hurrengoa