www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Asisko loria
Krispin Beobide
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Asis'ko Loria, Beobide'ko Aita Fr. Krispin (Luis Villasanteren edizioa). Auspoa, 1966

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMABIGARREN BURUA

 

 

JESUKRISTO
SERAFIN BATEN ANTZAREKIN
AGERTZEN ZAIO SAN FRANZISKORI
GURUTZIAN JOSIRIK

 

        Eldu gera San Franzisko Serafin ederraren kontairaren unerik miragarrienera. Zenbat dezakian Jaungoikuaren laguntzak! Gizonaren izatiari ezere kendu ta egotzi gabe, egiten du Aingeruen pareko. Zerk egin zuan Franziskoren biotzaz amoriozko sutegi bat? Zer izandu zan aragizko biotz artan, ainbesteraño irazeki zuana Jaungoikuarenganako amorio ura? Nai dezu jakin, irakurle ona? Bada nik esango dizut. Jesusen Pasio santuaren oroimena izandu zan San Franziskoren biotzian sutu zuana Jaungoikuaren amorioa, eta orañ beraren gorputzian ikusten ditugun zauriak, ez dute beste jatorririk Jesukristoren Pasio santua baizik.

        San Franziskoren biotza gurutzian ikusten degu, bere lenbiziko konbersiotik artu zuala, bizitiako ispillu, Jesukristo bera, Jesusen antzekua izaten saiatua beti izandu zala. Orain arkitzen zan Alberna-mendiko bakardade artan, eta gogoratu zitzaion zertan ondoena izan ote zitekian Jesusen antzekua. Au ezagutzeko, deitu zion bere lagun ta aita espirituko anai Leoni. Agindu zion idiki zezala meza-liburua, andik ezagutu zezan Jaungoikuaren gogua. Iru aldiz anai Leonek idiki zion liburua, eta iruretan topatu zuten Jesusen Pasio santuko kontaira. Orduan ezaguturik Jaungoikuaren gogua zala ark maiz goguan erabiltzia gizonaren amoriuagatik Jesusek eraman zituan penaz, lenaz gañera Franziskoren biotza mugitu zan, munduaz osotoro azturik, gure erospeneko misterio miragarriak, gurutzeko egurrian igari ziranak, are gogotiago gogoatzeko. Asi zan berri-berri lan artan. Santuaren begiak, amorioz bi negarrezko iturri eginik, adiarazo zioten mendi guziari Jesusi aren biotzak zion naitasun aundia. Biotz ura eri zeguan amorioz. Iñun ere etzuan bestetan arkitzen sosegurik, desnekerik, gurutzian baizik. Gurutzian ikusten zuan Jesus, biotza idikirik; antxen nai zuan sartu eta an egin betiko bere egoitza; ala egin zuan ere.

        Bi urtez ill baño lenago, gurutze santu Agorreko egunaren inguruan, iñoiz ere baño gogo geiagorekin sentitu zan oraziorako eta biotzeko gozamen zoragarriarekin. Goiz batez, mendiaren egi batian itzegida eztitsuetan Jaungoikuarekin zeguala, ikusi zuan airian Serafin bat sei ego suzko txit argiakin mendiaren tokirik garaienetik zetorkiola lasterka ariñian, eta gelditu zala bere aurrian. Agertu zan ego ederren erdian gizonaren antz bat gurutzian, esku ta oñ josia. Bi ego zeduzkan burubaz gorunz, beste bi gerriaz berunz, eta bi gañera egatzeko eran zabaldurik. Ura ikustian, arritu zan Santua, eta bere biotzian sentitu zuan gozotasun aundi bat, zerbait illuntasunak nastua. Serafinaren antz artan ikusten zuan, Jesukristok zeñ biguñ begiratzen zion, eta onek poztutzen zuan. Baña, denbora berian, aren gurutzeko egoerak, ezpataz bezela igarotzen zion biotza. Aundia zan alde guztietara Santuaren arritasuna ikuskari adi-gaitz ura ikusita, zekialako anima doatsua ez dala miñkor. Laster ikasi zuan, ispillu artan begiraturik, Jesukristok adiazi nai ziola, aren antz egokia izateko, nola biar zuan bere serbitzariaren biotza moldatu, ez gorputzeko martiriuarekin, desiatu izan zuan bezela beti, baña amoriuaren indarrak biotza martirituta.

 

 

SAN FRANZISKOREN GORPUTZA
BERE ZAURI SAGRADUAKIN
ZAURITUTZEN DU JESUSEK

 

        Serafin gurutz-iltzatu ura desagertu zanian, Santuaren biotza sutan goritua gelditu zan; gorputzian gañera utzi ziozkan bere antzaren seña txit miragarriak; zeren une artan azaldu ziran beraren esku ta oñetan Serafin gurutz-iltzatu arenian ikusi zituan bezelako iltziak. Bada egiaz ordutik San Franziskoren esku ta oñetan ikusten ziran, alderik alde, iltze gogorrak. Iltze buruak esku zabalian ta oñ gañetan, eta puntak esku-gañ ta oñ-azpietan. Iltze buruak, eskuetakuak bezela oñetakuak, zabalak ziran eta beltzak. Puntak zituzten luziak eta okerrak, aragizkuak, errematxatuak, aragian koska egiten zutela. Eskuiko saietsian berriz zauri gorritua, lantzaz igarota zirudiana, nundik ere sarri ixurtzen zuan odolak bustitzen ziozkan barrungo ojal ta eunak.

        Santu askoren bizitzan irakurri oi dira gauza miragarri asko; baño iñungo Santuren bizitzan ezta ikusten au bezelako gauzarik. Ona zerk mugitu zuan San Buenabenturaren Dotore jakintsuaren espiritua, izkiribuz San Franzisko bere Aita maitiaren bizitzan, Santuaren zauri oen gañ izkiribitu onduan oraiñ letu dana, arriturik esatera: «O gizon egiaz zorionekua! Iñungo gaiztoren burniak ukitu ezpadu ere zure gorputza, izan dezuna Jesus bildots garbiaren antza, zeña ill zuten gaiztuak! O anima zorionekua! Gorputzetik persegitzallien ezpatak berezitu ezpazaituzte ere, martirien palma merezitu dezuna». Santuaren biotzeko desiuak izandu ziran aundiyak, bizi izan zan denbora guzian, Jesusen amoriuagatik bere zañetako odola emateko. Orain ikusten degu zer martiriua zeukan Jesusek Franziskorentzat.

 

 

SAN FRANZISKOREN
ZAURIEN EGIA DA
EZIN UKA DITEKIANA

 

        Franzisko arkitzen da gizona, izan al ditekian aña, Jesusen antzeko egina. Jesusek erregalatu ziozkan bost zauriak. Bada ordu artatik, etzirudian besterik, ezpada Jesu-Kristo berri bat. Bere zauri aiek ziran beste ainbeste usai gozoko arrosa, ezin ta ederraguak. Odoldutzen zitzaizkion askotan esku ta oñetako zauriak, batez ere saietsekua.

        Duda batian arkitzen zan orduan. Etzekian agertu ote zezakian Jaungoikuaren grazi ura, edo iñori esan gabe gorde biar ote zuan. Nola ordia zezakian gorde aiñ agirian zeguana? Bere seme batek atera zuan duda artatik esanaz: «Besteren onagatik Jaungoikuak egin zion mesede ura, ezin zezakiala gorderik iduki». Orduan beraz azaldu zien bere semiai gertatu zitzaion guzia; baña orduan ere etzien erakutsi bere saietseko zauri miragarri ura.

        Saietseko zauri ark odol asko ematen zion. Au ezagutzeu zuten soñeko arropatik aldatzen zanian. Zauri au ikusi zioten bizi zala Laudeko anai Juanek, anai Eliasek, anai Rufinok, ta anai Leonek. Beñ batian aldatzeko denboran anai Juanek bere eskura iru biatz jarri ziozkan zauri onetan ezagutziatik zenbateraño aundi zan, eta eman zion txit oñaze aundiya, Santuak esateraño: «Ai anai Juan! Barka deizula Jaungoikuak niri eman didazun miña». Anai Leonek ere beiñ ipasatu zion eskua saietseko zaurian, eta eman zion onaze bat ia korda galtzerañokua. Onela, oñaze aundiyak supritzen zituan zauri oetan, eta eramaten zituan miragarrizko eraman aundiarekin. Aita Santu Alejandro laugarrenak, sermoi batian, asko erlijiosoren aurrian aitatu zuan nola berak ere ikusi zion Franziskori bizitzan saietseko zauri au. Zapitxo batzuek, anai Leonek legunduz, jarri oi zituan Santuak zaurietan, eta ostiraletan, Jesusen Pasio santuaz oroiturik, geiago supritziagatik, etzuan batere jartzen. Izanik txit aundiak zauriak, eta asko aldiz ta denbora luzetxuan odoldurik egonagatik, txit usai gozua botatzen zuten beti.

        Garai artatik neke izugarria jarri zitzaion oñez ibiltzeko. Beragatik, oñ-zorruakin egon arren, astotxo baten gañian ibilli oi zan, oñ azpitako iltze errematxatuak miñ ematen ziotelako, lurrian oña paratzian. Oñ-zorro txit artetsuak egiten ziozkan Santa Klarak. Oñ azpiko iltziaren punta kakotuak etzeion miñ eman eta ibiltzeko traba egin, zolak eginik txit lodi, egiten zion oni erdiyan zulo bat iltziaren pare.

        Alegin guziak egiten zituan Santuak ezkutatzeko aren gorputzian Jaungoikuak egin zituan mirari aiek; baña alperrik ziran egiñalak, zeren zeruak berak nai izan zuan agertu egite miragarri ura, mirariak eginaz. Jesukristo, Serafin ederraren idurian, agertu zitzaion egun artan bertan, egun-sentian, Albernako mendi gaña agertu zan argi-argi, sutan bazeguan bezela, inguruetako jendiak ikusten zuala. Beragatik, mendiyaren egi barrenera biribillatu zan asko jende, jakin zutenian zer igaro zan. Gero Santua jeitxi zanian menditik, guztiak nai zioten eskuan muñ egiñ, baña biatz-muturrak bakarrik ematen zizten muñ egiteko. Au gertatu zan, San Migelen garizuma bukatuta jeitxi zanian menditik.

        San Franziskoren zauri oen kontra asko dira itzegin diranak, eta beste asko modu askotara, sinistu nai ezik. Siniskaitza iduritzen zaie fede epeleko jendiai; nik eztet liburutxo au izkiribitu fede gabientzat; ezta liburu au gisa onetako gudak garaitzeko egina. Izkiribitu det, bai, euskaldun fededunentzat; ona zergatik ez det uste zilegi dala emen xexio orietan sartzia. Bakarrik sendotu ditezen Santuaren maitatzalliak are geiago berarenganako amoriuan, esango diet San Franziskoren seme San Buenabentura Elizako Dotore jakintsu, Obispo, Kardinal eta lenago San Franziskoren Ordena guziko buru izanduarekin: «eguzkiaren argia bezin argi ezagutzen dala Jesu-Kristok Serafin santu Franziskori eman ziozkan zaurien egia». Aita Santu Alejandro laugarrenak ikusi ziozkanaz gañera bizitzan beste askorekin, ill ta gero ikusi zituzten testiguak ugari dauzkagu. Berrogei ta amar erlijiosok eta gañera Santa Klarak ta onen alabak, baita ere beste askok, ill onduan ikusi zituzten, ta muñ egin ere bai. Guretzat asko da gogoratzia Aita Santu Benito amaikagarrenak agindu ziela Ordena ontako erlijiosuai, egin zezatela San Franziskoren zaurien pesta Agorraren amazazpian; eta geruago Paulo bostgarrenak pesta au zelebratzera biartu zuala Eliza guztia.

 

 

UZTEN DU SAN FRANZISKOK
ALBERNAKO MENDIA
PORZIUNKULARA JUATEKO,
ETA BITARTEKO MIRARIAK

 

        Berriro eta len baño onginai geiago agertu onduan mendi santuari, egin zion agur Kalbario edo Golgota berriari, ez esan gabe, an gelditzen ziran bere semiai, izan zeiotela Albernako mendiari begiramen aundi errespetagarria. Jeitxi zan beraz zelaira. Arezzoko errian, zortzi urteko mutil bat, idropesiakin lau urtian gaizki zeguana, bat-batean sendatu zuan ukitze utsarekin.

        Andik igaro zan bere adiskide Alberto kondiaren Monte Acuto-ko (mendi zorrotz-ko) gaztelura. Alberto Jaunak egin zion ongi etorria txit poz aundiarekin. San Franziskoren aotik aditu zuanian ordia, azkeneko aldiz sartzen zala aren etxian, antsitu zan kondiaren biotza negar egiteraño. Itz gozuakin alaitu zuan Santuak irautera Jaungoikuaren serbizio santuan gogoz ta amorioz, lenagoko asmo onak berriturik. Agur elkarri egiteko unian, oroimengarri bat eskatu zion Santuari: «Ez daukat zer eman —erantzun zion—, bada soñian daukatan jantzia beste ezertxo ere ez daukat». «Nik emango dizut beste bat ori bezin ona, eta orixe eman biar diazu, Jaungoikuaren amoriuagatik». Bere adiskide onari poz ura ematiagatik, nola Jaungoikuaren izenian eskatu zion gañera, utzi zion soñian zeraman jantzia beste baten truke. Zer atsegin ta poza izango zuan Kondiaren biotzak, Jesu-Kristok bere serbitzari Franziskori, zauriak ematian, egin zion mesede berdinik ez duenaren testigu zan jantzi santu aren jabe egin zanian! Pitxi eder ta balio aundikua baizen; beragatik zegokion bezela arretaz, errespetoz, arduraz, gorde izan zuan.

        Monte-acutotik jo zuan Monte-Casali. Erri guzia irten zitzaion bidera. Baña arara eldu baño len, igaro ziran Santo Sepulcro zeritzaion ballera batetik.

        San Franzisko ainbesteraño arkitzen zan Jaun.goikuaren gauzetan sortua eze, etzan oartu igarto zutenik ere; ta, igarota askoz geruago, galdetu zuan eritegi bateko atonduan laster elduko ote ziran Santo Sepulcrora.

        Monte-Casalin arkitzen zan erlijioso bat eri. Batzuek zioten biotzeko miña zuala, bestiak berriz demoniuak artua zeguala. Santuari eman zioten aditzera onen egoera tristia, zerbait jaten ari zan denboran. Orduan, berak aora zeraman ogi piska, biali zion eriari, agindurik ura jan zezala. Jan zuan eriak, eta sekulan geiago miñik izan etzuan.

        Monte-Casali utzi zuan Castilloko erriagatik. Ostatuz gelditu zan etxian, emakume bat zeguan demoniuak artua. Au zan beti itzegiten jardun biar zuana. Demonio berritxu ura botatzeko emakume aren gorputzetik, biali zuan aurretik Santuak bere laguna, eta jarri zan bera errezatzen. Franziskoren lagunaren konjuruagatik parra egiten zuan ark esanaz: «Ez naiz zure bildur; beste an gorderik daguan arren bildur naiz». Irten zan Santua orduan, eta au ikusi zuan unian, illa bezela erori zan lurrera emakumia. Eman zion errietan Santuak diabruari, Jaungoikuaren kriatura bat era artan atormentatzen zualako, eta agindu zion len-bai-len aldegin zezala gorputz artatik. Ikaragarrizko ots aundia aterarik, aldegin zuan andik demoniuak. Erri artan sendatu zuan ere mutiltxo bat. Kopetaren erdian zeukan onek zauri bat. Loturik zeukan bezela, zapiaren gañian zauriaren parian egin zion gurutziaren señalia, ta sendatu zan beste gabe. Kendu zioten zapia eta arkitu zioten kopetaren erdian gurutze gorrizta bat aragian egina, larruan koska egiten ziola, zeñak ill arteraño iraun zion.

        Castillonen egondu zan illabetian, eta gero artu zuan Santa Maria Aingeruenako bidia. Bide guztian, Santuaren aurrian, ariketa Porziunkulara eldu arte, ikusi zuan anai Leonek urrezko gurutze bat, asko kolorez nabartua. Santua gelditzen zan tokian, gelditzen zan gurutzia ere. Artatik ezagutu zuan anai Leonek, poz bat nai ziola eman Jaungoikuak Franziskori, biotzian zeraman gurutze ura bera, begien aurrian pararik. O santu miragarria! Zuk bai dezakezula esan, San Paulorekin batera: «Ni bizi naiz; ez, ni ez naiz bizi zeren nigan egiaz Jesukristo bizi dan. Gurutzia daukazu biotzian; gurutzia gorputzian. Azkenik gurutzia bialtzen dizu Jaungoikuak zure aurrera, izan dedin zure triunfuko bandera, Jesusena izandu zana bera; zeren, seña ontan ark garaitu bezela, zuk ere garaitu dezu. Nor zu bezelakorik gizonen artian?» O Franzisko! Nor zu bezelakorik Jesusen iduri egiazkua egin zera!

 

 

SAN FRANZISKO
JENDIAZ ONRATUA

 

        Aberasturik zeruko doaiez ta pozez beterik sartu zan Porziunkulan. Guziya berri-berri Aingeruen Amari ta bere anparatzallerik aundienari eskaintzera zeguan bezela. Nola etzuan artuko Mariak Franzisko bere mantupian? Orain, batez ere, ikusirik osoro bere seme Jesus maitiaren antzarekin. Aitortutzen zuan San Franziskok garbi, Mariani zor ziozkala zeruak eman ziozkan espirituko aberastasun aiek guztiak. Mariaren eliza artan izan zuan asiera San Franziskoren Ordenak; an nai dio guzia bere eskuan utzi.

        Gure Aita-len Santuak, lenaz gañera nai lituzke igaro, animen salbazioko lanian, egunak ta gabak dituzten orduak. Pozik, len bezela, juango litzake erriz-erri Jesusen izena ta beraren amoriua adiaraztera munduari. Baña eldu zitzaion ezin egina. Oñez ezin ibilli zan, zeren, esan degun bezela, oñetako iltziak ematen ziozkan oñaze aundiak. Ez onengatik bere espiritua arkitzen zen indargabe; aitzitik, len da gero baño zelo geiagorekin, esan oi zuan: «Asi gaitezen, asi lanian, zergatikan orañdañokuan gauza gutxi egin degun». Franzisko bizi zan martiri. Amoriuaren indarra ezin diteke neurtu. Nekezko estadu ortan, astotxo baten gañian bederik, juaten zan erriz-erri Jesusen izen gozua, bere amorio irazekia adiarazi nairik kriatura guztiei. A! Nork detzazkian eman aditzera bere itz-aldien frutu ugariak! Nork azaldu, egin zituan konbersiuak! Nork itzez agertu, erriak egiten zioten ongi etorria! Egin deiotan emen leku Celano-ko anai Tomasi, Santuaren denborakua au izanik, Aita Santu Gregorio bederatzigarrenaren aginduz, izkiribitu zuan onek, beste bi lagunekin, Santuaren bizitza, berak ikusiaz gañ.

        Dio bada onek: «Santuaren ikuste utsak erri guztietako jendiaren biotzak poztutzen zituan, eta miragarrizko moduan agertzen zuten barruneko poz ura kanpora. Bidera irteten zioten erriko kabildu ta beste Jaunak, gizon ta emakumiak beren etxetako egitekuaz azturik. Pozaren aundiaz, jairik aundienian bezela, Franzisko erri batera alderatzian, jotzen zituzten ezkillak ta kanp-adiak. Aur inozentiak osto berde loratuekin artzen zuten inguraturik erdian. Erejiak berak Franziskoren Santutasuna ikusita gelditzen ziran ezeztaturik. Ugariak ziran egiten zituan mirariak... Sendatu zitzan eriak ta bedeinkatu bularreko aurrak, ateratzen zituzten etxiaz kanpora. Eramaten ziozkaten askok ogiak bedeinkatu zitzan gurutziarekin, gero izan zitezen erremediotako... Beste askok ebakitzen zioten soñian zeukan jantziari puxka bat edo beste. Ainbesteraño onetan aurreratzen ziran eze, beiñ baño geiagotan estali biar izan zuten, agirian agertuko ezpazan bere gorputz gorria... Ainbeste alabantza ta onraren erdian Santuaren espiritua etzan mudatzen. Beraren arpegia beti berdin, espiritu bera beti, beti zeuzkan ilduratuak sentiduak. Mendian bezela jendiaren erdian, San Franziskoren biotza beti arkitzen zan bakardadian; beti Jaungoiko bakarrarekin...».

        Onela bidegiten zuan batian, ikusi zuan auntz talde bat, eta aien artian arkumetxo bat beeka. Arkumia ikusi ordukoz, oroituko zan Jesusen pasio ta eriotzaz. Deitu zion bere lagunari ta esan zion negarrez: «Ai nere semia! Ikusten dezu arkumetxo ori auntzen erdian? Orrelaxen egondu zan Jesus eskriba ta parisiuen artian!» Konsiderazio au egitian, aiñ ziran ugariak ixuri zituan negar malkuak ze, urrikaldurik laguna, juan zan artzaiarengana, ta eskatu zion arkumetxuaren libertadia. Ez Santuaren negarrak, ta aiñ gutxi eskariak, artzaiaren biotz basotia etzuten biguñdu. Orduan, bidian zijuan bati eskaturik Jaungoikuaren izenian, logratu zuan diru-truke arkumetxua. Ura poza orduan Franziskorena, arturik bere besuetan. Eraman zion Animoko Obispo birtutetsuari, ta ark eman zien azitzeko San Seberinoko erlijiosai. Aundia egin zanian, aren lanarekin egin zioten jantzia San Franziskori. Onela pagatu zuan arkumiak bere ongillia.

 

aurrekoa hurrengoa