www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMALAUGARREN BURUA

 

 

UZTEN DU SAN FRANZISKOK
ALVERNAKO MENDIYA
ERROMARA JUATEKO

 

        Alverna mendiko lanak eliza ta gañerakuak bukatu ziranian, artu zuan gure Aita-lenak Erromara juateko asmua. Gogoz egongo zan mendi artan beste eginkizunik izan ezpalu iñun; baña egunetik egunera bere ordena ugaritzen zan, eta zenbat seme geiago biltzen ziran bere banderari jarraitu nairik, oek arte-maña aundiak eskatzen zioten, eta, gauzak biar bezela antolatzeko, toki aldatzia nai ta naiezkua zan. Beraz, gero arteko agur bat eginik mendi artan gelditzen ziran seme-anaiai, eta denboraz izan biar zuan Golgota bigarrena beretzat, utzirik guziya ondo moldatua, abiatu zan Erromarunz. Bidian egin zituan mirari guziyak emen ipintzera, nai baño aundiagua aterako litzaket liburu au. Badira batzuek ezin orregatik ixilik igaro nintzakianak; beragatik emen jarriko ditut.

 

 

FABRIANON FRANZISKO

 

        Santuaren izen ona ain zan zabaldu ordukoz, edozein erritara juan zedilla, erri guzia biltzen zan tokirik zabalenera, beraren itza aditu naiaz. Txiki ziran elizak; erribera ta zelai, landa iraetak onentzat biar ziran. Eldu zan Fabrianoko errira, asi zan predikatzen, jauregi berria egiten ari ziran aurrian. Argin ta gañerakuak ots aundia ateratzen zuten, ezin aditzeraño Santuaren itzak. Denbora piskatxo batian, esan zien langilliai Franziskok, egon zitezela geldi. Esan oni etzioten begiratu langilliak. Ikusirik au, biotz penatuarekin esan zuan: «Alperrik da gizonak egiten duan lana, Jaungoikua lagun ezpada. Laster lur jo biar du jauregi orrek; baña ez gizonek ta ez aberek miñik artuko eztu». Egun artan bertan, etxiak lur jo zuan ta iñork ere miñik artu etzuan.

        Frabrianoko erri onetatik legua bat mendi aldera, arkaitz ta arrieta besterik etzan bakardade illun batian, arkitzen zan Ama Birjiñari eskaiñitako San Benitoren alabak iduki zuten etxe santu utzitako bat. Ararat juateko nola zeuden asko bide-xiur, lenbiziko Santua igarotzian, bidiak galdu zituan. Nekazari bat ari zan uztarri batekin arian an inguruan. Bide onian jarriko ote zukian, juan zitzaion gure Santua, eta erantzun zion nekazariak: «Ba, uztarri ta aria utzita, lana galduta, juango naitzatzu bidia erakustera». Alere, ain gozo ta umill ikusi zuanian gizontxo ura nekazari ark, urrikaldurik, guzia utzita lagundu zion bide onian jarri arte. Itzuli zan, Franziskori lagun egin onduan bere sorora, ta arkitu zuan soro guztia ederki landua, berak asi zuan lan guzia bukatua. Zer zan? Bedeinkatu zuan Santuak lur ura, aren jabiak lagundu ziolako. Asko aldiz berta oi dana, urrikizko lan batengatik uzten danian eskuen arteko lana, Jaungoikuaren bendiziuak ugaritzia lan ura.

 

 

ARDOZKO ITURRIA

 

        Trabe-Bonatan eman zioten San Franziskori etxe bat, baña antolatu biar zan iñor bizituko bazan. Deitu ziran langilliak. Lan asko ta legor zan jendia. Indar berritzeko ardo piskatxo bat eskatu zioten oek. Ardorik etzan; ura bai iturrian. Biali zituan bi lagun errira ardo eske, eta etziran agiri. Lan egiteko atsegin da indarra, eta an ari ziranak indargabetu ziran bizigarriaren paltan. Urrikaldu zan orduantxe Santua. Juan zan iturrira; egin zuan gurutziaren señalia iturriaren gañ; eta iturriak, beste gabe, uraren ordez, ordu luze batian, ardua eman zuan, eta ona.

 

 

SAN FRANZISKO OSIMON

 

        Besuak zabalik artu zuten Osimon. An predikatu zuan gogor munduko atsegin ta aberatstasunen gañian. Aditzera eman zien ederki're ederki, zein igarokorrak diraden lurreko gauzak, zein utsak; aditzalle guziak ukitu zituan biotzaren erdiz-erdiko zañian. Bakoitzak orduan bere animako gauzak antolatziari eman zion; ogei ta amar gaztek eskatu zioten Ordenako jantzi santua.

        Gelditu zan gau egiteko Jaun aberats baten etxian. Biotz oneko aberats ark eskaini ziozkan Santuari zituan ondasunak, eta azkenik bere burua. Eskerrak eman ziozkan orduan, eta jarraitu zion zeraman bidiari; baña ez ondotxo ere goguan artu gabe itz aiek. Uste zuan uraxe zala Jaun bat bere Ordenarako espiritu ona zuana. Andik egun gutxira biurtu zan Franzisko jauregira. Itzegin ziran alkarrekin ederki Jaungoikozko gauzen gañ. Ikus-mirak mugiturik, jakin nai zuan gabaz Santuak zertan igarotzen ote zuan denbora, eta beragatik jarri zan zelatan. Ikusi zuan bada airian zeguala, odei argi eder batek inguratua. Ordutik erabaki zuan munduari betiko agur bat egitia. Esan zion bere asmua Franziskori, eta, Franziskok agindu bezela, zabaldu zituan pobrien artian zituan ondasunak. Artu zuan San Franziskoren ordenako jantzi santua, eta egin zuan geroz santu baten bizitza.

 

 

INBIDIA

 

        Bi erlijioso arkitzen ziran inbidiaz igartzen; ala esan zion batian batek bestiari: Anai Franziskori zergatik egiten ote dio jendiak guri baño agur obia? Gure bizi-modua eta orrena egian ez al dira bat? Oetako batek zelatatu zuan gau batez. Irten zan Santua gabaz etxe inguruko basora, oi zuan bezela, bakardadian Jaungoikuarekin itzegitera. Jarraitu zion ixilik bestiak, eta ikusi zuan argitasun aundiak inguratua, eta, zerutik jetxirik Maria Jaungoikuaren Ama Jesus aurrarekin, nola Franziskori bere besuetara eman zion Mariak bere seme Jesus. Au ikusi zuanarekin bildurtu zan, eta kordegabe erori zan lurrera. Etxerunztzian, Santuak topatu zuan erorita zeguana; eraman zuten etxera, eta, kordatu zanian, agindu zion Franziskok etzezala esan ikusi zuana, ura ill arteraño. Baña ezin iduki izan zuan ixilik gauza ain miragarria.

        Asko aldiz egiten ziozkan gure Aita-lenari zeruak onelako mesede bereziak.

        Nobizio batek ikusi zuan beste bein Franzisko itzegiten zeguala Jesus eta Maria, San Juan Bautista eta San Juan Ebanjelistakin. Zein santua eta ederra izango zan gure Aita-lenaren espiritua, naikua ematen zaigu aditzera egite modu orietan!

 

 

JUZGO TXAR BAT
KASTIGATUA

 

        Pobretxo bat arkitu zuten Franziskok ta bere lagunak guziaren paltan. Arpegia zuri ta gañera erdi larru-gorrian. Ikusi zuanian ala Santuak, urrikaldurik egin zuan negar. Negar ura lagunari iduritu zitzaion geiegizko gauza. Aitaren begiak legortzeko ustian esan zion: Bai, orrelakuak ez dira beti-beti uste bezain urrikarri izaten. Kanpoz pobre ta urrikarri ta umill agertuagatik, iduki lezake orrek barruna uste baño aberatsago ta arruagua. Ozta esan zuan itz au, oju egin zion Santuak bere lagunari: «Zer esan dezu? Malezi geiegiak onela kendu dizu biotzetik urrikia, zure anai pobretxo onen neke ta ezin-eginaz ez geiago urrikaltzeko. Pekatu aundia egin dezu, eta pekatu ori ezta izango kastigu aundi bat gabe». «Aita —esan zion orduan, umillaturik beriala, juzgo txarra egin zuan lagunak—. Aita, eman bizait nai duan penitentzia». Orduan agindu zion Santuak: Ken zitzala bere soñeko-arropak, eta, auzpezturik pobriaren oñetan, aitortu zezala bere pekatua, eta, ariketa pobriak barka zekion arte, egon zedilla aren oñetan altxatu gabe. Egin zuan esana eta erremediatu zuan bere pekatua. Gero gai onen gañ eztitasun aundiarekin egin zion bidian itz-aldi bat guztiz ederra.

 

aurrekoa hurrengoa